Nazioarteko Justizia Auzitegia

Nazioarteko Justizia Auzitegia Nazio Batuen auzitegi gorena da, eta beraren egoitza Hagako Bake Jauregian (Herbehereak) kokatzen da. Organo nagusia da, independentea, eta ez da gobernuen artekoa; beraz, bertako kideek ez dituzte gobernuak ordezkatzen. Beraren aurrean, estatuek bakarrik jardun dezakete alderdi gisa. Nazioarteko Justizia Auzitegia 1946an sortu zen, baina, hori baino lehen, Nazioarteko Justizia Auzitegi Iraunkorra izan zen aitzindari. Auzitegiaren hizkuntza ofizialak ingelesa eta frantsesa dira.[1]

Nazioarteko Justizia Auzitegia
Datuak
Motainternational court (en) Itzuli eta Nazio Batuen Erakundeko organo nagusia
HerrialdeaHerbehereak
Jarduera
Kide kopurua15 (2020)
Honen parteNazio Batuen sistema eta Nazio Batuen Erakundea
Agintea
LehendakariaNawaf Salam (en) Itzuli
Egoitza nagusi
JabeaNazio Batuen Erakundea
Historia
Sorrera1945
Ordezkatzen duPermanent Court of International Justice (en) Itzuli
webgune ofiziala
Twitter: cij_icj LinkedIn: cour-internationale-de-justice-international-court-of-justice Youtube: UC28oiS6IwkVvWL7kLH1-QPg Edit the value on Wikidata

Historia

Hagako Bake Jauregia (Herbehereak)

Nazioarteko Justizia Auzitegia nazioarte mailan gatazkak modu baketsuan konpontzeko prozesu luze baten ondorioa izan da. Hasieran, negoziazioaren eta bitartekaritzaren bidez konpontzen zituzten nazioarteko gatazkak, hala ere, urteak aurrera joan ahala, gatazken aurrean konponbidea zuzenbidean oinarrituta ebatziko zuen organo inpartzial baten beharrizana zegoela konturatu ziren. Konponbidea arbitrajean aurkitu zuten. Arbitrajea Estatu Batuen eta Erresuma Batuaren arteko Jay Tratatuaren ondorioz sortu zen.

Hala ere, urteak aurrera joan ahala, estatuek erabaki zuten gatazkak modu baketsuan konpontzeko auzitegi iraunkor bat edukitzeak prozesua asko arindu eta erraztuko zuela. 1899an eta 1907an, “Hagako Bake Konferentziak” antolatu ziren bakeari eta armagabetzeari buruz hitz egiteko, eta auzitegi iraunkor bat sortzeko aukera mahai gainean jarri zen.

Lehenengo konferentzia horretan parte hartu zuten 26 estatuek (horien artean Asiako zenbait herrialdek eta Mexikok parte hartu zuten) nazioarteko gatazkak modu baketsuan konpontzeko hitzarmena sinatu zuten. Horrela sortu zen Arbitrajearen Auzitegi Iraunkorra 1902an. Gaur egun, aktibo jarraitzen du, eta, estatuen arteko gatazkez gain, nazioarteko erakunde edo entitate pribatuen arteko gatazkak ezagutzen ditu. Izenak jardueraren iraunkortasuna aditzera ematen duen arren, ez da organoaren funtzionamendua deskriba zezakeen hitzik egokiena. Auzitegi hau legelarien zerrenda batez osatuta zegoen (estatu kide bakoitzeko gehienez 4 legelari egon zitezkeen), eta, gatazkaren bat zegoenean, alderdiek zerrenda horietatik aukeratzen zituzten arbitraje auzitegi bat sortzeko beharrezkoak ziren legelariak.

Horrenbestez, Arbitraje Auzitegi Iraunkorra abian jartzeko, funtsezkoa da alderdien onarpena, hauek baitira elementu prozesal eta praktikoak zehaztu behar dituztenak auzitegiak bere ekintzak burutzen hasi baino lehen. Egoera honen aurrean, 1907ko Hagako Bake Konferentzian, gatazkak konpontzeko prozedura judiziala eta neurri hertsatzaileak oinarri zituen auzitegi berri bat sortzeko proposamena egin zen. Alemaniak, Erresuma Batuak eta Estatu Batuek auzitegi iraunkor bat sortzeko proposamen bateratu bat aurkeztu zuten, baina Konferentzian parte hartu zuten estatuak ez ziren gai izan erabaki batera iristeko. Hala ere, bertan adierazi ziren ideiak kontuan hartu ziren Nazioarteko Justizia Auzitegi Iraunkorraren estatutua sortzeko orduan.

Lehen Mundu Gerraren ondoren, magistratu iraunkorrez osatutako auzitegi bat eratzeko proiektua oraindik hainbat estaturen helburuen artean zegoen. 1920an, Nazioen Kontseiluak, Legelarien Batzorde bat sortu zuen, eta talde horrek Nazioarteko Justizia Auzitegiaren estatutua eratu zuen. Hainbat negoziazio egin ondoren, 1921eko irailean, Nazioen Liga osatzen zuten estatu gehienek auzitegi berriaren estatutua onartu, eta berretsi zuten. Estatutua berehala sartu zen indarrean. Auzitegi honek, Arbitraje Auzitegi Iraunkorrak, magistratuak aukeratzeko zeukan arazoa konpondu zuen. Nazioarteko Justizia Auzitegi Iraunkorreko magistratuak, Ligaren Kontseiluak eta Batzar Nagusiak aukeratuko zituzten, bakoitzak bere aldetik, betiere gogoan izanda magistratu horiek munduko sistema juridiko garrantzitsuenak ordezkatu behar zituztela. Nazioarteko Justizia Auzitegia Bakearen Jauregian ezarri zen (Hagan).

Nazioarteko Justizia Auzitegi Iraunkorrak hainbat aurrerapen ekarri zituen. Estatuek, aurretiaz, auzitegiaren jurisdikzioa onartzeko aukera zeukaten, eta, horrela, etorkizunean izan zezaketen gatazken aurrean, auzitegira jo zezaketen konponbide bila. Horrez gain, auzitegia magistratu iraunkorrez osatuta zegoen, eta munduko sistema juridiko desberdinak ordezkatzen zituzten. Arbitraje Auzitegi Iraunkorrarekin alderatuta, Nazioarteko Justizia Auzitegi Iraunkorrak estatutu eta araudi propioaren bidez jarduten zuen; Idazkaritza iraunkor bat zeukan, eta horren helburu nagusia nazioarteko beste erakunde eta gobernuekin harremanetan jartzea zen.

Nazioen Ligak Nazioarteko Justizia Auzitegi Iraunkorra sortu eta finantzatu arren, ez zen azken erakunde horren organo bat, auzitegia organo juridiko independente bat baizik.

Auzitegiak bere helburua bete zuen, eta, 1922 eta 1940 artean, estatuen arteko 29 gatazka konpondu zituen, 27 iritzi kontsultibo aurkeztu zituen, eta gehienak aplikatuak izan ziren. Horrez gain, hainbat ekarpen egin zituen nazioarteko zuzenbide publikoaren inguruan. Auzitegiaren jarduera bertan behera geratu zen Bigarren Mundu Gerra hasi zelako. Hala ere, auzitegia ez zen behin betiko desegin 1946 arte.

Bigarren Mundu Gerraren ondoren, 1945ean, San Francisco-ko Konferentzia antolatu zen, eta bertan parte hartu zuten estatuek Nazio Batuen Erakundea eta Nazioarteko Justizia Auzitegia sortu zituzten. Hainbat arrazoi zeuden Auzitegia sortzeko: Nazio Batuetan Nazioen Ligan parte hartu ez zuten hainbat estatu berrik parte hartu zuten, eta Nazioarteko Justizia Auzitegi Iraunkorraren ideiak nahiko zaharkituta zeudela uste zuten. Estatu parte hartzaileek Nazioarteko Justizia Auzitegiak nazioarteko ordezkaritza zabalago bat islatzea nahi zuten, ez bakarrik Europa edo zibilizazio nagusien ikuspegia. Hala ere, bi auzitegiek lotura sendoa daukate beren artean, Nazioarteko Justizia Auzitegiaren estatutua eta Nazioarteko Justizia Auzitegi Iraunkorrarena berdinak baitira.

1946ko apirilean, Nazioarteko Justizia Auzitegi Iraunkorra behin betiko desegin zen, eta Nazioarteko Justizia Auzitegia lehenengo aldiz elkartu zen. Nazioarteko Justizia Auzitegiak aurreko auzitegiaren dokumentu, jurisprudentzia eta ohiturak jaso zituen, eta haren egoitza Bakearen Jauregian ezarri zen (Hagan). Lehenengo batzar horretan, magistratuen presidentea aukeratu zuten, José Gustavo Guerrero (El Salvador), Nazioarteko Justizia Auzitegi Iraunkorreko azken presidentea izan zena. Auzitegiko kide guztiak izendatuak izan zirenean, 1946ko apirilaren 18an, lehenengo entzunaldi publikoa gauzatu zuten, eta, 1947ko maiatzean, lehen nazioarteko gatazka ezagutu zuten.[2]

ARBITRAJE AUZITEGI IRAUNKORRA (arbitrajea)NAZIOARTEKO JUSTIZIA AUZITEGIA (bide judiziala)
Alderdiek aukeratzen dituzte arbitroakAuzitegia jada osatuta dago, eta magistratuak izendatuta
Prozedura alderdiek erabakitzen duteProzedurak aurretiaz auzitegiaren estatutuan ezarrita daude
Alderdiek erabakitzen dute hizkuntza ofizialaHizkuntza ofizialak ezarrita daude (ingelesa eta frantsesa)
Prozesua ateak itxita gauzatzen daProzesua, gehienetan, publikoa da
Gastu guztiak alderdien konturaProzesuaren gastuak Nazio Batuen kontura

Kideak

Nazioarteko Justizia Auzitegia Batzar Nagusiak eta Segurtasun Kontseiluak.

9 urterik behin izendatzen dituzten 15 magistratuk osatzen dute. Bi organo horiek aldi berean bozkatzen dute, eta, aukeratua izateko, beharrezkoa da organo bakoitzean gehiengo osoa izatea; horregatik, askotan, bozketa bat baino gehiago egitea beharrezkoa da.[3]

Auzitegiaren jarraitutasuna lortzeko helburuarekin, magistratuen heren bat aukeratzen da 3 urtetik behin. Magistratu bat hiltzen bada edo bere postuari uko egiten badio, ahalik eta arinen, ezohiko bozketa bat egiten da magistratu berria izendatzeko. Bozketa horiek New York hirian gauzatzen dira, eta bertan aukeratzen diren magistratuek hurrengo urteko otsailaren 6an hartzen dute kargua. Kontuan izan behar da magistratuak berriz aukeratuak izan daitezkeela.

Auzitegiaren estatutuan parte hartzen duten estatu guztiek proposatu ditzakete hautagaiak. Proposamena ez dute estatu bakoitzeko gobernuek zuzenean egiten; Arbitraje Auzitegi Iraunkorreko kideen bitartez proposatzen dira hautagaiak. Arbitraje Auzitegi Iraunkorrean parte hartzen ez duten estatuek ere hautagaiak proposatu ditzakete talde bereziak sortuz. Talde bakoitzak gehienez 4 hautagai proposatu ditzake, eta, horietatik, gehienez 2 izan daitezke beren nazionalitatekoak. Beste biak edozein estatutakoak izan daitezke, eta ez da nahitaezkoa estatu horiek Nazioarteko Justizia Auzitegiko parte izatea. Hautagaien izenak Nazio Batuen Idazkari Nagusiari esan behar zaizkio. Hautagaia izateko beharrezkoa da bakoitzak bere herrialdean epaile edo estatuko organo gorenean jardutea edo moral eta ospe altuko legelaria izatea.

Nazioarteko Justizia Auzitegian ezin dira herrialde bereko bi magistratu egon. Gainera, auzitegiak bere osotasunean, mundu mailako zibilizazio eta sistema juridiko nagusiak ordezkatu behar ditu. Praktikan, zibilizazio handien nagusitasuna auzitegiaren banaketan ikus daiteke: 3 magistratu Afrikakoak dira; 2 Hego Amerika eta Karibekoak; 3 Asiakoak; 2 Europa Ekialdekoak, eta 5 Mendebalde Europakoak eta beste estatu batzuetakoak. Banaketa berdina ezarrita dago Nazio Batuen Segurtasun Kontseiluan.

Izendatuak izaten direnean, magistratuek ezin dute beren jatorrizko lurralde ezta bestelako herrialderik ordezkatu. Auzitegiko kideak magistratu independenteak dira, eta haien lehen funtzioa, entzunaldi publiko batean, beren zereginak modu inpartzial batean burutuko dutela zin egitea da. Auzitegiko kideek ezin dute bestelako lanposturik, funtzio politiko zein administratiborik bete, ezta aholkularitza juridikorik eskaini magistratu diren bitartean.


Funtzionamendua

Nazioarteko Justizia Auzitegiaren sarrera.

Auzitegiak bi funtzio betetzen ditu: alde batetik, estatuen arteko gatazka juridikoak konpontzea (auzi-prozedura) eta, bestalde, Nazio Batuen organo edo agentziek aurkeztutako arazo juridikoei buruzko aholkuak igortzea (aholku-prozedura).[4]

Auzi prozedura

Estatuak dira auzi-prozeduran parte har dezaketen bakarrak, hots, Nazio Batuen estatu kideak eta Estatutuen parte diren beste estatuak edo jurisdikzioa onartu dutenak.

Estatuek ez dituzte ordezkari iraunkorrik izango. Estatuaren Kanpoko Arazoetako Ministroak edota estatu horrek Herbeheretan duen enbaxadoreak auzitegiko idazkariari zuzenduko dizkio komunikazioak. Estatuak, auzitegiaren aurrean, agente baten ordezkaritza izango dute alde diren bakoitzean. Agente hauek abokatuen lan bera beteko dute, eta eskubide berak izango dituzte. Hala ere, kasu honetan nazioarteko harremanak direnez, agenteak ordezkaritza diplomatiko berezi batean egongo balitz bezala jardungo du, eta, horrez gain, estatu subirano bat konprometitzeko eskumena izango du. Idazkariak kasuari buruzko komunikatuak aginduko dizkio, eta, era berean, idazki guztiak sinatuta edo beharrezko ziurtagiriekin bidaliko dizkio. Entzunaldi publikoetan, agenteak gobernuaren izenean aurkeztuko ditu arrazoibideak. Orokorrean, gobernuak egin behar dituen eginbide formal guztiak egiteaz arduratuko da agentea. Agente honek, ko-agente edo agente ordeen laguntza jasotzen du. Dena dela, beti jaso dezake abokatu edo aholkularien laguntza alegazioak eta hauen azalpena prestatzeko. Ez dago inolako baimen berezirik abokatuek Nazioarteko Justizia Auzitegietako prozesuetan parte hartu dezaten; hauek ez dute inolako baldintzarik bete behar. Eskatzen zaien gauza bakarra da gobernu batek izendatzea.

Prozedurak bi eratara has daitezke:[5]

  • Hitzarmen berezi bat jakinaraziz. Aldebiko izaera duen dokumentua edozein aldek aurkeztu ahal izango dio auzitegiari. Akordio bereiziak adieraziko du zein den eta zeintzuk diren aldeak. Ez da estatu “demandatzailerik” ezta “demandaturik” izango, baizik eta bi estatuen izenak dokumentuaren izen ofizialaren azpian agertuko dira marra batekin bananduta. Esate baterako: Benin/Niger.
  • Eskaera bidez. Izaera aldebakarrekoa da eskaera; beraz, estatu demandatzaileak aurkeztuko dio estatu demandatuari. Auzitegiko Erregelamenduak betekizun zorrotzagoak xedatzen ditu eskaeraren edukirako. Estatuak azaldu behar du, ahal den neurrian, prozedura hori auzitegiaren jurisdikzioaren barruan dagoen. Horrez gain, alegazioak egitate eta arrazoietan oinarritu beharko ditu. Ingelesezko bertsioan, titulu ofizialaren azpian agertuko dira alde bien izenak “v” batez banatuta (latinez versus). Esate baterako: Nikaragua v. Txile.

Auzi prozedurek fase idatzi bat dute, non aldeek alegatuak aurkeztu eta eskualdatzen dituzten. Bertan, egitateak zehaztasunez azaltzen dituzte, eta beren zuzenbidezko oinarriak azaltzen dituzte. Ahozko fasean, agenteak eta aholkulariak auzitegira zuzentzen dira entzunaldi publiko batean. Alegatu idatziak ez dira prentsaren eskuetan jarriko, eta ez dira publiko egingo ahozko fasea zabaldu arte, betiere aldeek ez badute aurkako argudiorik aurkezten.

Behin ahozko fasea bukatuta, auzitegiko kideek eztabaidatzeko biltzen dira; ondoren, epaia emango dute publikoki. Epaia behin betikoa da, loteslea alde bientzako eta apelaezina. Asko jota, interpretaziorako edo berrikusketarako xede izan daiteke. Epaile batek egin nahiko balu, epaian, iritzia erantsi beharko luke.

Gutuna sinatzerakoan, Nazioa Batuen Estatu Kideak auzitegiko erabakiak betetzera konprometitu dira. Estatu batek adierazten badu beste parteak ez duela auzitegiak emandako epaia bete, orduan, Segurtasun Kontseiluaren aurrean aurkeztu ahal da kasua.

Orain arteko azalpena prozedura normalaren ingurukoa izan da. Hala ere, ohikoena da aurretiazko salbuespenak aurkeztea auzitegiak epaia ematea ekiditeko. Adibidez, estatu demandatuak adieraz dezake Auzitegiak ez daukala jurisdikziorik epaia emateko. Kasu hauetan, Auzitegiak erabakitzen du. Estatutuak ere aurreikusten ditu zenbait kasu, non estatu demandatua ez den auzitegiaren aurrean agertzen. Baina alde bat epaian ez bertaratzeak ez du prozesua gelditzen. Hala ere, kasu hauetan auzitegiak ziurtatu beharko du eskumena duela gai horren gain epaia emateko.

Auzitegiak bere funtzioak beteko ditu, baina, alderdiek hala eskatzen badute, ad hoc ganberak ere eratu ahal izango ditu kasu zehatzak aztertzeko. Estatutuak zehazten duen moduan, Auzitegiak urtero hautatuko du Prozedura-Laburpen Ganbera.

Auzitegiak aplika ditzakeen zuzenbide iturriak hauek dira: indarrean dauden nazioarteko itunak eta hitzarmenak; nazioarteko ohitura zuzenbidea; zuzenbidearen printzipio orokorrak; baita lehiaketa handiagoko iragarleen erabaki judizialak eta doktrina ere. Horrez gain, aldeak ados jartzen badira, Auzitegiak gai bat exequo et bono erabaki dezake, adibidez, indarrean dagoen legeriaren inguruko araudira mugatu gabe.

Prozedura bat edozein fasetan amaitzen da, betiere, alderdien adostasuna badago edota aldeek uko egin diotelako. Azken kasu horretan, estatu demandatzaileak Auzitegiari jakinaraz diezaioke ez duela prozesuarekin jarraitu nahi, edo bi aldeek kasua kentzea erabaki dutela deklara dezakete. Kasu horretan, Auzitegiak zerrendatik kenduko ditu.

Aholku prozedura

Auzitegiaren aholku prozedura Nazio Batuen sistemako bost organo eta hamasei agentzientzako soilik dago irekita.

Batzar Nagusiak eta Nazio Batuen Segurtasun Kontseiluak aholkuak eska ditzakete edozein auzi juridikoren inguruan. Nazio Batuetako beste organismo edo agentzia batzuek aholkuak eska ditzakete , betiere aholkuak eskatzeko baimena jaso badute eta soilik egin dezakete beren jardueren esparruan sortzen diren zuzenbideko gaiei dagokienez.

Iritzi aholku eskaera jasotzen duenean, eta gertaeren ezagutza osoa oinarritzat hartuta, Auzitegiak idatzizko eta ahozko izapideak egin ditzake. Teorian, Auzitegiak ezingo ditu prozedura horiek erabili, baina ez ditu inoiz erabat banatu. Eskaera aurkeztu eta egun batzuetara, auzitegiak gaiari buruzko informazioa eman dezaketen estatuen eta nazioarteko erakundeen zerrenda prestatuko du.

Estatu hauek ez daude auzi-prozeduren alderdien egoera berean: Auzitegiaren aurrean dituzten ordezkariak ez dira agente deitzen, eta prozedura aholku-emailean parte hartzeak ez du auzitegiaren iritzia lotesle bihurtzen haientzako.

Orokorrean, zerrendan agertzen diren estatuak, normalean, iritzia eskatzen duten erakundearen estatuak dira. Estatuek parte hartzea eska dezakete auzitegiak ez baditu kontsultatzen.

Hala ere, ez da ohikoena Nazioarteko Justizia Auzitegiak baimentzea iritzia eskatu ez duten nazioarteko erakundeek aholkularitza prozeduretan parte hartzea. Nazioarteko gobernuz kanpoko erakundeei dagokienez, Nazioarteko Justizia Auzitegiak informazioa emateko baimena eman zion behin eta erakundeak ez egitea erabaki zuen (Hego Mendebaldeko Afrikako Nazioarteko Egoera Juridikoa). Auzitegiak baztertu egin ditu erakunde pribatuek egindako eskaera guztiak.

Idatzizko prozedurek iraupen laburragoa dute, baina estatuen arteko auzi judizialetan bezain malguak dira. Parte-hartzaileek idatzizko adierazpenak bidal ditzakete, batzuetan beste parte-hartzaileek idatzitako oharrak jasotzen dituztenak. Iruzkin eta adierazpen hauek isilpeko izaera dute, nahiz eta normalean ahozko prozedurak hasten direnean publiko egiten diren. Hortaz, askotan, estatuak audientzia publikoetan ahozko adierazpenak egitera gonbidatzen dituzte.

Aholku prozedura amaitzen da audientzia publikoan irizpena aurkezten denean. Irizpen hauek, izaeraz, aholku-emaileak dira. Hots, ez dira lotesleak auzitegiko epaiekin gertatzen den moduan. Aholkua eskatu duen organoak askatasuna izango du aholku hori betearazteko edo ez. Hala ere, araudiak aldez aurretik jakinaraz dezake Auzitegiaren aholkua loteslea izan daitekeela (adibidez, Nazio Batuen pribilegioei eta immunitateei buruzko konbentzioak).

Hala ere, Auzitegiaren agintea eta ospea bere aholkuekin lotuta daude, eta, interesatutako organo edo organoak iritzi hori onartzen badu, erabakiak nazioarteko zuzenbidearen bidez onartua izango balitz bezala eragina izango du.

Etorkizuna

Gaur egun, auzitegiak lan karga handia du, eta, hori dela eta, hobekuntzak proposatzen hari dira arlo juridikoko hainbat sektoreetatik.[6]

Alde batetik, Estatu Kideen zenbakia hirukoiztu den arren, magistratu kopurua berdina izaten jarraitu du (15). Beraz, esan dezakegu honek ez duela bermatzen nazioarteko komunitatearen ordezkaritza. Horregatik, askok uste dute magistratu kopurua 20ra igotzea aldaketa egoki bat izango litzatekela. Honek, lanean jarduteko moduan, eragin zuzena izango luke, eta batzuk argudiatzen dute, praktikan, auzitegiaren kalterako izango zela aldaketa.

Bestetik, auzitegiaren ahalmenak handitzearen beharra adierazi dute zenbait adituk. 1945eko Estatutuaren arabera, Estatutu Kideek bakarrik aurkeztu dezakete eztabaida bat auzi-prozedura baten eta Nazio Batuen organoak eta haien organoak soilik parte hartu dezakete aholku prozedura baten. Hala ere, gaur egun, estatuak ez dira nazioarteko panoraman protagonista bakarrak. Hori dela eta, Nazio Batuen Idazkari Orokorrak proposatu du bere organoari aholku prozeduretan parte hartzeko baimena ematea, Nazio Batuen organo nagusien artean hau delako auzitegiari iritziak eskatu ezin dizkion bakarrak.

Epaileak

Izen-deituraNongoaKarguaNoiztikNoiz arte
Hisashi OwadaJaponiaPresidentea20032012
Peter TomkaEslovakiaPresidente ordea20032012
Abdul G. KoromaSierra LeonaPartaidea1994, 20032012
Awn Shawkat Al-KhasawnehJordaniaPartaidea2000, 20092018
Thomas BuergenthalAEBPartaidea2000, 20062015
Bruno SimmaAlemaniaPartaidea20032012
Ronny AbrahamFrantziaPartaidea2005, 20092018
Sir Kenneth KeithZeelanda BerriaPartaidea20062015
Bernardo Sepúlveda AmorMexikoPartaidea20062015
Mohamed BennounaMarokoPartaidea20062015
Leonid SkotnikovErrusiaPartaidea20062015
Antônio Augusto Cançado TrindadeBrasilPartaidea20092018
Abdulqawi YusufSomaliaPartaidea20092018
Sir Christopher John GreenwoodErresuma BatuaPartaidea20092018
Xue HanqinTxinako ErrepublikaPartaidea20102012

Jurisdikzioa

     Alderdiak NBEko kide izatean      93. artikuluaren arabera NBEn sartu aurreko alderdiak      Alderdiak ez diren NBEko estatu behatzaileak

NBEren Gutunaren 93. artikuluan dioen moduan, NBEko 193 kide guztiak, automatikoki, auzitegiaren estatutuaren alderdiak dira[7]. NBEkoak ez diren kideak ere auzitegiaren estatutuaren alderdi bihur daitezke 93. artikuluko 2. paragrafoaren prozeduraren arabera, Suitzak 1948an eta Nauruk 1988an erabili zutena, biak NBEn sartu aurretik[8]. Estatu bat auzitegiaren estatutuaren alderdia denean, auzitegiaren aurrean dauden kasuetan parte hartzeko eskubidea du. Dena den, estatutuaren alderdi izateak ez dio, automatikoki, auzitegiaren eskumenik ematen alderdi horiek inplikatzen dituzten gatazkei buruz. Jurisdikzio-arazoa NJA kasuen hiru motatan hartzen da kontuan: auzi gatazkatsuak, gorabeherazko jurisdikzioa eta aholku-irizpenak[9].

Arazo gatazkatsuak

Bigarren Mundu Gerraren osteko lehen topaketa, 1946ko Holandako albistegi batetik

Kasu gatazkatsuetan (gatazka bat konpondu nahi duten auzi-prozedurak), NJAk epai loteslea ematen du auzitegiaren ebazpenari men egitea adosten duten estatuen artean. Estatu burujbeak soilik izan daitezke alderdi auzi gatazkatsuetan; partikularrak, korporazioak, estatu federal baten osagaiak, GKEak, NBEko organoak eta autodeterminazio taldeak parte hartze zuzenetik kanpo geratzen dira, nahiz eta auzitegiak nazioarteko erakunde publikoen informazioa jaso dezakeen. Hala ere, horrek ez du eragozten estatukoak ez diren interesak prozeduraren gai izatea; adibidez, estatu batek auzi bat jar dezake bere nazionalitate edo korporazio baten izenean, babes diplomatikoari buruzko gaietan, esaterako[10].

Auzi gatazkatsuetan, jurisdikzioa auzi erabakigarria izan ohi da auzitegiarentzat. Funtsezko printzipioa da NJAk adostasunaren arabera soilik duela eskumena. 36. artikuluaren arabera, lau arrazoibedetan oinarritzen dira auzitegiaren eskumenak:

  1. Konpromiso edo akordio berezia, zeinetan alderdiek auzitegiaren jurisdikzioari berariazko baimena ematen dioten kasuak bertara bideratuz. Egiazko derrigorrezko jurisdikzioa ez den arren, horixe da, beharbada, oinarri jurisdikzionalen eraginkorrena, izan ere, interesdunek auzia auzitegiak ebazteko nahia baitute, eta, beraz, aukera gehiago dute epailearen epaia betearazteko.
  2. Konpromiso-klausulak itun lotesle batean. Itun moderno gehienek halako klausulak dituzte NJAk gatazkak konpontzeko[11]. Konpromiso-klausulatan oinarritutako kasuak ez dira hitzarmen berezietan oinarritutako kasuak bezain eraginkorrak izan; beharbada, baliteke estatu batek interesik ez izatea auzia auzitegiak aztertzeko, eta epai bat betetzeari uko egin diezaioke. Esaterako, Irango bahituen krisian, Iranek uko egin zion AEBk aurkeztutako auzi batean parte hartzeari Vienako harreman diplomatikoei buruzko hitzarmenean jasotako konpromiso klausula batean oinarrituta, eta ez zuen epaia bete[12]. 1970eko hamarkadatik hona, halako klausulen erabilerak behera egin du; itun moderno askok beren gatazkak konpontzeko erregimena ezartzen dute, askotan arbitraje-moldetan oinarrituta[13].
  3. Epailearen eskumena onartzen duten hautazko klausula adierazpenak. 36. artikuluko 2. paragrafoko jurisdikzio gisa ere ezaguna, batzuetan, derrigorrezko etiketa engainagarria da, nahiz eta adierazpen horiek borondatezkoak diren. Halako deklarazio askok zenbait gatazka mota (ratione materia) jurisdikziotik kanpo uzten dituzten erreserbak dituzte[14]. Elkarrekikotasun-printzipioak eskumena gehiago muga dezake, 36. artikuluaren 2. paragrafoak dioenez deklarazio hori «betebehar bera onartzen duen beste edozein estaturen aurrean...» egin daitekeela baitio[15]. 2011ko otsaileko hirurogeita seien aurrean, 2018ko urtarrilean, hirurogeita hamalau estatuk zuten deklarazio bat indarrean[16]; Segurtasun Kontseiluko kide iraunkorren artean, Erresuma Batuak bakarrik du deklarazio bat[17]. Auzitegiaren lehen urteetan, herrialde industrializatuek egin zituzten adierazpen gehienak. 1986ko Nikaraguako auziaz geroztik, garapen bidean dauden herrialdeek egindako deklarazioak areagotu egin dira auzitegiarekiko konfiantza gero eta handiagoa dela islatuz[18]. Hala ere, hautazko deklarazioak egin dituzten herrialde industrializatuek ere, zenbaitetan, bazterketak areagotu edo guztiz baliogabetu dituzte. Adibide aipagarriak dira Nikaraguako eta Australiako auzian Estatu Batuak, 2002an, bere deklarazioa aldatu zuela itsas mugen inguruko gatazkak baztertzeko, ziurrenik Ekialdeko Timorren erronka bat ekiditeko bi hilabete geroago independentzia lortu baitzuen[19].
  4. 36. artikuluaren 5. paragrafoak eskumena egindako deklarazioetan oinarrituta ezartzen du Nazioarteko Justizia Auzitegi Iraunkorraren Estatutuaren arabera. Era berean, 37. artikuluak eskumena Nazioarteko Justizia Gorte Iraunkorrari (NJGI) transferitzen dio eskumena ematen zion itun bateko edozein konpromiso-klausulen arabera.

Gainera, auzitegiak, isilbidezko adostasunaren arabera (forum prorogatum), eskumena izan dezake. 36. artikuluaren arabera eskumen argirik ez dagoenean, eskumena ezartzen da demandatuak NJAren eskumena esplizituki onartzen badu edo, besterik gabe, gaitasunak alegatzen baditu. Hori, 1949an, Korfuko kanaleko auzian (Erresuma Batua v. Albania) gertatu zen, non auzitegiak erabaki zuen Albaniako gutun bat NJAren jurisdikziora men egiten ziola adierazten zuena nahikoa zela auzitegiari jurisdikzioa emateko.

Jurisdikzio intzidentala

Epai irmoa eman arte, auzitegiak eskumena du, gatazka bateko alderdi baten eskubideak babesteko, behin-behineko neurriak agintzeko. Gatazka bateko alderdi batek edo biek behin-behineko neurriak emateko eska diezaiokete NJAri. Mugako gatazkaren kasuan, auziko bi alderdiek, Burkina Fasok eta Malik, eskaera bat aurkeztu zuten epailearen aurrean behin-behineko neurriak adierazteko[20]. Auzitegiaren jurisdikzio intzidentala bere Estatutuko 41. artikulutik dator[21]. Behin betiko epaiaren antzera, auzitegiaren behin-behineko neurrien aginduak lotesleak dira gatazkan dauden estatu alderdientzat. NJAk behin-behineko neurriak adierazteko eskumena du soilik prima facie jurisdikzioa betetzen bada.

Aholku-iritziak

Aldebakarreko Independentzia Adierazpenaren Nazioarteko Zuzenbidearekin bat etorriaren audientzia

Aholku-irizpena Nazio Batuen Erakunde eta erakunde jakin batzuei soilik irekita dagoen epailearen funtzioa da. NBEren Gutunak Batzar Nagusiari edo Segurtasun Kontseiluari ahalmena ematen die edozein auzi juridikori buruzko aholku-irizpena eskatzeko auzitegiari. Batzar Orokorra edo Segurtasun Kontseilua ez den NBEko organoek Batzar Nagusiaren baimena behar dute NJAri aholku-irizpena eskatzeko. NBEko organo horiek beren jardueren esparruan dauden gaiei buruzko aholku-irizpena baino ez dute eskatzen[22]. Eskaera jasotzean, auzitegiak erabakitzen du zein estatuk eta erakundek eman dezaketen informazio baliagarria, eta aukera ematen die idatzizko edo ahozko adierazpenak aurkezteko. Aholku-irizpenak NBEko agentziek auzitegiaren laguntza eska zezaketen bide bat izan zen dagokien agintean egon zitezkeen arazo juridiko konplexuak erabakitzeko.

Printzipioz, epaitegiaren aholku-irizpenek izaera kontsultiboa dute soilik, baina eragin handia dute, eta oso errespetatzen dute. Zenbait tresnak edo araudiek aurretiaz eman dezakete aholku-irizpena berariaz loteslea izango dela agentzia edo estatu jakinentzat, baina, berez, ez dira lotesleak auzitegiaren Estatutuaren arabera. Izaera ez lotesle horrek ez du esan nahi aholku-irizpenek eragin juridikorik gabekoak direnik, zeren haietan jasotako arrazoi juridikoak nazioarteko zuzenbideko gai garrantzitsuei buruz auzitegiak dituen iritzi autoritarioak islatzen baitituzte. Horietara iristeko, auzitegiak, funtsean, estatu subiranoek aurkeztutako auzi gatazkatsuetan emandako epai lotesleak arautzen dituzten arau eta prozedura berberak jarraitzen ditu.

Aholku-irizpenaren estatusa eta agintea dator Nazio Batuen Erakundeko organo judizial nagusiaren adierazpen ofizialetik[23].

Aholku-iritziak, askotan, eztabaidagarriak izan dira egindako galderak eztabaidagarriak direlako edo auzia auzitegiaren aurrean benetan gatazkatsua dena ekartzeko zeharkako modu gisa jorratu delako. Aholku-irizpenen adibideak Nazioarteko Justizia Auzitegiko kasuen zerrenda artikuluan dauden aholku-irizpenak atalean aurki daitezke. Aholku-iritzi ezagun horietako bat Arma Nuklearren auzia da.

Kasu gatazkatsuen adibideak

  • 1980: Estatu Batuen kexa bat Iranek Teheranen estatubatuar diplomatikoak atxilotzen zituela nazioarteko zuzenbidea urratuz[24].
  • 1982: Tunisiaren eta Libiaren arteko auzia beren arteko plataforma kontinentala mugatzearen inguruan[25].
  • 1989: Iranen kexa bat Estatu Batuetako Armadako misil gidatutako gurutzontzi batek Iran Air 655 hegaldia bota ostean[26].
  • 1984: AEBk eta Kanada Maine Golkoko eremuan banatzen zituen itsas mugaren inguruko gatazka[27].
  • 1999: Jugoslaviako Errepublika Federalaren salaketa bat Ipar Atlantikoko Itunaren Erakundeko estatu kideen aurka Kosovoko Gerran izandako ekintzei buruz. 2004ko abenduaren 15ean ukatu egin zen jurisdikzio faltagatik, FRY ez zelako NJA estatutuaren alderdia eskaera egin zuen unean[28].
  • 2011: Ipar Mazedoniako Errepublikaren (Mazedoniako Jugoslaviako Errepublika ohia) kexa bat, Greziak NATOn sartzeko 1995eko irailaren 13ko behin-behineko akordioa[29] urratzen duelako. Kexa Ipar Mazedoniaren alde erabaki zen 2011ko abenduaren 5ean[30].
  • 2005: Kongoko Errepublika Demokratikoak Ugandak bere subiranotasuna urratu zuelako eta Kongoko Errepublika Demokratikoak baliabideen balioa duten milioika milioi dolar galdu zituelako[31] kexa bat erabaki zen Kongoko Errepublika Demokratikoaren alde[32].
  • 2017: Indiako Errepublikaren kexa bat, Indiako Kulbhushan Jadhav hiritar baten aurkako heriotza-zigorraren epaia dela eta, Pakistango auzitegi militar batek (ustezko espioitza eta jarduera subertsiboetan oinarrituta)[33].
  • 2022: Ukrainaren Errusiaren aurkako salaketa bat 1948ko Genozidioaren Hitzarmena urratzeagatik, zeinaren Ukraina zein Errusia alderdi diren, genozidioa faltsuki aldarrikatzeagatik Ukraina inbaditzeko aitzakia gisa[34]. Genozidioei buruzko Akademikoen Nazioarteko Elkarteak Ukrainari laguntza eman zion, eta behin-behineko neurri bizkorrak eskatu zituen Errusiari bere ofentsiba geldiarazteko[35]. Errusiako ordezkariek uko egin zioten agertzeari[36]. Martxoaren 16an, NJAk Errusiari «operazio militarrak berehala eteteko» agindua eman zion, 13-2 emaitzaren bozketan, oposizioan zeuden errusiar eta txinatar epaileekin[37][38]. Agindua loteslea da Errusiarentzat, baina NJAk ezin du betearazi[39].

Erreferentziak

Kanpo estekak