Euskarazko Aturri izena latinezAturrus zen. Izenak iturrieuskarazko hitza eta théron langedozierazko hitzarekin lotura du. Erro bera Frantziako Eure (Atura), Aar (Arura) edo Arroux (Aturauos) ibaietan omen dago.
Gaskoizkoadour izenak «iturria» edo «ubidea» esan nahi du.
Antzina Aturri ibaia ez zen gaur egun itsasoratzen den lekuan itsasoratzen. Bernard Saint-Joursek (1877-1938) frogatu zuen egungo Capbretongo Hobia antzina Aturri ibaia itsasoratzen zen jatorrizko bokalea zela;[2] izan ere, Izotz Aroan, itsasoa askoz beherago zegoen garaian, Aturrik arroila sakon luze bat osatzen zuen egungo ozeanoan barrena: Capbretongo Hobia. 35 kilometroko luzera du urpean, eta 1.000-1.500 metroko sakonera. Egun, badu berezitasun bat itsas ingurune horrek: ekaitzak jotzen duenean ere, Hobi horren gaineko urazalak bare jarraitzen du.[3]
Beraz, historikoki Aturrik Capbretonen zuen bokalea aspaldi, Baionatik 40 kilometro inguru iparralderago. Aturri ibaiak behin Baiona hiria atzean utzi eta 3 kilometrora iparralderantz biratzen zuen eta 15 kilometro inguruz kostaldearekiko paraleloki zihoan eta, behin Capbreton udalerria igarota, mendebalderantz biratu eta urak Atlantikoan isurtzen zituen.
Cronographus anni 354 idazlanak azaltzen duenez (IV. mendekoa), Aturri nabigagarria zen egungo Aire-sur-l'Adoureraino, 115 kilometrotan ibaian gora.[4] Ur gehienak jatorrizko Capbreton inguruko bokalean itsasoratzen jarraitzen zuen. Hala ere, iparralderago ere bazihoan, eta bigarren itsasadar bat ere sortu zuen, Vieux-Boucau-les-Bains inguruan itsasoratzen zena. Ondorioz, Baiona eta Capbreton arteko ibaiaren uren maila jaitsi zen. 1517an,Vieux-Boucau-les-Bains eta Capbreton artean, hirugarren itsasadar bat ere sortu zen aldi baterako, baina bere gisa itxi zen.
XII. mendean, Aturri Baionatik itsasoratzen zen, bokaleak aldakorra izaten jarraitu baitzuen. Mende bukaeran, haatik, ekaitz baten ondoren, ibaiak iparraldeko bidea hartu zuen berriz Capbretonerantz. Hori bide da Baionan finkatutako hainbat merkatari eta artisau Donostiara lekualdatzeko arrazoietako bat, hiria izen horrekin Antso Jakitunak sortu zuenean (1181).
XV. mendearen bukaera aldera, ibaia Capbreton eremuan itsasoratzea zaildu egin zen, hortaz ibaiak pixkanaka bere ibilbidea iparralderago luzatu eta gaur egungo Soustonseko aintzira inguruan itsasoratzen zen. Fenomeno bitxi honen eragileak itsasaldiak edota enbata itzelen bat, edota biak batera lirateke.
Baiona Frantziako Erresumara igarotzean portuaren arazoak larriak ziren, hiritik itsasorako nabigazioa zailtzen hasi baitzen, hortaz behin-betiko konponbide bat guztiz beharrezkoa zen. Hiriak lehenbizi Karlos VIII.a Frantziakoari eta ondoren Luis XII.a Frantziakoari indusketa lanak ahalik eta azkarren burutu zitezen eskatu zien, Aturri ibaiaren bokalea jatorrizko Capbreton eremuan itsasoratu zedin. Halere 1560ko hamarkada arte egoera bere hartan mantendu zen.
1572anLouis de Foix ingeniariaren zuzendaritzapean Bokale inguruan zegoen duna gerrikoaren indusketa lanei ekin zitzaion eta azkenik 1578an gaur egungo bokale artifiziala amaitu zen, Bokale udalerrian, garai hartan "Boucau Neuf" ("Bokale Berria") deitua. Ondorioz, Nafarroa Garaia bere itsas salerosketa Baionatik bideratzen hasi zen harrezkero, ia aldi berean Donostiako Errejimenduak portuetako (Pasaiako eta Donostiako bertako) salgaien gaineko zergak nabarmen igo zituenean.
Bizkaiko golkoko ur eta olatuek urtero bokale honen aurka milioi erdi tona hondar baina gehiago jaurti ohi dituzte, ondorioz eta 1960. urtera arte eta bokaleko kanpo dikeak eraiki ziren arte Baionako barne portua aldika ixtera derrigortua zen. Bost mende inguruko itsasoaren aurkako borroka etengabearen ondoren gaur egungo Baionako portua egotea ahalbideratu da.