Donostiako Informatika Fakultatea

Donostiako Informatika Fakultatea Euskal Herriko Unibertsitatearen Gipuzkoako campusean dago. 1976an sortu zen Espainiako lehen fakultateak sortu zirenean (Madrilekoa, Bartzelonakoa eta Donostiakoa).

Donostiako Informatika Fakultatea Gipuzkoako Donostia hiriburuan dagoen Euskal Herriko Unibertsitatearen informatika fakultate bat da, Ibaetako campusean. 1976an sortu zen, Espainiako lehen fakultateak sortu zirenean (Madrilekoa, Bartzelonakoa eta Donostiakoa).

Donostiako Informatika Fakultatea
Euskal Herriko Unibertsitatea
Kokapena
Herrialdea Euskal Herria
Probintzia Gipuzkoa
UdalerriaDonostia
Koordenatuak43°18′26″N 2°00′39″W / 43.307147°N 2.010719°W / 43.307147; -2.010719
Map
Historia eta erabilera
Irekiera1976
Kontaktua
HelbideaManuel Lardizabal pasealekua, 1. Ibaeta, 20018 Donostia
Webgune ofiziala

Titulazioak

Informatika Ingeniaritzako Gradua eskaintzen da euskaraz, gaztelaniaz eta ingelesez (bigarren mailako ikasgai gutietan), eta hiru espezialitaterekin: Konputagailuen Ingeniaritza, Konputazioa, eta Software Ingeniaritza.[1]

2020tik aurrera Ingeniaritzako Adimen Artifizialeko Gradua ere eskaintzen da. Eskolak hiru hizkuntzatan dira: euskaraz, gaztelaniaz eta ingelesez (bigarren mailako ikasgai guztietan).[2][3]

2012tik master eta graduondoko hauek eskaini izan dira behin gutxienez:

  • Hizkuntzaren Azterketa eta Prozesamendua (euskaraz)
  • Erasmus Mundus - Language and Comunication Technology (ingelesez)
  • Computación de Altas Prestaciones (gaztelaniaz)
  • Ingeniería Computacional y Sistemas Inteligentes (gaztelaniaz)
  • Ingeniería de Sistemas Empotrados (gaztelaniaz)
  • Sistemas Informáticos Avanzados (gaztelaniaz)
  • Tecnología de Apoyo a la Autonomía Personal (gaztelaniaz)
  • Itzulpengintza eta Teknologia (euskaraz, on-line eskaintza)

Titulu horiez gain, azken hamarkadan bi doktorego-programa izan dira indarrean: Ingeniaritza Informatikoa, eta Hizkuntzaren Azterketa eta Prozesamendua.

2020an 98 ikaslek bukatu zituzten ikasketak titulua lortuta. Ikasketa honetan enplegu-tasa %96koa denez bukatu eta bi hilabetera ia denak zeuden lanean.[4][3]

Historia [5]

Sorrera eta hasierako urteak

1969ko martxoaren 29an Madrilen egoitza duen Informatika Institutu bat sortzen da, Hezkuntza Eta Zientzia Ministerioaren menpe. Bi urte beranduago, 1971ko ekainaren 24eko aginduz, bost mailatan egituratutako ikasketa plan bat onartzen da institutu horren eraldaketa eta egiaztapena izango zena.[6]

Fakultatearen edifizioa 1984. urtera arte.

1971ko abuztuaren 9an Madrileko Informatika Institutuaren menpekoa den Informatika Zentro bat sortzen da Donostian, ikasketa-plan berdin-berdinarekin (Bost urtetan banatua: Aplikazio-Programatzailea,[7] Sistema-Programatzailea,[8] Aplikazio-Analista, Sistema-Analista[9] eta Sistema-Teknikaria[10]). Gaur egungo fakultatea denaren hasiera akademikoa da.[11]

1976ko martxoaren 4ko dekretutik Espainian sortzen dira lehen Informatika Fakultateak: Bartzelonakoa Universidad Politécnican, Madrilekoa Universidad Politécnican ere, eta Donostiakoa Valladolideko Unibertsitatearen menpekoa.[12]

Garai horietan hasi zen eratzen gero Euskal Herriko Unibertsitatea izango zena. Bide horretan Informatika Fakultatea Bilboko Unibertsitatean integratu zen 1977an, eta hori gero, 1980ko otsailaren 25ean, gaurko UPV/EHU bihurtu zen.

Fakultatea Donostiako Amara auzoan sortu zen, egun Hizkuntza Eskola Ofiziala dagoen edifizioan. 1984. urtean Ibaetako campusera mugitu zen.[13]

Ikasketa-planen eboluzioa

Urteetan zehar hainbatetan berriztatu da Fakultateko ikasketa-plana. Hala, 1978/79 ikasturtean, hasierako informatika-ikasketak Lizentziatura bihurtu ziren (5 urte, 2 ziklotan antolatuta), eta geroxeago, 1982/83 ikasturtean, aldaketa batzuk egin ziren ikasketa-plan horretan. 1994/95 ikasturtean, Informatikako Lizentziatura Informatika Ingeniaritza bihurtu zen estatu osoan, eta ingeniaritza hori aldaketa batzuk jasan zituen 2001/02 ikasturtean. Bestalde, 2000/01 ikasturtean, hiru urteko Informatika Sistemen Ingeniaritza Teknikoa abiatu zen. Azkenik, Espainia osoan egin zen ikasketa-planen erreforma orokorra dela eta (Bologna plana), aurreko ibilbidea bukatutzat eman zen 2010/11 ikasturtean; hortik aurrera, eskaintza Informatika Ingeniaritzako Graduan kontzentratu da: 240 kreditu eta hiru espezialitate, 4 urtetan banatuta.

Graduondokoak

Graduondoko prestakuntza ere eboluzionatu da, lehengo doktorego-ikastaroetatik gaurko master-ikastaroetara. Lehen esperientzia Máster en Ciencia y Tecnología de Computadores izan zen, 1991-93 urteetan eskaini baitzen. 2013/14 ikasturtean eskaintza zabalagoa da: Ingeniería de Sistemas Empotrados eta Hizkuntzaren Azterketa eta Prozesamendua (2007/08 ikasturtetik), Sistemas Informáticos Avanzados, Ingeniería Computacional y Sistemas Inteligentes, eta Tecnología de Apoyo a la Autonomía Personal (2009/10 ikasturtetik aurrera), eta Computación de Altas Prestaciones. Eta 2014/15 ikasturterako aurreikusita daude Informatika Ingeniaritzako Master profesionala, eta Language and Communication Technologies "Erasmus Mundus" Masterra.

40. urteurreneko ospakizunak 2017an

2017-2018 ikasturtean informatika-ikasketa ofizialen 40. urteurrena ospatzen zen estatu mailan. Hasieran hiru fakultate baino ez ziren (Donostia, Bartzelona eta Madrid), 2017an 60 baino gehiago.Tarte hartan 4000 informatikari atera ziren Donostiako fakultatetik, eta horietarik gutxienez mila izan ziren euskaraz ikasi zutenak, neurri handi batean informatikaren mundua euskaldundu zutenak. Fakultatearen 40 urteurreneko ospakizunetan, besteak beste. ekitaldi hauek antolatu ziren:[14]

  • Erakusketa aspaldiko material infomatikoarekin "Aspaldiko DIF v1.0: Zelan egiten genituen praktikak orain dela…?" [15] Informatika Fakultateak aspaldiko zenbait ekipo informatiko bilduta ditu. 2017an Informatika-ikasketen 40. urteurrena zela-eta RetroFISS v1.0 erakusketa antolatu zen, eta hori izan zen museoaren hasiera. gaur egun ondarea.eus webgunean ikus daitekeena.[16]
  • Ikasle-ohien hitzaldiak: Jose Poza (MAsMovil); Mikel Artetxe (IXA), Ana Juaristi (AvanzOSC), Gorka Julio (Web Developer & Information Technology Analyst), Jonathan Ortigosa (Gestamp); Susi Rodriguez (Elurnet).[17]
Josep Miró Nicolau, fakultateko lehen dekanoa.
Taula historikoa: dekanoak, unibertsitateak, planak:
Javier Torreladea dekanoa
Julio Abascal
Arantza Illarramendi dekanoa
Agustin Arruabarrena dekanoa
UrteaDekanoaUnibertsitateaIkasketa-plana
1971Josep Miró NicolauMadrileko Informatika InstitutuaInformatika zentroko ikasketak
1976Valladolideko Unibertsitatea
1977Bilboko Unibertsitatea
1978Luis GurruchagaInformatika Lizentziatura
1980UPV/EHU
1982Egokitzapenak lizentziaturan
1983Javier Torrealdea Folgado
1984Josu Aranberri Miranda[13]
1985Javier Torrealdea Folgado
1992Julio Abascal Gonzalez
1994Informatika Ingeniaritza
1996Iñaki Morlán Santa Catalina
2000+ Informatika Sistemen Ingeniaritza Teknikoa
2003Julián Gutiérrez Serrano
2008Clemente Rodríguez Lafuente
2008Arantza Illarramendi Etxabe
2010Informatika Ingeniaritzako Gradua (Bologna)
2011Agustin Arruabarrena Frutos
2014Kepa Sarasola Gabiola
2017Alexander Mendiburu Alberro
2020Adimen artifiziala gradua ere ematen hasten da

Ikerketa

Informatika Fakultateko ikerketa taldeak

Hainbat urtetako jardunak heldutasuna ekarri zion ikerketa-arloari. Horrela, Informatika Fakultatea sortu eta hamar urtera doktoreak bost baino ez baziren ere, 2012an 100 irakasletatik ia gehienak doktoreak ziren (%85 baino gehiago). Horren ondorioak dira 2006 urtetik urtero 14-20 doktorego-tesi berri defendatu izan direla, ikerketa taldeak eta spin-off enpresak sortu direla eta asmatutako produktu informatikoak erregistratu direla.

Hogei bat ikerketa-talde sortu dira urteetan zehar Informatika Fakultatearen inguruan:[18]

  • Datu-base interoperableak (Interoperable Database Group, BDI).[19] Arantza Illarramendi irakasleak sortutako talde honek datu-baseak, mugikorrak eta osasuna lantzen ditu: Web semantikoaren erabilera informazio-sistemen kudeaketan, Mugikorrentzako aplikazioak garatzea agenteen teknologia erabiliz, Osasun-ezaugarrien tele-transmisioa eta analisia mugikorren bidez. Osasun-erregistro informatikoen interoperabilitatea.
  • ERABAKI Taldea.[20]. Erabakiak osasungintzan. Juan Manuel Pikatza Atxa irakasleak 1994an sortutako diziplinarteko talde honek diagnostikoan eta tratamenduan osagileari erabakiak hartzeko laguntzen dioten sistemak ikertzen dituzte. (Gidetan Oinarritutako Erabakiak Hartzen Laguntzeko Sistemak, GOEHLS).
  • ONEKIN Taldea
    ONEKIN Taldea,[21] Web atarien ingeniaritza. XML aplikazioak, Datu-base aktiboak, ... Oscar Diaz irakaslea da taldeko koordinatzailea.
  • Sistema adimendunak taldea (Intelligent Systems Group, ISG).[22] Bioinformatika, Ikasketa automatikoa, Optimizazioa... Jose Antonio Lozano irakaslea da taldeko koordinatzailea.
  • Konputazio-Adimena. Manuel Graña Romay irakasleak sortu zuen Grupo de Inteligencia Computacional taldea.[23] Honelako aplikazioak lantzen dituzte: Gizaki eta makinen arteko elkarekintza-sistemak, robot mugikorren kontrola, medikuntzanko irudien analisia, ingurune-adimena darabilten lan-segurtasunerako sistemak, komunikazio pertsona gorrekin, psikologia esperimentala eta prozesuen gainbegiratzea. Tresna moduan Clustering-algoritmoak, kuantifikazio bektoriala, neuronal-sareak, Markov-en eredu ezkutuak, irudi-prozesaketa edota konputagailu bidezko ikusmena erabiltzen dute.
  • Sailkatze automatikoa eta paralelismoa, ALDAPA taldea.[24] Talde honek honelako aplikazioak lantzen ditu: Auto-aseguruen fraude detekzioa, Bezero-fidelizazioa, Turismoa, Erregai-banaketaren problema, Karaktere-ezagutze automatikoa (OCR), ... Javier Mugerza irakaslea da koordinatzailea.
  • Logika eta arrazonamendua (Logic and Reasoning Group, LoRea).[25] Montse Hermo, Paqui Lucio eta Marisa Navarro irakasleek sortu zuten talde honek honako gaiak aztertzen ditu, besteak beste: Konputagailu-programen zehaztapena, eraldaketa eta egiaztapena. Programazio funtzionala. programazio logikoa. Grafoen transformazioa. Arrazoiketa automatikoa ontologia handiekin.
  • Softwarearen ingeniaritza eta kudeaketa. Javier Dolado irakasleak sortu zuen Ingeniería y Gestión del Software Empírica talde hau, hainbat unibertsitate biltzen dituen REMIS sarearen barruan.[26]
  • Robotika eta Sistema Autonomoen Ikerketa Taldea (RSAIT).[27] Basilio Sierra eta Elena Lazkano irakasleak koordinatzen duten talde honek robot mugikorrak eta ikasketa automatikoa uztartuz lan egiten du. Beren robotak martxan erakusten dituzten hainbat bideo eskaintzen dituzte.[28]
  • GALAN Taldea, Hezkuntza eta Teknologia.[29] Isabel Fernandez de Castro irakasleak sortu zuen talde honek Teknologian Oinarritutako Hezkuntzarako Tresnak garatzen dituzte, esaterako, kontzeptu-mapen editoreak.
  • Integrazio Geometrikoa (Geometric Integration Research Group).[30] Ekuazio diferentzialen soluzioaren ezaugarri kualitatiboek (bereziki propietate geometrikoak) mantentzen dituzten zenbakizko metodoen azterketa eta analisia lantzen dute talde honetan. Ander Murua eta Joseba Makazaga irakasleak Jaume I unibertsitatearekin eta Valentziako unibertsitate Politeknikoan ari dira lankidetzan. Aplikazio-inguruneak: planeta-sistemen mekanika, molekulen dinamika, kontrolaren teoria, partikulen azelerazioaren fisika eta abar.
  • Egokituz: Behar Berezietarako Pertsona-Konputagailu Elkarrekintza Laborategia.[31] Julio Abascal Gonzalez irakasleak sortu zuen 1985ean pertsona minusbaliatuen komunikazio-arazoei aurre egiteko informazioaren teknologia berrien aplikazioa lantzeko. Egokituz taldeak pertsonen arteko komunikazio zuzenari nahiz urruneko komunikazioari laguntzeko programak diseinatu ditu (telekomunikazio-sistemak erabilerraz eginez), baita ingurunea kontrolatzeko sistemak, sarrera/irteerako zenbait sistema simulatzeko eta ebaluatzeko softwareak, eta komunikazio-gailu eramangarriak ere, besteak beste. Eusko Jaurlaritzak SPRI-aren IMI programaren bidez, Gipuzkoako Foru Aldundiaren Ekonomia Sailak, IMSERSO-k eta CE-DGXIII-k finantzatu dituzte lan horiek.
  • Web3D-ehu taldea.[32] Konputagailu-irudietan ikertu zuten 2020ra arte: 3D bisualizazio elkarreragilea, Internet bidezko bisualizazio kooperatiboa, errealitate birtuala, CAD, ...
    Egokituz ikertaldeko kideak 2016an.
  • Hizkuntzaren Prozesamendua, IXA taldea.[33] Hizkuntzaren prozesamenduan lan egiten du. Euskararen gaineko ikerketa aplikatua du xede nagusi, baina beste hizkuntza batzuetan ikertzen eta produktuak garatzen ere aritzen dira. Taldeak sortu dituen produktu ezagunenak hauek dira: Xuxen zuzentzaile ortografikoa, elia.eus itzultzaile automatiko neurnomala (lehen zen itzultzailea.eus edo Matxin). Euskal WordNet sare lexikala eta ZT eta EPEC corpusak. Arantza Diaz de Ilarraza Sanchezek koordinatzen du taldea. 2019an AhoLab ikerketa-taldearekin batera HiTZ ikerketa-zentroa sortu zuen.[34] 2013an Abbadia Saria jaso zuen. Eneko Agirrek hiru aldiz jaso Google ikerketa saria (2016, 2018 eta 2019an),[35] AEBko gobernuak COVID-19 pandemiaren inguruan antolatutako lehiaketan ere sari bat jaso zuen (COVID-19 Open Research Dataset Challenge, 2020).[36]

2020an 17 ikerketa-taldetan, 95 ikerketa-proiektu lantzen ziren, horietako ikertzaile nagusiak 39 zirela. 2020an 2,2 milioi euro mugitu zen proiektu horietan, 149 argitalpen zientifiko idatzi ziren eta 14 doktorego-tesi aurkeztu ziren.[4]

Hogei produktu baino gehiago erregistratu dituzte fakultateko ikerketa taldeek, besteak beste hauek:

  • Xuxen euskararako zuzentzaile ortografikoa
  • TADEEP itzultzaile automatiko neuronala.

Spin-off enpresak

Hainbat spin-off enpresa sortu izan dira informatika bukatu duten ikasleekin. Adibidez hauek:

  • Eleka Ingeniaritza Linguistikoa SL[37]
  • IKude Telemed SL[38]
  • Innovae Vision SL[39]
  • Nesplora [40] Neurozientzia
  • Magna SIS [41]
  • Wimbitek [42]

Sailak

  • Konputagailuen Arkitektura eta Teknologia (KAT)
  • Lengoaia eta Sistema Informatikoak (LSI)
  • Konputazio Zientziak eta Adimen Artifiziala (KZAA)

Informatikako gaiak

Informatika Ingeniaritzako Graduko ikasgaietan arloko gai orokorrak jasotzen dira lehenengo bi urtetan:

Konputagailuen Teknologiaren Oinarriak (eta transistoreak)Sistema Digitalak Diseinatzeko OinarriakOinarrizko ProgramazioaAnalisi MatematikoaMatematika Diskretua
Konputagailuen EgituraProgramazio Modularra eta Objektu OrientazioaProgramazioaren MetodologiaKalkuluaAljebra
Konputagailuen ArkitekturaDatu-egiturak eta AlgoritmoakLengoaiak, Konputazioa eta Sistema AdimendunakEkonomia eta Enpresen AdministrazioaEstatistika Metodoak ingeniaritzan
Sistema Eragileen OinarriakKonputagailu Sareen oinarriakDatu-baseakSoftware IngeniaritzaIkerkuntza Operatiboa
Sare Zerbitzuak eta AplikazioakProiektuen Kudeaketa

Gero hiru espezialitatetan sakonago aztertzen dira gai hauek: Konputagailuen Ingeniaritza, Konputazioa, eta Software Ingeniaritza.

Konputagailuen Ingeniaritza

Errendimendu Handiko ProzesadoreakSistema EragileakSistemen eta Sareen AdministrazioaSistema Digitalen Diseinua eta Eraikuntza
Konputazio Paraleloko SistemakSistema Informatikoen Errendimenduaren EbaluazioaSare Teknologiak eta AzpiegiturakSistema Txertatuen Diseinua

Konputazioa

Datu MeatzaritzaZientziarako KonputazioaKonputazio Eredu AbstraktuakKonputagailu bidezko Grafikoak
Algoritmoen DiseinuaAdimen ArtifizialaKonpilazioaBistaratzea eta Ingurune Birtualak

Software Ingeniaritza

Software Ingeniaritza aurreratuaDatu-baseen DiseinuaWeb SistemakPertsonen eta Konputagailuen arteko Elkarrekintza
Softwarearen KalitateaSoftwarearen Garapen IndustrialaInformazioaren Kudeaketa AurreratuaSoftwarea Garatzeko Tresna Aurreratuak

Adimen artifizialeko gaiak

2020tik aurrera Ingeniaritzako Adimen Artifizialeko Gradua ere eskaintzen da. Eta kasu honetan ikasgaietan gertuago daude Adimen artifiizialetik.

Konputagailuen Arkitekturaren OinarriakEstatistika Metodoak IngeniaritzanOinarrizko ProgramazioaAnalisi MatematikoaMatematika Diskretua
Konputagailu Sareen eta Sistema Eragileen OinarriakProgramazio Modularra eta Objektu OrientazioaProgramazioaren MetodologiaKalkuluaAljebra
Datu MeatzaritzaDatu-egiturak eta AlgoritmoakSeinaleak eta SistemakSistema Paralelo eta BanatuakEstatistika Metodo Aurreratuak
Adimen ArtifizialaArrazoiketa AutomatikoaDatu-baseakSoftware IngeniaritzaIkerkuntza Operatiboa
Hizkuntzaren ProzesamenduaRobotikaren OinarriakIkaskuntza Automatikoa eta Neurona SareakBilaketa HeuristikoakDatu-baseen Diseinua
Ikaskuntza Automatiko AurreratuaDatu Masiboen Prozesamendurako AzpiegiturakKonputagailu Bidezko IkusmenaBig Data Aplikazioen GarapenaTestu-datuen Meatzaritza

Informatika euskalduntzen

Informatika fakultatea bere alorreko ikasketak euskaraz eskaintzen aitzindaria izan da, lan ugari egin dituzte hainbat irakaslek Fakultatean bertan eta Udako Euskal Unibertsitateko Informatika Sailean.[43][44]

Ikasketak euskalduntzen egindako egindako urratsak

"Adimen Artifiziala eta euskara" hitzaldian Mikel Artetxe, Gorka Azkune, Izaskun Etxeberria eta Nora Aranberri (EHU, 2020-12-03)

Fakultateko hasierako urratsak 1984/85 ikasturtean eman ziren, lehen aldiz eskaini baitziren urte horretan bi ikasgai euskaraz, lehen mailan. Eskaintza etengabe joan zen zabaltzen eta 1992/93 ikasturtean, lehen hiru urteko ikasgai guztiak euskaraz eskaini ziren jadanik, Informatikako Lizentziaturaren azken urte hartan. Hori baino lehen, 1988/89 ikasturtetik aurrera hautazko bi ikasgai ere hasi ziren eskaintzen euskara zientifiko/teknikoa lantzeko: Euskara Tekniko I eta II (Antton Gurrutxaga).

1998/99 ikasturtean, ingeniarien lehen promozioak bukatu zuen urtean, derrigorrezko 244 kredituak (31 ikasgai eta KAP) eta hautazko 39 kreditu (6 ikasgai) eskaini ziren euskaraz. Ingeniaritza Teknikoan ere derrigorrezko kreditu guztiak eta hautazko hainbat kreditu eskaini ziren euskaraz hasieratik.[45]

2013an Informatika Ingeniaritzako Graduan derrigorrezko ikasgai guztiak (Gradu Amaierako Proiektua barne) eta gutxienez Gradua osatzeko behar diren hautazko kredituak euskaraz eskaintzen dira. Fakultateko irakasleen % 60a baino gehiago euskalduna da, eta ikasleen erdiak euskaraz ikasten du. Zuzendaritza eta administrazioa ere bi hizkuntzetan aritzen da.

Graduaz gaindi, euskarak presentzia handia du ikerketa taldeetan ere. Zehazki, IXA taldeak hizkuntzen prozesamendu informatikoa ikertzen du, non euskara helburu nagusia den. Hizkuntzaren Azterketa eta Prozesamendua masterra (HAP), IXA taldearen eskutik, euskaraz eskaintzen da.[46]

2016an Bikain Ziurtagiria jaso zuen Informatika Fakultateak, enpresa nahiz erakunde batean euskararen presentzia, erabilera eta kudeaketa egiaztatzen duen ziurtagiri ofiziala da hori.[47] Unibertsitatean ziurtagiri hori lortu zuen lehen fakultatea izan zen EHUko Informatika Fakultatea.[48]

Informatika liburuak (1984-2023)

1984/85 ikasturtean informatikako ikasketak euskaraz eskaintzen hasi zirenean ez zegoen euskarazko libururik, ez laborategiko eskulibururik, irakasleen apunteak baino ez. Ez zegoen arloko hiztegi finkatu bat: berezko terminologia proposatu, erabili eta hedatu behar zen. Baina gogoa eta gustua zegoen sasien gainetik ibiltzeko. 40 urte geroago bestelakoa zen egoera, oso bestelakoa. Ziztuan aldatzen den eremua da Informatika, eta ingelesa hizkuntza nagusia da, nondik sortzen, zabaltzen eta desagertzen baitira, abiadura larriz, termino, kontzeptu, tresna guztiak. Dena den, urte horietan hainbat eta hainbat liburutan plazaratu zen irakasleok euskaraz garatutako irakaskuntza- eta ikerkuntza-lana (aipatu gabe beste formatu batzuk: tesiak, webeko ikastaroak, apunteak, gardenkiak, ariketak, aplikazioen eskuliburuak...). Liburu horien erreferentziak bildu zituen Agustin Arruabarrena dekano ohiak 2016an katalogotxo batean, zaharrenak (zaharkituta zeudenak) eta berrienak, oraindik bero-bero zeudenak.[49][50]

Sariak eta errekonozimenduak

  • Arantza Illarramendi. irakasleak 2010eko Aritmel Saria jaso zuen, estatu mailako urteko informatikariarentzat.[51] Bost urte lehenago 2005ean beste bi sari jaso zituen: SEBIEK enpresarentzat 1. saria Kutxak antolatutako Entrepenarientzako VI. Lehiaketan, eta 1. saria Berrikuntza Telemedizina Lehiaketan.
  • 2023: Julio Abascalek José García Santesmases saria lortu zuen, Espainiako Sociedad Científica Informática de España (SCIE) elkarteak eta BBVA Fundazioak antolatu zuten 2023ko sarien barruan.[52] Lehenago nazioarteko beste sari batzuk ere lortu zituen: 2021ean Gizaki Konputagailu Elkarrekintza Elkarteak (AIPO, Asociación de Interacción Persona-Ordenador) Jesús Lores Saria eman zion;[53][54] IEEE elkarteak 2020ean IEEE Senior Member 2020 gradua eman zion; IFIP elkarteak hiru aitortza egin zizkion Julio Abascali (IFIP Fellow- 2019, IFIP TC 13 Pioneer 2015, eta IFIP Silver Core - 1998);[55][55] 2013an ACM elkartea izan zen aitortza egin ziona: ACM Senior Member - 2013 Gradua emazion Abascali.[56][57]
  • 2021: Eneko Agirrek ere geroago jaso zuen Espainiako Informatika Sari hori, 2021ean. Epaimahaiak azaldu zuen hizkuntzaren prozesamenduaren esparruan egindako ekarpen bikainengatik eman ziotela; bereziki, testu-baliabide handien ustiapenean,, eta itzulpen automatikoari aplikatutako neurona-konputazioan oinarritutako ikasketa automatiko ez-gainbegiratuan.[58]
  • 2021: Mikel Artetxe ikasle ohiak Ikertzaile gazteentzako Espainiako Informatika Saria jaso zuen, arloko SCIE elkarte nagusiak ematen duena (Sociedad Científica Informática de España). Epaimahaiak saria eman zion nazioartekoan duen presentzia handiagatik, hizkuntzaren prozesamenduaren arloko enpresa garrantzitsuenetan egindako egonaldiengatik eta ospe handiko biltzarretan egindako ekarpenengatik.[58]
  • 2017: Fakultateko RSAIT ikertaldeak, IK4-TEKNIKERek eta ULMAk eginiko proiektua saria jaso zuen Europako EUROC lehiaketan(European Robotics Challenges). Industria-produktuzko banaketa-zentroetan eskariak prestatzeko robot kolaboratibo baten prototipoa garatu zuten hiruren artean. [59][60]
  • Arantza Díaz de Ilarraza Elhuyar Fundazioko ohorezko bazkidea da, eta Patronatuko kidea merezimenduz hautatua.
[Betiko hautsitako esteka] * IXA Taldea Abadia Saria jasotzen (2013)
  • Mikel Artetxe ikasle ohia denak ere sari eta errekonozimendu asko jaso ditu:
    • 2019: Hizkuntzaren prozesamenduko elkarte ospetsuena den ACL kongresuan (Association for Computational Linguistics) artikulu onenerako izendapena jaso zituen.
    • 2018: CoNLL nazioarteko kongresuan artikulu onenaren saria.[68][69] Saritutako artikuluaren izenburua hau da: “Uncovering Divergent Linguistic Information in Word Embeddings with Lessons for Intrinsic and Extrinsic Evaluation”. Euskaraz: “Informazio linguistiko dibergentea azaleratzen hitzen bektore-errepresentazio distribuzionaletan, ebaluazio intrinseko eta estrinsekorako zenbait ikasgairekin”.
    • 2017: Science aldizkariak albiste moduan jaso zuen Mikel Artetxe, Eneko Agirre and Gorka Labaka Ixakideek 2017ko urrian argitaratu zuten ikerketa bat: Artificial intelligence goes bilingual—without a dictionary. [70][71][72]
    • 2017: Bigarren saria Bartzelonan antolatu zen Hizkuntza Teknologietako Hackatoian. Antolatzailea Red.es izan zen, eta SESIAD agentziaren babesa izan zuen. Mikel Artetxe Linguee moduko aplikazioak sortzeko programa bat garatu zuen; testu-corpus batetik abiatuta hiztegi elebidunak sortzeko aplikazio harek testu errealetako adibide errealak eskaintzen zituen hitzaren erabilera zelakoa den hobeto erakustearren. Software librea zen aplikazio hura hainbat hizkuntzatarako erabili ahal da, tartean euskararako.[73]
    • 2013-2014 ikasturteko karrera bukaerako sari nazionala ere jaso zuen. estatu mailan.[74][75]
    • 2014: Mikel Artetxek hirugarren postua lortu zuen Tuenti challange programazio-txapelketan.[76]
    • 15 artikulu baino gehiago argitaratu ditu punta-puntako nazioarteko kongresu eta aldizkarietan.[77]

Lehiaketak

  • 2019: COVID-19 Open Research Dataset Challenge. Estatu Batuetako gobernuak bultzatutako COVID-19 gaixotasunaren inguruan antolatutako adimen artifizialeko txapelketan saria. Ixa Taldeko Arantxa Otegi eta Jon Ander Campos ikertzaileek eta Eneko Agirre eta Aitor Soroa irakasleek lortu zuten.[78][79]
  • 2017an, 2020an eta 2019an, Eneko Agirre Ixakide eta HiTZ zentroko zuzendariak hiru aldiz jarraian Google-ren sari bat irabazi zuen. Google Faculty Research Award saria hirutan lortu duen ikertzaile bakanetakoa da bera. Proiektua batez ere  ingelesezko elkarrizketetan zentratzen bada ere (sukaldaritzari eta elikadurari buruzko galderak), euskarazko elkarrizketekin ere lan egin dute. Horretarako iaz Ixa taldeak euskarazko elkarrizketak biltzeko boluntarioak erakartzeko kanpaina jarri zuen martxan. Kanpainak oso harrera ona izan zuen, eta pertsonei buruzko euskarazko elkarrizketak jaso ziren, Wikipedian dagoen informazioan oinarrituta[80][81][82][83] 1990an Informatikako graduko ikaslerik onena izan zen Gipuzkoan.
  • 2015: "Open Data Euskadi saria 2015" Jerónimo Hernandez, “Zure ikasketak aukeratu gerora begira proposamenagatik.[84]
  • 2015: GipuzkoAPP’s lehiaketa. Galtzagorri Elkartea + Oreka Interactive eta Geminys SL.[85]
  • 2015: Ada Lovelace lehiaketa, “Emakumeak eta Teknologia” gaiaren inguruko sorkuntza-lanetarako. Olatz Arbelaitz: Ada eta Joxepa Antoni emakume aitzindari.[86]
2014ko SWERC txapelketa. EHUko Informatika Fakultateko taldeak domina bat lortu zuen Jesús Ibañez, Adrián Nuñez, Eneko Pinzolas, Jon Mediero, Asier Mujika, Iván Matellanes eta Mikel Artetxe.[87]


Spin-off enpresetarako Toribio Etxeberria saria

  • 2015: Aratz Puerto. IDON SYSTEMS enpresak RFID teknologian oinarrituriko errendimendu handiko kronometrai-sistemaren diseinu eta fabrikazioa egiten du  kirol ekitaldietarako.[91]
  • 2002: ELEKA INGENIARITZA LINGUISTIKOA, S.L. spin-off enpresa sortzeagatik

Kongresu zientifikoetan artikulurik onenari egindako aipamenak

  • 2019: Intelligent Systems Group (ISG) ikerketa taldeko César Montenegro ikerlariak “Aguathón” txapelketa irabazi zuen. Txapelketaren helburua, Ebro ibaiak Zaragozatik pasatzean izango duen portaeraren eredua lortzea da.
  • 2017: Testu Klinikoen Prozesamenduaz 2017ko 3 artikulu onenetako bat,[92]
  • 2017: SEPLNko artikulurik onena. Ixa taldeko Begoña Altuna, María Jesús Aranzabe eta Arantza Diaz de Ilarraza ‘EusHeidelTime: Time Expression Extraction and Normalisation for Basque‘[93]
  • 2015: CAEPIA’2015, ISG ikerkuntza taldeko Jeronimo Hernandez ( “A novel weakly-supervised problem: learning from positive-unlabeled proportions“) eta Josu Ceberio (“Multi-objetivising the quadratic assignment problem by means of an elementary landscape decomposition“)[94]
  • 2015: SISTEDES saria. Onekin taldeko Gorka Puente García-ri. ("Improving creation maintenance and contribution in wikis with domain specific languages")[95]
  • 2015: Espainiako Adimen Artifizialeko Konferentzian (CAEPIA’2015), Informatika Fakultateko ISG ikerkuntza taldeko Jeronimo Hernandez ( “A novel weakly-supervised problem: learning from positive-unlabeled proportions“) eta Josu Ceberio (“Multi-objetivising the quadratic assignment problem by means of an elementary landscape decomposition“
  • 2014: XX Jornadas de la Enseñanza Universitaria de la Informática, JENUI. (José Miguel Blanco, Miren Bermejo eta Imanol Usandizaga, "La espiral de proyectos como eje conductor de asignaturas de Gestión de Proyectos Informáticos"[96]
  • 2009: Europako Itzulpen Automatikoaren Elkartearen kongresuan (EAMT, 2009)[97],
  • 2007: Artikulu Onenaren saria hizkuntza-teknologiako tailer australasiakoan ere (Australasian Language Technology Workshop) Eneko Agirre

Tesietarako sariak

  • 2019: Koldo Mitxelena Saria. Olatz Perez de Viñasprek Euskarazko Tesien VI. Koldo Mitxelena saria lortu zuen.[98]
  • 2018: UPV/EHUko Doktorego Sari Bereziak. [99] (1) Jerónimo Hernández González “Contributions to learning Bayesian network models from weakly supervised data: Application to Assisted Reproductive Technologies and Software Defect Classification”. (2) Borja Ayerdi Vilches “Contributions to Ensemble Classifiers with Image Analysis Applications”. (3) Usue Mori Carrascal “Contributions to time series data mining departing from the problem of road travel time modeling”.
  • 2018: Doktorego-tesi proiektu onenaren saria “Conference of the Spanish Association for Artificial Intelligence (CAEPIA)” ISG taldeko Amaia Abanda, “A study on the discriminatory capacity of the temporal information on supervised time series classification problems”
  • 2011: Koldo Mitxelena Saria. Maite Oronoz, «Euskarazko errore sintaktikoak detektatzeko eta zuzentzeko baliabideen garapena: datak, postposizio-lokuzioak eta komunztadura»).[100][101]
  • 1995: Koldo Mitxelena Saria. Tesietarako UPV/EHU-ren sari berezia. Xabier Arregi Iparragirre, “Itzulpenean laguntzeko Hiztegi-sistema eleanitza”.
  • 1981: euskarazko ikerlanetarako Resurrección Maria Azkue saria. GALDETSU: Konputagailuz lagunduriko irakaskuntzarako sistema (tesina). Kepa Sarasola.[102] [103]

Master-lanetarako sariak

  • 2016: “Desgaitasunaren, hezkuntza premia berezien eta hezkuntza inklusiboa”ren arloko saria Master Amaierako Lanen saria UPV-EHUko Ezgaitasunak dituzten Pertsonentzako Zerbitzuak. Izaskun Heras Pradok irazi zuen lan honekin: ‘IMPLEMENTACIÓN DE UN SOFTWARE DE APOYO AL APRENDIZAJE PARA EL CONTROL DEL ORDENADOR MEDIANTE UN SISTEMA EYE-TRACKING”.[104]

Erreferentziak

Ikus, gainera

Kanpo estekak