John Benjamin Toshack

John Benjamin Toshack (Cardiff, Gales, 1949ko martxoaren 22a) futbol jokalari eta entrenatzailea da. Geurean oso ezaguna da Real Sociedadekin izandako harremanagatik, izan ere talde txuriurdina gehien zuzendu duten entrenatzaileen artean bigarrena da. Hori gutxi balitz 1987ko Errege Kopa irabazi zuen Realarekin.

John Benjamin Toshack

Bizitza
JaiotzaCardiff1949ko martxoaren 22a (75 urte)
Herrialdea Erresuma Batua
Hezkuntza
Hizkuntzakingelesa
Jarduerak
Jarduerakfutbolaria eta futbol entrenatzailea
Ibilbidea
TaldeakUrteakJG
Cardiff City Football Club1965 / 197016274
Wales national under-21 football team1968 / 196940
Galesko futbol selekzio nazionala1969 / 19804013
Liverpool Football Club1970 / 197824696
Swansea City Association Football Club1978 / 19846325
 
Posizio edo espezialitateaaurrelaria
Altuera185 zentimetro
Jasotako sariak

UEFA: 250060623 Edit the value on Wikidata

Jokalari zela Liverpool taldearen urrezko aroa bizi izan zuen. Kevin Keegan alboan zuela bi Europako Kopa eta bi UEFA Kopa irabazi zituen, baita Ingalaterrako 3 Liga ere. Entrenatzaile lanetan Realaz gain Real Madrilen ere izan zen eta Espainiako hainbat titulu eskuratu zituen. Azken urteetan talde ugari entrenatu ditu, aipagarriena Marokoko Wydad Casablanca. Galesko selekzioa urte luzetan entrenatu zuen eta 2006an Euskadiko Selekzioaren aurkako parida jokatu zuen.

Biografia

John Benjamin Toshack Cardiffen jaio zen 1949an. Aita eskoziarra zuen eta Royal Air Force-k hara bidali zuen aroytz lanetarako. Ama galestarra zuen[1].

Gazte zela errugbi eta kriket jokalaria izan zen. Errugbian etorkizuna zuen baina sorbaldako lesio baten erruz utzi egin behar izan zuen[2]. Horregatik hasi zen futbolean jokatzen.

Kirol ibilbidea

Aurrelari bikaina

Hastapenak Cardiffen

Hiriko Cardiff Boys gazte mailako taldean aurrelari postuan hasi zen jokatzen. 1963an ligako partida guztietan sartu zuen gola eta gol errekorra hautsi zuen. 15 urtez azpiko Galesko selekzioan jokatzeko deitu zioten. 1966an Cardiff City taldeak fitxatu zuen eta Cardiffekin partidu ofizial bat jokatzen zuen gazteena izan zen[3]. Aurreneko denboraldi hartan 6 gol sartu zituen[3].

Liverpoolekin txapeldun

Ingalaterrako Ligako hainbat taldek eraman nahi izan zuten baina Toshackek lau denboraldi egin zituen Cardiffen, harik eta 1970ko azaroak Liverpool handiak fitxatu zuen arte[4]. 1970ko azaroaren 14an egin zuen debuta Anfield zelaian 0-0 amaitu zen partida batean[5]. Aurreneko denboraldian 7 gol sartu zituen. Hurrengo denboraldian Kevin Keegan aurrelari mitikoa iritsi zen eta bikote ederra osatu zuten, Toshack baloiak zentratzen eta Keegan errematatzen[6]. Liverpool taldearen urrezkoa aroa izan zen: Ingalaterrako 3 Liga eta Community Shield kopa bat, Europako Kopa birritan (1977, 1978) eta UEFA Kopa ere beste bi alditan irabazi baitzituen. Ingalaterrako taldean Toshackek egin zituen 8 denboralditan 96 gol sartu, baina ibilbide arrakastatsua izan bazuen ere lesio ugari jasan zituen[7]. Liverpoolen zaleek 100 jokalari hirtorikoen zerrenda osatu zuten eta Toshack 34. postuan kokatu zuten[8].

Galesko selekzioa

Galesko selekzioarekin 40 partida jokatu zituen eta 13 gol sartu zituen[9]. 1969ko martxoaren 26an egin zuen debuta Mendebaldeko Alemaniaren aurka 1-1 amaitu zen partida batean[10], eta aurreneko gola Ekialdeko Alemaniari sartu zion hilabete beranduago[11].

Entrenatzaile lanak

1978an Galesera itzuli zen eta azken bost denboraldiak Swansea City taldean egin zituen. Entrenatzailea eta jokalaria izan zen aldi berean[12]. Swansea City taldean izandako esperientziak animatuta entrenatzaile ibilbidearekin aurrera jarraitzea erabaki zuen. Aurreneko lana Sporting de Lisboa talde portugaldarrean izan zuen, 1984-85 denboraldian. Ligako bigarren postua eskuratu zuen taldeak[13].

Reala

1988ko Errege Kopako finaleko taldea. Toshack zen entrenatzailea.

1985ean Realak fitxatu zuen John Benjamin Toshack[14]. Aurrez Atotxan izana zen, 1975ean jokalari gisa. Liverpool 1-3 nagusitu zitzaion orduan Realari. Partidu hartan debut aipagarri bat izan zen gainera, Arkonada atezainarena hain zuzen ere[15]. Ligak irabazi ondorengo urteetan maila apalagoan ibilia zen Reala eta John Toshacken etorrerak hainbat aldaketa ekarri zituen entrenatzeko teknikatan, bai eta jokalarietan ere, Liga irabazi zuten hainbat jokalariren lekua hartuko zuten gazteak atera baitzituen, Bakero, Begiristain, Lopez Rekarte, "Lutxo" Iturrino, Loren eta enparauak[16]. Aurreneko partidan ordea Arkonada lesionatu egin zen eta urte guztian jokatu gabe izan zen[17]. 1987an iritsi zen Realarentzako titulu berria, Espainiako Errege Kopa hain zuzen ere[18]. Hurrengo denboraldian bigarren egin zuen Ligan eta Kopan berriz ere finala jokatu zuen. Bartzelona izan zen aurkaria. Talde kataluniarra Liga kaskarra egitetik zetorren (6.a izan zen) eta reala zen faborito argia baina Bartzelona 1-0 nagusitu zitzaien donostiarrei[19]. Laugarren denboraldia oso berezia izan zen Realena, izan ere aurreneko jokalari atzerritarra bitxatu baitzuen taldeak, John Aldridge[20]. 11. postu apala baino ez zuen lortu ordea.

Real Madril

Entrenatzaile bezala ordea sona handia hartu zuen eta 1989an Real Madril taldeak fitxatu zuen. Hiru Liga jarraian irabaziak zituen talde merengeak Leo Beenhakker herbeheretarrak zuzenduta, baina Europako Koparik ez zuen lortu eta horri bueklta emateko fitxatu zuten Toshack[21]. "La quinta del Buitre" ezizena zuen belaunaldiaren azken urteak ziren[22]. Aurreneko denboraldian Liga eta Superkopa irabazi zituen madrildarrekin, eta Real Madrilek 107 gol sartu zituen Liga hartan, hori lortzen zuen bigarren aldia zen[23]. Europako Kopan ordea berriz ere kale egin zuen, bigarren kanporaketan Milanek garaitu baitzituen[21]. Hurrengo denboraldia ordea gaizki hasi zuen eta 11. jardunaldian kanporatua izan zen.

Reala berriz

1990. urtean Realera itzuli zen manager gisa[24] baina 1991ean entrenatzaile kargua hartu zuen berriro eta bosgarren postua eskuratu zuen. Bigarren aldi honetan lau denboraldi egin zituen Realean 1994 arte[25].

Hurrengo urteetan taldez talde

Toshack Irango Ligako Tractor Saziren aulkian, Asiako Txapeldunen Ligako partida batean.

Hurrengo urteetan taldez talde ibili zen, eta tartean berriz ere Real Madril[26] eta Real Sociedad[27] taldeak entrenatu zituen. 2002an amaitu zuen hirugarren aldia Realean eta ordurako talde txuriurdina partida gehienetan zuzendu zuten entrenatzaileen artean bigarrena zen, 386 partida hain zuzen ere. Benito Diaz izan zen Realari partida gehien zuzendu zizkiona, Toshackek baino hiru gehiago besterik ez (389). Toshackek zuzenduta Realak 158 partida irabazi zituen, 99 berdindu eta 129 galdu[14].

Ordutik aurrera talde ugari zuzendu ditu, gehienak futbol aldetik potentzial txikia duten herrialdeetan, Azerbaijan, Maroko, Iran...

Marokon berriz ere txapeldun

Aipatzekoa da Marokoko Wydad Casablancataldean eegindako lana. Talde hartan 2. entrenatzaile postuan Roberto Lopez Ufarte izan zuen, Toshacken agindutara 1987an Errege Kopa irabazi zuena[28]. Hiru denboraldi egin zituen Toshackek Casablancan eta Marokoko liga irabazi zuen 2015ean[29]. 2017 arteko kontratua bazuen ere Afrikako Txapeldunen Ligako partidan Zamalek talde egipziarrak kanporatu ondoren 2016an kargugabetua izan zen[30]. 2017an taldea Afrikako txapelduna izan zen, Toshack gabe ordea[31]. 2019an Wydad taldera itzuli zen, ez entrenatzaile lanetan, kirol zuzendari gisa baizik[32].

Galesko selekzioa

Galesko selekzioaren entrenatzailea ere izan zen urte luzetan. 1994. urtean egin zuen aurreneko saiakera baina ondoren 2004-2010 artean aritu zen. 2006an Euskal selekzioaren aurka jokatu zuen San Mamesen. Galestarrek 0-1 irabazi zuten[33]. Mazedoniako selekzioarena ere entrenatu zuen denboraldi batez[34].

Taldeak eta tituluak

Jokalari gisa

TaldeaUrteakTituluak
Klubak Cardiff Boys1963-1966
Cardiff City1966-1970Galesko Kopa (4)
Liverpool FC1970-1978Europako Kopa (2)
UEFA Kopa (2)
Ingalaterrako Liga (3)
Community Shield (1)
Swansea City1978-1983Galesko Kopa (3)
Selekzioak 23 urtez azpiko Galesko selekzioa1968-1969
Galesko selekzioa1969-1980

Entrenatzaile lanetan

TaldeaUrteakTituluak
Swansea City1978-1984Galesko Kopa (3)
Sporting de Lisboa1984-1985
Real Sociedad1985-1989Errege Kopa (1)
Real Madril1989-1990Espainiako Liga (1)
Espainiako Superkopa (1)
Real Sociedad1991-1994
Galesko selekzioa1994
Deportivo de la Coruña [35]1995-1997
Beşiktaş JK[35]1997-1999Turkiako Kopa (1)
Real Madril1999
Saint-Étienne[36]2000-2001
Real Sociedad2001-2002
Calcio Catania[37]2002-2003
Real Murcia[38]2004
Galesko selekzioa2004-2010
Mazedoniako selekzioa
(gaur egun "Ipar Mazedonia")
2011-2012
Khazar Lankaran[16]2013Azerbaijango Superkopa (1)
Wydad Casablanca2014-2016Marokoko Liga (1)
Tractor Sazi[16]2018

Hedabideetako lana

Azken aldian hainbat kate britainiarretako futbol saiotan komentarista lanak egiten ditu. Bere esanek sarritan hautsak harrotzen dituzte[17][39]. Euskal hedabideetan ere argitaratu izan ditu iritzi artikuluak.

Erreferentziak

Kanpo loturak

Wikimedia Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: John Benjamin Toshack