Ilaski Serrano

Bizkaitar kazetaria, esataria eta telebistako-aurkezlea

Ilaski Serrano Urkidi (Bermeo, Bizkaia, 1976ko martxoaren 9a) kazetaria, esataria eta telebistako aurkezlea da. Kazetaritzan eta Antropologian lizentziatua da. 1997an, Euskadi Gaztea irratian hasi zen lanean eta 2007ra arte bertako esataria izan zen, besteak beste, Top Gaztea eta Argi ibili saioetan. 2000tik aurrera, irratiko lana telebistarekin uztartu zuen, haurrentzako programak (Betizu, Betimu, Betizu Arena eta Betishow) zein entretenimendu saioak (KTMǃ eta Kuxkuxeroak) aurkeztuz. 2006 eta 2013 bitartean Mihiluze lehiaketa aurkeztu zuen ETB 1en, haren lanik ezagunena. Horren ondoren, albiste-zerbitzuekin lotutako saioetan lan egitera igaro zen, tartean Airean (2013-2014), Azpimarra (2015-2016) eta Ahoz aho (2016-2022). 2020an, Berben lapikoa elkarrizketa saioa aurkeztu zuen. Aktualitate saioetan egindako lanaz gain, askotariko kultura saioak (Oholtzan, bertsolaritza txapelketak, jaiak, Korrika...) aurkeztu ditu Euskal Telebistan, eta bertako aurpegi ezagunenetako bat da.

Ilaski Serrano

Bizitza
JaiotzaBermeo1976ko martxoaren 9a (48 urte)
Herrialdea Bizkaia, Euskal Herria
BizilekuaArantza
Hezkuntza
HeziketaEuskal Herriko Unibertsitatea : kazetaritza, antropologia
Hizkuntzakeuskara
gaztelania
Jarduerak
Jarduerakkazetaria, berriemailea eta irrati-esataria
Altuera1,81 metro
Lantokia(k)Bilbo eta Donostia
Enplegatzailea(k)EITB
Lan nabarmenak

Biografia

Hastapenak

Kazetaritza ikasten hasi zen Euskal Herriko Unibertsitatean, eta bere lehen lanak unibertsitateko Argi eta garbi aldizkarian egin zituen. Era berean, Bermeoko zenbait gaztek sortutako Gazte press aldizkarian ere aritu zen.[1] Ikasketak burutzen ari zela hainbat hedabidetan praktikak egiteko eskaera egin zuen, eta Euskadi Irratian hasi zen bekadun.[2][3]

1997an, 21 urterekin eta karrera amaitu gabe zuela, Euskadi Gaztea irrati-katean hasi zen lanean esatari bezala, udan praktikak egin ondoren. Bere lehen lanen artean asteburuetako Argi ibili saioa egon zen. 1999an lizentziatu zen.

Telebistara saltoa

Irratian esatari lanak egiten zituela ETB 1eko KTMǃ (KaTe Mundialaǃ) gazteentzako magazin saiora gonbidatu zuten, aurkezle proba egiteko. 2000ko urtarrilean hasi zen aurkezle lanetan, Nerea Garmendia ordezkatuz.[4] Saio hori amaitu ondoren ETB 1eko haur programazioaren aurkezlea izatera igaro zen, Betizu saioan.[5]

Hasieran Betizu saioko behiei ahotsa jartzeko eskatu zioten, eta ondoren aurkezle lanetan aritzeko eskaintza egin zioten.[6] Horrekin lotuta beste hainbat programa aurkeztu zituenː Betimu karaoke lehiaketa bi urtez, Gain-Gaina eta Betizu Arena eskolen arteko lehiaketa.[7][8] 2001-2002 denboraldian Betishow gala aurkeztu zuen, artista gazteak bultzatzea helburu zuen saioa.[9] Saio horietan herriz herri ibili zen Euskal Herrian zehar, eta aurpegi ezaguna bilakatu zen.[10] Halaber saioek audientzia-datu arrakastatsuak lortu zituzten, esaterako Betimu lehiaketa %47,8ko kuota izatera iritsi zen.[11]

Haurren saioetan egindako lanagatik Festaro programan (2001) eta urte amaierako Kaixo 2002 saio berezian agertu zen.[12] 2002an Euskal Telebistak antolatutako lehen Betizu Jaiaren aurkezlea izan zen, Iban Garate Betizu saioetako lankidearekin batera.[13] 2003an Kuxkuxeroak umore saioan hasi zen lanean, eta 2005era arte iraun zuen bertan.[14] Entretenimendu saio horiek aurkezten zituen bitartean irratiko lanarekin jarraitu zuen, eta Antropologia ikasketak hasi zituen.

Mihiluze aroa (2006-2013)

2005ean irratitik ezagutzen zuen Kike Amonarrizek saio berri bat aurkezteko proposamena egin zion. 2006ko otsailaren 2an estreinatu zen Mihiluze, euskararekin jolastea ardatz zuen lehiaketa. Serrano eta Amonarriz elkarrekin aritu ziren aurkezle lanetan. Lehen denboraldian astean behin baino ez zen emititu, baina saioaren arrakasta ikusita astean zehar eguneroko saio bilakatu zen. 8 denboraldi emititu ziren guztira, eta haurrentzako saioak, asteburuetako Mihiluze traka zein famatuak gonbidatu zituzten saioak ere egin zituzten.

Mihiluze 2013ko maiatzaren 15ean amaitu zen, 1.117 saioren ondoren. Saioa ETBren programa arrakastatsuenetakoa izan zen, eta bi aurkezleen arteko kimika zein euskararen alde egindako lanagatik oso kritika positiboak jaso zituen. 2008an Argia Saria irabazi zuen. 2011n Mihiluzeko lantaldeak 17. Korrikako lekukoa eraman zuen azken kilometroan, eta Ilaski Serranok Kike Amonarrizekin batera irakurri zuen biek idatzitako mezua.[15]

Mihiluzeko lana irratiarekin uztartu zuen 2007ra arte. Irratia utzi ondoren Antropologian lizentziatu zen. 2011n Euskadi Irratira itzuli zen; Oilategia umore saioa aurkeztu zuen Mikel Pagadizabal eta Jon Iraolarekin batera, Anjel Alkainen lekua hartuz. Oilategia 2013an amaitu zen.[16]

2006 eta 2013 bitartean Ilaski Serrano ETBko aurpegi ezagunenetako bat bilakatu zen. Bi aldiz aurkeztu zuen Euskal Kantuen Gaua, 2009an eta 2013an. ETBko hainbat saiotan cameoak egin zituen, besteak beste Martin (2013), Mi querido Klikowsky (2007) eta Goenkale (2013) telesailetan. 2012ko udan Bilboko Aste Nagusiaren harira egindako programazio berezia aurkeztu zuen, eta ordutik Euskal Herriko hiriburuetako jaietako zenbait saio aurkeztu ditu. 2008an Hegaluze Saria irabazi zuen.

ETBko kultura programazioaren aurpegia (2013-egun)

2013-2014 denboraldian Jaime Otamendik gidatutako Airean magazinean aritu zen. Kaleko erreportari lanak egin zituen, bideoak grabatu eta ondoren platoan aurkeztu ohi zituen. Aktualitate gaiak jorratu arren kulturaren jarraipenak tarte nabarmena zuen. Bestalde, 2013ko Bertsolari Txapelketa Nagusiaren finalaren jarraipena egiteaz arduratu zen ETB 1en. 2014ko udan Bilboko, Iruñeko, Gasteizko eta Baionako jaietako programazioa aurkeztu zuen.

2015ean Oholtzan saioa aurkezten hasi zen, asteburuetan Euskal Herrian zeharreko kanta, dantza zein musika emanaldien jarraipena egiten duena. Era berean hiriburuetako jaietako saioen ohiko aurkezlea bilakatu da, eta Bertsolari Txapelketa Nagusiaren zein Bizkaiko, Gipuzkoako eta Nafarroako txapelketen finaletarako ETB 1eko saioetan aurkezle lanak egin ohi ditu bertsolaritzako adituekin. Korrikaren hasiera zein amaieraren jarraipena egiten duten saioak ere gidatu ditu, eta 21. Korrikan (2019) 11 egunetako programazio berezia aurkeztu zuen.[17]

2015ean Maddalen Iriartek Azpimarra saioan lan egiteko eskaintza egin zion. Iriarte aktualitate politikoaz arduratzen zen bitartean Serranok kultura gaiak jorratzen zituen, eta idazle, musikari, antzezle edo bestelako sortzaileei elkarrizketak egin ohi zizkien platoan. Azpimarra 2016an amaitu zen, baina 2016-2017 denboralditik aurrera lan bera egiten jarraitu du Amaia Cayerorekin batera gidatzen duen Ahoz aho saioan.

2020an, koronabirusaren pandemiaren ondorioz, Ahoz aho saioa eten egin zen. 2020ko maiatza eta ekaina bitartean Kulturunea saioan, Vital Fundazioa eta EITBk antolatua, eitb.eus bidez emititutako kontzertuen aurkezpenak egin zituen. Kontzertu horiek ETB 1en emititu ziren 2020ko udan zehar.[18] 2020ko maiatzaren 18an Berben lapikoa elkarrizketa saioa estreinatu zuen ETB 1en. 30 emisioren ondoren, saioa ekainaren 26an amaitu zen.[19] 2020ko udan hiriburuetako jaiak gogoratzeko saio bereziak aurkeztu zituen.

2020ko iraila eta urria bitartean zuzeneko konexioak egin zituen kaleko erreportari lanean, Gaur egun eta Teleberri albistegientzat, batez ere kulturari buruzko albisteen berri emanez. 2020-2021 denboraldian, 2020ko urritik aurrera, Ahoz aho eta Oholtzan saioetan aurkezle lanak egiten jarraitun zuen.[20] 2021eko maiatzean, Ahoz aho saioaren denboraldia amaitu ondoren, Eztabaidan iluntzeko aktualitate saioan aurkezle lanak egin zituen Klaudio Landa ordezkatuz. 2021-2022 denboraldiaren ondoren Ahoz aho saioaren amaiera iragarri zuen.[21]

2022an, EITBren zuzendaritzak Mihiluze saioaren itzulera iragarri zuen, saioa amaitu eta bederatzi urteren ondoren.[22] Serranok saioaren aro berrian aurkezle lanak egiten jarraituko du irailetik aurrera, Antton Telleriarekin batera.[23][24] Horretaz gain, Artefaktua literatura saioaren aurkezlea ere bada 2022ko irailetik aurrera, saioaren 6. denboraldian.[25]

Lanak

Telebista

UrteaIzenburuaKateaOharrak
2000KTMǃETB1Gonbidatua (atal 1), gero aurkezlea
2000-2002BetizuETB1Aurkezlea
2000-2002BetimuETB1Aurkezlea
2000-2001Betizu ArenaETB1Aurkezlea
2001FestaroETB1Gonbidatua (Festaro gaztea saio berezia)
2001-2002BetishowETB1Aurkezlea
2002Kaixo 2002ETB1Gonbidatua
2003Kaixo 2003ETB1Gonbidatua
2003-2005KuxkuxeroakETB1Aurkezlea; erreportaria
2003Sorginen laratzaETB1Gonbidatua
2003, 2009MartinETB1Gonbidatua (2 atal, bere burua / Miren)
2003Sorginen laratzaETB1Gonbidatua
2005IkusgelaETB1Gonbidatua
2006-2013MihiluzeETB1Aurkezlea (1.117 saio)
2006Date el boteETB2Lehiakide gonbidatua (1000. atal berezia)
2007Mi querido KlikowskyETB2Gonbidatua (atal 1)
2009Euskal Kantuen Gaua 2009ETB1Aurkezlea
2010Uyyyyy!ETB2Gonbidatua (atal 1)
2011AnitzeleETB1Gonbidatua (atal 1)
2011FinlandiaETB1Gonbidatua (atalaː "Ilaski Serrano")
2011KresalaETB1Gonbidatua (atal 1)
2011, 2013GoenkaleETB1Cameoa (2 atal, bere burua / azafata)
2011Euskal Kantuen Gaua 2011ETB1Euskal kanten popurria (ETBko aurkezleak)
2012Ai amaǃETB1Gonbidatua (atal 1)
2012Kontuz, atsuakǃETB1Gonbidatua (atalaː "ETBn")
2012Euskal Kantuen Gaua 2012ETB1"Sing-sing-ati-ko folk & rolla" (Mihiluze)
2013Badu, badaETB1Gonbidatua (atalaː "Ilaski Serrano")
2013-2014AireanETB1Erreportaria / aurkezlea
2013-2019Hitzetik HortzeraETB1 / ETB4Txapelketen finaletako saio berezien aurkezlea
2013Euskal Kantuen Gaua 2013ETB1Aurkezlea
2014Kontrako eztarriaETB1Cameoa (atal 1)
2015-2020OholtzanETB1Aurkezlea
2015-2016AzpimarraETB1Aurkezlea
2015Zuek HorETB1Elkarrizketatzaile gonbidatua (atal 1)
2016Berandu baino lehenETB1Gonbidatua (atalaː "Anje Duhalde eta Ilaski Serrano")
2016-2022Ahoz ahoETB1Aurkezlea
2017BuruberoETB1Lehiakide gonbidatua (2 atal)
2017Herri txiki kantari 2017ETB1"Aske maitte" (ETBko aurkezleak)
2019-2020Gure kasaETB1Gonbidatua (2 atalː "Ilaski Serrano" eta azken atala)
2019Badator KorrikaETB1Aurkezlea
2019Egunak egin duETB1Kolaboratzailea (atal 1)
2019Gabonǃ Kantatzera gatozǃETB1"Arratsalde honetan" (ETBko arratsaldeak)
2020Kulturuneaeitb.eus / ETB1Kontzertuen aurkezlea (12 atal)
2020Berben lapikoaETB1Aurkezlea eta zuzendaria (30 saio)
2020Txupinazoa gogoratuzETB1Saio berezia
2020Gaur egunETB1Erreportaria
2020TeleberriETB2Erreportaria
2020Biba zuekǃETB1Gonbidatua (atal 1)
2020Gabonǃ Kantatzera gatozǃETB1"Zeinen ederra izango den" (ETBko gaurkotasuna)
2021EztabaidanETB1Aurkezlea (Klaudio Landaren ordezkapena)
2021-gaur egunPiztu telebistaETB 1Aurkezlea (Off ahotsa)
2022IntimidadNetflixCameoa (atal 1)
2022Lau TeilatuETB1Aurkezlea (4 atal)
2022Edozein herriko...ETB1Aurkezle gonbidatua (Bilboko Aste Nagusia)
2022-gaur egunMihiluzeETB1Aurkezlea
2022-gaur egunArtefaktuaETB1Aurkezlea
2023ko abuztuaAste Nagusia, Bilbo[26]ETB1Berriemailea

Irratia

Liburuak

Bestelako lanak

Sariak eta aitortzak

2008ko maiatzean Bermeoko Arrain Azokako hasierako ekitaldian 2008. urteko Hegaluze Saria eman zioten, Bermeo ezagutzera emateagatik edo urteko bermeotarra izateagatik.

Erreferentziak

Kanpo estekak