Jokin Altuna

esku huskako pilotaria
Altuna III.a» orritik birbideratua)
Altuna III.a

Jokin Altuna, 2018ko abuztuan
Izen osoa:Jokin Altuna Altuna
Jaiotza data:1996ko martxoaren 27a (28 urte)
Jaioterria:Amezketa (Gipuzkoa)
Pilotaria
Modalitatea:esku huskako pilota
Egungo enpresa:Aspe
Postua:aurrelaria
Altuera:1,80 m
Pisua:71 kg
Debutatze data:2014ko ekainaren 24a
Debutatze pilotalekua:Astelena (Eibar)

Jokin Altuna Altuna, pilota arloan Altuna III.a deituraz ezaguna (Amezketa, Gipuzkoa, 1996ko martxoaren 27a)[1] esku huskako pilotari profesionala da. Aurrelari aritzen da, Aspe enpresarekin. Txikitatik nabarmendu izan da, erasoko joko ikusgarria baitu, oldarkorra, irudimentsua, intuiziozkoa; ez du oso kolpe bortitza, baina kolpe mota guztiak teknika apartaz egiten ditu, eta eskuinez jotzen duenean bizi ateratzen zaio pilota.[2][3][4] Trebetasun berezia du errematea norantz egingo duen ezkutatzeko, eskumuturrarekin azken unean aldatu egiten baitu pilotari ematen dion noranzkoa.[5][6] Profesionaletan 2014ko ekainaren 24an debutatu zuen, Eibarko (Gipuzkoa) Astelena pilotalekuan, Titin III.a handiaren aurka.[7] Lehen Hezkuntza ikasten ari da Mondragon Unibertsitatean.[8]

Kirol ibilbidea

Profesionaletan debutatu zuenetik bost hilabete betetzerako, lehen finala jokatu zuen: Bigarren Mailako Lau eta Erdiko Txapelketa, Iñaki Artolaren aurka.[9] Artola gailendu zitzaion, 22-8.[10] Profesionaletan egindako lehen urtebetean asko hobetu zuen defentsan (bereziki ezkerrez, debutatu berritan hutsunerik handiena zuen hartan), eta gorputzez indarra eta eusmena hartu zituen (debutatu berritan laster nekatzen zen, urtebete lehenago pneumotoraxa izan baitzuen, 2013ko uztailaren 17an egin zioten ebakuntzaz sendatua);[4] horri esker, 2015eko uda bikaina izan zen Altunarentzat, eta aurretik udako torneoetako bi finaletara iritsi eta galdu eta gero, irailean San Mateokoa irabazi zuen, Merino II.a lagun zuela, Olaizola II.a eta Urrutikoetxea 22-21 mendean hartuta.[11]

2016ko udan aurrelaririk hoberena izan zen, eta 2016ko lau eta erdiko txapeldunordea. Finalerdietan Aimar Olaizola (lau eta erdiko txapelketa nagusi gehien irabazi duena) kanporatu eta gero,[5] finalean 22-21 galdu zuen Oinatz Bengoetxearen aurka. 2017ko lau eta erdiko txapelketa nagusian, ordea, txapelduna izan zen, finala Mikel Urrutikoetxeari 22-21 irabazita.[12]

2018an eskuratu zuen orain arteko bere garaipenik handiena: Buruz Buruko Txapelketa Nagusia irabazi zuen, finalean 22-14 Olaizola II.a mendean hartuta.[13] Ustekabea izan zen Altuna hain gazterik finalera iristea. 2019an, kale egin zuen gero txapelduna izango zen Irribarriaren aurka (Irribarria Altuna baino gazteagoa da), eta 2020. urtean, faboritoa izanik ere, finala galdu zuen Erik Jakaren kontra.[14] Lau eta Erdiko Txapelketa Nagusian, aldiz, bosgarren urtez jarraian, finalera iritsi zen,[15] bai eta txapela irabazi ere.

2020an, Mariezkurrena II.a atzelaria lagun, Binakako Txapelketa Nagusiko finalerdietara heldu zen; finalerako sailkatzeko garaipen bakarrera geratu ziren.[16] Gero, Buruz Buruko Txapelketa Nagusian, Altuna txapeldun izan zen, finalean Rezusta 22-5 mendean hartuta.[17]

Kirol lorpenak

Buruz Buruko Pilota Txapelketa Nagusiko finalak

UrteaTxapeldunaTxapeldunordeaTantoakPilotalekua
2018Altuna III.aOlaizola II.a22-14Bizkaia
2020JakaAltuna III.a22-20Bizkaia
2021Altuna III.aRezusta22-05Bizkaia
2023ElordiAltuna III.a22-18Bizkaia

Lau eta Erdiko Txapelketa Nagusiko finalak

UrteaTxapeldunaTxapeldunordeaTantoakPilotalekua
2016Bengoetxea VI.aAltuna III.a22-21Ogeta
2017Altuna III.aUrrutikoetxea22-21Bizkaia
2018EzkurdiaAltuna III.a22-17Nafarroa Arena
2019EzkurdiaAltuna III.a22-16Nafarroa Arena
2020Altuna III.aJaka22-09Bizkaia
2021Altuna III.aLaso22-20Bizkaia
2022EzkurdiaAltuna III.a22-21Bizkaia

Binakako Txapelketa Nagusiko finalak

UrteaTxapeldunakTxapeldunordeakTantoakPilotalekua
2022Altuna III.a - MartijaLaso - Imaz22-20Bizkaia

Abestia

Eugeni Alzibarrek Jokin izeneko abestia sortu zuen, Altuna III.ari idatzia.[18]

Erreferentziak

Kanpo estekak