Atotxako futbol zelaia

Atotxa Realaren futbol zelaia izan zen ia 80 urtez, 1913 eta 1993 urte bitartean. Taldeak izan duen bigarren futbol zelaia izan zen, Ondarretakoan hasi baitzen jokatzen Reala, sortu zenean.

Atotxako futbol zelaia
Kokapena
Herrialdea Euskal Herria
Probintzia Gipuzkoa
UdalerriaDonostia
Koordenatuak43°19′10″N 1°58′31″W / 43.3195118°N 1.9752008°W / 43.3195118; -1.9752008
Map
Historia eta erabilera
Irekiera1913
Inaugurazioa1913
JabeaDonostia
Kirolafutbola
ErabiltzaileaReal Sociedad
Edukiera26.700

Atotxak tradizio ingeleseko zelaien itxura eta ikuslegoaren zelairako gertutasun oso handia zuen, futbol partiduetan giro paregabea sortuz, ezaugarri hauek estadio mitikoa bihurtu zuten. 1950ko hamarkadan egurrezko harmailak kendu eta egitura berriak eraiki ziren. 1990ko hamarkadarako zaharkiturik gelditu zen eta eraistea erabaki zen. 1993. urtean Anoeta estadioan jokatzera pasa zen Reala.

Kokalekua

Egia auzoko Mandasko Dukearen pasealekuan eta Iparraldeko geltokiaren ondoan zegoen.

Estadioa bota eta gaur egun hura zegoen orubean eraiki den plaza berriak Atotxako Zelaia plaza izena du, haren omenez.

Izena

Aranzadi Elkarteak aipatzen du inguru hartan Atotxa izeneko baserri bat bazela eta haren lurretan eraiki zela Atotxa izeneko auzoa. Beste hipotesi batek dio Pascual de Atocha izeneko alkateak[1] XVII. mendean sortu zuela Atotxa auzoa Urumea ibaiaren ertzetan, izan ere ontzigintzan aritu baitzen bertan urte luzetan[2].

Historia

Sorrera

Donostian futbola izaten ari zen arrakastak txirrindularitzak aurrez izan zuena gainditu zuenean udaletxeak erabaki zuen Club Ciclistak 1888an eraikitako belodromoa botatzea eta haren lekuan futbol zelaia eraikitzea[2]. Monsieur Comet biziki haserretu eta mindu zen footballeursen jarrerarekin eta honako madarikazioa bota zuen: "Erreala ez da inoiz txapelduna izango". Club Ciclistak lehenengo saiakeran eskuratu zuen titulua lortzeko Errealak ia 70 urte itxaron behar zuen[3].

Atotxako futbol zelaiaren inaugurazioaren berria.

Atotxako estadioa 1913ko urriaren 4an inauguratu zen eta Realaren aurkaria Bilboko Athletic Kluba izango zela iragarri zenean ikusmin handiaa sortu zuen. Bilbotik, Irundik, Tolosatik, Miarritzetik eta baita Logroñotik ere garraio bereziak antolatu ziren. Berraondo kapitainaren erretiroko partida ere bazen gainera[4].

Honako hauek izan ziren talde bakoitzeko jokalariak[4]:

  • Real Sociedad: Eizagirre, Arrate, Berraondo, Matxinbarrena, Casanova, Leturia, Minondo, Sidley, S. Elosegi, Sena eta A. Elosegi
  • Athletic: Ibarretxe, Solaun, Hurtado, Iceta, M. Belaustegigoitia, Egia, R. Belaustegigoitia, Moreno "Pitxitxi", Zuazo, Cortado eta Pinillos.

Partida 3-3 berdinketaz amaitu zen eta Atotxaren historiako lehen goleatzailea Pitxitxi izan zen.

Eraikina

Arkonadaren gelditu ikusgarria. Atzean ikusleak, estadio britainiarretan bezala[5].

Zelaia errektangularra baino trapezio bat zen, fondoetako batean metrobete laburragoa baitzen.

Hasierako Atotxak harmaila nagusi bat zuen, egurrezkoa eta oso apaindurik zegoena. Zutabe ugari zituen, hauek ere apainduraz josiak. Haren parean terraza handi bat zen eta fondoetan bi harmaila txiki zituen. 1950. hamarkadan grada berriak eraiki ziren. Iparraldeko fondoa Fruiten atea (Portería de las Frutas) izenarekin ezagutzen zen, merkatuaren alboan eraiki baitzen. 1970. hamarkadan bigarren harmaila eraiki zen.[5]

Edukieraz garaiko futbol estadioetarako ertaina eta gaur egungo estadioekin parekatuz gero apala izan arren, ikusleak zelaia eta jokalarietatik oso hurbil egotea ahalbideratzen zuen, ziur aski Lehen Mailan ikusleak jokalarietatik hurbilen zeuden estadioa bilakatuz, maiz lehen iladako ikusleek besoa burdin-sareetatik luzatuz gero alboko sakeak nahiz kornerrak jaurtitzera zihoazen jokalariak ia ukitzeko adina. Jendearen hurbiltasun honek presio psikologikoa eragin eta talde bisitariek estadio honetan partiduak irabaztea oso zail egiten zuen, gainera sekulako giroa sortu eta jokalari txuri-urdinak garaipena lortzera auspotzen zituen[5].

Guzti honek estadioari Erresuma Batuko estadioen estetika eta giroa ematen zion, estadio mitikoa bihurtuz, eta berau ezagutu zuten zale txuri-urdinengan betirako oroitzapen on eta ahaztezina utziz. Urte batzuetan 27.000 inguru lagunentzako edukiera izatera ailegatu zen.

1976ko euskal derbia

Kortabarria eta Iribar Ikurrinari eusten, 1976ko euskal derbian

1976ko abenduaren 5ean euskal derbia tokatzen zen Atotxan eta oraindik legezkoa ez zen ikurrina atera zuten bi taldeek zelaiaren erdira. Inaxio Kortabarria eta Jose Angel Iribar izan ziren talde bakoitzeko kapitainak eta haiek eutsi zioten ikurrinari[6]. Horretaz gain realarentzako partida biziki ona izan zen, 5-0 emaitzaz irabazi baitzuen. Ordukoa da Satrustegiren gol ikusgarrienetakoa, Iribarri areaz ertzetik buruz sartu ziona[7].

Agur Atotxa

1993ko martxoaren 14an azken euskal derbia jokatu zen. Atotxa estadioa jendez gainezka zegoen eta 19. minutuan Bittor Alkizak sarturiko golari esker Reala 1-0 nagusitu zen[8].

Ekainaren 13an jokatu zen azken jardunaldia eta Errealaren azken gol ofiziala Oceano Andrade da Cruz portugaldar futbolari txuri urdinak sartu zuen[9].

1993ko ekainaren 22an "Agur Atotxa" izeneko ekitaldi jendetsuarekin eman zitzaion behin betiko agurra estadioari, Anoetako estadioari lekua utziz. Gorka Reizabal eta Arritxu Iribar kazetariek aurkeztu zuten ekitaldia eta, besteak beste, Erreala eta Euskal Herriko futbol selekzioaren arteko partidua izan zen eta baita Errealeko eta Athletic-eko beteranoen arteko partidua ere. Azken gol sinbolikoa Javier Sagarzazu jokalari txuri urdin zenaren semea eta izen berdineko mutikoak sartu zuen.[10][11]

Eraisketa

Urte batzuetan baztertua eta egoera kaskarrean egon ondoren, 1999ko maiatzaren 28an behin betiko eraitsia izan zen, ondoren bertako lursailetan babes ofizialeko etxebizitzak eraiki dituzte futbol zelaia zegoen lurzoruan.

Gaur egun, zelaia zegoen lekuan Atotxako Zelaia plaza dago.

Atotxaren datuak

Oceanoren gola, Atotxan sarturiko azken gol ofiziala.

Hona hemen Atotxa estadioaren inguruko datu zehatzak:

  • Inaugurazioa: 1913ko urriaren 4an (Real Sociedad 3-3 Athletic)
  • Azken partida: 1993ko ekainaren 13an (Real Sociedad 3-1 Tenerife)
  • Ligako aurreneko partida: 1929ko otsailaren 10a (Real Sociedad 1-1 Athletic)
  • Jokaturiko partidak: 904 partida.
  • Realaren zenbakiak:[12]
    • Irabazitako partidak: 576 partida
    • Sarturiko golak: 1.958 gol
    • Lorturiko puntuak: 1.344 puntu (garaipenak 2 puntu kontatuta)
  • Aurreneko gola: Pitxitxi (Athletic)
  • Gol gehien sartu zituena: Jesus Mari Satrustegi (96 gol)
  • Azken gola: Oceano Andrade (Real Sociedad)

Partida aipagarriak

1913ko inaugurazioa

1976ko abenduaren 5a
Real Sociedad3 – 3AthleticAtotxako futbol zelaia, Donostia
Sidley  ?'
S. Elosegi  ?'
Sidley  ?'
Pitxitxi  ?'
Zuazo  ?'
Pitxitxi  ?'

1924ko Errege Kopako finala

1924ko maiatzaren 4a
Real Unión1 – 0Real MadrilAtotxako futbol zelaia, Donostia
Epailea: Fermín Sánchez
Etxebeste  58'

1929: Ligako lehen partida

1929ko otsailaren 10a
Real Sociedad1 – 1AthleticAtotxako futbol zelaia, Donostia
Epailea: Serrano de la Mata
Bienzobas  44'Bergaretxe  45'

1941eko gol festa, 14-2

1941eko urtarrilaren 8a
Real Sociedad14 – 2Real ValladolidAtotxako futbol zelaia, Donostia
Epailea: Villaverde
Pedrín  19'
Azpiazu  21'
Txipia  22'
Pedrín  25'
Azpiazu  27'
Txipia  40'
Azpiazu  44'
Bienzobas  50'
Bienzobas  63'
Izaga  ?'
Txipia  ?'
Txipia  ?'
Bienzobas  80'
Txipia  ?'
Lizasoain  42'
Duque  ?'

1976ko Ikurrinaren eguna

1976ko abenduaren 5a
Real Sociedad5 – 0AthleticAtotxako futbol zelaia, Donostia
Ikusleak: 30.000
Epailea: Sánchez Ríos
Gaztelu  3'
Satrustegi  28'
Satrustegi  31'
Zamora  73'
Gaztelu  88'

1982ko Liga garaipena

1982ko apirilaren 25a
Real Sociedad2 – 1AthleticAtotxako futbol zelaia, Donostia
Epailea: Soriano Aladrén
Zamora  55'
Lopez Ufarte  68'
 85' Sarabia

1982ko Superkopa (itzulerakoa)

Madrilen 1-0 galdu zuen Realak. Itzulerako partida 1-0 amaitu zen eta luzapena jokatu behar izan zen.

1982ko apirilaren 25a
Real Sociedad4 – 0Real MadrilAtotxako futbol zelaia, Donostia
Epailea: Pes Pérez
Uralde  53'
Lopez Ufarte  91'
Uralde  103'
Salguero (b.a.)  104'

1993: azken euskal derbia

1993ko martxoaren 14a
Real Sociedad1 – 0AthleticAtotxako futbol zelaia, Donostia
Epailea: Díaz Vega
Bittor Alkiza  19'

Estadioaren zainketa

40 urtez zelaia Errealeko futbolari-ohia zen Amadeo Labarta pasaitarrak zaindu eta mantendu zuen, estadioan bertan etxebizitza zuelarik. Errealak golak sartzen zituenean, estadioaren kanpoaldean suzirik jaurtitzen ziren, Donostia hiriko biztanleak nahiz itsasoan zeuden txalupetako arrantzaleak beren taldeak gola sartu berri zuela ohartu zitezen.

Argazki zaharrak

Futbolaz haratago

Atotxa estadioa Realaren partidekin lotzen badugu ere, hasierako hamarkadatan beste hainbat kirol jokatu izan ziren bertan, hala nola atletismoa, krosa, boxeoa, belar hockeya, herri kirolak, txirrindularitza... Begiratu ondorengo argazkiak.

Erreferentziak

Ikus, gainera

Euskarazko Wikipedian bada atari bat, gai hau duena:
Euskal Wikiatlasa

Kanpo estekak