Islamabad

Islamabad[1][2] (urduz: اسلام آباد‎, euskaraz: «Islamaren bizilekua») Pakistan iparraldean kokaturik dago eta herrialde hartako hiriburua da. Islamabad Hiriburu Lurraldearen baitan Pakistango Gobernu Federalak kudeatzen du hiria. Pakistango bederatzigarren hiri handiena da, Islamabad-Rawalpindi metropoli eremua aldiz herrialdeko hirugarrena da, lau miloi biztanle ditu. "Hiri bikiak" ezizena ematen zaie biei[3].

Islamabad
اسلام آباد‬‎
hiriburua
Administrazioa
Estatu burujabe Pakistan
Pakistanen banaketa administratiboaIslamabad Capital Territory
AlkateaSheikh Ansar Aziz (en) Itzuli
Izen ofizialaاسلام آباد‎
Jatorrizko izenaاسلام آباد‬‎
Posta kodea44000
Geografia
Koordenatuak33°41′56″N 73°02′13″E / 33.6989°N 73.0369°E / 33.6989; 73.0369
Map
Azalera906 km²
Altuera490 m eta 620 m
MugakideakKhyber Pakhtunkhwa
Demografia
Biztanleria1.014.825 (2017)
−350.175 (2015)
Dentsitatea1.120,12 bizt/km²
HerritarraIslamabadar[1]
Informazio gehigarria
Sorrera1960
Telefono aurrizkia051
Ordu eremuaUTC+05:00, UTC+06:00 eta Pakistan Standard Time (en) Itzuli
Hiri senidetuakAstrakhan, Ankara, Tarento, Toronto, Pekin, Abu Dhabi, Sydney, Jakarta eta Amman
islamabad.gov.pk

1960. hamarkadan eraikitzen hasi ziren planifikaturiko hiri bat da[4] eta Karatxik zuen boterea mugatu nahian, hiriburua hona mugitu zuten 1967an. Pakistango bizi maila altuena duen hiria da[5] eta segurtasun handienetakoa duena ere bai, horretarako 2000 kameratik gora ezarri dira hirian zehar[6].

Etimologia

Islam eta abad hitzek bat egiten dute hiriaren izena eratzeko. Islam hitzak islam erlijioari egiten dio erreferentzia eta abad pertsierazko atzizki bat da, "ereindako tokia" esan nahi duena. Horrela beraz "Islamak ereindako tokia" edo "Islamaren bizitokia" esan nahi du[7]. Muhammad Ismail Zabeeh (1913-2001) irakasleak proposatu zuen hiri sortu berriarentzako izena[8].

Historia

Antzinaroa

Islamabad Hiriburu Lurraldea Punjab eskualdearen iparraldean kokaturik dago, Pothohar ordokian. Asian aurreneko populatu ziren eremuetako bat kontsideratzen da[9], duela 100.000-500.000 urte arteko ertefakto ugari aurkitu baitira egin diren indusketatan. Soan ibaiaren terrazetan aurkituriko harrizko tresnak eta ontzigintzak ematen dute horren berri[10].

Soan ibaian bertan Abdul Ghafoor Lone doktoreak egindako beste indusketa batzuetan K.a. 5.000 urtean Neolito aroko gizakien garezurrak aurkitu dira[9] eta K.a. 3.000 urtean komunitate txikiak antolatu zirela ikusi da[11]. Indus haraneko kultura K.a. XXIII-XVIII mendeen artean ezarri zen eremu honetan. Ariarren aurreneko asentamenduetako bat ere izan zen, baina ondoren Asia Erdialdera migratu zuten[9].

2015-16. urteetan II-V. mendeen artean eraikitako estupa budista bat azaleratu zuten, Shah Allah Ditta leizetik gertu[12].

Erdi Arotik aurrera

Indiako azpikontinentea inbaditzeko bidean hainbat armada handik zeharkatu zuen ingurunea; Gengis Khan, Tamerlan, Babur eta Ahmad Shah Durraniren armadek esate baterako[9].

Erdi Aroan Gakhar leinuek populatu zutren ingurunea[13]. XV. mendean eraikitako Pharwala gotorlekuak eta XVI. mendeko Rawal gotorlekuak zutik diraute oraindik[14].

Eraikuntza eta garapena

Pakistanek 1947an independentzia eskuratu zuenean hegoaldean dagoen Karatxi protu-hiria hiriburu probisional izendatu zuten. 1958an batzorde batek hiriburu berri bat eraikitzea erabaki zuen. Arrazoiak ugari ziren: Karatxik Arabiar itsasotik etor zitezkeen erasoen aurrean babes gaitasun urria zuen, herrialde osotik irisgarritasun ona behar zuen hiriburuak, zentro ekonomikoa izanik Gobernua ondoan izateak ustelkeria arazoak ekar zitzakeen...[15] Rawalpindi hiriaren ipar-ekialdeko eremua aukeratu zuten, kokapena, klima, logistika eta babeserako baldintzak aintzat hartuta[16]. Era berean Pakistanek berarentzat erreklamatzen duen Kaxmir eskualdetik gertu egotea komeni zen, armadaren egoitza Gobernuaren ondoan egon zedin.

Margalla mendien oinean Faisal meskita.

1960. hamarkadan eraiki zen hiria Konstantinos Apostolos Doxiadis arkitekto greziarraren gidaritzapean. Plan hipodamikoan oinarritu zen, triangelu itxura zuena eta erpina Margalla mendietara begira zuena[17]. Hiriburutza ez zen zuzenean Karatxitik Islamabadera aldatu, Islamabad eraiki bitartean Rawalpindi izan zen Pakistango hiriburua[18]. Hiriaren hurrengo urteetako garapenean Edward Durell Stone eta Gio Ponti arkitektuek zeresan handia izan zuten[19].

Azken urteetan Islamabadek Pakistan guztiko jendea erakarri du eta herrialdeko hiri kosmopolitena bihurtu da[20]. Nazioarteko Batzar ugariren egoitza izan da, 2004ko Asia Hegoaldeko Eskualde Kooperazioaren Elkartearen gailurra izan da aipagarriena[21].

Gertaera latzak ere jasan ditu Islamabadek, alde batetik Kaxmirreko 2005eko lurrikara[22] eta bestetik hainbat eraso terrorista; Lal Masjideko setioa (2007ko uztailean), Daniar enbaxadako bonba (2008ko ekainean), Marriott Hoteleko bonba (2008ko irailean) eta 2011ko erasoak.

2015ean Rawalpindi-Islamabad Metrobus eraiki zen eta metropoli eremuko garraio sistema sendotu zen.

Geografia eta klima

Kokapen geografikoa

Islamabad Pothohar ordokiaren iparraldan kokaturik dago, Margalla mendien oinean. Itsasoaren mailatik 540 metrotako altueran dago[23]. Rawalpindi hiriarekin batera metropoli eremua osatzen du eta "Hiri bikiak" izena ematen zaie[3]. Gertu dituen hiri batzuekiko distantzia honako hau da:

  • Muzaffarabad 120 km ipar-ekialdera
  • Peshawar 185 km mendebaldera
  • Lahore 295 km hego-ekialdera

Iparraldea menditsua da eta hegoaldea berriz nahiko laua. Kurang ibaiak zeharkatzen du. Hiritik gertu Rawal aintzira kokatzen da[19].

Klima

    Datu klimatikoak (Islamabad (1961–1990))    
 Hila  Urt  Ots  Mar  Api  Mai  Eka  Uzt  Abu  Ira  Urr  Aza  Abe  Urtekoa 
Batez besteko tenperatura maximoa (°C)17.119.123.930.135.338.735.033.433.530.925.419.728.5
Batez besteko tenperatura minimoa (°C)2.65.19.915.019.723.724.323.520.613.97.53.414.1
Pilatutako prezipitazioa (mm)56.173.589.861.839.262.2267.0309.998.229.317.837.31142.1
Eguzki orduak195.3189.3201.5252.0313.1300.0263.5251.1261.0275.9249.0195.32947.0
Iturria: HKO [24]

Hiriaren egitura

Islamabaden egitura, Rawalpindiren iparraldean.

Islamabad Hiriburu Lurraldea (Islamabad Capital Territory, ICT) da hiriburu federala kudeatzen duen administrazio egitura. ITC-k zortzi atal ditu: Administrazioa, Komertzioa, Hezkuntza, Industria, Diplomazia eta eremu erresidentziala, nekazal eremua eta eremu berdea.

Islamabad hiria bost eremutan zatitzen da:[25]

  • I eremua: Ondo garaturiko zatia da.
  • II eremua: Azpigaraturiko zatia da.
  • III eremua: Margalla mendiek hartzen dute. Rawal aintzira barnean dago.
  • IV eremua: Denetan handiena da. Islamabadeko parkeak estaltzen du.
  • V eremuak: Hau ere Islamabadeko parkeak hartzen du. Soan ibaia bertatik igarotzen da.

Demografia

Islama da hiriko erlijio nagusia. Irudian Faisal meskita.

Hizkuntzak

1998ko erroldaren arabera islamabadarren %68ak punjaberaz hitzegiten du, pothoharreko dialektoan, %15ak paxtuneraz eta %18ak beste hizkuntza batzuk erabiltzen ditu. Errolda hartan milioi bat biztanle ingurutik 691.977 Punjab probintziatik etorriak zirela ikusi zen eta 210.614 Sindh probintziatik.

Hezkuntza

Populazioaren %59'38ak 15-64 urte arteko adina du. %2'73 baino ez da zaharragoa eta aldiz %37'90 15 urtetik beherakoa da. Islamabadek Pakistan guztiko alfabetizazio maila handiena du, %88a hain zuzen ere. Populazioaren %9'8ak erdi mailako ikasketak ditu, %10'26ak batxilergoa edo parekoa eta %5'2ak masterra edo pareko gradu bat egin du.

Erlijioa

2017ko erroldaren arabera islama da hirian jarraitzaile gehien dituen erlijioa, populazioaren %95'43a hain zuzen ere. Kristauek %4'34a osatzen dute eta hinduistek %0'04ak baino ez dute osatzen[26].

Ekonomia

Islamabadek Pakistango Barne produktu gordinaren %1a osatzen du, populazioaren %0,8a duelarik[27]. Bertako burtsa 1989an eratu zen eta herrialdeko hirugarrena da Karatxikoaren eta Lahorekoaren atzetik.

Munduko Bankuak 2010eko Doing Business Report txostenean dio negozio bat abiatzeko Pakistango toki aproposena dela Islamabad.

Informazio eta Komunikazio Teknologien alorrean nabarmen egin du aurrera, Softwarearen bi parke teknologiko ezarrui baitira bertan. Indiatik lanpostu ugari ekarri dituzte gainera. 2020an hirugarren parke teknologikoa eraikitzen hasi dira Hego Korearen laguntzarekin[28].

Azpiegiturak

Garraioa

Rawalpindi-Islamabad Metrobusa.

2018ko apirilaren 20an inauguratu zen Nazioarteko Aireportu berria. Pakistango handiena da[29].

Rawalpindi-Islamabad Metrobusa 24 kilometro dituen autobus errepide azkarra da, Islamabad eta Rawalpindi lotzen dituena. Islamabadeko Pak-Secretariat geltokitik Rawalpindiko Saddar geltokira doe eta guztira 24 geltoki ditu ibilbidean. Hurrengo urteetan metropoli eremuko auzo gehiagotara zabalduko da[30].

Tren geltokia 2009an ireki zen berriz eta Pakistan Railways konpainiak kudeatzen du.

Hainbat autopistak lotzen dute Islamabad herrialdeko gainerako hiri garrantzitsuenekin. M-1 Motorwayk 155 km-ko luzera du eta Peshawarrera doa, M-2 luzeagoa da, 367 km ditu Lahoreraino[31].

Hezkuntza

Zientzia eta Teknologia Unibertsitate Nazionala (NUST).

Pakistango hezkuntza zentru aurreratuenak Islamabaden daude[32]. 2009an 913 ikastetxe zeuden eta Magistaritzako zazpi institutu ere bai. Mutilentzako soilik diren 178 ikastetxe, Neskentzako 175 eta551 ikastetxe mixto zeuden.

16 Unibertsitate ere aurkitzen dira bertan, garrantzitsuenak: Zientzia eta Teknologia Unibertsitate Nazionala (NUST), COMSATS Informazio Teknologien Institutua eta Pakistango Injenieritza eta Zientzia Aplikatuen Institutua. Aipatzekoa da era berean Allama Iqbal Open University distantziako unibertsitatea, mota horretako munduko bigarren handiena dena.

Osasuna

Pakistanen haurren hilkortasun tasa txikiena duen hiria da, 38/1000, Pakistango batazbestekoa 78/1000 denean[33]. Ospital handiena Pakistan Institute of Medical Sciences (PIMS) da. 1985ean eraiki zen eta medikuntza ikasketak eta praktikak ere egiten dira bertan. 30 departamendu daude bost atal nagusitan banatuta[34]. Haurren ospitala ere badu barnean.

2006an PAEC General Hospital ezarri zen Pakistan Atomic Energy Commission (PAEC) batzordeak sustatuta[35].

Kultura

Saidpur herrixka.
Lok Virsa Museumaren sarrera.

Herrixkak

Islamabadek Pakistango alde askotako migrazioa hartu du baina badira hiriaren inguruan herrixka historiko ugari. Saidpur herrixka hinduismoa gurtzeko toki bihurtu zuen Man Sigh Rajak eta hainbat putxu eraiki zituen inguruan[36]. Aurangzeb enperadore mogolak Bari Imamaren omenezko tenplua eraiki zuen eta urtero erromes andana joaten da Pakistan guztitik. 2004an 1'2 milioi erromes elkartu ziren bertan.

Pir Sohawa Margalla medietan dagoen herrixka da, Islamabadetik 17 kilometrotara.

Gastronomia

Pakistango gastronomia tradizionala aurkitzen da Islamabaden; Nihari, Halwa Poori, Dal, Chapli Kebab... Aspaldian janari azkarreko atzerriko enpresak ere ezarri dira bertan; McDonald's, KFC eta abar... Horretaz gain herrialde ugaritako enbaxadore eta diplomatikoak bertan kokatzen direnez, tarteka gastronomia atzerritarreko jaialdiak egin izan dira; Austriako Janariaren Jaialdia[37] eta Suitzakoa[38] esate baterako 2013an antolatu ziren.

Museoak

Lok Virsa Museum da Islamabadeko museo nagusia eta Pakistango folklorearen eta kultra tradizionalaren ondarea erakusten du.

Kirola

Islamabadeko kirol nagusiak kriketa, belar hockeya, futbola eta squasha dira. Islamabad United da hiriko kirol talde nagusia.

2004an Hegoaldeko Asiako Jokoak jokatu ziren. Zortzi herrialde izan ziren parte hartzaileak: Afganistan, Bangladesh, Bhutan, India, Maldivak, Nepal, Sri Lanka, eta Pakistan bera. India izan zen garaile nagusa urrezko 103 domina lortuz eta bigarren gelditu zen Pakistan, 38 urrerekin[39].

Ondasun nabarmenak

Pakistan Monumentua.
  • Faisal meskita: Faisal bin Abdul Aziz Saudi Arabiako erregearen izena darama eta 1986. urtean eraiki zen.
  • Pakistan Monumentua: 2007an eraiki zen.
  • Meher Ali Shah tenplua
  • Lok Virsa Museum
  • Arte Galeria Nazionala
  • Margalla mendietako parke nazionala
  • Rawal aintzira
  • Saidpur herrixka (berreraikia)

Hiri senidetuak

Islamabad ondorengo hiriekin senidetuta dago:

Islamabadar ezagunak

  • Ali Saleem (1979- ), aktorea eta modeloa
  • Rumer (1979- ), abeslaria

Erreferentziak

Kanpo estekak