Legazpi

Gipuzkoako udalerria
Artikulu hau Gipuzkoako herriari buruzkoa da; beste esanahietarako, ikus «Legazpi (argipena)».

Legazpi Gipuzkoako hegoaldeko udalerri bat da, Urola Garaia eskualdean dagoena, Aizkorri mendiaren magalean, 450 metroko garaieran. 8.438 biztanle zituen 2016. urtean. Herri industriala da, batez ere burdinaren eraldaketari lotua (fabrika nagusiak: Bellota Herramientas, FPL eta GSB). Izan ere, herri honetan aspalditik jarduera garrantzitsua izan da burdinaren ustiaketa eta eraldaketa, eta XV. mendeko burdinola bat ere badute, berritua eta erakustaldiak egiteko maiz samar lanean jartzen dutena: Mirandaola.

Legazpi
 Gipuzkoa, Euskal Herria
Legazpiko Euskal Herria plaza, Andre Mariaren Jasokundearen eliza eta udaletxea.
Administrazioa
EstatuaEspainia
ErkidegoaEuskal Autonomia Erkidegoa
LurraldeaGipuzkoa
EskualdeaUrola Garaia
Izen ofizialaLegazpi
AlkateaKepa Urcelay Goitia
Posta kodea20230
INE kodea20051
Herritarralegazpiar
Ezizenailintxak
Kokapena
Koordenatuak43°03′18″N 2°20′06″W / 43.055°N 2.335°W / 43.055; -2.335
Map
Azalera42 km²
Garaiera400 m
Distantzia59 km Donostiara
Demografia
Biztanleria8.341 (2023)
4 (2022)
alt_left 4.144 (%49,7) (%50,7) 4.227 alt_right
Dentsitatea198,6 bizt/km²
Hazkundea
(2003-2013)[1]
-% 1,05
Zahartze tasa[1]% 9,25
Ugalkortasun tasa[1]‰ 49,59
Ekonomia
Jarduera tasa[1]% 78,87 (2011)
Genero desoreka[1]% 8,19 (2011)
Langabezia erregistratua[1]% 8,23 (2013)
Euskara
Euskaldunak[1]% 54,82 (2010)
Etxeko erabilera[2]% 43.76 (2016)
Datu gehigarriak
Sorrera1608 (juliotar egutegia)
Webguneahttps://www.legazpi.eus

Herriari buruzko lehen aipamen idatzia 1290. urtekoa da eta VII. mendeurrena ospatzeko ekitaldiak izan ziren 1990an. Seguraren menpe zegoen orduan herria eta 1608an lortu zuen independentzia.

Ilintxak: legazpiarren ezizena

Legazpiarrei ilintxak ezizenaz deritzaie, ilintxa gaizki erretako ikatz zatia omen da[3][4], hortaz ezizenak jatorria meatzaritzan luke. Horregatik Legazpiko Ilintxa Kirol Elkarteak izen hori du.

Geografia

Ingurune naturala eta klima

Legazpin jaiotzen da Zumaian itsasoratzen den Urola ibaia. Halaber, han dago Barrendiolako urtegia, eskualdea urez hornitzen duena. Legazpi mendiz inguraturik dago. Hona hemen nabarmenenak: Gorostiaga, herrian Korosti izenaz ezaguna (947 m), Haizeleku (810 m), Arrolamendi (910 m), Arranoaitz (903 m), Jentiletxe (913 m), Oregi (924 m), Otaño (860 m), Artzanburu (1.360 m) eta Andraitz (1.450 m). Azken hirurak Aizkorri mendilerrokoak dira, eta lehenengo aipatuak Satuikoak.

Klima atlantikoa izan arren, bere garaiera dela eta, Gipuzkoako batez besteko tenperaturak baino lau gradu gutxiago izaten ditu, batez ere neguan. Neguero elurteak izaten dira.

Udalerri mugakideak

Honako hauek ditu mugakide: Iparraldean, Antzuola, Urretxu eta Zumarraga; mendebaldean, Oñati; hegoaldean, Zegama eta Altzaniako Partzuergoa; eta ekialdean, Zerain, Mutiloa eta Gabiria.

Demografia

XX. mendearen bigarren erdialdeko industrializazioari esker, Legazpi herri txiki bat izatetik 10.000 biztanle izatera igaro zen 40 urtetan. Hala ere, 1970eko hamarkadako krisialdiaren ondoren biztanleak galtzen hasi zen, eta galera horrek ez du etenik izan XXI. mendearen hasieran. 2019an 8.430 biztanle zituen. Horietatik %25,52k 65 urte edo gehiago zituen. Eta atzerrian jaiotakoak %5,26 ziren.[5]

Legazpiko biztanleria

Politika

Legazpiko udaletxea.

Udal hauteskundeak

2011ko udal eta foru hauteskundeetan Bildu koalizioak gehiengo osoa eskuratu zuen, hamahiru zinegotzitik zazpi eskuratu baitzituen. Hori horrela izanik, udalean gehiengo osoa lortu zuten eta Kepa Urzelai alkate izendatu zuten.

2015eko udal hauteskundeetan, berriz, Euskal Herria Bilduk eta Eusko Alderdi Jeltzaleak berdindu egin zuten zinegotzi kopuruan, baina EAJk boto gehiago jaso zituen. Bigarren alderdi horretako Koldobide Olabide hautatu zuten alkate[6], bere taldearen botoei esker. Euskal Herria Bilduk eta Irabazik bakoitzak bere hautagaiari eman zion botoa, eta PSE-EEko zinegotziek zuri bozkatu zuten.

2019ko udal hauteskundeetan hauek izan ziren emaitzak: EAJk 2.018 boto. EH Bilduk 1.783 boto. PSE-EEk 628 boto. Podemos-IU-EQUOk 329 boto. PPk 53 boto.[7] Koldobike Olabide aukeratu zuten berriro alkate.[8]

Legazpiko udalbatza

Alderdia

2015

2019

ZinegotziakBoto kopuruaZinegotziakBoto kopurua
Euzko Alderdi Jeltzalea (EAJ)
5 / 13
1.905 (% 39,95)
6 / 13
2.018 (% 41,95)
Euskal Herria Bildu
5 / 13
1.711 (% 35,89)
5 / 13
1.783 (% 37,06)
Euskadiko Alderdi Sozialista (PSE-EE(PSOE))
2 / 13
643 (% 13,49)
1 / 13
628 (% 13,05)
Irabazi -> Ahal Dugu
1 / 13
404 (% 8,47)
1 / 13
329 (% 6,84)
Datuen iturria: Hauteskundeen emaitzak euskadi.eus webgunean
Grafiko hau ezin da une honetan ikusi, software arazo bat dela eta. Lanean ari gara ahalik eta lasterren grafikoak berriro erakutsi ahal izateko.

2023ko udal hauteskundeetan hauek izan ziren emaitzak: EH Bilduk 1.611 boto (5 zinegotzi); EAJk 1.353 boto (5); PSE-EEk 728 boto (2); Berdeak 333 boto (1); PPk 39 boto (0).

Alkateak

LegegintzaldiaAlkateaAlderdiaOharrak
Espainiako Bigarren Errepublikaren garaian
1931-1932Daniel Aranguren MendizabalNazionalistaZerrenda bakarrean
1933-1933Itziar Arana IraolaKudeaketa batzordeaLehen emakumea
1933-1936Ubaldo Segura MakibarNazionalista1933ko apirilaren 23an hautatua, hauteskundez lehenengoz
Espainiako trantsizio garaian
1975-1979Prudentzio "Prontxio" Larrañaga IrizarLazkaon jaioa
Espainiako trantsizioaz geroztik
1979-1983Jose Inazio Elorza OiarzabalEAJ-PNV
1983-1987Jose Inazio Elorza OiarzabalEAJ-PNV
1987-1991Prudentzio "Prontxio" Larrañaga IrizarEusko Alkartasuna
1991-1995Jose Inazio Elorza OiarzabalEAJ-PNV
1995-1999Juan Ramon Larrañaga MerceroEusko Alkartasuna37 urterekin alkate; gazteena.
1999-2003Juan Ramon Larrañaga MerceroEusko Alkartasuna
2003-2007Juan Ramon Larrañaga MerceroEusko Alkartasuna
2007-2011Sotero Plazaola OdriozolaEAE-ANV
2011-2015Kepa Urzelai GoitiaBildu34 urterekin alkate; gazteena.
2015-2019Koldobike Olabide HuelgaEAJ-PNVEspainiako transizioaren osteko lehen emakumea.
2019-2023Koldobike Olabide HuelgaEAJ-PNV
2023-Eric Gálvez ÁlvarezEAJ-PNVTransiziotik, bozkatuena ez den lehen alkatea, PSEren babesaz; bozkatuena Edurne Gonzalez Elortza (EH Bildu) izan zen.

Ekonomia

2017an honela banatzen ziren sektore ekonomikoak herrian: Lehen sektorea BEGaren %0,5. Bigarren sektorea %58,5. Hirugarren sektorea %36,3. Eraikuntza %4,8.[5]

Azpiegiturak

Garraiobideak

Renferen Madril-Irun trenbideak udalerria zeharkatzen du. Eta, trenbide horren barruan, C-1 Irun-Donostia-Brinkola lineako trenek bi geltoki dituzte udalerrian: Legazpiko hirigunekoa eta Brinkola auzokoa.

Kultura

  • Kultur etxea[9]. Bertan daude KZ gunea[10], liburutegia eta erakusketa aretoa. Bilera gelak, ikastaro gelak eta aretoa ere baditu.
  • Latxartegi aretoa. Bertan egiten dira antzerkiak, kontzertuak, zine-kluba...[11]
  • Lenbur museoa: Burdingintzak Erdi Arotik behintzat herrian duen tradizio sendoa baliatuz, Lenbur (Legazpi Natura eta Burdina) egitasmoa atera zuten aurrera 1992an. Hiru gune nagusi biltzen ditu: Mirandaola burdinola (aspaldi zaharberritu zuten, eta igandero martxan ikusi daiteke, duela sei mende bezala), Mirandaolako baseliza eta Euskal Herriko Burdinaren Museoa.[12] Langileen Ibilbidea deritzana ere erakusten du (50 hamarkadako bizimoduaren berri emanaz), artzaintza, ogia eta erlezaintzan dabiltzan baserriak eta Txillida lantokia ere erakusten du. Izan ere, Txillidaren Haizearen orraziaren fundizio lanak Legazpin burutu ziren. Hori dela eta, Jabondoko iturri inguruan (Artzanburu mendiaren magalean), Haizearen orraziaren itxurako maketa txiki bat badago.
  • Gaztetxea[13]
  • Bikuñako musika lokalak[14]

Hezkuntza

  • San Juan haurreskola[15]
  • Itxaropena haurreskola[15]
  • Haztegi ikastola[16]
  • Domingo Agirre eskola publikoa[16]
  • Olazabal institutua[16]
  • Helduen Hezkuntza[16]
  • CEIDA - Ingurugela[16]
  • Musika eskola[17]
  • Udal euskaltegia[18][19]

Gizarte zerbitzuak

  • Gizarte zentroa. Nagusientzako aisialdi eskaintza dauka.[20]
  • Eguneko zentroa.[21]
  • Zaharren egoitza.[22]
  • Meazti nagusien egoitza.[23]
  • Lanbide.[24]

Kultura

Euskara

Legazpiko hiztunen testigantzekin osatutako bideoa, Euskal Herriko Ahotsak[25] proiekturako egina, ahozko ondarea jaso eta zabaltzeko.
Sakontzeko, irakurri: «Goierriko hizkera»

Erdialdeko euskararen barruan, Goierriko euskara[26][27] da Legazpikoa. Urolaldeko hizkerarekin batera Sartaldeko azpieuskalkia osatzen du Goierrikoak. Batasun eta nortasun handikoa da Goierriko euskara; hala ere, haren barruan, mendebaleko euskararen eragin handiena jaso duena da Legazpiko euskara, euskalki horrekin muga egiten baitu mendebaldean: Oñatiko euskara mendebaldeko euskalkikoa da, izan ere.[28]

2016an herritarren %60,77 euskalduna zen.[5]

Euskal prentsa

Legazpin sortuak dira XX. mende amaieran gisakoetan aitzindari izan ziren bi mugimendu: hots aldizkaria, literatur arloan eta Ene Bada! aldizkaria, herri prentsan.

Jaiak

Festa nagusiak Santikutzak dira (maiatzaren 3an). Txirrindulari afizionatuen Santikutz Klasikoa jokatzen da. 2013an 80. urtemuga bete zuen, Telleriarteko Txirrindulari Elkarteak antolatuta.

Beste festa eta ospakizun batzuk: Santikutz Txiki edo Agorreko Santikutzak (iraila), Santa Ageda, Inauteriak, Legazpiko Oilar Jokoa, San Juanak, San Inazio, Egialdeko jaiak, Artzain eguna, San Nikolas, Brinkolako San Agustin jaiak ...

Legazpiko ereserkia

Hauek dira Legazpiko ereserkiaren hitzak:[29]

«

Aizkorriren itzalpean, Urola ibaiak bustiz, harrotuz jaio zera, Legazpi, gure herria.

Sshu klan sshu klan klan.

Ibaitik zeharrolak, mendietan haizeolak, olagizon, lurra, gure harroa, Mirandaola.

Santikutzak babesten gaitu legazpiar guztiok. Gerora begira gu itxaropenez eta ilusioz.

Legazpimendi tartean sarturik Euskal Herriko gurutzean, jende jatorra zabalean, gora Legazpi!

»

Ondasun nabarmenak

Legazpiko Andre Mariaren Jasokundearen eliza.
Mirandaola: burdinola eta Santikutz baseliza.

Legazpiar ospetsuak

Bidezko Merkataritzaren aldeko hiria

2013ko azaroaren 8an, Emaus Gizarte Fundazioak bidezko merkataritzaren aldeko hiria izendatu zuen; Gipuzkoako lehen udalerria izan zen Legazpi. Mundu osoan izendapen hori 1.100 hirik baino ez dute. Udalerriko eragileek (dendak, ikastetxeak, elkarteak, enpresak eta udala) elkarrekin lan egiten dute, bidezko merkataritza bultzatzeko.

Argazki galeria


Erreferentziak

Kanpo estekak

Euskarazko Wikipedian bada atari bat, gai hau duena:
Gipuzkoa