Jose Javier Zabaleta

esku huskako pilotaria
Zabaleta
Jose Javier Zabaleta, 2019. urtean.
Jose Javier Zabaleta, 2019. urtean.
Izen osoa:Jose Javier Zabaleta Lasa
Jaiotza data:1991ko martxoaren 8a (33 urte)
Jaioterria:Etxarren, Arakil
( Nafarroa Garaia)
Pilotaria
Modalitatea:esku huskako pilota
Egungo enpresa:Aspe
Postua:atzelaria
Altuera:1,87 m
Pisua:83 kg
Debutatze data:2011ko urtarrilaren 6a
Debutatze pilotalekua:Astelena pilotalekua

Jose Javier Zabaleta Lasa, pilota arloan Zabaleta deituraz ezaguna (Etxarren, Nafarroa Garaia, 1991ko martxoaren 8a) esku huskako pilotari profesionala da. Atzelari jokatzen du, Aspe enpresarekin.[1] Ezker-eskuin indartsu jotzen du pilota. Uneko atzelaririk hoberenetakoa da: izan ere, jotzailea izateaz gainera, pilotakada gutxi huts egiten du, beti behar duen tokian izaten da, defentsan pilotakada zailak onera eramaten ditu, eta oso bizkor mugitzen da jokalekuan.

Dagoeneko erretiratuak diren Maiz II.arekin, Retegi II.arekin eta Martinez de Irujorekin batera, Zabaleta da binakako txapelketa gehien irabazi duena: bost txapelketa, guztira. Gainera, Zabaleta da bost txapelketak bikotekide banarekin irabazi dituen bakarra:[2][3] 2013an, Irujorekin; 2018an, Ezkurdiarekin; 2020an, Elezkanorekin; 2023an, Elordirekin; eta 2024an, Peio Etxeberriarekin. Horiek horrela, inoizko atzelaririk onenetako bat dela[4][5][6] jotzen da.

Kirol ibilbidea

Hastapenak

Amarekin hasi zen pilotan jokatzen, 4-5 urte zituela.[7] Gero, 6 urterekin, Irurtzungo pilota eskolara jo zuen. Handik gutxira hasi zen Fermin Escuderorekin lanean.[8]

Amateurretan bereganatu zuen atzelari bortitzaren ospea.[8] 17 urte zituela, 2008ko iraileko azken asteburuan, 19 orduko epean, hiru txapel irabazi zituen: larunbat arratsaldean Lodosako Virgen de las Angustias torneoa, igande goizean Leitzako Torneoa, eta igande arratsaldean Amezketako Joxean Tolosa Txapelketa.[7]

19 urte zituela, 2010eko urrian, Pauen amateurren artean jokatutako Munduko Pilota Txapelketan, binakako txapeldun izan zen senior mailan. Hurrengo urtarrilean egin zuen salto profesionaletara, Aspe enpresarekin.[7] 2010eko Errege egunez egin zuen debuta, Eibarren, Titinekin. Urtebete lehenago profesional bihurtzea egina zion eskaintza Aspek, baina itxarotea erabaki zuen, Fermin Escuderok hala aholkatuta.[8]

Profesionaletako txapelketa nagusietan

21 urte besterik ez zuela, 2013an, jokatu zuen estreinako aldiz Esku Huskako Binakako Pilota Txapelketa Nagusia, Juan Martinez de Irujo lagun. Ustekabean, maila ikusgarria eman zuen: adituen artean adostasun zabala dago, txapelketako atzelaririk hoberena izan zela;[9][10][11][12][13][14] partida txarrik ez zuen egin, eta titulua bereganatu zuen. Irujok asko lagundu zion horretan, pilota txarrak eta sakeak kenduz.[8] Txapelketa osoko bikoterik hoberena izan ziren, nahiz eta finala, bi tantoz aurretik zihoazela (6-4), Pablo Berasaluze aurkariaren lesioagatik irabazi zuten.[15]

Jose Javier Zabaleta eta Danel Elezkano, 2017. urtean.

2018ko apirilaren 9an, bigarrenez irabazi zuen Esku Huskako Binakako Pilota Txapelketa Nagusia, Joseba Ezkurdia aurrelaria lagun, Danel Elezkano eta Beñat Rezusta aurkariak 22-9 mendean hartuta.[16][17]

2019ko apirilaren 8an, berriz ere Binakako Txapelketa Nagusiaren finala jokatu zuen, berriz ere Danel Elezkano eta Beñat Rezusta aurkari zituela, eta Iker Irribarria aurrelaria lagun. Oraingoan galdu egin zuen, 22-19, partida ona jokatuta.[18]

2021ean, hirugarrenez irabazi zuen Binakako Txapelketa Nagusia, Danel Elezkano aurrelaria lagun. Finalean, mendean hartu zituzten Jon Ander Peña eta Jon Ander Albisu.

2023an, laugarrenez irabazi zuen Binakako Txapelketa Nagusia, Aitor Elordi aurrelaria lagun. Finalean, mendean hartu zituzten Unai Laso eta Ander Imaz, 22-13.[4][19] Txapelketa osoan ere bikoterik onena izan ziren Elordi eta Zabaleta, guztira jokatutako 18 partidetatik 15 irabazita.[4] Hala ere, larri heldu ziren finalera: finalerdietan Altunaren eta Xabier Tolosaren aurka 19-15 galtzen ari zirela, Tolosak min hartu zuen, eta horrela lortu zuten Elordik eta Zabaletak finalerako sailkatzea.[20][21] Bikote txapeldunak Tolosari eskaini zion txapelaren zati bat.[22]

2024an, bosgarrenez irabazi zuen Binakako Txapelketa Nagusia, Peio Etxeberria aurrelaria lagun. Finalean, mendean hartu zituzten Jokin Altuna eta Julen Martija, 22-20. Final gogorra, ona, bizia eta emozio handikoa izan zen. Zabaleta nagusi zen, pilotakada indartsuak joz, baina aurkariek eutsi egiten zioten partidari. Guztira finalistek zazpiehundik gora pilotakada jo zituzten, ordu eta erdian. Jokoz gehiago izan ziren txapeldunak, eta lehen zati gogor-gogorraren ondoren, 21 eta 14 joan ziren aurretik; hala ere, latz kosta izan zitzaien azken tantoa egitea. Jokin Altunak eta Julen Martijak ez zuten etsi, eta tanto bakarrera hurbildu ziren. Azkenean, ordea, Zabaletak erabaki zuen partida, azken pilotakada indartsua errebotean sartuta.[23] Final hartan, Zabaleta izan zen, gainera, jokoan tanto gehien egin zituen pilotaria.[3]

Kirol lorpenak

Profesionaletan

Binakako Txapelketa Nagusiko finalak
UrteaTxapeldunakTxapeldunordeakTantoakPilotalekua
2013Martinez de Irujo - ZabaletaBerasaluze II.a(1) - Albisu6-4Bizkaia
2018Ezkurdia - ZabaletaElezkano II.a - Rezusta22-9Bizkaia
2019Elezkano II.a - RezustaIrribarria - Zabaleta22-19Bizkaia
2021Elezkano II.a - ZabaletaPeña II.a - Albisu22-7Bizkaia
2023Elordi - ZabaletaLaso - Imaz22-13Nafarroa Arena
2024Peio Etxeberria - ZabaletaAltuna III.a - Martija22-20Nafarroa Arena

(1) Lesionatuta erretiratu zen, orpazurda hautsita, 6-4 galtzen ari zela.

Amateurretan

  • 2010: munduko txapelduna, binaka, senior mailan.
  • 2010: Espainiako klub arteko txapelduna, binaka.
  • 2009: Lezo Torneoko txapelduna.

Erreferentziak

Kanpo estekak