Al-Ghazali

Abu Hāmed Mohammad ibn Mohammad al-Ghazzālī[Oh 1] (persieraz: ابو حامد محمد ابن محمد الغزالی‎); (Tus, Khorasan, gaurko Iran, 1058 - Tus, Khorasan, 1111ko abenduaren 19a) edo Al-Ghazali, Erdi Aroan, mendebaldean, Algazel[1] izenarekin ezagunagoa; persiar sunita musulman jakintsua zen[2][3][4][5][6]. Historia islamikoko legelari, zuzenbide-teoriko, filosofo, teologo, logiko eta mistiko nabarmen eta eragingarrienetakotzat hartzen da[7][8][9][10].

Al-Ghazali

Bizitza
JaiotzaTus, 1058
HerrialdeaSeljuktar Inperioa
BizilekuaNixapur
Bagdad
Damasko
Jerusalem
HeriotzaTus1111ko abenduaren 19a (52/53 urte)
Hobiratze lekuaMaxhad
Familia
Anai-arrebak
Hezkuntza
Hizkuntzakpersiera
arabiera
Irakaslea(k)Al-Juwayni (en) Itzuli
Abū ‘Alī al-Fadl b. Muhammad al-Fāramidhī (en) Itzuli
Ikaslea(k)
Jarduerak
Jarduerakfilosofoa, mutakallim (en) Itzuli, autobiografialaria, teologoa, poeta, Alfakia, journal editor (en) Itzuli eta kazetaria
Lantokia(k)Siria
Enplegatzailea(k)Al-Nizamiyya of Baghdad (en) Itzuli
Lan nabarmenak
Sinesmenak eta ideologia
Erlijioaislama
sunismoa
Sufismoa
Ash'ari (en) Itzuli

Musicbrainz: ef044fbb-6db4-4ea3-a51c-b4aee33b288f Edit the value on Wikidata

XI. mendeko mujaddidtzat hartzen da[11][12], fedearen berritzaile bat, zeina, hadith profetikoaren arabera, 100 urtean behin agertzen den komunitate islamikoaren fedea zaharberritzeko[13][14][15]. Al-Ghazaliren lanak hain txalotu zituzten bere garaikideek, ezen Ḥujjat al-Islām (Islamaren froga edo buruzagia) ohorezko titulua eman baitzioten[16]. Al-Ghazali, Xaafi zuzenbide eskolan, mujtahid nabarmena izan zen[17].

Al-Ghazaliren lanaren zati handi bat bere krisi espiritualen inguruan sortu zen, Bagdadeko Nizzamiyya Unibertsitateko buru izendatu ondoren; garai hartan, mundu musulmanaren kargu akademikorik ospetsuena zen[18][19]. Horrek, azkenean, 10 urtetik gora mundu musulmanetik desagertzea ekarri zuen, Jainkoaren bidea beharrean, estatusaren eta egoarena aukeratu zuela konturatuta.[20][21]. Garai horretan idatzi zituen bere lan handi asko[20]. Islamiar tradizio espirituala hiltzear zegoela uste zuen eta musulmanen lehen belaunaldiak irakatsitako zientzia espiritualak ahaztuta[22]. Sinesmen horrek Iḥyā ulūm ad-dīn (Erlijio Zientzien Pizkundea) izeneko bere obra nagusia idaztera eraman zuen[23]. Bere beste lanen artean, Tahāfut al-Falāsifa (Filosofoen inkoherentzia), mugarri da filosofiaren historian, XIV. mendeko Europan geroago garatu zen zientzia aristotelikoaren kritika aurreratzen baitu[10].

Biografia

Al-Ghazali 1058. urtean jaio zen, Tus-en, orduan Seljuktar Inperioaren parte zena[24]. Persiar jatorriko jakintsu musulmana izan zen, zuzenbide arrazionalista eta espiritualistan aditua[25][26]. Tabaran jaio zen, Tus barrutiko herri batean, Khorasanen (gaur egun Iran dena)[24], seljuktarrak Bagdaden sartu, eta xia Buyid Amir al-umarak amaitu eta gutxira. Horrek eman zion hasiera seljuktarren eraginari kalifa-herrian. Seljuktarren dinastiaren eragina haziz zihoan, eta Abu Suleiman Dawud Chaghri Beg-ek bere alaba, Arslan Khatun Khadija[27], al-Qa'im kalifarekin ezkondu zuen, 1056an[28][29][30].

Hil osteko tradizio batek (azken azterketetan benetakotasuna zalantzan jarri dena) dio bere aita pobrezian hil zela eta al-Ghazali gaztea eta bere anaia Ahmad sufi baten ardurapean utzi zituela. Al-Ghazaliren garaikide eta lehen biografoak, Abd al-Ghafir al-Farisi-k, soilik dio al-Ghazali fiqh (jurisprudentzia islamikoa) irakaskuntza jasotzen hasi zela Ahmad al-Radhakani (tokiko irakaslea) eta Abu ali Farmadi (Tuseko sufi naqxbandia) irakaslerekin[24]:26–27. Geroago, al-Juwainirekin ikasi zuen, legelari eta teologo ospetsua eta «bere garaiko musulman jakintsurik nabarmenena»[24], Nixapurren[31]:292, agian, Gorganen egindako ikasketa aldi baten ondoren. 1085ean, al-Juwayni hil ondoren, al-Ghazali Nixapurretik abiatu, eta Nizam al-Mulk-en, (Seljuktar Inperioko bisir boteretsua) gortera joan zen, egoitza, ziurrenik, Isfahanen zeukana. «Erlijioaren distira» eta «Erlijioen buruzagien artean Eminentzia» tituluak eman ondoren, Nizam al-Mulk-ek, 1091ko uztailean, garai hartako irakasle postu entzutetsu eta suspergarrienera goratu zuen al-Ghazali: Bagdadeko Nizamiyya madrasan[24].

Krisi espiritual bat pairatu zuen 1095ean; zenbaitek diote histeria klinikoak eragindakoa izan zela[32][33][34]. Bere karrera utzi, eta Bagdadetik alde egin zuen Mekara erromesaldian joateko aitzakian. Bere familiarentzako moldaketak egin; bere aberastasunaz libratu, eta bizimodu aszetikoa hartu zuen. Duncan B. Macdonald biografoaren arabera, eskola-lana alde batera uztearen helburua zen esperientzia espirituala eta «hitza eta tradizioaren» ulermen arrunta aurrez aurre jartzea[35]. Damaskon eta Jerusalemen denbora bat igaro ondoren, 1096an, Medina eta Meka bisitatu zituen; ondoren, Tusera itzuli zen hurrengo urteak uzlan (itxialdia) igarotzeko. Itxialdia estatuak sustatutako erakundeetan ez irakasteko izan zen, baina argitaratzen, bisitariak jasotzen eta berak eraikitako zawiya-n (madrasa pribatua) eta khanqah-n (logia sufia) irakasten jarraitu zuen.

Fakhr al-Mulk, Ahmad Sanjar-eko bisir handiak, al-Ghazali presionatu zuen Nixapur-eko Nizamiyyara itzul zedin. Al-Ghazalik gogoz kontra amore eman zuen 1106an, berak eta bere irakaspenek erresistentzia eta polemikarekin talka egingo zuten beldurrez[24]. Gero Tusera itzuli, eta, 1110ean, Muhammad I. Seljuktar sultanaren bisir handiaren Bagdadera itzultzeko gonbidapenari uko egin zion. 1111ko abenduaren 19an hil zen. 'Abd al-Ghafir al-Farisiren arabera, hainbat alaba izan zituen, baina semerik ez[24].

Eskola afiliazioak

Al-Ghazalik nabarmen lagundu zuen sufismoaren ikuspegi sistematikoa garatzen eta islamismo nagusian integratzen eta onartua izaten. Islamaren jakintsu gisa[36][37], Jurisprudentzia islamiarraren eskola Xaafian eta teologia-eskola Axaritan[38] egon zen. Al-Ghazalik titulu asko jaso zituen, hala nola Zayn al-Dīn (زين الدين) eta Ḥujjat al-Islām (حجة الإسلام)[16][13][14][15].

Al Ghazaliren maseloa, Tus

Hasierako filosofia islamikoaren eskola Axarita eragingarriaren kide nagusia eta mutaziliteen aurkari garrantzitsuenetakotzat hartzen da. Hala ere, Axaritekin alderatuta, posizio apur bat ezberdina aukeratu zuen. Bere sinesmenak eta pentsamenduak, alderdi batzuetan, aldendu egiten dira Axaritar eskola ortodoxotik[38][39][40].

Lanak

Guztira, 70 lan inguru egotzi dakizkioke Al-Ghazaliri[41][10][42].[63][36][64] Ezaguna da ere Al-Andaluseko Taifa erregeen aurkako fatwa bat idatzi zuela, printzipiorik gabeko, gobernatzeko ez egoki eta boteretik kendu behar zirela deklaratuz. Fatwa hori Yusuf ibn Taxfinek erabili zuen al-Andalusen konkista justifikatzeko[43].

Filosofoen inkoherentzia

Al-Ghazaliren XI. mendeko Tahāfut al-Falāsifa (Filosofoen inkoherentzia) izenburuko liburuak bira handia eman zuen epistemologia islamikoan. Eszeptizismoarekin egindako topaketak eraman zuen al-Ghazali okasionalismo teologikoaren edo kausa-gertaera eta elkarrekintza guztiak ez direla uztartze materialen produktua forma bat ikertzera, baizik eta Jainkoaren berehalako eta oraingo borondatearena.

Hurrengo mendean, Ibn Ruxdek (edo Averroesek) al-Ghazaliren inkoherentziaren errefusa luze bat idatzi zuen Tahāfut al-Tahāfut, تهافت التهافت (Inkoherentziaren inkoherentzia) izenekoa; hala ere, pentsamendu islamikoaren bide epistemologikoa jada ezarrita zegoen[44]. Al-Ghazalik kausa-lege independenteen ilusioaren adibide gisa jarri zuen kotoia, suarekin kontaktuan jartzean, erre egiten dela. Lege natural bat zela bazirudien ere, behin eta berriz gertatu zen Jainkoak nahi zuelako; gertaera «Jainkoaren esku-hartzearen produktu zuzena zen, arreta gehiago erakartzen zuen edozein mirari gisa». Averroesek, aitzitik, azpimarratu zuen Jainkoak lege naturala sortu zuen bitartean «gizakiak, modu erabilgarriagoan, esan zezakeela suak egin zuela kotoia erretzea, zeren sorkuntzak antzeman zezaketen eredua baitzuen»[45][46][47].

Inkoherentziak ere inflexio-puntua izan zuen filosofia islamikoan, Aristoteles eta Platonenganako errefusa zorrotzean. Liburuak Falāsifa-renganantz jotzen zuen, VIII. mendetik XI. mendeen arteko filosofo islamiar talde bat (artean, nabarmenenak Avizena eta al-Farabi), zeinak, intelektualki, antzinako greziarrengan inspiratzen ziren.

Oraindik, Al-Ghazaliren liburuaren eragina eztabaidan dago. George Salibak 2007an argudiatu zuen XI. mendean zientziaren gainbehera gehiegi puztu dela, azpimarratuz XIV. mendera arteko etengabeko aurrerapenak, bereziki, astronomian[48].

Nuh Aydin irakasleak 2012an idatzi zuen, ezen mundu islamikoan zientziaren gainbeheraren arrazoi garrantzitsuenetako bat izan zela Al-Ghazalik filosofoei (zientzialariak, fisikariak, matematikariak, logikoak) egindako erasoa. Erasoak bere Tahāfut al-Tahāfut (Inkoherentziaren inkoherentzia) liburuan izan zuen gailurra, non okasionalismo teologikoaren ideia zentralak esan nahi duen filosofoek ezin dietela azalpen arrazional eman ez galdera metafisikoei ez fisikoei. Ideiak popularra egin, eta pentsamendu kritikoa bereganatu eta baliogabetu zuen islamiar munduan[49].

Bestalde, 2012an, Hassan Hassan idazle eta kazetariak argudiatu zuen Islamaren pentsaera zientifikoa XI. mendean itota egon bazen ere, errudun nagusia ez dela al-Ghazali Nizam al-Mulk baizik[50].

Ihya' Ulum al-Din (Erlijio-zientzien pizkundea)

Al-Ghazaliren beste lan nagusietako bat Ihya' Ulum al-Din edo Ihya'u Ulumiddin (Erlijio Zientzien Pizkundea) da[51]. Islamiar zientzien ia alor guztiak hartzen ditu: fiqh (jurisprudentzia islamikoa), kalam (teologia) eta sufismoa.

Lau atal nagusi ditu: Gurtza-ekintzak (Rub' al-'ibadat), Eguneroko Bizitzaren Arauak (Rub' al-'adatat), Galtzeko bideak (Rub' al-muhlikat) eta Salbaziorako bideak (Rub' al-munjiyat). Koranaren eta haditharen ondoren, Ihya gehien errezitatutako testu islamiarra bihurtu zen. Bere lorpen handiena izan zen teologia sunita ortodoxoa eta mistizismo sufia elkartzea musulmanen bizitzaren eta heriotzaren alderdi guztietarako gida erabilgarria eta zabal batean[52]. Liburuak oso harrera ona izan zuen Nawawi eta beste jakintsu islamiarren artean: «Islamaren liburu guztiak galduko balira, nahikoa litzateke Ihya haiek guztiak ordezkatzeko»[53].

Kīmīyā-yi Sa'ādat (Zorionaren Alkimia)

Kīmīyā-yi Sa'ādat (Zorionaren alkimia) Iḥyāʾ ʿUlūm al-Dīn-en (Erlijio Zientzien Pizkundea) bertsio berridatzia da. Bizitzeko modua eta erlijioarekiko zuen ikuspegia erabat berriro aztertzera eraman zuen krisi existentzialaren ostean, al-Ghazalik Kīmīyā-yi Sa'ādat osatu zuen[54].

«Arima diziplinatuz»

Ghazaliren Iḥyāʾ ʿUlūm al-Dīn-en atal nagusietako bat da «Arima Diziplinatuz», musulman bakoitzak bere bizitzan zehar izango dituen barne-borroketan zentratzen dena[55]. Lehenengo kapituluak bere burua ezaugarri positiboak eta ezaugarri pertsonal onak dituen pertsona batean nola garatu daitekeen aztertzen du nagusiki. Bigarren kapituluak ardatz zehatzagoa du: asebetetze sexual eta jalea[55]. Hemen, Ghazalik dio, hain zuzen ere, gizaki orok dituela nahi eta behar horiek, eta naturala dela gauza horiek nahi izatea[55]. Hala ere, Profetak esplizituki esaten du gizakian erdibide bat egon behar duela Islamaren printzipioak zintzotasunez praktikatzeko. Ghazalik bi kapitulu horietan ez ezik, Iḥyāʾ ʿUlūm al-Dīn-en osotasunean aurkezten duen azken helburua da gizakiaren arimaren alderdi guztietan moderazioa egon behar duela, oreka bat. Bi kapitulu hauek 22. eta 23. kapituluak ziren, hurrenez hurren, Ghazaliren Iḥyāʾ ʿUlūm al-Dīn liburuan[55].

Munduaren Eternitatea

Al-Ghazalik munduaren sorrerari buruzko ikuspuntu aristotelikoaren kontra The Eternity of the World-en egin zuen. Al-Ghazalik, funtsean, bi argudio nagusi formulatzen ditu pentsamendu-prozesu sakrilegiotzat jotzen duenarentzat. Ikuspegi aristotelikoaren funtsezko kontzeptua da higidura beti higiduraren aurretikoa izango dela, edo, bestela esanda, indar batek beti beste indar bat sortuko duela, eta, beraz, indar bat sortzeko, beste indar batek eragin behar du indar horren gainetik[10]. Horrek, funtsean, esan nahi du denbora infinitu zabaltzen dela, bai etorkizunera, bai iraganera, eta horrek frogatzen du, beraz, Jainkoak ez zuela unibertsoa denbora zehatz batean sortu. Al-Ghazalik horri aurre egiten dio esanez: lehenik eta behin, mundua muga zehatzekin sortua izan balitz gaur egungo forman, orduan, ez litzatekeela denbora bat beharrik izango Jainkoak mundua sortu aurretik[10].

Islama klandestinoaren sinesgabetasuna bereizteko irizpide erabakigarria

Al-Ghazalik Islama klandestinoaren sinesgabetasuna bereizteko irizpide erabakigarrian zehazten du musulmanen ortodoxiarekiko bere ikuspegia. Ghazalik, garai horretan, bere garaikide askoren jarrera gogorretik alde egiten du, eta dio, Mahoma Profetan eta Jainkoarengan sinesten duen heinean, Islama praktikatzeko modu ezberdin asko daudela eta fededunek fede onez praktikatzen dituzten tradizio asko ez dutela zertan heretikotzat hartu behar beste musulmanek[24]. Ghazalik adierazten duen arren islama fede onez praktikatzen duen edozein musulman ez dela apostasiaren errudun, Kriterioan adierazten du badela beste batzuk baino zuzenagoa den Islamaren estandar bat, eta fedea gaizki praktikatzen duten horiek aldatzera behartu behar direla[24]. Ghazaliren iritziz, Profetak soilik jo zezakeen leialki praktikatzen zuen musulman bat infideltzat, eta bere lana izan zen hainbat sekta islamiarren artean sarritan gertatutako jazarpen eta liskar erlijiosoaren aurrean izandako erreakzioa[24].

al-Munqidh min al-Dalal (Akatsetik askatzea)

Al-Ghazaliren autobiografiaren azken orrialdea MS Istanbulen, Shehid Ali Pasha 1712, 509 AH (1115–1116).

Al-Ghazalik bere bizitzaren amaiera aldera idatzi zuen autobiografia, Akatsetik askatzea (arabieraz, (المنقذ من الضلال al-Munqidh min al-Dalal), garrantzi handiko obratzat hartzen da[2]. Bertan, al-Ghazalik kontatzen du nola, behin eszeptizismo epistemologikoaren krisian, «Jainko Gorenak nire bularrean bota zuen argi batek... ezagutza gehienaren gakoa» konpondu zenean[56]:66 kalam-en, filosofia islamikoa eta ismailismoaren argudioak aztertu eta menperatu zituen. Lehenengo bietan baliozkoa zena balioetsi bazuen ere, gutxienez, hiru ikuspegiak desegokiak zirela eta azken balioa soilik aurkitu zuen sufi praktikak jarraitzearen ondorioz lortutako esperientzia mistiko eta ikuspegian. William James-ek, Varieties of Religious Experiencen, autobiografia dokumentu garrantzitsutzat jo zuen «kristaua ez den beste erlijioen barnekotasuna ezagutu nahiko lukeen literatura-ikasle hutsarentzat», garai horretan kristau-tradiziotik kanpo erregistratutako erlijio-aitorpen pertsonalen eta literatura autobiografikoen urritasunagatik[57]:307.

Persierazko obrak

Al-Ghazalik persieraz eta arabieraz idatzi zituen bere lan gehienak. Bere lanik garrantzitsuena Kimiya-yi sa'adat (Zorionaren alkimia) da. Ihya' 'ulum al-din (Erlijio Zientzien Berpizkundea) persiar bertsioa da, Al-Ghazali berarena, baina lan laburragoa da. XI. mendeko persiar literaturako lan nabarmenetako bat da. Liburua hainbat aldiz argitaratu zuen, Teheranen, Hussain Khadev-jam iraniar jakintsu ospetsuak. Ingelesera, arabierara, turkierara, urduera, azerbaijanera eta beste hizkuntzetara itzulita dago[54].

Al-Ghazaliren beste lan benetako bat Nasihat al-muluken (Erregeen Aholkua) «lehen zatia» deritzona da, Khorasaneko Ahmad b. Malik-shah Sanjar seljuktar agintariari zuzendua. (r. 490-552/1097-1157)[58]. Testua 503/1109 urtean bere gortean harrera ofiziala egin ondoren eta hark eskatuta idatzi zen. Al-Ghazali Sanjarera deitua izan zen bere aurkarien intrigengatik eta al-Mankhul min taʿliqat al-usul (Oinarriei buruzko ohar bahetuak) liburua arabieraz egindako bilketari egindako kritikak zirela-eta, baita Nixapur-eko Nizamiyan irakasten jarraitzeari uko egiteagatik ere. Harreraren ondoren, badirudi al-Ghazalik entzunaldi pribatu bat izan zuela Sanjarrekin, eta, bertan, Koraneko 14:24 bertsoa aipatu zuen: «Ez al duzu ikusi nola Alak esaldi eder bat (izan) zuhaitz ederraren parabola bat azaltzen duen, zeinaren sustraiak sendoak diren eta adarrak Zeruan dituen». Nasihat al-muluk zeina, benetan, epistola bat den, bere frontisean al-Manḵuli buruzko azalpen-ohar labur bat gehituta[59].

Gainerako testu persiar gehienak, bere ospeari eta aginteari esker berari egotziak, batez ere Printzeentzako Ispiluen generoan, nahita egindako faltsutzeak dira, helburu ezberdinekin egindakoak edo faltsuki egotzitako bildumak. Horien artean ospetsuena Ay farzand da (O ume!). Zalantzarik gabe, al-Ghazali hil eta belaunaldi bat edo bi beranduago pertsieraz egindako faltsutze literarioa da. Faltsutzeko erabilitako iturriak al-Ghazaliren jatorrizko bi gutunez osatuta daude (4. zenbakia, zati batean, eta 33. zenbakia, osotasunean); biak Fazaʾil al-anamen agertzen dira[60]. Beste iturri bat da Ayniya izenez ezagutzen den eta Muhammaden anaia gazteak Majd al-Din Ahmad al-Ghazalik (520/1126) bere ikasle ospetsuari, Ayn al-Quzat Hamadaniri, (492-526/1098-1131) idatzitako gutuna da; gutuna Majmuʿa-yi athar-i farsi-yi Ahmad-i Ghazali aldizkarian argitaratu zen (Ahmad Ghazaliren persiar idatzien bilduma)[61]. Bestea ʿAyn al-Quzat-en beraren gutuna da, Namaha-yi ʿAyn al-Quzat Hamadani-n (ʿAyn al-Quzat Hamadani-ren gutunak) argitaratua[62]. Beranduago, Ay farzand arabierara itzuli zen, eta Ayyuha al-walad izenez ezaguna egin zen, persiar tituluaren baliokide arabiarra. Arabierazko itzulpena duten lehen eskuizkribuak XVI. mendearen bigarren erdikoak dira, eta beste gehienak XVII.ekoak[63]. Arabieratik otomandar turkierara ezagutzen den bigarren mailako itzulpenik zaharrena 983/1575 urtean egin zen[64]. Garai modernoetan, testua arabieratik Europako hizkuntza askotara itzuli zen, eta, Turkian, hainbat aldiz argitaratu zen Eyyühe'l-Veled edo Ey Oğul izenarekin[65].

Aholku-literaturaren generoan ere idatzitako Pand-nama (Kontseilu liburua) hain famatua ez den bat egile ezezagun baten beranduko gutun konpilatorioa da, formalki agintari bati zuzendua eta al-Ghazaliri faltsuki egotzia, maileguan hartutako zati ugariz osatuta baitago, gehienak Kimiya-yi saʿadat-eko hainbat tokitakoak[66].

Oharrak

Erreferentziak

Bibliografia

Bibliografia osagarria

Ikus, gainera

Kanpo estekak