Hiriak berak 1.001.200 biztanle ditu, baina metropoli inguruak, tartean Solihull edo Wolverhampton gisako hiriek, 2.284.093 dauzka (2001eko erroldaren arabera).
XVIII. mendean hasi ziren Birmingham inguruko arro aberatsetako ikatzarria erabiltzen. Garai horretan hiriak aurreramendu ekonomiko handia izan zuen. XIX. mendean bertako burdina amaitu egin zen, eta lehengaia Suediatik inportatzen hasi ziren. Hori zela eta, egiten zituzten gaiak garestiagoak ziren eta horren aurka borrokatzeko gai landuak ekoizten hasi ziren. Egungo ekonomia jarduera oso zabala da: metalurgia astuna eta fundizioak, armagintza, elektronika, burdinbide gaiak, automobiletako motorrak (Austin), gai kimikoak, plastikoak, kautxu sintetikoa, pneumatikoak, etab.[1]
Etnikoki eta kulturalki, Birmingham aniztasun handiko hiria da. 2001eko erroldaren garaian, %70.4 zuriak ziren (%3.2 irlandarrak barne), %19.5 Asiakoak , %6.1 beltzak, %3.5 txinatarrak eta gainerakoak beste etnia batekoak ziren.
Afrokaribearrak eta Indiako azpikonenteko etorkinak batez ere ezarrita daude emigrazio auzoetan, hala nola Small Heath, Handsworth eta Washwood Heath. Txinatarren populazio handi bat dago bereziki Hong Kongetik jende asko etorri zelako hirira; eta zentroko parte batek The Chinese Quarter izena du 1980ko hamarkadatik[2].
Heavy metal musikaren sehasketako bat da, Judas Priest edota Black Sabbath musika taldeak bertokoak baitira[5]. Beste onda batzuetan hiritik sortuak dira halaber UB40 reggae talde multirraziala, ELO edo Electric Light Orchestra eta Duran Duran. Indiako Punjabeko musikaren ondorengoa den Bhangra estilo modernoak, zeinak house, hip-hop eta reggae eraginak dituen, Birminghamen du Ingalaterrako bere gune nagusia. Indiako influentziako musika jaialdi handi bat, Sandwell and Birmingham Mela delakoa, hirian egiten da urtero[2].
Ospea du hiriko balletak, Birmingham Royal Ballet delakoak. William Shakespeare gertuko herri batekoa zen, eta Shakespeare Institutua sortua dago Birminghameko Unibertsitatean hura ikasteko. Hirirarekin lotura izan duten beste idazle batzuk dira JRR Tolkien, Caitlin Moran, Sathnam Sanghera, Kit de Waal, eta Philip Larkin.
Birmingham Pride LGTB harrotasunaren jaialdia, Erresuma Batuko era honetako ospakizun handienetakoa da, bi egun irauten dituen festa izaten da, Gay Village esaten zaion Hurst St. kalean duelarik epizentroa komunitateak[2].