Aurrerako Jauzi Handia

Aurrerako Jauzi Handia (txinera tradizionalaz: 大躍進; txinera sinplifikatuaz: 大跃进; pinyinez: Dàyuèjìn), 1958etik 1961era Txinako Herri Errepublikako gobernuak abiarazitako plangintza sozioekonomikoa izan zen. Haren helburua Txina erabat eraldatzea zen, nekazaritza nagusi zuen herrialdean industrializazio eta kolektibizazio prozesu azkar bat garatuz. Mao Zedongek "Indar produktiboen teorian" oinarritu zuen plangintzaren bilakaera, baina emaitzak txarrak izan ziren: nekazaritza-ekoizpenak %70 behera egin zuen eta goseagatik 20 eta 30 milioi pertsona bitartean hil ziren.[1]

Aurrerako Jauzi Handia
Irudia
Jatorrizko izena(zh-cn) 大跃进
(zh) 大跃进
Motacampaign (en) Itzuli
Denbora-tarte1958ko otsaila - 1962
HerrialdeaTxinako Herri Errepublika
Honen ondorioaTxinako Gosete Handia
Osatuta

Batzuen aburuz, Aurrerako Jauzi Handia "historiako genozidiorik handiena" da[2].

Txinako Herri Errepublikaren sorkuntza

1644tik 1912ra arte Txina gobernatu zuen azken dinastia Quing dinastia izan zen. XIX. mendean gertatutako Erresuma Batuaren eta Japoniaren aurkako gudek, baita goseteek eta barne-arazoen hazkundeak txinatarren ezinegona eragin zuten. Txinak bizi zuen estualdiak Xinhai Iraultza (1911) izan zuen emaitza, eta honekin batera, Quing dinastiarekin amaitu eta Txinako Errepublikaren garaia hasi zen.[3]

1912an, Txinako Errepublika ezarri eta Sun Yat-sen (Kuomitang edo Txinako Alderdi Nazionalistaren agintari nagusi zena) bihurtu zuten egitura berriaren buruzagi. Errepublika izendatu eta urte batzuetara, Txinako Errepublikak gerra zibila bizi izan zuen Kuomitang-en eta Txinako Alderdi Komunistaren artean. Gerra Zibilak bi garai izan zituen: lehena, 1927tik 1937ra, eta bigarrena, 1946tik 1949ra. Bi garaien artean eman zen etena bi alderdiek Japoniaren aurka batera borrokatzeko egin zuten aliantzaren ondorioa izan zen (Bigarren gerra txinatar-japoniarrean)[4].

1945etik 1949ra arte gauzatutako borrokaldiko komunisten garaipenak Txinako Herri Errepublika berria aldarrikatzea eta nazionalistek Taiwanera ihes egitea eragin zuen. 1949ko urriaren 1ean, ofizialki izendatu zen Txinan gaur arte iraun duen sistema berria, eta honen presidente Mao Zedong bilakatu zen. Aldi batera, Txinako Alderdi Komunista alderdi bakar izendatuko zuen Konstituzioa ezarri zen[5].

Aurrerako Jauzi Handia

Aurrerako Jauzi Handia Mao Zedong-en gobernuaren aldian (zehatzago, 1958-1961 artean) ezarritako neurri ekonomiko, sozial eta politikoen kanpaina izan zen, industrializazio eta kolektibizazio arinen bidez nekazaritza oinarri zuen sistema ekonomikoa iraultzea xede izan zuena. Maoren helburua ekonomia txinatarra sobietar komunismoak zuen eredu-ekonomikoan oinarrituz aldatzea izan zen. Nekazal munduan bultzatu ziren aldaketa nagusiak herri-komunak sortzea, nekazaritza pribatua debekatzea eta bi hankarekin oinez proiektua (enpresa txiki eta ertainak maila handiko enpresa-sorkuntzekin konbinatzen zituena) abian jartzea izan ziren[6].

Aurrerako Jauzi Handiak SESBen historiako zenbait elementu hartu zituen, horrela eredu txinatar berria sortzeko. Horren adibide kolektibizazioak eta herri-guardia (1959an Nikita Jruschov-ek sortua), beregainak ziren komunak eta industria arina azpiegitura handien proiektuekin bateratzea jomuga zuen Txinako berezko politika konbinatzea izan zen. Txinatarren ustez, kolektibizazioaren eta masa-lanaren bidez, Txinaren altzairu produkzioak Britania Handiarena gaindituko zuen hamabost urteren buruan.

Herri Errepublikaren lehen urteetan Gobernu txinatarrak modu arrakastatsuan burutu zituen eskualde gehienetako nekazaritza-erreformak. Erreforma horri esker, 300 milioi nekazari inguru nekazaritzarako erabiliak ziren 47 milioi lur-hektarearen jabe bilakatu ziren.

Aurrerako Jauzi Handian altzairua fabrikatzeko «atzeko patioko labea», tokiko ingurumena kaltetu zuena.

Henan-go probintzian komuna esperimental bat sortu zen 1958an, eta handik gutxira, eredu hori herrialde osora zabaldu zen. Komunak modu masiboan jartzen hasi ziren, eta landa-eremu eta hirietako milioika pertsonaren zereginak indarrean aldatuak izan ziren industrializazioaren irudi zen produktu bakarra ekoiztu zezaten: altzairua. Gutxi gora behera, 1958an 25.000 komuna sortu zituzten, bakoitzak 5.000 familia barne-hartzen zituelarik.

Gobernu txinatarraren asmoa herrialdea industrializatzea eta nekazaritza-produkzioa masa-lanaren bidez handitzea zen, makineria astuna inportatzea ekiditeko. Ondoriorik ikusgarriena komuna bakoitzeko etxeetako patioetan labe-garai txikiak eraikitzea izan zen. 1958an, aipatutako labe-garai hauetako milioi bat zegoen Txinan. Lantegi, ospitale eta eskoletan ere, langileek haien lanpostuak utzi behar izaten zituzten ordu batzuetan zehar altzairua ekoizteko. Aldi berean, nekazariak derrigorrezko kolektibizaziora behartuak ziren, SESBen 1934ean egin zen antzeko modura.

Nahiz eta propaganda ofizialak beste zerbait zioen, etxeetako labeetan egindako altzairua ez zen kalitate onekoa, ekoizpen-prozesuan zehar nahasten ziren metal ezberdinak zirela medio. Gainera, agintariak ez ziren baserritarrei metala nola urtzen zen azaltzeaz arduratu, eta horrek, altzairuaren kalitate txarra eragiten zuen.

Kolektibizazio masiboaren ondorioz nekazari askok ondasun pribatuak galdu zituzten, gobernu txinatarrak iraultzaren aurkako zen indibidualismoa ezabatzeko zuen nahiak eragina. Era berean, nekazaritza-produkzioa boskoizteko asmoak lan-esplotazio egoeran bizitzera behartu zituen komunetako baserritar asko. Bestalde, kolektibizazioak landa-munduko ohitura asko desagerrarazi zituen; besteak beste: herrietako merkatu txikiak, ezkontza tradizionalak, ondasunen hartu-emanak, e.a.

Tokian tokiko agintariak ezarritako produkziora ez ailegatzekotan Alderdi Komunistak burutu zezakeen errepresioaren beldur zirenez, datuak aldatzen zituzten Pekineko gobernua gogobetetzeko. Manipulazio horren zorigaiztoko ondorio izan zen Maoren gobernuak kuota gero eta handiagoak ezarri zizkielako nekazal-komunei. Geroztik, nekazariek janari kopuru handiagoak eman behar zituztenez, askotan ez zuten euren biziraupenerako ere izaten.

Bost Urteko Lehen Plana

Mao Zedong

Bost urteko lehen plana, 1953tik 1957ra bitartean, Txinan garatu zen, Sobietar Batasunaren (SESB) garapen zentralizatuaren eredua sustatzeko. Txinako Herri Errepublika sortu berriak Estatuak produkzio-prozesuan parte hartzea sustatu zuen. Industria pribatuak nazionalizatu zituen, eta ahalegin berezia egin zuen landa-laneko indarrak ustiatzeko. Epe horretan jabetza kolektiboa ezarri zen, jabetza pribatua ordezkatuz. Bi nazioen artean ere azpiegitura-planak egin ziren. Geroago, 1950eko hamarkadan, Txina eta SESBen arteko harremanak gutxitzen joan ziren[7].

Bost Urteko Bigarren Plana

SESBekiko harremanak hautsi ondoren, Alderdi Komunistak bosturteko plan berria onartu zuen, Mao Zedong liderrak sustatua. Hark adierazi zuen bere helburu nagusia lan-metodoetan aurrerapena lortzea zela, baldintza politiko aldakorren beharretara egokitzeko. Planaren lerratze eta helburuak Lan Metodoei buruzko Hirurogei Artikuluetan (1958) garatu ziren. Hiru metodo garrantzitsu hauek ezarri ziren: plangintza orokorra, aldizkako ikuskapena eta urteko berrikuspenak eta konparazioak.

Hala ere, Alderdi Komunistaren asmoak anbizio handiko helburuak planteatzera eraman zuen, unean uneko Txinako ekonomia kontutan izan gabe. Burdinaren eta artisau-altzairuaren ekoizpena sustatu zen. Horren ondorioz, nekazari askok nekazaritza utzi eta kanpainarekin bat egin zuten. Proiektu horietarako epeak oso laburrak ziren, eta, ondorioz, ez zen eraginkortasunez lan egiten Alderdi Komunistaren epeak betetzeko. Nekazariek uzta garai garrantzitsuetan utzi zituzten haien lurrak eta ureztatze ez-eraginkorraren azpiegiturak uholdeak eragin zituen landaketetan[7].

Ondorioak

Sakontzeko, irakurri: «Txinako Gosete Handia»

Aipatutako aldaketa horiek guztiek hainbat ondorio izan arren, ondorio garrantzitsuena 1958 eta 1962. urte bitarteko gosete handia izan zen, batez ere nekazaritza eremuetan.

Komuna popularren jangela. Esloganak hau dio: “Doan jan gogor lan egin”

Hasieran, martxan jarritako komunek eragin positiboa eduki zuten urte horretako klima onaren ondorioz. Hala ere, 1958ko udazkenean uzta ez zen guztiz jaso 100 milioi nekazari beste proiektu batzuk egitera behartu zituztelako, esaterako, altzairuaren ekoizpena edo presen eraikuntza. Horren ondorioz, garauaren ekoizpenerako lur asko utzi behar izan zituzten askok. Horretaz aparte, SESB baino aurrerago jarri nahian komunismoaren bidean garauaren inportazioa moztu eta esportatzen hasi zen Txina[8].

1959an hasi ziren gosetearen lehen hildakoak agertzen, baina Maok talde sozial batzuk bere kontrako konspirazioa hasi zutela eta horiek garaua ezkutatzen ari zirela uste zuen. Horrela, 1959an uzta aurreko urtearekin konparatuz 30 milioi tona gutxitu arren, garau kantitate gehiago konfiskatu zieten nekazariei horrela Aurrerako Salto Handiaren helburuak lortzeko asmoz. 1960an etorri zen gosetearen etaparik gogorrena, baina Maok bere kontrako konspirazioa zela pentsatzen segitzen zuen. 1961ean Maok bere kargua utzi behar izan zuen bere partiduko oposizioak esku hartzea erabaki baitzuen, kolapsoa ekiditeko asmoarekin. Oposizioko kide nagusiak Liu Shaoqi, Deng Xiaoping eta ChenYun izan ziren, eta horiek, Aurrerako Jauzi Handiari bukaera eman eta partzela familiarren sistema pribatu zaharrera bueltatu ziren. Horrez gain, hainbat erreforma egin ziren, esaterako, komunetako sukalde kolektiboak kentzea eta herriko merkatu txiki pribatuen itzulera. Aldaketa horien ondorioz, 1962an amaitu zen Gosete Handia.[8]

1980ko hamarkadara arte Txinako gobernuak garai horri “hondamendi-naturalen hiru urteak” deitzen zion, izan ere, hondamendu naturalak gosetearen errudunetako batzuk izan ziren arren, gobernuak ez zuen nahi Gosete Handia bere estatuaren kudeaketa txarragatik izan zela aitortu nahi.[9][10] Lui Shaoqik, Txinako Errepublika Popularreko bigarren presidenteak, hondamendi naturalei gosetearen %30eko erruduntasuna egotzi zien. [11][12][13][14] Izan ere, 1958ko ekainean ibai Horiak gainez egin zuen, 1960ko ekainean hurakan batek 130.000 akre (52ha) suntsitu zituen, urte berean hainbat tifoi egon ziren eta Txinaren iparraldean lehorte bat egon zen. [15] Aitzitik, fenomeno horiek normalak dira Txinako kliman, beraz, gertaera meterologiko horiek Gosete Handian eduki zuten eragina zenbatekoa izan zen erabakitzeko garaian ezadostasun handia dago.[16]

Hala ere, falta den %70a erabaki politiko okerren ondorioa izan zen Lui Shaoqiren esanetan, kolektibizazioaren eta Aurrerako Salto Handiarekin batera etorri ziren hainbat aldaketa politikoren ondorioa, hain zuzen ere; [11][12][13][14]besteak beste, nekazariak, beraien garauen ekoizpenaz aparte, altzairuaren ekoiztera derrigortzea, nekazaritza tekniken aldaketa,[17] txolarreen hilketa[18] eta komuna popularren sorrera.[19] Bestalde, gosetearen momentu txarrenean garautegi publikoetan 22 milioi tona garau zegoela deskubritu zuen Yang Jishengek, alderdi komunistako kide eta Xinhua albistegi agentzia ofizialeko erreportariak.[20]

Steven Rosefieldek dioenez, Yangen ikerketak erakutsi zuenez, Gosete Handia ez zen gosete hutsa izan, baizik eta nahita eginiko hilketa. [21]Alderdiko kideei ez zitzaien axola zenbat jende ari zen hiltzen, axola zitzaiena garaua entregatzea zen, Maok ale horiek SEBSekin zituen zorrak (1.973 biloi yuan) kitatzeko erabili nahi baitzituen. Horregatik, jendea gosez hiltzen egon arren, Maok ez zituen garautegien ateak ireki eta janari faltarik ez zegoela adierazi zuen, nekazariek garaua ezkutatzen zutela esanez.[22]

Gosete Handiaren ondorioak

Urte horietan 15-55 milioi pertsona hil ziren.[23] Datuak ez dira batere zehatzak, baina aditu batzuek diotenez 30 milioi hildakotik gora egonez gero Gosete Handia Txinan eta munduan hildakorik gehien ekarri zituen gosetea izan zen. [24] Hildako gehienak gosearen erruz hil ziren, baina gutxienez 2,5 milioi hildako soldaduek hil arte kolpatu eta torturatu zituzten edo bizirik lurperatu zituzten.[23][25]

Bestalde, nekazariek beraien etxeak bota zituzten horrekin ongarria egiteko, horrela, etxeen %30-%40a eraitsiak izan ziren. Jauzi Handiak giza historiako ondasunen suntsipen handiena ekarri zuen, Bigarren Mundu Gerrako edozein bonbardaketa kanpaina gaindituz.[26]

Horrez gain, zerealen ekoizpenaren murrizketa dramatikoak hainbat urtez jarraitu zuen, eta horrek, 1960-61ean, ekoizpenaren %15etik gorako beherakada ekarri zuen. Beherakada horren arrazoiak hondamendi naturalak eta gobernuaren politikak izan ziren.[27]

Ikus, gainera

Erreferentziak

Kanpo estekak