Israel-Palestina gerrari buruzko protestak eta elkartasuna (2023-2024)

Israel-Palestina gerrari buruzko protestak eta elkartasuna (2023-2024) gerra horri buruz Euskal Herrian eta munduan piztu diren mobilizazioak eta elkartasun adierazpenak dira. Hor sartzen dira hala urriaren 7-10eko Hamasen eta erakunde politiko-militarren erasoei buruzkoak nola hurrengo urte erdiko Israelen Gazako eta Zisjordaniako kanpainari buruzkoak. Israelgo zibilen zein militarren kontrako hasierako erasoak erreakzioak eragin zituen munduko politikari eta agintari ugariren artean, baita Israelen aldeko kale protesta batzuk ere; bigarren fase luzeagoan, berriz, palestinar herriaren aldeko herri mobilizazioak nabarmen areagotu ziren, Israelen gerra krimen eta genozidio salaketa gero eta gehiagoren erdian. Euskal Herrian, Israelen kanpaina militar luzearen kontrako eta palestinarren aldeko protestak eta jarrerak nagusitu dira, hala kalean nola kulturan eta, are, politikan.

Nazioartean

Urriaren 7an Hamasek Israeli eraso egin zionetik, askotariko protestak eta elkartasun ekitaldiak antolatu dira munduan. Protestak Israelen zein Palestinaren aldekoak izan dira, baina gerrak aurrera egin ahala eta Al-Ahli Arabi ospitala leherrarazi ondoren, areagotu dira munduan Israelen bonbardaketak salatzeko protestak, batez ere Ekialde Hurbilean, baina baita Europan eta Estatu Batuetan, bertako buruzagi politikoen kontra, Israel babestearren. Hainbat ahotsek garbiketa etnikoa salatu dute.[1] Parisen, milaka bildu ziren urriaren 22an, baita 19an ere, agintariek debekatu zutena.[2] Pariseko prefetaren arabera, «Palestinaren aldeko ekitaldiak debekatzeko arrazoia ez [zen] politikoa, morala baizik». Madrilen, Bartzelonan eta Zaragozan, milaka pertsona atera ziren kalera, «genozidioaren» kontra.[3] Kontrako aldean, urriaren amaieran, Espainiako hiriburuko udalak Ohorezko Domina esleitu zion Israeli; alkateak adierazi zuen ezin dela onartu Israelen eta Hamasen arteko «ekidistantziarik».[4] Alemaniako alderdi politiko nagusiek, ezkertiarrek ere bai, hala palestinar nola palestinarren aldeko adierazpenak eragotzi dituzte, «Israelen kontrako izua» eta «terrorismoa» babesten dutelakoan.[5]

Urriaren 19an, Washingtonen, protestari juduak Kapitoliora sartu ziren, «Ez nire izenean» goiburu harturik, Israelek Gazaren kontra zeraman kanpaina militarraren kontra; ehunka protestari atxilotu zituzten.[6] Urriaren 28an, New Yorkeko Grand Central geltokian, «palestinarren genozidioa amaitzearen» aldeko juduek eta atxikitako beste protestari batzuek elkarretaratzea egin zuten berehalako su-etena eta bakea erreklamatzeko; poliziak ehunka atxilotu zituen.[7] Estatu Batuetako unibertsitateetan, hautsak harrotu zituen Gazako palestinarren kontrako Israelen operazioak, bereziki ikasleen protestak harrotuz. Aldiz, hainbat erakunde publikok zein pribatuk, Alderdi Demokratako sektore handi bat eta Anti-Defamation League erakundea tartean, «antisemitismo» akusazioak atera zituzten.[8]

Apirilaren hondarrean, berpiztu egin ziren AEBko unibertsitateetako protestak, New Yorkeko Columbia erdigunean zela. Ikasleek Occupy Wall Street antzeko mugimendu bati ekin zioten. Polizia campus horretan sartu zen, eta ikasle protestarien kontra jo, 130 ikasle atxilotuz. Irakasleek gogor salatu zuten poliziaren oldarraldi hori, eta haietako 400 unibertsitateko togaz jantzirik agertu ziren ikasle protestariei babesa adierazteko, baita Columbiako presidentearen dimisioa erreklamatu ere.[9] AEBko beste unibertsitateen artean ziren Berkeley, Barnard, Yale eta beste. Bakearen aldeko Juduak mugimenduak protagonismoa hartu zuen protesta horietako batzuetan.[10] Interneti dagokionez, urriaren 26an, Meta korporazioak Gazako irudiak plazaratzen zituen jarraitzaile ugariko palestinarren aldeko Instagrameko kontu bat itxi zuen, adieraziz «segurtasuna kolokan» jartzen zuela.[11] Iranen, berriz, 2023ko azaroan, milaka atera izan dira kalera Gazako hilketengatik eta AEBren zein Israelen kontra protestan.[12]

Laguntza humanitarioa eta elkartasuna uztartuz, Istanbulen hainbat astez kaian pausaturik egon zen "Askatasunaren Ontzidia", hiru itsasontziz osatua. 2024ko apirilaren 6rako, prest omen zegoen, antolatzaileek ziotenez. Akdeniz itsasontziak, zehazki, laguntza humanitarioa zeraman eta, antolatzaileek esan dutenez, baimena zuen bidaia apirilaren 26a hasteko, portuko agintaritzek «beharrezkoa den dokumentazio guztia» baitzuten, eta haien oniritzia jasoa zuten. Ontzidiak laguntza humanitarioko 5.000 tona zituen prest Gazara garraiatzeko. Laguntza hori «hil ala bizikotzat» jo zuten antolatzaileek. Aldiz, Israelgo exekutiboaren nazioarteko presioek beren helburua lortu zuten: Guinea Bissauk bere banderako ontzidiari eragotzi egin zion itsasoratzea, sine die atzeratuz. Gutxienez, hiru euskal herritar zeuden ontzidiko bultzatzaileen artean.[13]

Urriko nazioarteko mobilizazioen irudi sorta

Euskal Herrian

Euskal Herrian, manifestazio ugari egin dira, besteak beste Iruñean, Donostian, Bilbon edo Baionan. Urriaren 19an, Baionan 120 pertsona elkarretaratu ziren, Ipar Euskal Herriko Kontseilu Sozialistaren deiari erantzunez. Herriko etxe aitzinean antolatua zuten bilkura debekatu du suprefeturak, eta poliziak plaza hartu zuen.[14] Urriaren 27an, halaber, prefeturak Palestinaren aldeko Mauleko eta Baionako manifestazio bana debekatu zituen[15]. Dena den, antolatzaileek 27ko Mauleko protesta[16] eta 28ko Baionakoa[17] mantentzea erabaki zuten eta biak egin ziren presentzia polizial nabarmenarekin.

Donostian, milaka herritarrek elkartasuna adierazi zioten Palestinari urriaren 21ean egindako manifestazio nazionalean.[18] Hainbat pertsonaia ezagunek sinatutako Gernika-Palestina Deialdi Herritarrak deitu zuen manifestazioa eta Gazako «genozidioa» eteteko eta Palestinaren kontrako «okupazioa» bukatzeko eskatu zuten.[19] Egun berean, Real Sociedad eta Osasunaren arteko futbol partidan, zaleek ehunka Palestinako bandera atera zituzten harmailetan, Espainiako Gobernuaren ordezkaritzaren debekuari aurre eginez.[20] Donostian, Ertzaintzak PSEren Prim kaleko egoitzaren aurreko protestarien kontra kargatu zuen, zaurituak eraginez, elkarretaratzearen GKS erakundeko deitzaileek segurtatu zutenez.[21]

Iruñean, hainbat manifestazio eta elkarretaratze egin ziren urrian Israelen erasoaren eta «genozidioaren» kontra.[22][23][24] Urriaren 28an milaka herritar bildu zituen beste manifestazio nazional bat egin zen Bilbon «Gora palestinar erresistentzia! Sionismoa genozida» lelopean, Palestinarekin Elkartasuna ekimenak antolatuta.[25][26] Azaroaren 7an, hainbat sindikatuk eta gizarte eragilek elkarretaratzeak deitu zituzten udaletxeen aurrean, eta milaka pertsona bildu ziren Gazaren kontrako Israelen erasoaren eta genozidioaren aurka.[27]

2023ko abenduaren 8an, 3.000 pertsona elkartu ziren Gernikan, Gernika-Palestina herri ekimenari erantzunez. Elkarretaratze horretan, bildutakoek Palestinako bandera bat eta Picassoren Guernica koadroaren zati bat osatu zuten.[28] 2024ko urtarrilaren 28an, berriz, milaka manifestarik martxa bat egin zuten Ordiziatik Beasainera, Israelekin harremanak dituzten euskal enpresen eta erakundeen «konplizitatea» salatzeko, CAF enpresarena «bereziki».[29]


Euskal Herriko zenbait mobilizazio

Kulturako erantzuna

Gerra hasi eta hamar egunera, Erresuma Batuko 2.000 inguru aktorek gutun bat zuzendu zioten gobernuari, leporatuz Israeli «gerra krimenak» egiten laguntzea eta horiek hauspotzea, eta menia bat eskatu zuten.[30] Urriaren 20 inguruan, AEBko hainbat aktorek, Susan Sarandon, Kate Blanchet eta Joaquin Phoenix tartean, hamarka aktorek Gaza gaineko bonbardaketak etetearen eta meniaren alde indar egiteko eskatu zioten Joe Biden AEBko presidenteari, gatibu israeldarrak salbu atera zitezen.[31] Hala Sarandonek nola Melissa Barrerak ondorio profesionalak pairatu zituzten Israelekiko posizio eta iruzkin kritikoengatik, baita «antisemitismo» akusazioak ere.[32]

Urriaren 25ean, PEN Internationalek berehalako su etenera, herritar zibilen babesera, gatibu guztien askapenera eta Gazaren setioa amaitzera deitu zuen.[33] Urriaren 27an, 93 artista frantsesek, Juliette Binochek eta Annie Ernauxk, besteak beste, berehalako su etena erreklamatu zuten Gazan, «gizateriaren izenean».[34] Espainian, azaroaren 7an, 300 artistak baino gehiagok manifestu bat idatzi zuten «Gazako sarraski, apartheid eta genozidioaren kontra» eta herrialde horretako gobernuaren utzikeriaren kontra.[35] Azaroaren 13an, Residente Puerto Ricoko rap-kantariak iragarri zuen utzi egingo ziola bere azken diskoa eta bideoak aurkezteari eta musika itzulia egiteari Gazan gertatzen ari zen «sarraski makabroarekin» ondoezak jota.[36]

2024ko otsailaren 29an, Euskal Herriko hainbat sortzailek eta artistak bat egin zuten Palestinako «genozidioa» eteteko eskatzeko, tartean zirela Mireia Gabilondo, Aitziber Garmendia, Jon Maia eta Igor Otxoa, besteak beste.[37] 2024ko martxoaren 17an, milaka lagunek egin zuten bat kulturgileen deiarekin. Donostian egindako manifestazio horretan, Palestinari elkartasuna adierazi zioten, eta «genozidioa» eteteko eskatu. Haizearen Orrazian, protestariek performance bat antzeztu zuten, lurrean hilotz plantan sarraski bat irudikatuz.[38][39]

Erreferentziak

Ikus, gainera

Kanpo estekak