Abel Barriola

Esku huskako pilotaria
Barriola
Izen osoa:Abel Barriola Ezkurra
Jaiotza data:1978ko maiatzaren 18a (45 urte)
Jaioterria:Leitza (Nafarroa Garaia)
Pilotaria
Modalitatea:esku huskako pilota
Egungo enpresa:erretiratua
Postua:atzelaria
Altuera:1,85 m
Pisua:88 kg
Debutatze data:1998ko otsailaren 22a
Debutatze pilotalekua:Beotibar (Tolosa)
Erretiratze data:2017ko maiatzaren 7a
Erretiratze pilotalekua:Atano III.a (Donostia)

Abel Barriola Ezkurra, pilota arloan Barriola deituraz ezaguna, (Leitza, Nafarroa Garaia, 1978ko maiatzaren 18a) esku huskako pilotari profesional ohia da. Atzelari aritzen zen. Hastapenetan, 1998tik 2003raino, Asegarce enpresarekin zuen kontratua;[1] eta, 2003ko urtarriletik 2017ko maiatzean erretiratu zen arte, Asperekin. Esku huskako pilotarien artean, hiru txapelketa nagusiak (buruz burukoa, binakakoa eta lau eta erdikoa) irabazi dituzten bakanetakoa da. Izaeraz apala eta langilea, oso maitatua da hala pilotarien nola zaleen artean.[2]

Kirol ibilbidea

Profesionaletan, estreinako partida 1998ko otsailaren 22an jokatu zuen, Tolosako Beotibar pilotalekuan. Hurrengo urtean, bigarren mailako buruz buruzko txapeldunordea eta binakako txapelduna izan zen. Gorabehera handiko bi urteren ondoren, 2001ean lehen mailako bere lehen txapela jantzi zuen, lau eta erdiko txapelketa irabazita. Bere joko sasoi onarekin jarraituz, hurrengo urtean lortu zuen bere karrerako garaipenik garrantzitsuena, buruz buruko txapelketa nagusian. Urte hartan bertan, 2002an, Nafarroako lau eta erdiko txapela ere jantzi zuen. 2007an eta 2008an ere buruz buruzko txapelketaren finalera iritsi zen, baina batean Olaizola II.a eta bestean Bengoetxea VI.a nagusitu zitzaizkion.[3]

2011n, Binakako Txapelketa Nagusiko finala jokatzeko eskubidea lortu zuen, baina eskubide hori ukatu zioten enpresek. Xalarekin batera Abel Barriolak jokatu beharko zukeen final hura, baina enpresek Barriolari ez zioten astebeteko atzerapena eman, lesio batetik sendatzeko. Aurretik eta ondoren izan diren finalista lesionatuei, ordea, onartu diete halako atzerapena, eta Barriola horrela baztertu izanak haserre handia sortu zuen pilotazaleen artean.[4][5]

2014an, Binakako Txapelketa Nagusia irabazi zuen, Juan Martinez de Irujo aurrelaria lagun.

Kirol lorpenak

Buruz Buruko Txapelketa Nagusiko finalak

UrteaTxapeldunTxapeldunordeaEmaitzaPilotalekua
2002BarriolaBeloki22-03Atano III.a
2007Olaizola II.aBarriola22-10Atano III.a
2008Bengoetxea VI.aBarriola22-11Atano III.a

Binakako Txapelketa Nagusiko finalak

UrteaTxapeldunakTxapeldunordeakTantoakPilotalekua
2011Olaizola II - BeginoXala - Beroitz(1)22-14Bizkaia
2014Martínez de Irujo - BarriolaOlaizola II.a - Aretxabaleta22-13Bizkaia

(1) Finalean Beroitzek Barriola ordezkatu zuen, azken hori min hartuta zegoelako eta enpresek atzerapenik onartu ez ziotelako (nahiz eta 1990az geroztik finalista lesionatu guztiei atzerapena onartzen zitzaien).

Lau eta Erdiko Txapelketa Nagusiko finalak

UrteaTxapeldunaTxapeldunordeaTantoakPilotalekua
2001BarriolaEugi22-10Ogeta
2002Olaizola II.aBarriola22-13Ogeta
2004Olaizola II.aBarriola22-08Ogeta
2006Martínez de IrujoBarriola22-21Ogeta
2007Titín III.aBarriola22-15Ogeta
2010Martínez de IrujoBarriola22-17Atano III.a

Erreferentziak

Kanpo estekak