Olatz Perez de Viñaspre

Informatikaria

Olatz Perez de Viñaspre Garralda (Iruñea, 1987ko ekainaren 19a) Euskal Herriko Unibertsitateko irakasle eta ikerlaria da IXA taldean. Informatika Fakultatean lan egiten du 2012etik. Hizkuntzaren prozesamenduko ikerlaria da. UEUko Informatikako saileko kidea ere bada.[1][2]

Olatz Perez de Viñaspre

Bizitza
JaiotzaIruñea1987ko ekainaren 19a (36 urte)
Herrialdea Nafarroa Garaia, Euskal Herria
Hezkuntza
Tesi zuzendariaMaite Oronoz Antxordoki
Hizkuntzakeuskara
gaztelania
Jarduerak
Jarduerakinformatikaria eta unibertsitateko irakaslea
Enplegatzailea(k)Euskal Herriko Unibertsitatea
Jasotako sariak
KidetzaUdako Euskal Unibertsitatea

Inguma: olatz-perez-de-vinaspre-garralda

Ingurune digitaleko emakumeentzako Gladys Saria eman zioten 2022an Informatikan «ibilbide akademiko oparoa» duelako eta «gizarte erronka handiei» erantzuteko egiten duen lanarengatik.[3]

Ikasketak

Sistemen informatikan ingeniaritza teknikoa eta Informatika Ingeniariaritza ikasi zuen UPV/EHUko Informatika Fakultatean, Ondoren, Hizkuntzaren Azterketa eta Prozesamenduko (HAP) masterra egin zuen, 2011-2013 urteetan. Azkenik, 2017an, Hizkuntzaren Azterketa eta Prozesamendua doktoretza programa bukatu zuen, Euskal Herriko Unibertsitateko Informatika Fakultatean, Donostian.

Ikerlaria

Hizkuntzaren prozesamenduaren arloko ikertzailea da Ixa Taldean eta HiTZ zentroan. 2017an defenditu zuen doktorego-tesian bere ikerketa-gai nagusia Osasun Zientzietako Terminologiaren Itzulpen Automatikoa zen.[4][5][6] Zuzendariak Maite Oronoz Antxordoki eta Australiako ikertzailea den Jon D. Patrick.[7] Ingelesezko milioi bat termino kliniko dituen SNOMED CT datu-basetik abiatu da ikerketa, euskarara itzultzeko. Hizkuntza-teknologia erabili zuen horretan, ohiko terminoak jasotzeko (Euskalterm, ZT hiztegia…), Ingelesezko termino neoklasikoak atzizkika eta transliterazio-erregelak erabiliz itzultzeko (“Photodermatitis”--> Fotodermatitis), hitz anitzeko termino konplexuak sinpleagoen bitartez itzultzeko (adibidez: “Fracture of elbow” –> “Ukondoaren haustura”), eta Matxin-Med itzultzaile automatikoa egokitzeko (Matxin itzultzailea medikuntzaren domeinura egokituta).[8][9]

Orokorrean osasungintza arloa eta hizkuntzaren prozesamenduarena uztartzeko ikerketan aritzen da.[10] EHUko, Eusko Jaurlaritzako, Madrileko Ministerioko eta Europar Batasuneko deialdietako hainbat ikerketa-proiektutan parte hartu du. Nazioarteko 15 bat argitalpen ditu aldizkari zein kongresutan, gutxienez.[11][12][13]

Hasieran osasungintzako terminologia euskaraz lantzeko tresna informatikoak sortu zituen (Matxin-Med itzultzaile automatikoa esaterako, Matxin itzultzailea medikuntzaren domeinura egokituta), baita geroago anbulatorioetako osasun-txostenak euskaraz idatzi eta itzultzeko tresnak ere. Ikerlerro horretan aritzen da tesia zuzendu zion Maite Oronoz ikertzailearekin. Ekarpen hori oso baliagarria izan da osasungintza ere euskalduntzeko. Lan horiei esker, eurek esaten zuten moduan, medikuei gero eta normalago egiten zaie “tengo rotura del tendón del músculo esplenio del cuello” esan ordez “lepoko esplenio giharraren tendoia hautsita dut” esatea.[14][8]

2019an eta 2021an Ikergazte kongresuko batzorde akademikoko kide izan zen Ingeniaritza/Arkitektura arloan.[15]

Informatikari Euskaldunen azken Bilkuretan batzorde antolatzaileetako kidea izan da 2022, 2020, (2018, 2015...).[16][17]

UEUko kidea

Udako Euskal Uibertsitatean Informatikako saileko kidea da 2012tik. Hainbat artikulu, liburu, ikastaro eta hitzaldi zabaldu ditu informatikari buruz, esaterako:

  • Python programazio-lengoaia: oinarriak eta aplikazioak. Liburua Iñaki Alegriarekin eta Kepa Sarasolarekin. (UEU, 2016).[18]
  • Programazioa denontzat: Python ikasi praktikaren bidez (UEU, 2018).[19][20]
  • Ezinbesteko softwarea herri eta herritar burujabeagoak izateko. Arrate Garcia Campos-ekin. (UEU, 2018)[21]
  • Estandar klinikoen itzulpen automatikoa. BAT aldizkaria (2018).[22]
  • Osasun-txosten elebidunak posible ote? (UEU, 2015).[23]

Sariak

  • 2022: Gladys Saria ingurune digitaleko emakumeentzat. Epaimahaiak aho batez hartu zuen erabakia, eta irabazlearen «ibilbide akademiko oparoa» eta «gizarte erronka handiei» erantzuteko egiten duen lana azpimarratu zuen.[3][24] PUNTUEUSek eta UPV/EHUko Informatika Fakultateak antolatzen dute Gladys Saria, Gipuzkoako Foru Aldundiaren Berdintasunerako Organoaren eta Danobatgroup industria-taldearen babesarekin, eta UPV/EHUko Berdintasun Zuzendaritzaren laguntzarekin.
  • 2019: Euskarazko Tesien VI. Koldo Mitxelena Saria Ikasketa Teknikoen jakintza-arloan.[25][26]
  • 2015: Ikergazte-Udalbiltza sari berezia (Euskal Herriko garapenari ekarpen garrantzitsuena egiten diona): “Osasun-txosten elebidunak posible ote?” lanarekin.[7][11][12]

Erreferentziak

Ikus, gainera

Kanpo estekak