Moskuko metroa

Moskuko metroa (errusieraz: Московский метрополитен, Moskovski metropoliten), Lur azpiko jauregia ezizenaz ezaguna[1], Moskuko lur azpiko garraiobide edo metroa da, eta Mosku eta inguruko herriak batzen dituen garraiobidea[2]. Errusiako hiriburuaren gune asko lotzen ditu eta munduko metrorik erabilienetakoa da. Garraio sistemak Moskuko erdigunea eta bertako aldiriak lotzen ditu. Koltsevaia lerroak zirkulu baten gisan lotzen ditu gainontzeko lerro guztiak.

Logotipo ofiziala.

250 geltoki ditu eta 438,6 km luze da, lerro guztien batura eginda. Munduko hirugarren metrorik luzeena da, New York eta Londreskoaren ostean[3]. 1935an ireki zen eta ezaguna da geltokiek duten diseinuagatik. 40 geltoki baino gehiago kultur ondareko objektu gisa aitortzen dira[4]. Errealismo sozialista izenaz ezagutzen den korrontearen hainbat artelan daude bertan.

Historia

Iraultzaren aurreko proiektuak

Antonovitx, Golinevitx eta Dmitrievek proposatutako proiektua

Moskun metroa eraikitzeko lehendabiziko asmoak Errusiako Inperioaren garaikoak dira. 1875. urtean, Kurski tren geltokitik Lubianskaia eta Trubnaia plazetan zehar Maryina Rostxarainoko lerro bat jartzeko ideia agertu zen. Garai hartan eragin handia zuen Eliza Ortodoxoak proiektuaren aurka egin zuela esaten zen[5] ("Jainkoaren irudi eta antzera sortutako gizakiak bere burua umiliatzen du infernura jaitsiz")[6], baina arrazoi ofiziala garraio mota honen desegokitasun ekonomikoa zen[5].

1898an, Grigori Dubelir San Petersburgoko Burdinbide Ingeniarien Institutuko lizentziatuak Moskuko metroaren eraikuntzari buruzko gradu amaierako lana garatu eta defendatu zuen. Lanaren originaltasunagatik eta garapenen perfekzioagatik, sari berezi bat eman zioten[7].

1902an, Piotr Balinski eta Evgeni Knorre ingeniariek 155 milioi errubloko kostua zuen proiektu bat proposatu zuten[8], baina udalak baztertu egin zuen, ogasunari irabazien zati garrantzitsu bat tranbiak ekarri baitzuen[9].

1902an bertan, A. Antonovitx, N. Golinevitx eta N. Dmitriev trenbide ingeniariek Moskuko hiriko trenbiderako proiektua garatu zuten. Knorre eta Balinskiren proiektuak ez bezala, bai lurpeko eta bai lur gaineko lerroak zituen[10].

1913an, Moskuko Udalak hiru diametroz osatutako lurpeko trenbide baten proiektua garatu zuen[11].

1916ko M. Polivanov ingeniariaren proiektuaren arabera, lurpeko hiru diametroko tunelak trenbide nagusien bideekin konektatzen ziren[7].

Moskuko metroaren eraikuntza

Moskuko metroa eraikitzeko ebazpena (1932)

Lehen Mundu Gerrak plangintza haiek eten zituen, Urriko Iraultza eta Errusiako Gerra Zibilarekin batera. SESBeko Alderdi Komunistak 1931ko ekainean erabaki zuen metroaren eraikitzea eta Lazar Kaganovitxek egin zituen lehendabiziko diseinuak. Horregatik, metroak haren izena eraman zuen, 1955. urtera arte (Metropoliten imeni L.M. Kaganovitxa), eta horren ondoren Vladimir Leninen omenez jarri zioten izena (Metropoliten imeni V.I. Lenina)[12].

Moskuko metroko lehen lerroaren irekiera irudikatzen duen 1935eko zigilu sobietarra

Lehendabiziko lerroa 1935eko maiatzaren 15ean ireki zen, goizeko 7etan, Sokolniki eta Park Kulturi geltokien artean[13]. Smolenskaia geltokira zuzendutako adar bat zuen, eta 1937ko apirilean Kievskaia geltokira luzatu zen[14]. Une hartan Moskova ibaia zeharkatzen zuen zubi batetik. Bigarren Mundu Gerra baino lehen beste lerro bi ireki ziren. 1938an Arbatskaia lerroa Kurskaia geltokira luzatu zen (egungo Arbatsko-Pokrovskaia geltokira – urdin ilun koloreko lerroa). 1938ko irailean, berriz, Gorkovsko-Zamoskvoretsakaia lerroa ireki zen, Sokol eta Plostxad Sverdlova (gaur egun Teatralnaia) bitartean[14].

Moskuko metroaren hirugarren plangintzak atzeratu egin ziren Bigarren Mundu Gerraren garaian[14]. Metroaren bi atal abian jarri ziren Teatralnaia-Avtozavodskaia (hiru geltoki guztira, tunel baten bitartez Mosku ibaia zeharkatuta) eta Kurskaia-Izmailovski Park (4 geltoki). Moskuko setioaren garaian, 1941eko udazken eta neguan, aire-erasoen babesleku gisa erabili ziren geltokiak, eta Ministroen kontseiluak Maiakovskaia geltokira eraman zituen beren bulegoak. Stalinek hitzaldiak eman zituen publikoki hainbat alditan. Txistyje Prudy geltokia harresiztatu, eta Aire Defentsa bertan egokitu zen. Gerraren ondoren, metroko laugarren eraikitze fasea hasi zen.

Gerra Hotzaren garaian, Arbatskaia (gaur egun Arbatsako-Pokrovskaia) lerroa eraiki zen. Bertako geltokiak oso sakonak dira, babesleku gisa erabili nahi baitziren gerra nuklear bat hasiko balitz[14].

Moskuko metroa SESBen desagerpenaren ostean

2009ko abenduaren 26an, Miakinino geltokia ireki zen[15], Moskuko oblastan dagoen Moskuko metroko lehen geltokia[16].

2010eko maiatzaren 15ean, metroaren 75. urteurrenaren harira, irekiera-datak eta arkitektoen izenak markatzen duten oroigarrizko plakak jarri ziren geltoki guztietan (garai hartan 180 zeuden)[17].

2014ko abenduaren 2an, doako Wi-Fi eskuragarri egin zen Moskuko metroko lerro eta geltoki guztietan[18].

2015eko irailaren 21an, Kotelniki geltokia ireki zen. Moskun eta beste bi herritan (Kotelnikin eta Lubertsyn) irteerak dituen Moskuko metroko geltoki bakarra da[2].

2021. urte hasieran, emakumezko gidariak kontratatu ziren lehen aldiz. Sobietar garaitik, gizonezkoek bakarrik gidatzen zituzten metroko trenak. Lanbide hori Errusiako gobernuak sortutako emakumeen osasunerako kaltegarritzat jotzen diren lanbideen zerrendan zegoen[19].

Ezaugarriak

Moskuko metroaren mapa

Moskuko metroa 438,6 km luze da lerro guztien luzera batuta. 14 lerro eta 250 geltoki ditu guztira, eta astegun buruzuri batean 8 milioitik gora bidaiari mugitzen ditu batetik bestera. Hala ere, bidaiarien zirkulazioa lasaiagoa da asteburuetan. Moskuko metroa Errusiako federazioaren menpeko enpresa da. Geltokien arteko batez besteko distantzia 1800 metrokoa da: laburrena Delovoi Tsentr eta Mezhdunarodnaia geltokien artekoa da (502 m) eta luzeena, berriz, Krylatskoie eta Strogino geltokien artekoa (6,627 m). Distantzia luzeei esker 41,55 km/h abiadura hartzen dute trenek batez beste.

Moskuko metroaren hasierako eraikitze lanetan 155 m-ko geltokiak diseinatu ziren, 8 bagoi gelditzeko adina leku egon zedin. Salbuespen bakarrak Filiovskaia lerroan daude, Delovoi Tsentr, Mezhdunarodnaia, Studentxeskaia, Kutuzovskaia, Fili, Bagrationovskaia, Filiovski Park eta Pionerskaia geltokietan zehazki, seina bagoi sartzen baitira bertako geltokietan. Hain zuzen ere, lerro horretako Filiovskaia geltokia ezaugarri hori betetzen ez duen bakarra da.

, , , eta lerroek zortzi bagoirekin hornitutako trenak erabiltzen dituzte; , eta lerroetan, aldiz, zazpi bagoirekin osatutako trenak daude. Azkenik, , eta lerroetan, sei bagoikoak erabiltzen dira. Bagoi guztiak 19,6 metro luze dira, eta launa ate dituzte alde bietan[20].

Moskukoak sobietarrak izandako hainbat hiritako metroen antz handia du. Hau da, San Petersburgo, Minsk, Kiev, edota Budapest, Sofia eta Varsovia hiriko metroen antzekoa da.

Moskuko metroa mugikortasun mugatua duten pertsonentzako egokitzapena lantzen ari da. Entzumen-urritasuna duten bidaiarientzat informazio-seinaleak eta piktogramak ditu. Itsuak orientatzeko erosotasunerako, geltokietako iragarkiak gizonezkoen eta emakumezkoen ahotsez egiten dira (gizonezkoen ahotsa hirigunerantz mugitzean, eta emakumezkoena kontrako noranzkoan). Geltoki askok gurpil-aulkirako sarbidea dute[21]. Metroak Bidaiarien Mugikortasun Zentro bat du, desgaitasuna dutenekin, adinekoekin eta haur txikiak dituzten gurasoekin doako lan egiten duena[22].

Moskuko metroa 05:25ean irekitzen da eta 01:00etan ixten da. Irekitze ordu zehatza geltoki desberdinetan aldatzen da lehen trenaren etorreraren arabera, baina geltoki guztietako sarrerak eta transferentzia-korridoreak aldi berean ixten dira[23].

Segurtasuna

Atentatuak

Moskuko metroaren historiako lehen atentatua 1977ko urtarrilaren 8an gertatu zen[24]. Izmailovskaia eta Pervomaiskaia geltokien artean zihoan tren batean lehergailu bat piztu zen. Ezkutuan izan den auzitegiaren epaiaren ostean, akusatuak fusilatu zituzten[25].

Bigarren atentatua 1996ko ekainaren 11n gertatu zen Tulskaia eta Nagatinskaia geltokien artean. Leherketak 4 pertsona hil zituen. Krimen hau oraindik argitu gabe dago[25].

Dmitri Medvedev Lubianka geltokian leherketaren ostean (2010)

2000ko abuztuaren 8an, Puxkinskaia geltokiko lurpeko pasabidean izandako leherketak 13 pertsona hil zituen[25].

2004ko otsailaren 6an, Avtozavodskaia eta Paveletskaia geltokien artean leherketa bat geratu zen. Terrorista batek leherketa-suizida gauzatu zuen eta 41 pertsona hil zituen[25].

2004ko abuztuaren 31n, beste atentatu bat gertatu zen Rizhskaia geltokiaren atarian. Terrorista batek bere burua leherrarazi zuen. 10 pertsona hil ziren[26].

2010eko martxoaren 29ko goizean bi atentatu gertatu ziren Moskuko metroan. Lehena 07:56an izan zen Lubianka geltokian[27], eta bigarrena 08:39an Park Kultury geltokian. Bi emakume terroristek leherketa-suizidak gauzatu zituzten[28].

Kaleko txakurrak

"Sinpatia" eskulturaren irudia 2019ko zigiluan

1990eko hamarkadaren amaieran hasita, kaleko animalien esterilizazio programa bat abiarazi zenean, metro geltokietan eta kale azpiko pasabideetan kaleko txakurrak bizi ziren. Horrek gatazkak eragiten zituen. Esaterako, 2001ean, Mendeleevskaia geltokian, arraza-txakur baten jabeak Maltxik izeneko kaleko txakur bat hil zuen, eta horrek eztabaida gogorrak eragin zituen. Geroago, Okhotny Riad geltokian, pertsona ezezagun batek kaleko txakur bat bultzatu zuen iristen zen tren baten gurpilen azpira eta bizkarrezurra mindu zion[29]. 2008an, Errusiako Ekologia eta Eboluzio Institutuaren arabera, egunero 500 kaleko txakur inguru zeuden metroan[30]. 2009an, Moskuko hiriko agintariek txakurrak udal aterpetxeetan jartzeari ekin zioten, kaleko animaliak metroko instalazioetatik kentzen hasi ziren[31].

2007ko otsailaren 17an Mendeleevskaia geltokian, "Sinpatia" eskultura inauguratu zen Maltxik txakurraren oroimenean[32].

Logotipoa

Moskuko metroaren lehen logotipoa 1935ean jarri zen martxan. M letra larria zen МЕТРО (Metro) testuarekin parekatuta. Ez dago logotipoaren egileari buruzko informazio zehatzik, beraz, sarritan Samuil Kravets eta Ivan Taranov lehen geltokietako arkitektoei egozten zaie[33]. Gaur egun, gutxienez hamar aldaera ezberdinekin, Moskuko metroak oraindik ez du onartutako logotiporik. 2013ko urrian saiakera egin zen nazio mailan marka-irudi lehiaketa bat abiarazteko, eta iragarpenaren ondoren hainbat orduz itxi zen. Antzeko lehiaketak, DesignContest diseinu enpresak urte hartan independenteki antolatutakoak, emaitza hobeak eman zituen, nahiz eta metroko arduradunek ez zuten ofizialki onartu[34][35].

Lerroak

Moskuko metroaren lerroek ezaugarriok dituzte:

IzenaAurreko izenakKoloreaIzen errusiarraIrekitze urteaAzken luzapenakLuzeraGeltokiakAmaiera-geltokiakBagoi kopurua
SokolnitxeskaiaKirovski radius (1950eko hamarkadara arte)[36], Kirovsko-Frunzenskaia (1990 baino lehen)[37]
Сокольническая1935201926.1 km[38]26[38]Bulvar Rokossovskogo eta Kommunarka553[38]
ZamoskvoretskaiaGorkovsko-Zamoskvoretskaia (1990 baino lehen)[37]
Замоскворецкая1938201842.8 km[38]24[38]Khovrino eta Alma-Atinskaia744[38]
Arbatsko-Pokrovskaia
Арбатско-Покровская1938201245.1 km[38]22[38]Piatnitskoie xosse eta Stxiolkovskaia375[38]
FiliovskaiaArbatsko-Filiovskaia (1971 baino lehen)[39]
Филёвская1958200614.9 km[38]13[38]Aleksandrovski sad; Kuntsevskaia (4), Mezhdunarodnaia (4A)132[38]
Koltsevaia[oh 1]
Кольцевая1950195419.4 km[38]12[38]ez dago231[38]
Kaluzhsko-Rizhskaia
Калужско-Рижская1958199037.8 km[38]24[38]Medvedkovo eta Novoiasenevskaia616[38]
Tagansko-KrasnopresnenskaiaZhdanovsko-Krasnopresnenskaia (1989 baino lehen)[40]
Таганско-Краснопресненская1966201542.2 km[38]23[38]Planernaia eta Kotelniki616[38]
Kalininskaia
Калининская1979201216.3 km[38]8[38]Tretiakovskaia eta Novokosino224[38]
Solntsevskaia
Солнцевская2014202324.9 km[38]12[38]Aeroport Vnukovo eta Delovoi Tsentr240[38]
Serpukhovsko-TimirjazevskaiaSerpukhovskaia (1991 baino lehen)[41]
Серпуховско-Тимирязевская1983200241.2 km[38]25[38]Altufievo eta Bulvar Dmitria Donskogo640[38]
Liublinsko-DmitrovskaiaLiublinskaia (2007 baino lehen)[42]
Люблинско-Дмитровская1995202338.3 km[38]26[38]Fiztekh eta Ziablikovo592[38]
Bolxaia koltsevaia[oh 2]
Большая кольцевая2018202334.5 km[38]18[38]ez dago288[38]
Butovskaia
Бутовская2003201410.0 km[38]7[38]Bitsevski park eta Buninskaia alleia54[38]
Monorels[oh 3]
Монорельс200420044.7 km[38]6[38]Timiriazevskaia eta Ulitsa Sergeia Eizenxteina4[38]
Moskovskoe tsentralnoie koltso[oh 4]
Московское центральное кольцо2016201654.0 km[38]31[38]ez dago255[38]
Nekrasovskaia
Некрасовская2019202025.3 km[38]11[38]Nizhegorodskaia eta Nekrasovka184[38]
Guztira:438.6 km2505564

Tren biltegiak

Gaur egun, Moskuko metroa 20 biltegi elektrikoek hornitzen dute.

IzenaIzen errusiarraLerroakIrekitze urteaBagoiak
SevernoieСеверное1193581-717.5М/714.5М, 81-717.5А/714.5А, 81-740.1/741.1
SokolСокол2193881-717/714, 81-717.5/714.5, 81-717/714РУ2, 81-717.5М/714.5М
IzmailovoИзмайлово3195081-740.1/741.1, 81-740.4/741.4
Krasnaia PresniaКрасная Пресня5195481-775/776/777
KaluzhskoieКалужское6196281-717/714, 81-717.5/714.5, 81-717/714РУ2, 81-775/776/777
PlanernoieПланерное7197581-765/766/767
ZamoskvoretskoieЗамоскворецкое11196981-775/776/777
VarxavskoieВаршавское9, 12198381-740/741, 81-740А/741А, 81-740.1/741.1, 81-740.4/741.4, 81-760/761
FiliФили4196281-765.2/766.2/767.2
SviblovoСвиблово6197881-760/761, 81-760А/761А/763А, 81-765/766/767, 81-765.3/766.3/767.3
VyjinoВыхино7196681-765/766/767
NovogireevoНовогиреево8197981-760/761
TxerkizovoЧеркизово1199081-765/766/767, 81-765.4/766.4/767.4
VladykinoВладыкино9199181-760/761
PetxatnikiПечатники10199581-717.5/714.5, 81-717.5М/714.5М, 81-717.6/714.6
MitinoМитино3201681-740.1/741.1, 81-740.4/741.4
BrateevoБратеево2201481-717/714, 81-717.5/714.5, 81-717.5М/714.5М
SolntsevoСолнцево8A201881-760/761
LijoboryЛихоборы10201881-717.5/714.5, 81-717.5М/714.5М
RudniovoРуднёво5201981-765/766/767, 81-765.4/766.4/767.4

Bagoiak

BagoiaEkoizpen urteakZerbitzuan zegoen urteakArgazkia
А/Б (A/B)1934–19391935–1975
B (V, lehenago C)1927–19301946–1968
Г (G)1939–1940, 1946–19561940–1983
Д (D)1955–19631955–1995
E/Ем/Еж (E/Em/Ezh)1959–19791962–2020
81-717/7141976–20111977tik aurrera
И (I, 81-715/716)1974, 1980–1981, 1985
81-720/721 Jauza1991–20041998–2019
81-740/741 Rusitx2002–20132003tik aurrera
81-760/761 Oka2010–20162012tik aurrera
81-765/766/767 Moskva2016–20202017tik aurrera
81-775/776/777 Moskva 20202020tik aurrera2020tik aurrera

Ikus gainera

Oharrak

Erreferentziak

Kanpo estekak