Baztandarren Biltzarra

Baztandarren Biltzarra Nafarroako Baztan udalerria eta harana osatzen duten 15 herrien arteko senidetasun jaialdi bat da. 1964. urteaz geroztik, urtero eta udaldean, Elizondoko karriketan ospatu ohi da. Ez du data zehatzik, Elizondoko jaiegun nagusia den Done Jakue Egunaren, uztailaren 25a, aurreko edota ondorengo igandean ospatu ohi da.[1][2] Orga apainduak izaten dira bestaren muina, orga hauetan herri bakoitzeko kezkak eta aldarrikapenak udalaren, gobernuaren eta herritarren aitzinean agertzeko; herri bakoitzeko xoko eta herritarren izana eta izena azaltzeko erabiltzen baitira. Goizean zehar artisauen eta bertako produktuen postuak egoten dira ikusgai. 1976an Baztango Udalak zeukan ordezkaritzak antolakuntza utzi eta gazte talde batek Baztandarren Biltzarra Kultur Elkartea sortu zuen, geroztik egunaren antolakuntza bere esku dagoelarik.[3] Elkartea desagertu zen 2022ko abenduan, eta kolokan gelditu zen, ondorioz, bestaren antolaketa. Elkartean ziren herritar batzuek bilera batera deitu zituzten herritarrak 2023ko otsailean, eta azkenean lortu zuten festa «berpiztea», eta uztailaren 16an hirurogei urte betetzea.[4][5]

Baztandarren Biltzarra
Irudia
Motajai
Denbora-tarte1963 - 
HerrialdeaEuskal Herria

Egunaren ospakizuna

Orga-desfilea

Baztandarren Biltzarra, herriz herri auzolanean egiten den ekimena da. Elizondoko kaleak zeharkatzen dituzten karroza edo orgen bidez, baztandarrek bailararen iragan eta egungo egoerak islatzen dituen jaialdia da. Baztango bailarako festarik bereizgarriena da. Karroza ikusgarriek Baztango hamabost herrietako eguneroko bizitza tradizionaleko eszenak irudikatzen dituzte; Almandoz, Amaiur, Aniz, Berroeta, Ziga, Azpilikueta, Erratzu, Arizkun, Oronoz, Arraioz, Irurita, Lekaroz, Gartzain, Elizondo eta Elbete. Karrozen atzetik joaten dira herrietako ordezkariak jantzi tipikoz jantziak. Gainera, desfilea osatzen dute Euskal Herriko musikari eta dantzariek eta joaldunek.[6] [7]

Lehiaketa

Orgen artean lehiaketa egiten da. Irabazlea zein den erabakitzeko, herri bakoitzak ordezkari bat du epaimahaian, eta 5, 4, 3, 2 eta 1 puntu banatu behar ditu orgen artean.[6][8]

Etenaldiak

Baztandarren Biltzarra eguna 1964az geroztik bi aldiz baino ez da eten: 1997an eguna birpentsatzeko beharra zegoelako eta 2020an Covid-19 birusak eragindako egoeraren ondorioz.[9][6]

Argazki galeria

Erreferentziak

Kanpo estekak