Internazionala
Internazionala (frantsesez: L'Internationale) nazioarteko ereserkia da, hainbat mugimendu anarkista, komunista, sozialista, sozialista demokratiko eta sozialdemokrataren ereserkia. Mugimendu sozialistaren ikur izan da XIX. mendearen amaieratik, Bigarren Internazionalak ereserki ofizial gisa hartu zuenean. Lehen Internazionaletik hartzen du izenburua, 1864an kongresu bat egin zuen langile-aliantza batetik. Eugène Pottier anarkista himnoaren letraren egilea izan zen kongresu honetan[1][2]. Ondoren, Pierre De Geyter marxistak konposatutako melodia original batera egokitu zen Pottierren testua[3].
Internazionala | |
---|---|
Partitura osoa | |
Jatorria | |
Egilea(k) | Eugène Pottier |
Sorrera-urtea | 1871 |
Argitaratze-data | 1918 |
Izenburua | L'Internationale, Міжнародны гімн, A Internacional, インターナショナル, 國際歌, ინტერნაციონალი eta Międzynarodówka |
Mugimendua | komunismoa sozialismoa anarkismoa sozialismo demokratikoa sozialdemokrazia errepublikanismoa |
Jatorrizko herrialdea | Frantzia |
Ekoizpen lekua | Berlin |
Honen izena darama | Lehen Internazionala |
Ezaugarriak | |
Genero artistikoa | iraultza abestia |
Hizkuntza | frantsesa |
Hitzak | Eugène Pottier, Arkadi Kots, Henriette Roland Holst (en) , Kálmán Kalocsay (en) , Xiao San (en) , Charles H. Kerr (en) , Takamaru Sasaki (en) , Neno Vasco (en) eta Billy Bragg (en) |
Bestelako lanak | |
Musikagilea | Pierre Degeyter |
Argumentu nagusia | Parisko Komuna |
Historian itzulpen gehien izan duen ereserkietako bat da[4].
Historia
Olerkia
Hasiera batean, Lehen Internazionala goresteko poema bat zen, Eugène Pottier kantagile, poeta eta [goguettierrak idatzia, klandestinoki hedatu zena 1871ko ekainean, Parisen, Parisko Komunaren aurkako errepresio betean. Pottier Parisko 2. barrutiaren alkate izan zen Komunaren baitan[5].
Poema honen eta bere egilearen historia goguetteei lotuta dago. 1883an, Eugène Pottierrek abesti bat aurkeztu zuen Goguette de la Lice chansonnière lehiaketara, eta zilarrezko domina irabazi zuen. Oraingoan Gustave Nadaud abestigilearekin topo egin zuen, 1848an ezagutu zuena eta bere garaian inpresio handia eragin zuena[6]. Berrelkartze horri esker, Pottierren berrogeita hamar abesti inguru argitaratu ziren lehen aldiz 1884an, Nadaudek ahazturatik salbatuak. Nadaudek asko miresten zuen bere poesia-gaitasuna, baina urrun zegoen bere iritzi politikoak partekatzetik.
Nadauden ekimenaren ondorioz, 1887an Chants révolutionnaires argitaratu zuten Pottierren militantzia-kideek, Henri Rocheforten hitzaurrearekin. Horien artean zegoen L'Internationale. Lice eta Nadauden chansonnière-rerik gabe, abesti iraultzaile famatu hau eta Pottier-en gainerako lanak ahaztuta egongo lirateke gaur[7].
L'Internationale Gustave Lefrançais irakasle anarkistari eskainia zegoen[8].
.
.
Doinua
1888an, letraren lehen edizio inprimatua egin eta urtebetera, Lilleko Langileen Alderdiko koruak Pierre Degeyter kideari eskatu zien L'Internationalerako musika originala konposatzeko. 1888ko uztailaren 23an, lehen aldiz, Lyre des Travailleurs koruak, La Liberté tabernan bildurik, Saint-Sauveur langile-auzoan, melodia berria jo zuen. Bere partitura 1889an argitaratu zen.
Doinuak zortziko txikiko bertsokerarekin bat egiten du, eta Bertsozale Elkartearen datu basean jasota dago.[9] Alegia, zortziko txikiko beste bertso batzuk zuzen zuzenean kanta daitezke Internazionalaren doinuarekin, adibidez Maritxu, nora zoaz?.
Arrakasta
1904tik aurrera, Amsterdamgo Bigarren Internazionalaren kongresuan erabili ondoren, Internazionala langile iraultzaileen ereserki bihurtu zen, mundua "oinarriz aldatzea" nahi baitzuten, eta langile-mugimenduaren kanta tradizional ezagunena.
Internazionala hizkuntza askotara itzuli da. Tradizioz, kantatzen dutenek besoak altxatu eta ukabilak ixten dituzte. Sozialistek (hitzaren jatorrizko zentzuan), anarkistek eta komunistek abesten dute, baina baita gaur egungo adierako sozialistek edo sozialdemokratek eta, jakina, ezkertiar sindikatuek zein hainbat herri mugimenduk. Tiananmen plazako protestak ereserki gisa erabili zuen 1989an, adibidez. SESBeko ereserki nazionala izan zen (bosgarren ahapaldi ia osoa kenduta zuen bertsio batean), 1944 arte. Erakunde anarkista, marxista eta komunista gehienen ereserkia izaten jarraitzen du. Geroago, talde anarkista batzuek sarriago erabili zuten L'Internationale noire izeneko egokitzapena.
Europako herrialde askotan, urte askoan, kanta legez kanpokoa izan zen, propaganda komunista eta anarkista debekatua zen heinean, eta sustatzen zituen ideia iraultzaileengatik.
Euskarazko bertsioa
Euskarazko itzulpen hedatuena Gabriel Arestiri egozten zaio,[10] baina zalantzak daude autoretza horri buruz.[11][12] Ohiko bertsioan agertzen diren arkaismo edo ulermen zaileko termino batzuengatik (bereziki, indazu albiristea), itzulpen alternatiboak eskatu izan dira.[13] Hala ere, «indazu albiristea» dioen bertsioa egin da ezagunena, seguruenik.[14]
1971n, bi arrazoirengatik, birritan itzuli zuen Arestik testua[15]. Lehenengo aldiz, Natxo de Felipe musikariak eskatuta, Jesus Mari Begoña militante politikoaren kontrako epaiketan abesteko itzuli zuen. Itzulpen hura, Literatura lanak bildumaren 8. liburuan argitaratu zuen Susak 1986an[16].
Bigarrenez, handik gutxira, Natxo de Felipek berak berriro eskatuta itzuli zuen. Hain justu, 1971. urtean Parisko Komunaren mendeurrena zen eta baita L’internationale abestiaren sorreraren mendeurrena ere. Garai hartako EMKk (Euskadiko Mugimendu Komunista) bazuen kantu iraultzailearen bertsioa ezagutzera emateko asmoa. Natxo de Felipek 1971ko martxoko China Reconstruye aldizkari txinatarrak eta beste hainbat informazio bidali zizkion Gabriel Arestiri[15]. Itzulpen hura, handik sei urtera, birritan ekarri zen paperera: 1977ko ekainaren 12an paskin gisa Bilbon Euskadiko Ezkerra hautes-koalizioaren ekitaldi batean (EMK, EIA eta Euskal Komunistak elkartu ziren) eta urriaren 1eko Anaitasuna aldizkarian[17].
Ekitaldi eta manifestazioetan, lehenengo zatia baino ez da abesten, hori baita itzulitako zati ezaguna. Hala ere, 2023ko urriaren 14an, Arestiren jaiotzaren 90. urteurrena probestuz, Susak itzulpen osoa argitaratu zuen[18].
Jatorrizkoa (frantsesez) | Gabriel Arestiren itzulpen osoa[18] | Gabriel Arestiren bigarren itzulpena |
---|---|---|
Debout, les damnés de la terre | Zutik lurrean kondenatu | Zutik! Munduko langileak, |
|
XXI. menderako bertsio ulerterrazagoak
2014an sareetan beste itzulpen bat zabaldu zen, 21. mendeko euskara batura moldatua.[13][19]
« | Zutik, munduko langileak! | » |
2024ko Langileen Nazioarteko Egunaren atarian Ekida Arte Ekimen Sozialistak bertsio eguneratu bat sareratu zuen.[20]
« | Zutik, lurreko kondenatu! | » |
Partitura eta audioa
1971ko euskarazko lehen bertsioa (G. Aresti)
Lehen bertsioaren partitura apur bat aldatu da urteak pasatu direnean. Hau da gaur egunean Gabriel Arestiren hitzekin kantatzen den doinuaren partitura:[21]
Euskarazko 2014ko bertsioa
Eta hau da partitura bera baina 2014an zabaldutako hitzekin:
Sobietar Batasunaren ereserkia
Bertsio errusiarra Arkady Kotsek itzuli zuen hasieran 1902an eta Londresen inprimatu zen Zhiznen, emigratzaile errusiarren aldizkarian. Lehen bertsio errusiarrak hiru ahapaldi zituen (jatorrizko letraren sei ahapaldien aurrean, frantsesezko 1., 2. eta 6. ahapaldietan oinarrituak) eta leloa. Errusian iraultza boltxebikearen ondoren, testua zertxobait aldatu zen etorkizuneko denboran kokatutakoak kentzeko, "orain alferrikako" baitziren. Bertsio horretan, etorkizuneko denboraren ordez orainaldia jarri zen, eta pluraleko lehen pertsonan izenordain posesiboa sartu zen). 1918an, Izvestiako erredaktore nagusiak, Juri Steklovek, dei egin zien idazle errusiarrei beste hiru ahapaldiak itzul zitzaten, eta, azkenean, sei ahapaldi gehitu zitzaizkion abestiari[22].
Aipamenak beste obra batzuetan
George Orwell-ek idatzi zuen Abereen etxaldea liburuko lehen orrialdeetako ereserkia "Internationala"ren "parodia"[23] edo "birkonfigurazioa" gisa deskribatu da; Orwellen testuan agertzen da ("umorezko sarrera" gisa) "Clementine eta La Cucaracha abestien arteko doinu arin erritmotsu bat" kantatzen zutela, "Oh My Darling, Clementine" eta "La Cucaracha" abestiei erreferentzia eginez.[24][25] "Ingalaterrako piztiak, Irlandako piztiak / lurralde eta eguraldi guztietako piztiak / aditu itzazue nire berri eztiak / urrezko etorkizuna izango dugu guztiak. ...".[26]
William Carlos Williams-en Choral: The Pink Church poemak "Internationala" abestiaren hitzak aipatzen ditu komunismoa sinbolizatzeko; poemak, berriz, ez du ia aipatzen komunismoa zuzenean; Williamsek berak dio "a pink [...] not a red" ("arrosa [...] ez gorria") dela poemari buruzko gutun batean. [27]
Aleksandr Lebedev-Frontov-en obra ezagunenetako bat, Alderdi Nazional Boltxebikearen egoitzan jarri zutena, Frantziako Fantômas pertsonaiaren kartel bat da, ikusleari pistola bat ematen diona. Azpitituluan errusierazko "Internazionalaren" bertsioko lehen lerroa du.[28]
Vladimir Mayakovsky poeta errusiarrak Mystery-Bouffe obra "Etorkizuneko International" batekin amaitu zuen, Internazionalak duen tonuarekin, baina guztiz klaserik gabeko gizarte perfektua deskribatzen duten hitzekin.
Erreferentziak
Ikus, gainera
Kanpo estekak
- Egaña, Andoni. (2022-05-01). «Albiristea» Berria (Noiz kontsultatua: 2023-10-14). Abestiaren hitzei buruz