Garbiketa etniko

talde etniko edo erlijioso baten lekualdatze sistematikoa

Garbiketa etnikoa toki zehatz batetik talde etniko edo arraza jakin baten ezabaketa sistematikoa da, etnia indartsuagoko talde batek behartutakoa. Gehienetan homogeneotasun etnikoa lortzeko asmoarekin egiten da.[1] Horretarako, hainbat teknika erabiltzen dira: migratzera behartzea (deportatzea, biztanleria lekualdatzea), beldurra eragitea, baita genozidioa eta bortxaketa genozidak ere.

Garbiketa etnikoaren bidez, maiz, leku jakin batetik xede-talde baten arrasto fisiko eta kulturalak ezabatu nahi dira. Horretarako, etxeak, gizarte-zentroak, landetxeak eta azpiegiturak suntsitzen dira, eta monumentu, hilerri eta gurtza lekuak profanatzen.

Hasiera batean, hitza Jugoslaviako Gerrako eragileek erabiltzen zuten, eta Alemania naziaren «Azken Konponbidea» kontzeptuaren antzeko eufemismoa zen. 1990eko hamarkadan hedatu eta onartu egin zen terminoa, kazetaritzan eta komunikabideetan terminoaren esanahi orokorraren erabilera areagotu baitzen.[2]

Etimologia

Terminoaren aurrekari bat grezierako andrapodismos hitza da (grekoz: ανδραποδισμός; hau da, esklabotza). Hura antzinako idatzietan erabiltzen zen, Alexandro Handiak K.a. 335. urtean Tebaseko konkistan egindako ankerkeriak deskribatzeko.[3] Geroago, XX. mendearen hasieran, hitzaren tokian tokiko aldaerak agertu ziren: txekieraz (očista), polonieraz (oczyszczanie), frantsesez (épuration) eta alemanez (Säuberung).[4]Balkanetako Gerretako parte-hartzaileen jarduerak gaitzestea helburu, 1913an txosten bat aritaratu zuen Carnegie Endowment erakunde bakezaleak, eta, bertan, termino berriak gehitu zituen, talde etnikoei egindako basakeriak deskribatzen zituztenak.[5]

Poloniarren aurkako sarraskia Volinia-n 1943. urtean (gaur egun, Ukrainaren parte da Volinia). Voliniako poloniar gehienak erailak izan ziren edota bertatik ihes egin zuten.

Bigarren Mundu Gerran, Ustatxa (Ustaša) talde faxista kroaziarra čišćenje terena edo «zonaldea garbitu» eufemismoa erabiltzen hasi zen kroaziarrak ez ziren pertsonak nahita hil edota deserrotu zituenean.[6] Viktor Gutic, Ustatxako buruzagi, lehen nazionalista kroaziarretako bat izan zen terminoa eufemismo gisa erabiltzen, serbiarren aurkako basakeriak izendatzeko.[7] Geroago, Serbiako Txetnik-ak hasi ziren terminoa euren barne-memorandumetan erabiltzen, 1941. eta 1945. urteen bitartean bosniakoen eta kroaziarren aurka egindako errepresalia-sarraskiei buruz hitz egiteko.[8] Errusierazko очисткаграниц esaldia (ochistkagranits; hitzez hitz ‹‹mugak garbitu››) dokumentu sobietarretan erabili zen 1930eko hamarkadaren hasieran, poloniarrak lekualdatzera behartu zituztenean, Sobietar Errepublika Sozialisten barnean, Bielorrusia eta Ukrainako mugaldetik 22 km-ra baitzeuden. Prozesu hori neurri askoz handiago batean errepikatu zen 1939 eta 1941 bitartean Sobietar Batasunarekiko jarrera desleiala izan zezaketen talde gehiagorekin.[9] Holokaustoan zehar, Alemania naziak Europan judurik ez egoteko politikak ezarri zituen, hau da, Judenrein (judu-garbiketa) bermatzeko politikak.[10]

Hala ere, garbiketa etniko terminoa errumanieraz agertu zen lehen aldiz 1941eko ekainean (purificareetnică), Mihai Antonescu lehen ministro ordeak bere kabineteko kideei idatzitako gutun batean. SESBen inbasioa hasi eta gero, Antonescuk honakoa ondorioztatu zuen: «Ez dakit errumaniarrek noiz izango duten garbiketa etnikoa egiteko horrelako aukerarik».[11] 1980ko hamarkadan, sobietarrek «garbiketa etnikoa» terminoa erabili zuten Nagorno-Karabakh-eko talde etnikoen arteko biolentzia deskribatzeko.[3] Gutxi gorabehera garai berean, Serbiarrak Kosovotik botatzeko albaniar mugimendu nazionalistari erreferentzia egiteko erabili izan zuten terminoa Jugoslaviako komunikabideek. Mendebaldeko komunikabideek Bosniako Gerrak iraun bitartean (1992-1995) erabili zuten terminoa, eta, ondorioz, zabaldu egin zengizartera. Mendebaldeko komunikabideetan jasotako lehen erabilera The New York Times egunkarian izan zen, 1992ko apirilaren 15ean, idazle ezezagun baten aipu batean.[6]

Sinonimoen artean, purifikazio etnikoa erabili izan da.[12]

Definizioak

Rwandan Genocide Murambi bodies

Nazio Batuen Segurtasun Kontseiluko 780 ebazpenari jarraiki eratutako Adituen Komisioak garbiketa etnikoaren definizioa eman zuen behin betiko txostenean: «talde etniko edo erlijioso batek adostutako neurri bat da, non indarkeria eta beldurra eragiteko metodoak erabiltzen diren beste talde etniko edo erlijioso bateko zibilak leku geografiko jakin batetik kanporatzeko».[13] Aurretik argitaratutako lehen behin-behineko txostenean honako hau zehaztu zuen: «Jugoslavia ohian burututako neurriak eta praktikak deskribatzen dituzten txosten askotan oinarrituta, garbiketa etnikoa metodo desberdinen bidez gertatu izan da: erailketak, torturak, atxiloketa arbitrarioak, epaiketaz kanpoko exekuzioak, bortxaketak eta sexu-erasoak, zibilen espetxeratzeak ghettoetan, zibilen derrigorrezko lekualdaketak eta deportazioak, zibilen eta horien bizilekuen aurka adostutako eraso militarrak, eta arrazoirik gabeko ondasunen suntsiketak. Praktika horiek gizadiaren aurkako krimenak dira, eta gerra-krimen konkretutzat har daitezke. Are gehiago, Genozidio-delitua Prebenitu eta Zehatzeko Konbentzioak emandako esanahiarekin bat etor daitezke».[13]

Nazio Batuen Erakundeak emandako definizio ofizialaren arabera, garbiketa etnikoa «eremu bat ikuspegi etnikotik homogeneo bihurtzean datza, bertan bizi diren beste talde etniko edo erlijiosoak indarra eta beldurraren bidez kanporatzea helburu».[14]

Garbiketa etnikoa neurri desberdinen continuum edo segida bat da. Andrew Bell-Fialkoff-en arabera,

«[G]arbiketa etnikoa […] definitzea ez da batere erraza. Alde batetik, ia ezinezkoa da bortxazko emigraziotik eta populazio aldaketatik desberdintzea. Beste aldetik, deportazioarekin eta genozidioarekin nahastu egiten da. Hala ere, garbiketa etnikoa biztanleria leku jakin batetik kanporatzea dela uler daiteke, neurri handi batean.[15]»


Terry Martinek honela definitu du: «talde etniko bat lurralde zehatz batetik indarraren bidez kanporatzea da», eta honakoa gehitu du: «continuum baten alde batean genozidioa kokatzen bada, eta beste aldean presio ez-biolentoaren bidezko emigrazio etnikoa, erdi-puntuan garbiketa etnikoa aurkituko litzateke».[9] Europar Batasuneko Giza Eskubideen Auzitegiak, 2007ko Bosniako Genozidioaren Kasua oinarri hartuta, garbiketa etniko eta genozidio kontzeptuen arteko bereizketa egiteko, Nazioarteko Justizia Auzitegiak esandako honako hau nabarmendu zuen:

««Garbiketa etnikoa» terminoa maiz erabili izan da Bosnia-Herzegovinan jazotako gertakariei erreferentzia egiteko. NBEko Batzar Nagusiaren 47/121 ebazpenaren hitzaurrean aipatzen da Bosnia-Herzegovinan «garbiketa etniko» izeneko politika gaitzesgarria aurrera eraman zela, zeina genozidio forma bat baita. Garbiketa etnikoa, Genozidio-delitua Prebenitu eta Zehatzeko Konbentzioaren arabera, genozidio forma bat izan daiteke, baldin eta Konbentzioko Bigarren Artikuluak debekatzen dituen egiteetako bat bada. Ezin daitezke genozidiotzat hartu ez toki bat «etnikoki homogeneo» bihurtzeko asmoa, ezta politika horiek ezartzeko burutu daitezkeen urratsak ere. Izan ere, genozidioaren helburu bereizgarria da «talde bat guztiz edo neurri batean suntsitzea». Hortaz, nahiz eta indarraren bidez gauzatu, talde baten kideak erbesteratzeak edo desplazatzeak ez du zertan talde horren suntsipena ekarri; hau da, taldea suntsitzea ez da lekualdatzearen ondorio zuzena. Horrek ez du esan nahi garbiketa etnikotzat deskribatutako jarduerak genozidio izan ez daitezkeenik. Are gehiago, genozidio gisa uler daiteke, adibidez: «guztiz edo neurri batean taldearen suntsiketa fisikoa dakarten bizi-baldintzak nahita eragiten» badira, Konbentzioko Bigarren Artikuluaren C paragrafoan jartzen duenaren kontrara, baldin eta egite hori helburu zehatz horrekin burutzen bada. Horrela, talde etniko bat suntsitzeko asmo gisa ere ulertu behar da garbiketa etnikoa, eta ez soilik lurralde batetik kanporatzeko asmo gisa. ; hau da, taldea suntsitzea ez da lekualdatzearen ondorio zuzena. ICTYk (Jugoslavia ohiarentzako Nazioarteko Zigor-arloko Auzitegiak) oharteman duenez, «genozidioak eta garbiketa etnikoak antzekotasun nabariak dituzte horien politikei dagokienez. Hala ere, talde bat fisikoki suntsitzearen eta talde hori barreiatzearenarteko bereizketa egitea beharrezkoa da. Talde bat edo taldearen parte bat kanporatzea ez da nahikoa genozidio izateko».»


Krimen gisa nazioarteko legeen arabera

Ez dago garbiketa etnikoa krimentzat jotzen duen nazioarteko akordiorik. [16] Dena den, hala Nazioarteko Krimen Auzitegiko nola ICTYko estatutuek garbiketa etnikoa gizadiaren aurkako krimen bezala definitzen dute.[17]Garbiketa etnikoaren bidez egindako giza eskubideen bortxaketa larrienak gizadiaren aurkako krimen bereizitzat jotzen ditu nazioarteko lege publikoak. Gainera, batzuetan, genozidio gisa ere hartu dira.[18]

Hala ere, zenbait kasutan garbiketa etnikoak ez du inolako ondorio legalik izan (ikusi PreussischeTreuhand v. Poland), esaterako, Bigarren Mundu Gerraren ondoren alemanak kanporatu zituztenean. Timothy V. Watersek ondorioztatzen du, beraz, antzeko beste kasu batzuk zigortu gabe geldi daitezkeela etorkizunean.[19]

Genozidioa

Armeniako genozidioaren biktimak.

Genozidioa eta garbiketa etnikoa nazioen edo talde erlijioso-etnikoen kontrako eraso gisa ulertzen ditu diskurtso akademikoak. Garbiketa etnikoa, alde batetik, deportazioaren edo biztanleria-lekualdatzearen antzekoa izango litzateke. Genozidioa, berriz, talde etniko, erlijioso edo nazional jakin batekin guztiz edo neurri batean akabatzea izango litzateke. Nahiz eta biek helburu bera eta, krimenak burutzeko orduan, metodo antzekoak izan, garbiketa etnikoaren xedea talde jakin bat herri batetik kanporatzea da, eta genozidioarena, aldiz, talde bat suntsitzea.[20]

Akademiko batzuen aburuz, genozidioa «garbiketa etniko hilgarri» mota bat da. [21] Haatik, bi kontzeptu horiek ezberdinak dira, baina, aldi berean, elkarrekiko erlazioa dute. Norman Naimark-ek dioenez, «garbiketa etnikoak genozidioa dakar. Izan ere, pertsona-talde bat leku batetik botatzeko egiten den hilketa masiboa da». William Schabas-ek hau gehitzen du: «garbiketa etnikoa genozidioaren seinale da, eta, genozidioa, garbitzaile etniko frustratuaren azken baliabidea».[20]

Taktika militar, politiko eta ekonomiko gisa

Abkhazian egin zen garbiketa etnikoaren 12. urteurrenaren erakusketa, Tbilisi-n 2005ean.

1946an Königsberg hiriburua Kaliningrad deitzera pasatu zen. Bizirik iraun zuten Alemaniako biztanleak kanporatu zituzten eta hiria sobietar hiritarrez birpopulatu zen.


1990eko hamarkadako Bosniako gerran fenomeno arrunta izan zen garbiketa etnikoa, gerra horretan baliatu baitziren beldurra, indarraren bidezko kanporaketak edota xede-talde etnikoaren erailketa. Horrez gain, elementu fisiko eta kultural garrantzitsuak ezabatu ziren, esate baterako, gurtza lekuak, hilerriak, artelanak eta eraikin historikoak. ICTYren hainbat ebazpenen arabera, bai serbiar[22] baita kroaziar[23] indarrek ere, garbiketa etnikoa gauzatu zuten hartutako lurraldeetan estatu puruak -etniari dagokionez- lortzeko (Bosniako Serbiar Errepublika eta Herzeg-Bosniako Kroaziar Errepublika). Serbiar indarrak gerra bukaeran Srebrenican eta Zepan genozidioa egiteagatik ere epaitu zituzten. [24]

Poloniarren kanporaketa masiboa 1939an Reichari eraintsitako mendebaldeko Polonian egindako alemaniar garbiketa etnikoaren ondorioz.

Kroaziar indarrek Bosniar Musulmanen (Bosniakoen) kontra egindako eraso anitzetan oinarrituta, ICTYko Epaiketa Ganberak Kordić eta Čerkez kasuan ondorioztatu zuen Bosnia eta Herzegovinako kroaziar buruzagiek sortua zutela 1993ko apirilerako Bosniakoak Bosnia erdialdeko Lašva bailaratik kanporatzeko plana. Dario Kordić jo zuten plan horren bultzatzailetzat.[25]

Urte berean (1993an), beste herrialde batean ere ari zen garbiketa etnikoa gertatzen. Georgia-Abkhazko gatazkan, Abkhaziako separatista armatuek georgiarren kontrako garbiketa etnikoa jarri zuten martxan. Gerra aurreko Abkhazian, 1989an, georgiarrek talde etnikorik handiena osatzen zuten (% 45,7). Ondorioz, kasu horretan, ez zen populazioaren gutxiengoa kanporatu, gehiengoa baizik.[26] Abkhaziako separatistek burututako masakre eta kanporaketen ondorioz, 250.000 georgiar baino gehiago ihes egitera behartu zituzten, eta gutxi gorabehera 30.000 hildako egon ziren (ikusi Georgiarren garbiketa etnikoa Abkhazian). Segurtasunerako eta Kooperaziorako Erakundeak krimen horiek garbiketa etniko gisa aitortu zituen Europako batzarrean, eta Nazio Batuen Erakundearen Batzar Nagusiaren GA/10708 Ebazpenean aipatu ziren.[27]

Taktika gisa, garbiketa etnikoak inpaktu sistemikoak eragiten ditu. Hiritarrekin akabatzeak erresistentziaren aldeko babesa suntsitzea ahalbidetzen du. Mao Zedongek zioenez, hiritarren artean dauden gerrillak uretan dauden arrainak dira, eta arrainak bertatik ateratzeko ura kendu behar da. Akordio politiko baten parte denean, epe luzerako egonkortasunean lagundu dezake, 1945. urtetik aurrera alemanak Alemania berrira indarrez lekualdatu zituztenean bezala.[28] Txekoslovakian eta gerra aurreko Polonian zeuden alemaniarren kasua izan zen; aleman horiek jingoismo nazia sustatu zuten, eta, gerra ostean, Alemaniara bidali zituzten. Horrela, atzera bueltarik ez duten aldaketa demografikoak gertatu ziren.

Garbiketa etniko isila

Ekaitza Operazioaren hamaseigarren urteurrena (200.000 serbiar baino gehiago kanporatu ziren Kroaziatik).[29]

1990eko hamarkadaren erdialdean, Jugoslaviako gerren begiraleek «garbiketa etniko isila» terminoa sortu zuten. Mendebaldeko komunikabideek gatazken inguruan helarazten zuten ikuspegiarekin kezkatuta zeudenez (batez ere serbiarrek egindako gehiegikeriak erakusten baitzituzten), serbiarren aurka egindako erasoak «isilak» izan zirela adierazi zuten, behar luketen estaldura mediatikorik jaso ez zutelako.

Ipar Irlandako gertakari batzuk, bai eta katolikoen eta protestanteen arteko gatazkak ere, garbiketa etnikotzat hartu ziren. Horien adibide dira 2001eko Gurutze Sakratuaren gatazkaren ondorengo jazoerak. Izan ere, Belfasteko iparraldean katolikoen aurkako garbiketa etnikoa egitea leporatu zitzaien protestante paramilitarrei.

Kasuak

Garbiketa etnikoa salatu den hainbat kasutan, horren aldekoek sakon eztabaidatu dituzte aditu akademiko edo legalek garbiketa etnikotzat hartu dituzten gertakarien interpretazioak eta xehetasunak. Horren ondorioz, gertakari horien inguruko bertsio desberdinak azaltzen dira.

Terminoaren kritika

Myanmarko Rohingya errefuxiatuak, 2017ko martxoan.

Gregory Stantonek, GenocideWatch kanpainaren sortzaileak, «garbiketa etniko» terminoaren zabalkundea eta erabilera kritikatu ditu. Bere ustez, «genozidio» deitu beharko liratekeen gertakariak ere izendatzeko erabili da. «Garbiketa etniko» terminoak definizio legalik ez duenez, komunikabideetan erabiltzeak nahastea sor dezake bi terminoen artean. Komunikabideen eraginez,terminoak onarpen orokorra irabazi eta legalki erabiltzen den termino bilakatu da, baina definizio legalik ez duenez, ez du ondorio legalik.

Erreferentziak

Ikus, gainera

Kanpo estekak