San Joan Ante Portam Latinam (aztarnategia)

Neolito amaierako ehorztokia

San Joan Ante Portam Latinam Neolito garaiko ehorztoki kolektiboa da, Guardian kokatua (Araba).[1] Bertan ia 300 gorpu ehortzi ziren, K. a. 3365-3035 urteen artean; haietako asko bortxaz erailak.[1]

San Joan Ante Portam Latinam (aztarnategia)
Kokapena
Herrialdea Euskal Herria
Probintzia Araba
HerriaGuardia
Koordenatuak42°32′46″N 2°33′27″W / 42.546138°N 2.557449°W / 42.546138; -2.557449
Map

Tamaina txikiko harpe naturala izan zen, hilobi kolektibo gisa erabilia. Oso aztarnategi berezia da, interesgarrienetakoa Euskal Herrian[2]. Batetik, ehorzketa egiteko aukeratu den lekua ez da ezohikoa baina bai hain ondo kontserbatu izana, ehorzketa egin eta denbora gutxira, harpeko hutsunea estaltzen zuen harria puskatu, erori eta ehorztokia zigilatu zuen[3], bestetik, bertan aurkitutako hildakoen kopurua oso altua da: 300 pertsona baino gehiago. Baina atentzio gehien eman dutena gorpuen hondarretan aurkitu diren gezi-punta zauriak eta bestelako indarkeria-seinaleak izan dira. Gorpuetako bat pelbisean suharrizko gezi bat sartua dauka, Euskal Herrian eta Europan bakarra dena[4].

Kokapena

Aztarnategia herriaren hego-ekialdean dago, Guardiako herrigunetik 2 km ingurura, Carralogroño aintziratik hurbil[4]. Arabako Errioxan, Ebro ibaiaren ezkerraldean dauden Historiaurreko aztarnategi ugarien testuinguruan kokatu behar da (San Martín, La Hoya, Los Husos, Peña Larga...).[5]

Toponimia

Aztarnategiaren izena nekazaritzarekin eta Elizarekin lotua dago, mahastiekin hain zuzen ere: antzina, gune horretan, San Joan Ante Portam Latinam izeneko Kofradia batek mahastiak izan baitzituen[5].

Aurkikuntza

Burezurrak, Bibat museoan ikusgai.

1985eko apirilean aurkitu zen; nekazari eremuko bide bat zabaltzeko obra batzuetan,[1] hondeamakina batek bidearen motan lurra kentzean, "burezur eta hezur pila bat" bistaratu zituen; Guardia Zibilari abisua eman zitzaiolarik. Aurkikuntzaren berria Lorenzo Ugarte guardiatarrarengana ailegatu zen; Ugartek 1960ko hamarkadan leku berean agertutako burezur gehiagoren berri bazuen, eta hori zela eta Arabako Foru Aldundiko kultura zuzendari Armando Llanosi abisua pasatu zion. Bertaratu zirenean, aztarnategia arriskuan zegoela ikusi zen; eta beraz urgentziazko indusketa prozedura abiatu zen, José Ignacio Vegasen zuzendaritzapean.[5]

Ezaugarriak

Aztarnategia aterpe natural txiki batean kokatua dago. Haitzuloaren forma zehatza ezin da jakin, indusmakinek zati bat suntsitu zutelako; baina gorpuen egoera onarengatik uste da artifizialki estalia izan zela, animali haragijaleen eta higadura meteorologikotik babestuz. Gaur egunean, hutsik eta zigilatua dago, horma batekin estalia.[5]

Ikerketa

Indusketak 1985, 1990 eta 1991ean burutu ziren. Bertan gutxienez 289 gorpu aurkitu ziren, sexu eta adin guztietakoak, haietako asko bortizkeria zantsuekin (bereziki, geziekin eginiko zauriak). Gorpuekin batera, hezurrezko eta harrizko tresnak eta apaingarriak agertu ziren. Elementu horiekin batera animalia-hondakin batzuk daude, besteak beste, burua moztu zioten txakur baten garezurra[4].

Lehen kanpaina hartan 100 bat pertsonen gorpuzkiak atera ziren, baita suharrizko gezi-punta, aizkora eta apaingarri ugari; arriskuan zeuden aztarnak errekuperatu eta gero amaitu zen. Lanei 1990ean berrekin zitzaion, Vegasen ardurapean baita ere, eta 1991era arte iraun zuten, aztarna guztiak atera arte.[5]

Aztarnategia aztertu ondoren, inguruan dauden gorpu asko ehorzteko premia larriaren ondorioz egindako ehorzketa bat dela, bi giza talderen arteko gatazka bortitz baten ondorioz, agian[4].

2023an Aranzadiko, Oxfordeko, Aix-Marsellako eta Kantabriako Unibertsitateko ikertzaileek osatutako lantaldeak ikerketa berria egin zuen gizabanakoen hezurretan ezaugarri fisiologikoak sakonki ikertzeko. Azterketa horrek ikusi du, 338 banakoetatik ia laurdenak (% 23,1) traumatismoren bat dutela (65 banakok sendatu gabeak, eta 89k sendatuta), eta gehiengoa mutil gazteak edo gizon helduak ziren. Hau da, gerretan eta borroketan parte hartzen zutenak mutilak eta gizonak ziren, eta indarrez zauritzen eta hiltzen zituzten. Dena den, haurren eta emakumeen gorpuak ere hilobiratu zituzten haiekin batera; batzuk geziz zaurituak edo hilda. Hortaz, adin eta sexu guztietako pertsonei eragin zien indarkeriazko gertakariak.

San Joan Ante Porta Latinam da Neolito Berantiarrean Europa osoan dokumentatutako indarkeriazko gertakari handiena. Litekeena da presio demografiko handiko garaia izatea, eta kultura desberdinetako taldeen arteko lehia eta gatazka sortu izana. Garai hartan, inguruko beste leku batzuetan ere aurkitu dira indarkeria-zantzuak (geziak, traumatismoak garezurrean, hausturak…); panorama horrek iradokitzen du talde etsaien arteko indarkeria antolatua zegoela.

Bestalde, hezurretan nabariak dira desnutrizioaren seinaleak. Beraz, egoera hark eragindako ondorio sozialak beste inon baino zabalagoak eta sakonagoak izan bide ziren Guardiako aztarnategi honen inguruan[6].

Kontserbazioa eta gizarteratzea

Indusketaren eta ikerketen emaitzak hainbat aldizkari zientifikotan eta dibulgaziozkotan argitaratu dira; 2023ko gorpuen ikerketa nazioarte mailako Nature aldizkarian[7].

Aztarnategia bera, gaur hustua, seinaleztatua dago[4], eta berreskuratutako hezurrak eta piezak Arabako Arkeologia Museoa, Bibat museoan, gordetzen dira[7].

Erreferentziak

Bibliografia osagarria

Kanpo estekak