Iker Irribarria

Esku huskako pilotaria
Irribarria
Iker Irribarria, 2015eko martxoan
Iker Irribarria, 2015eko martxoan
Izen osoa:Iker Irribarria Olazabal
Jaiotza data:1996ko uztailaren 4a (27 urte)
Jaioterria:Arama (Gipuzkoa,
 Euskal Herria)
Pilotaria
Modalitatea:esku huskako pilota
Egungo enpresa:erretiratua
Postua:aurrelaria
Altuera:1,87 m
Pisua:85 kg
Debutatze data:2015eko martxoaren 22a
Debutatze pilotalekua:Astelena (Eibar)
Erretiratze data:2023ko martxoaren 4a
Erretiratze pilotalekua:Atano III.a (Donostia)

Iker Irribarria Olazabal, pilota arloan Irribarria deituraz ezaguna (Arama, Gipuzkoa, 1996ko uztailaren 4a) esku huskako pilotari profesional ohia da, buruz buruko eta binakako txapelketa nagusietan inoiz izan den txapeldunik gazteena (19 eta 20 urterekin irabazi baititu, hurrenez hurren). Aurrelari aritzen zen, Aspe enpresarekin. Profesionaletan 2015eko martxoaren 22an debutatu zuen, Eibarko (Gipuzkoa) Astelena pilotalekuan.[1] Ezkerra izanagatik, kolpe bortitz eta ikusgarria zuen ezker-eskuin.[2] Eskuin belauneko lesio batek erretiratzera behartuta,[3] agurreko partida 2023ko martxoaren 5ean jokatu zuen, 26 urte zituela, Donostiako Atano III.a pilotalekuan; azken pilotakada errebotean sartuz irabazi zuen partida.[4]

Bere abizenaren Irri laburtzapenaz animatu ohi zuten pilotalekuetan.[5][6]

Ingeniaritza Mekanikoa ikasten du Mondragon Unibertsitatean.[7] Lehengusua du Aritz Elustondo, Realeko atzelaria.[8] Maialen Akizu bertsolaria du bikotekide, eta alaba bat dute elkarrekin.[9]

Ibilbidea

2015ean, bigarren mailako buruz buruko finalera iritsi zen, profesionaletan debutatu eta bi hilabetera; txapeldunorde geratu zen, Víctor Estebanen aurka 22-17 galduta.[10]

2016ko maiatzaren 29an, debutatu eta urtebete pasatxora, esku huska jokatzen den partidarik garrantzitsuena irabaztea lortu zuen: buruz buruko finala. Partida horretaraino iristeko, aurrez txapeldun izandako Aimar Olaizola (22-14) eta Oinatz Bengoetxea (22-10) kanporatu zituen,[2] eta finalean 22-13 mendean hartu zuen ordu arte txapelduna zen Mikel Urrutikoetxea.[11] Final horretara inoiz sailkatu den pilotari gazteena da Irribarria,[12][13] eta inoiz izan den buruz buruko txapeldunik gazteena, 19 urte eta 326 egunekin[2] (aurretik marka zuenak, Ruben Belokik, 20 urterekin irabazi zuen). Buruz burukoa jokatu zuen estreinako aldian izan zen txapeldun, bere garaian Ogetak, Garcia Ariño I.ak eta Irujok egin bezala.[14]

2017ko apirilaren 9an, Beñat Rezusta atzelaria lagun, Binakako Txapelketa Nagusia irabazi zuen, Oinatz Bengoetxea eta Mikel Larunbe 22-14 mendean hartuta. 20 urterekin, binakako txapelketa nagusian ere Irribarria da inoiz izan den txapeldunik gazteena.[15]

2018a urte txarra izan zuen. Ez zuen finalik jokatu, ez baitzuen ongi jokatzen. Izan ere, bere dohainak (bereziki, indarra) ez zituen baliatzen; urrutitik errematatzen zuen, beste pilotari batzuek berezko zituzten jokaldiak egiten saiatzen zen. Horretaz ohartuta, udan bertan prestakuntza fisiko nahiz psikologikoa hobetzeari ekin zion, eta berriz ere bere dohainei probetxua ateratzen ahalegintzeari.

2019an etorri ziren lan horren emaitzak: Jose Javier Zabaleta atzelaria lagun binakako txapelketa bikaina eginda, finala jokatu zuen.[16][17] Finalean Irribarria hotz hasi zen; gero sartu zen jokoan eta ondo aritu zen, baina Elezkanok eta Rezustak osatutako bikotea gailendu zen, 22-19.[18] 2019ko Esku Huskako Buruz Buruko Pilota Txapelketa Nagusian, aldiz, finalera iritsi eta Urrutikoetxeari 22-20 irabaziz, goierritarrak buruz buruko bere bigarren txapela jaso zuen.

Kirol lorpenak

Rezusta eta Irribarria, binakako txapelarekin, Bergaran (2017-04-10).

Profesionaletan

Buruz buruko txapelketa nagusiko finalak
UrteaTxapeldunaTxapeldunordeaEmaitzaPilotalekua
2016IrribarriaUrrutikoetxea22-13Bizkaia
2017Bengoetxea VI.aIrribarria22-18Bizkaia
2019IrribarriaUrrutikoetxea22-20Bizkaia
Binakako txapelketa nagusiko finalak
UrteaTxapeldunakTxapeldunordeakEmaitzaPilotalekua
2017Irribarria-RezustaBengoetxea VI.a-Larunbe22-14Bizkaia
2019Elezkano II.a - RezustaIrribarria - Zabaleta22-19Bizkaia
Bigarren mailako buruz buruko txapelketako finalak
UrteaTxapeldunaTxapeldunordeaEmaitzaPilotalekua
2015VíctorIrribarria22-17Beotibar

Amateurretan

  • 2014: Joxean Tolosa Torneoko txapelduna
  • 2014: Lau eta erdiko Elite Torneoko txapelduna
  • 2012: Diario Vasco Torneoko txapelduna

Erreferentziak

Kanpo estekak