Julian Retegi

esku huskako pilotaria
Retegi II.a
Izen osoa:Julian Retegi Barberia
Jaiotza data:1954ko urriaren 10a
(69 urte)
Jaioterria:Eratsun (Nafarroa Garaia)
Pilotaria
Modalitatea:esku huskako pilota
Egungo enpresa:erretiratua
Postua:aurrelaria
Altuera:1,75 m
Debutatze data:1974ko uztailaren 14a
Debutatze pilotalekua:Zinema (Zarautz)
Erretiratze data:2001eko irailaren 20a
Erretiratze pilotalekua:Adarraga (Logroño)

Julian Retegi Barberia, pilota arloan Retegi II.a deituraz ezaguna (Eratsun, Nafarroa Garaia, 1954ko urriaren 10a) esku huskako pilotari profesional ohia da. Aurrelari jokatzen zuen, eta esku huska jardun duten pilotari guztien artetik hoberenetakoa da; pilotazale askoren ustez, inoizko hoberena, Atano III.arekin batera.[1] Beste inork baino gehiagotan irabazi du esku huskako txapelketa nagusia, buruz burukoa: guztira 11 txapel lortu ditu. Eta, hiru txapelketa nagusiak kontuan hartuta ere (buruz burukoa, binakakoa eta lau eta erdikoa) Retegi II.a da txapel gehien jaso dituena: guztira 20 (zerrenda horretan hurrengoak, Olaizola II.ak, 14 irabazi ditu); adituen artean adostasun zabala dago gehiago ere irabaziak izango lituzkeela, lau eta erdikoa lehenago berrezarri izan balitz (1989 arte kenduta egon baitzen). Retegi da urte berean hiru txapelketa nagusiak irabazi zituen lehena, 1990ean. Euskalduna da.

Bizitza

Juan Ignacio Retegi —Retegi I.a— pilotariaren iloba da, eta txikitatik erakutsi zuen pilotarako sena. Julian Retegik 1974ko uztailaren 14an jokatu zuen estreinako partida profesionaletan, Zarauzko Zinema pilotalekuan. Hurrengo urtean, bigarren mailako buruz buruko txapelduna izan zen.

Lehen mailako txapela 1980an eskuratu zuen lehen aldiz. Hamar txapel gehiago ere irabaztekoa zen, 1980tik 1988 arteko guztiak jarraian, eta gero 1990ekoa eta 1993koa. Horrenbestez, buruz buruko txapel nagusia gehien jantzi duen esku huskako pilotaria da. Binakakoa, berriz, 1988, 1990, 1991, 1995 eta 1997an lortu du. Irabazi zuen azken txapelketa 1997ko lau eta erdikoa izan zen, Titin III.a aurkari zuela. Hortik aitzina, lesioek eragotzita, ez zuen beste txapelik eskuratu. Azken partida Logroñoko Adarraga pilotalekuan 2001eko irailaren 20an jokatu zuen, Barriola bikotekide zuela, Olaizola II.aren eta Armendaritzen aurka. Guztira, 20 aldiz jaso du irabazlearen txapela esku huskako hiru lehiaketa nagusietan (buruz burukoa, binakakoa eta lau eta erdikoa), eta, horrenbestez, inoiz izan den esku huskako pilotaririk sarituena da. Jokatutako 1407 bat partidetatik, 843 irabazi zituen. Banakako partida guztietan, Martin Ezkurra izaten zuen botilero edo aholku-emaile.

Erretreta hartu eta gero, Asegarce enpresarentzat pilotariak fitxatzeko ardura izan zuen zenbait urtez. Telebistan ere ibilia da, Tele 5 katearen pilota partidetako esatari, bai eta Euskadi Irratiko esku huskako pilotako partidetan ere, langintza berean.

Julen semea ere pilotaria du, Retegi Bi izenarekin (izen hori aitaren omenez hartu du). Julian maiz aritu da Julenen botilero (partidan zehar aholkuak ematen, alegia).

Kirol lorpenak

  • Buruz buruko txapelduna (11 aldiz): 1980, 1981, 1982, 1983, 1984, 1985, 1986, 1987, 1988, 1990 eta 1993.
    • Buruz buruko txapeldunordea: 1989, 1991 eta 1992.
  • Binakako txapelduna (5 aldiz): 1988, 1990, 1991, 1995 eta 1997.
    • Binakako txapeldunordea: 1989 eta 1994.
  • Lau eta erdiko txapelduna (4 aldiz): 1989, 1990, 1991 eta 1997.
  • Euskal Herriko binakako txapelduna: 1997.

Buruz buruko txapelketa nagusia

Lehen mailako txapelketan 1979an hartu zuen parte lehen aldiz. Hurrengo urtekoa jaso zuen lehendabiziko txapela. Hona hemen jokatu zituen final guztiak (letra lodiz, Julian Retegik lortutako tanto kopurua):

UrteaTxapeldunaTxapeldunordeaEmaitza
1980Retegi II.aMaiz II.a22-14
1981Retegi II.aAriño IV.a22-11
1982Retegi II.aAriño IV.a22-09
1983Retegi II.aGalartza III.a22-16
1984Retegi II.aGalartza III.a22-21
1985Retegi II.aGalartza III.a22-13
1986Retegi II.aTolosa22-12
1987Retegi II.aTolosa22-16
1988Retegi II.aGalartza III.a22-09
1989TolosaRetegi II.a22-19
1990Retegi II.aTolosa22-08
1991Galartza III.aRetegi II.a22-15
1992Galartza III.aRetegi II.a22-12
1993Retegi II.aGalartza III.a22-19

Lau eta erdiko txapelketa nagusia

Lehenbiziko finala 1989an jokatu eta irabazi zuen, jada 35 urte zituela, hain zuzen ere, lau eta erdiko txapelketa 32 urteko etenaldia izan ondoren berrezarri zen urte berean (1957-1988), horregatik adituen artean adostasun zabala dago txapelketa honek etenaldirik izan ez balu Retegik 1980ko hamarkadan lau eta erdian zuen nagusitasunaren ondorioz irabaztea lortu zituen lau txapelak baino askoz gehiago irabaziko zituzkeela.

UrteaTxapeldunaTxapeldunordeaEmaitza
1989Retegi II.aGalartza III.a22-06
1990Retegi II.aGalartza III.a22-15
1991Retegi II.aEugi22-07
1997Retegi II.aTitín III.a22-21

Binakako txapelketa nagusia

Zazpi finaletan parte hartu eta bost txapel irabazi zituen.

UrteaTxapeldunakTxapeldunordeakEmaitza
1988Retegi II.a eta ErrandoneaLadutxe eta Martinikorena22-16
1989Ladutxe eta Tolosa I.aRetegi II.a eta Arretxe I.a22-18
1990Retegi II.a eta ErrandoneaBergara II.a eta Etxenagusia (Maiz II.aren ordez)22-03
1991Retegi II.a eta Arretxe I.aSalaberria eta Galartza III.a22-19
1994Titín III.a eta Arretxe I.aRetegi II.a eta Beloki I.a22-14
1995Retegi II.a eta ErrandoneaUnanue eta Zezeaga22-17
1997Retegi II.a eta Lasa III.aEugi eta Zezeaga22-01

Erreferentziak

Kanpo loturak