Cabo Verde uhartedia Ozeano Atlantikoan dago, ipar latitudeko 14° eta 18° artean, eta mendebaldeko longitudeko 22° eta 26° artean, Afrikako mendebaldeko itsasertzetik 570 kilometro ingurura; Senegal, Gambia eta Mauritania herrialderik hurbilenak dira. Hamar sumendi-uharte handi (bederatzitan bizi da jendea) eta zortzi uhartexka dira, bi multzotan banatuak:[3]
Haizaldeko uharteak (portugesez: Ilhas de Barlavento): Santo Antão, São Vicente, Santa Luzia, São Nicolau, Sal eta Boa Vista
Haizebeko uharteak (portugesez: Ilhas de Sotavento): Santiago, Fogo, Brava eta Maio
Jatorri bolkanikoko uharteak dira. Fogo uhartean dagoen Pico do Fogo sumendia (2.829 metro) da gailurrik gorena.[4] Sumendi aktiboa da, eta 2014n izan zuen XXI. mendeko lehenbiziko erupzioa.[5]
Klima tropikal lehorra da, leunagoa kontinentean baino. Abendutik ekainera epela eta lehorra da (batez besteko tenperatura: 21 °C), eta beroa eta lehorra uztailetik azarora (batez besteko tenperatura: 27 °C). Prezipitazioak oso txikiak dira; iraila da hilabeterik euritsuena.
Cabo Verden ez zen bizi gizakirik 1456. urtean Portugalgo Koroaren zerbitzuan zegoen VeneziakoAlvise Cadamosto itsasgizonak Cabo Verdeko uharteak aurkitu zituenean; Portugalgo kolonia bihurtu ziren 1470ean. Portugaldar Inperioaren parte egin zuten uhartedia eta, Afrikako kostaldetik urrun samar egoteagatik, urez hornitzeko geldigune inportante bilakatu zen Portugalgo marinelentzat. Gainera, azukre-kanabera landatu zen eta, geroago, esklabo-merkataritzan paper garrantzitsua jokatu zuten uharteek. Esklaboen salmenta 1876. urtean legez kanpo utzi zenean hasi zen Cabo Verdeko koloniaren gainbehera.
Oliveira Salazar diktadorearen azken urteetan gorpuztu zen Cabo Verdeko eta Ginea Bissauko abertzaleen higikundea, Amilcar Cabral buru zela. 1974koKrabelinen Iraultzaren ondoren, Lisboako gobernuak koloniekiko politika aldatu zuen, eta 1975. urtean burujabetasuna eskuratu zuen Cabo Verdeko uhartediak, batik bat Cabo Verde eta Ginea-Bisauren Independentziarako Alderdi Afrikarraren (PAIGC) ahaleginei esker. Cabo Verdeko herria Ginea Bissaurekin bat egitearen alde agertu zen urte bereko hauteskundeetan, baina 1980. urtean Ginea-Bissaun João Bernardo Vieira militarrak Luiz Cabral aurrerakoiaren aurka egindako estatu kolpeak biderik gabe utzi zuen aukera hori. Cabo Verdek diplomazia zeregin garrantzitsuak bete zituen estatu neutral gisa, hala nola Angolaren eta Hegoafrikaren arteko hitzarmena (1983-1984).
1990ean egin ziren lehendakaritzarako lehenengo hauteskunde libreak. Hauteskunde horietan António Mascarenhas Monteiro, Demokraziarako Mugimenduaren hautagaia, irten zen garaile. Gobernu berriak merkatu ekonomiarako bidea hasi zuen: aseguru enpresak, arrantza eta bankuak pribatizatu egin zituen. Kanpoko laguntza barne produktu gordinaren % 46 zen, eta % 15 Cabo Verdetik kanpora zeuden 700.000 caboverdetarrek bidalitako diru igorpenek osatzen zuten. Gobernu liberalak, % 25eko langabeziari aurre egin nahian, estatua berrantolatzeko asmoa azaldu zuen. 1995eaninflazioa % 6koa izan zen, eta Cabo Verdeko ekonomiak kanpoko laguntzaren mende jarraitzen zuen. 1997an, lehen ministroak hitzarmen bat izenpetu zuen Italiarekin, turismoaren sektorean inbertsioak egiteko.
2001eko lehendakaritzarako hauteskundeak errepikatu egin behar izan ziren iruzurragatik, eta Gorte Gorenak erabaki behar izan zuen, azkenik, emaitza: Pedro Pires (PAICV, Cabo Verdeko Independentziaren Afrikar Alderdia) izendatu zen Mascarenhas Monteiroren ondorengo, eta Jose Maria Pereira Neves, berriz, lehen ministro. Pires estatuaren sektorea dezentralizatzen eta pribatizatzen ahalegindu zen batez ere, eta pribatizatze prozesu horren ondorioz asko garestitu ziren oinarrizko zerbitzuak. 2005ean, Nevesek NATOn sartzeko asmoa adierazi zuen, nahiz eta oposizioko alderdia, Demokraziarako Mugimendua, kontra agertu zen. 2006ko hauteskundeetan PAICV alderdiak (aurreko PAIGC) irabazi zuen berriz ere, eta Pedro Pires hautatu zen lehendakari.
Errepublika parlamentarioa da. Presidentea da estatuburua, eta lehen ministroa gobernuburua. Ganbera bakarreko parlamentua dago, Assembleia Nacional, 72 kide dituena. Legebiltzarrerako hauteskundeak bost urtetarik behin egiten dira.[7]
2020an 556.000 biztanle zituen.[2] Adineka, honela dago banaturik biztanleria: 0-14 urte bitartekoak %27,9 dira, 15-24 urte bitartekoak %18,7, 25-54 urte bitartekoak %40,8, 55-64 urte bitartekoak %7,1 eta 65 urtetik gorakoak %5,5. Bizi itxaropena 73,2 urtekoa da; 70,8 urtekoa gizonezkoena eta 75,6 urtekoa emakumezkoena (2020ko zenbatespenak).[7]
Garapenerako laguntzaren, atzerriko inbertsioaren, emigratzeileen diru-igorpenen eta turismoaren mende dago Cabo Verdeko ekonomia. Nekazaritzako uzta nagusiak artoa, tapioka, kafea, azukre kanabera eta bananak dira. Kafea, bananak eta palmondoaren zenbait gai esportatu egiten dira. Atuna eta otarraina arrantzatzen dira batez ere. Ardiak, zerriak eta behiak hazten dira. Industria nagusiak hauek dira: azukrearen fintzea, arrainaren ingurukoa, tabakoa eta edari bizien destilazioa. Mindeloko eta Porto Novoko portuetan transatlantikoak erregaiaz hornitzen dira. Merkataritzak, garraioak, turismoak eta zerbitzu publikoek BPGaren hiru laurden inguru ekartzen. Turismoa da ekonomiaren oinarria, baina euroguneko herrialdeen baldintzen mende dago. Herrialdeak defizit komertzial handia izaten du urtero, atzerriko laguntzek eta emigratzaileeen diru-bidalketek finantzatua; diru-bidalketak, BPGaren arabera, Saharaz hegoaldeko Afrikako handienetakoak dira.[7]