Kupula

Kupula gehienetan esfera erdiko itxura duen ganga da[1]. Gutxi batzuetan gopoil[2] ere esaten zaio. Itxura eliptikoa edo poligonala ere izan dezake, eta gehienetan lau petxina edo danbor baten gainean eusten da. Goialdean, ohiko itxuraz gain, lanterna bat edo okulu bat ere izan dezake.

Santa Maria del Fiore elizaren kupula, Filippo Brunelleschi arkitektoarena, Florentzian.
Loiolako santutegiko basilikaren kupula, Carlo Fontana arkitektoarena, Azpeitian.

Kupulek arkitektura historia handia dute, historiaurretik luzatzen dena, eta lurra, elurra, harria, zura, adreilua, hormigoia, metala, beira eta plastikoa oinarri hartuta eraiki dira mendeetan zehar. Kupulekin lotutako sinbolismoak barnean hartzen ditu tradizio zerutiarrak, hiletakoak eta gobernukoak, denborarekin garatuz joan direnak horiekin batera.

Antzinako Mesopotamian aurkitu dira kupulak, eta horrek azal dezake formaren hedapen zabal eta goiztiarra. Antzinako munduko persiar, helenistiko, erromatar eta txinatar arkitekturan aurkitzen dira Antzinaroan, baita herri indigenen eraikuntza tradizional garaikide batzuetan ere. Kupuladun egiturak ohikoak ziren bizantziar eta islamdar arkitekturan, eta Mendebaldeko Europako adibide ugari daude Erdi Aroan. Pizkundetar arkitekturan ere erruz erabilia, estiloarekin batera hedatu zen Aro Modernoan Europa osora eta gero Mundura. Matematikan, materialetan eta ekoizpen-tekniketan izandako aurrerapenek, kupula mota berriak sortu zituzten. Mundu Modernoko kupulak aurki daitezke eraikin erlijiosoetan, ganbera legegileetan, kirol estadioetan eta hainbat egitura funtzionaletan.

Hitza

Kupula hitza italierazko cupola hitzetik dator, latinezko cupella eta grezierazko κύπελλον, kupellon hitzetik, "katilu txikia" esan nahi duena (kupa = kopa edo katilua). Hitza, beraz, estalki honen forma bereizgarriarekin lotzen da, azpikoz gora dagoen katilu batena.

Euskaraz, gopoil ere erabiltzen da Iparraldean, baina gutxi[2], jatorri etimologiko bera duena.

Ezaugarriak

Ganga generikoarekin duen ezberdintasun konstruktiboa da kupulan bulkadak berdinak direla bere abioaren perimetro osoan[3].

Osagaiak

Kupula eusten duen oinarria, horma jarraituz edo arkuz osatua izan daiteke. Oinarria zilindrikoa denean, espazioaren estaldura kupula sinple baten bidez eraiki daiteke. Kupularen oinarriaren eta basamentuaren forma karratu edo poligonalaren arteko trantsizioa ebazteko, sarritan tronpak edo petxinak bezalako trantsizio-elementuak erabili ohi dira. Kupularen eta trantsizio-elementuen artean, danbor zilindriko edo zinborio bat jartzen da, normalean leihoekin zulatua, barruko espazioa argiztatzea ahalbidetzen duelarik. Argiztapena goiko lanterna baten bidez ere osa daiteke; linterna hori kanpotik ikus daiteke, multzoaren gailurreko elementu formal gisa.

Eraikuntza

Benetako kupulak ziriharri edo dobela izeneko piezez osatuta daude, goiko giltzarri batekin zeinak esfortzuak arku edo ganga batean bezala orekatzen dituena, baina hiru dimentsiotan. Kanpoko argiari bide ematen dion okulu zenitala ahalbidetzeko, edo helburu bera duen lanterna batentzako, giltzarriaren ordez konpresio-indarrak eusten dituen uztai bat jar daiteke. Goiko uztai hau, sarri, dobeladun arku oso bat (boribil osoa) da, baina antzina brontzezkoa zen, egonkortasuna eta iraunkortasuna ziurtatzeko (Agriparen Panteoian esaterako).

Historia

Kupula garrantzi handiko elementua izan da arkitekturaren historian. Historiaurretik, hainbat materialez egindako arkuak eraiki izan dira Ekialde Hurbilean, kupularen aurrekariak direnak. 64ko Erromako Sute Handiaren ostean, etxeko arkitekturan kupulak eraikitzen hasi zen, Neronen Domus Aurea jauregian. Hainbat monumentu eraikitzeko erabili izan da, hala nola Erromako Panteoian (I. mendekoa). Erromaren eraginez, Bizantziar Inperioan (Hagia Sofia eliza, VI. mendekoa) eta Islamdar arkitekturan (Arrokaren Kupula, VII. mendea) ere erruz erabili izan da. Panteoiko kupula antzeratuz, Brunelleschik Santa Maria del Fiore katedralaren kupula eraiki zuen, Florentzian. Michelangelok ere San Petri Vatikanokoaren kupula eraiki zuen. Erromako eta Florentziako adibide hauek eragin handia izan zuten Europako eta Ipar Amerikako arkitekturan, Pizkundetik, Barroko eta Neoklasizismoa arte. Islamaren munduan, kupulen garai gorena XVI. eta XVIII. mende artean izan zen, otomandarrek, safavidarrek eta mogolek kupula goratuak erabili zituztenean eraikin erlijiosoei transzendentzia zerutiarra emateko asmoz. Garai honetako maisulanak dira, besteak beste, Sultan Ahmed meskita, Xahren meskita eta Badshahi meskita. Kupula ugarik, batez ere pizkundetar eta barrokoek, lanterna izeneko egituratxo bat daukate gailurrean, aireztapena ahalbidetu eta argia sartzen uzteko. Egituratxo hau bizantziar arkitekturan sortu zen, eta mendeetan zehar dekorazio elementu garrantzitsu bihurtu dira.

Euskal Herrian ezaguna da Loiolako santutegiko basilikaren kupula, barroko erromatarreko estiloan, Carlo Fontana arkitekto italiarrak diseinatua eta, besteak beste, Inazio Iberok eraikia.

Hastapenak

Zibilizazioaren hastapenetatik kupula izunak eraiki izan dira material ezberdinekin, horietako asko oraindik ere darabiltenak adibidez Asia erdialdeko yurtak, inuiten igluak, Italia hegoaldeko trulli eta Sardiniako nuraghi delakoak. Forma angeluzuzeneko gelen erabilera gero eta handiagoarekin, estalki mota hau, hil-arkitekturara mugatuta geratu zen, adibidez, tholos hilobietan. Tholos garrantzitsuenetako bat, Atreoren altxorra da, Mizenasen (K.a. 1250 inguru). 145 metroko diametroa duen kupula fizun bat eratzen duen arkitrabe-harrizko eraikina da. Kupularen erabilera, hala ere, ez zen oso ohikoa izan Antzinako Grezian, eta Erromatar Inperioa arte ez ziren hasi kupulak eraikitzen.

Erromatar Inperioa

Agriparen Panteoiaren ebaketa (Erroma).

Erromatar Inperioan askoz maizago erabili zen kupula. Multzo termal eta jauregi erromatar handienek kupulak izan zituzten estalki bezala. Erromako kupulen eraikuntzaren gailurra Agriparen Panteoia izan zen, teknika tradizionalekin inoiz gainditu ez den argi libre batekin, eta, hori lortzeko, altzairua edo hormigoi armatua erabili behar izan zen egituran.

Panteoiaren kupula esferaerdikoa da, hormigoiz osatua, toba txintxorrekin eta eskoria bolkanikoarekin. Kupularen kanpoaldea opera latericia apareiluarekin gaineztatu zen. Adreilu bipedalak (60x60x7 cm inguru) ere erabili ziren geruza horizontaletan, eraztun gisa[4]. Bere garaian eraikitako kupularik handiena da, bere diametroa 43,44 m delarik, barnealdea argiz betetzen duen 8,9 metroko okulu zabal batez koroatua. Egitura-egonkortasuna hormigoia erabiliz lortu zen, adreiluz estalia, erromatar arkitekturaren ezaugarria dena, eta bere pisua arintzeko zenbait teknika erabiliz, kupularen lodiera pixkanaka murriztuz edo trabertinoa pumitaz (apar harriz) ordezkatuz goialdean.

Eraikinaren barnean esfera perfektu bat inskriba daiteke, zerua irudikatzen duena. Gainera, balio sinboliko batzuekin batera, batez ere ikuspuntu gnomiko, geometriko eta mekanikoak, ondorengo arkitekto belaunaldiei eredu bezala balio izan dietenak. Erromatar kupula eta bere deribatu paleokristaua, ia beti zilindro-formako edo oinarri karratuko, oktogonal edo dodekagonaleko prismadun zinborio baten gainean eraiki ziren.

Bizantziar Inperioa

Santa Sofiaren kupula (Istanbulen), 532 eta 537 artean eraikia.

Bizantziar Inperioan, erromatarren gaitasun teknologikoaren oinordekoa zena, kupulen eraikuntza teknikak, kubo baten gainean egitura inposatzea lortu arte eboluzionatu zuen, trantsizioko elementu arkitektonikoak erabiliz, petxina kasu, tronpan eratorriko zena, arkitektura erromanikoan ohikoa den ganga koniko bat.

Garaiko adibide nagusia Άγια Σοφία da, Konstantinoplako Santa Sofia eliza, gaur egun Istanbulen dagoena, VI. mendean eraikia Justiniano I.a enperadorearen erregealdian. Eliza, 77x71 metroko espazio angeluzuzen bat da. Erdiko kupulak 31,87 metroko diametroa eta 56,60 metroko garaiera ditu. Ez du zinboriorik, eta leihoen bidez banatutako lau petxina eta berrogei hormabular perimetraletan bermatzen da. Kupulaerdi batzuekin batera, eta argi-jokoaren eta arte bizantziarraren mosaiko tipikoen arteko barne-konbinazioa gehituta, grabitate eta materialtasun ezaren sentsazioa ematen dute, eta hori, hainbat bidetatik, hurrengo mendeetako arkitektura sakratuaren etengabeko bilaketa bihurtuko zen.

Garaiko beste eraikin nabarmen bat San Vitale di Ravenna eliza da, 547an sagaratua, oinarri oktogonal bat eratzen duten pilastren gainean 16 m diametroko kupuladun oinplano zentrala duena. Sant'Apollinare in Classe eta Sant'Apollinare Nuovo elizekin batera, Italiako Antzinate Berantiarreko monumentu talderik garrantzitsuena da, guztiak, Honorio enperadoreak Ravenna 402an Mendebaldeko Erromatar Inperioaren hiriburu izendatu zuenetik eraikiak. Aldi berean, 1453an otomandarrek Konstantinopla konkistatu zutenean, Santa Sofia mundu islamdarreko meskitentzako eraikin eredugarria izatera pasa zen.

Mundu islamikoa

Arrokaren Kupularen ebaketa.

Kupula, zutabearen eta arkuarekin batera, islamdar artearen elementu arkitektoniko nagusia izan zen. Erromatik jarauntsi zuen, eboluzio paleokristau eta bizantziarraren bidez, zeruko gangaren esanahi kosmologikoa, oro har biziaren zuhaitzaren barneko apaindura-motiboarekin osatua, alderantzikatua irudikatzen duena lurraren eta paradisuaren arteko simetria perfektuaren sineskera.

Adibide garrantzitsu eta goiztiarrenetako bat, Arrokaren Kupula da, Jerusalemen, Abd al-Malik bederatzigarren kalifak eraikia 687 eta 691 bitartean, Mahoma paradisura igo zela uste den arroka estaliz. Kupula, 21,37 metroko diametroarekin, oinarri oktogonalerako trantsizio gisa balio duen danbor zilindriko baten gainean dago. Oktogonoaren erpin bakoitza puntu kardinalen arabera orientatuta dago, eta estradosa kobrezko xafla leundu eta urreztatuz estalia dago, eguzki izpiak islatzean Jerusalemgo eraikin ederrenetakoa bihurtuz. Eraikuntzaren ikuspuntutik, harriaren ordez zurrez egina izateagatik bereizten da, siriar zurgintzaren tradizioan kontserbatzen den adibide bakanetako bat delarik. Nabarmendu beharreko beste ezaugarria, geruza bikoitzeko kupularen lehen adibideetako bat izan zela da, Brunelleschik Santa Maria del Fioren berreskuratuko zuen sistema, baina adreiluzko ziriharrien bidez. Kanpoko kupulak arku goratuaren profila duen bitartean, intradosa, bizitzaren zuhaitzaren motiboekin biziki apaindua dagoena, guztiz hemisferikoa da.

Kupula ortodoxoak

San Basilio katedralaren erraboil-kupulak.

Errusiar Eliza Ortodoxoen ohiko erraboil-kupulak berezko asmakizuna da[5], mongoliar aurreko eraginetatik abiatuta, XII. mendetik aurrerako eraikuntza adibideekin (Interzesioaren eliza Nerl ertzean 1165eko eta Pereslavl-Zaleskiko katedrala 1152-57koa), Mogol arkitekturak eta islamak Asian zabaldutako estiloaren lehen adibideak XV. mendekoak diren bitartean. Antzinako eliza errusiarretan, bereziki Kiev antzinako hiriburuan, kupulek bizantziar estiloaren eredu esferikoa jarraitzen zuten bitartean, ondorengo eraikinek erraboil-kupulaak erabiltzen hasi ziren, klima nordikoan elurrik ez pilatzeko modu bereziki baliagarria. Eragin ortodoxoa persiar arkitekturari eta ekialdeko eskualdeei transmititu zitzaien, 1630ean eraikitako Taj Mahalaren kupula ikonikoek frogatzen duten bezala.

Adibiderik ezagunena San Basilio katedrala da, 1555 eta 1561 bitartean Moskun eraikia Ivan Izugarriaren aginduz, Kazango khanerriko konkista ospatzeko. Guztira hamar dorrek koroatzen dute, erraboil-kupulekin, eta katedrala sortu zenetik Moskuko ikur bat izan da, ekialdearen eta mendebaldearen arteko sintesigune bezala.

Erdi Aroa eta Pizkundea Europa mendebaldean

Santa Maria del Fiore katedralaren ebaketa (Florentzia).

Erdi Aroan, mendebaldeko Europan, kupula handiak eraikitzeko gaitasuna pixkanaka galdu zen, batez ere aldamio gero eta garaiagoak eta erresistenteagoak eraikitzeak zekartzan zailtasun teknikoengatik, eraikitzen ari zen kupula giltzarriaz "itxi" arte jasateko modu bezala. Hala ere, tamaina txiki eta ertaineko kupulak eraikitzen jarraitu zen, bereziki eraikin ospetsuenetan, hala nola, jauregi-kaperetan eta katedraletan. Gurutzaden garaian Jerusalemgo Hilobi Santuaren basilika berreraiki zen, musulmanekiko gerran suntsitua, kupula ateburudun enpiriko baten bidez. Kristautasunaren erdigune horren eraginak Europako hainbat hiritan ugaltzea ekarri zuen. Kupula zaharrenetako bat Pisako Bataiotegian dago, XI. mendekoa. Milurtekoaren ondoren gertatutako hiri-garapen garrantzitsuari esker, teknika hori azkar zabaldu zen eta, ondorioz, gangadun eta kupuladun eraikinak egin ziren berriro.

Gero eta eraikin handiagoak, garaiagoak eta handizaleagoak sortzeko lehian, Florentzian Santa Maria del Fiore katedrala eraikitzen hasi ziren eta hasieratik absideak kupula handi baten bidez koroatzea aurreikusi zen. Francesco Talenti arkitektoak XIV. mendean katedralaren oinplanoa handitu zuenean, inork ez zekien nola eraiki proiektuan ordura arteko kupularik handiena zena. Filippo Brunelleschi izan zen, XV. mendearen lehen erdian, erromatar arkitektura aztertu ondoren, barne aldamioak erabiltzea saihesten zuen irtenbide bat diseinatu zuena. Konponbidea, bi kupula eraikitzea izan zen, bata bestearen barruan, bata besteari eusten zirenak begi-bistako sendogarrien bidez. Eraikuntza sistema hau, lehen aldiz, Iranen agertu zen XIV. mendean Soltaniyehko kupulan, 1302 eta 1312 artean eraikia Soltaniyeh hirian, Egiptora mende beraren erdialdean pasatuz.

Brunelleschiren konponbidea Michelangeloren inspirazio zuzena izan zen, Pizkunde Berantiarreko proiekturik garrantzitsuenaren kupula diseinatu behar izan zuenean, Vatikano Hiriko San Petri basilika. Kupula biribil handi bat sortu zuen, Erroma eta kristautasun guztia menderatzen zituena. Saihets sendoek egituraren pisua deskargatzen dute, kanpoko oskolaren eta intradosaren forma eta bolumena hobeto kontrolatuz. Estradosa pixka bat handituta dago, txarrantxatze apur bat hiperbolikoekin, eraikinaren goranzko lerroak agerian utziz.

Barrokoa eta neoklasizismoa

Londresko San Paulo katedralaren kupuluaren ebaketa, Christopher Wren arkitektoarena (1676).

Europa iparraldean dauden kupula barroko nabarmenenak Parisen eta Londresen eraiki zituzten. Jules Hardouin-Mansartek 1670ean diseinatu zuen Saint-Louis-des-Invalides eliza, Parisko Hôtel des Invalides, Luis XIV.aren enkarguz. Bere kupula, 24 metroko diametrokoa, bi zinborio garairen gainean altxatzen da, leiho handiek zulatuak, argiz distiratzen duen barnealdea ahalbidetzen dutenak. Londresko San Paulo katedralaren kupulak (1676), Christopher Wren arkitektoarena, barne kupula hemisferiko bat du, 30,8 metrokoa, harlangaitzezko egitura koniko bat lanterna garai baten euskarri bezala, eta kanpoko kupula mehe bat zurezko egituraren gainean.

Testuinguru neoklasikoan, Madrilgo San Frantzisko Handiaren kupulak (Francisco Cabezas, Antonio Plo eta Francesco Sabatini, 1761-1770) 33 metroko diametroa du. Parisko Panteoiarena, Jacques-Germain Soufflot arkitektoarena (1774-1790), 27 metro. Frantzia iraultzailean bezala, non Panteoia helburu zibiko bati dedikatuko ziona (gizon-emakume ospetsuen lurperatzea), berriki independentzia lortutako Estatu Batuetan kupulak demokraziaren ikur instituzional bihurtu ziren, Washingtongo Kapitolioa kasu William Thorntonek egindako diseinutik abiatuta. Altzairuz indartutako kupula 1863an osatu zen, 27,4 metroko diametroa du eta Estatu Batuetako lurralde osoko estatu-eraikin ugarirentzat inspirazio iturri izan zen.

XX. mendea

XX. mendeko garapen teknologikoak erabat aldatu zuen kupulen eraikuntza-irizpidea. 1930ko hamarkadan Hirugarren Reicharen garaian, Albert Speer arkitekto nagusiak Welthauptstadt Germania hiria diseinatu zuen, bere irudikapen gorena Große Halle (euskaraz "areto handia") izen zena. Egitura erraldoi bat zen, munduko kupularik handiena edo Volkshalle izango zuena, 290 metroko garaierarekin, bere hodei eta euri propioak izango zituela esaten zena. Baina ez zen inoiz eraiki, mundu gerra piztu baitzen. Kupula geodesikoa, 1947an Richard Buckminster Fuller arkitekto eta asmatzaile estatubatuarrak patentatu zuen, egitura oso egonkorreko hiru dimentsioko modulu arinen ondoan jartzean datzana. Adibidez, 1967an La Biosphère de Montréal eraiki zuen Montrealen, 76 metroko diametroa duen egitura. Kupula geodesikoen sorkuntza topologikoa Eulerren poliedroentzako teoreman oinarritzen da.

Pier Luigi Nervi arkitekto italiarrak 1960ko hamarkadatik aurrera hormigoi armatuzko kupulak diseinatzeko egindako berrikuntzei esker, argi handiak estali ahal izan ziren, kasetoidun lauzen eta kofratu galduen bidez. XIX. mendearen amaieratik altzairuaren teknologian izandako aurrerapen ikusgarriei esker, era berean, bitarteko euskarririk gabeko espazio handiak estali ahal izan dira, kirol estadioetan adibidez. Erabilitako sistema ohikoenak dira: tenkagailuak, hiru dimentsioko egitura erretikulatuak eta katenariak.

Motak

Hainbat dira kupula motak, itxuraren eta egituraren arabera:

  • Kupula esferiko: esfera itxurako kupula
  • Kupula beheratu edo apaldu: esfera erdia baino beheratuagoa dena
  • Kupula goratu edo zorrotz: esfera erdia baino goratuagoa dena
  • Kupula elipsoidala: oinarria elipse itxura duena.
  • Erraboil-kupula: erraboil edo tipula itxura duen kupula, gehienetan islamdar arkitekturan eta eliza ortodoxoetan erabilia
  • Petxina-kupula: petxinen gainean eraikia
  • sare-kupula: kupularen egitura sare itxura duena
  • kupula geodesiko

Diametro handienak

Taula honek diametro handienak izan dituzten kupulak sailkatzen ditu, garaika antolatuak:

GaraiaDiametroaIzenaKokapenaEgileaOharra
K.a. 1250–
K.a. I. mendea
14,5 m [6]Atreoren altxorraMizenas, GreziaMiznasko hiri-estatuaIrtenune-kupula
K.a. I. mendea–
K.a. 19
21,5 m [7]Merkurioren tenpluaBaiae, ItaliaErromatar InperioaLehen kupula monumentala[8]
K.a. 19–
II. mende hasiera
25,0 m [9]Agriparen Termak,
'Arco della Ciambella'
Erroma, ItaliaErromatar InperioaKupuladun lehen termak Erroman [9]
II. mende hasiera–
128
30,0 m [10]Trajanoren TermakErroma, ItaliaErromatar InperioaKupula erdia
128–143643,4 m [7]PanteoiaErroma, ItaliaErromatar InperioaOrain arte munduko handiena armatu gabeko hormigoiz.[11] Mendebaldeko kupula eraikuntzaren arketipoa[7][12]
1436–188145,52 mSanta Maria del FioreErroma, ItaliaFlorentziako artxibarruti katolikoaKupula oktogonala. Orain arte munduko handiena adreiluz eta morteroz eginikoa.
1881–190246,9 m [13]Devonshire Royal HospitalBuxton, Erresuma BatuaCotton Famine Relief FundArbelez estalitako burdinazkoa (Robert Rippon Duke ark.)
1902–191359,45 m [14]West Baden Springs HotelWest Baden, AEBLee Wiley SinclairAltzairuzko eta beirazkoa (Harrison Albright ark.)
1913–193065,0 m [15]Hala LudowaWrocław, PoloniaAlemaniar InperioaHormigoi armatuzkoa (Max Berg ark.)
1930–195565,8 m [16]Leipzig merkatu aretoaLeipzig, AlemaniaHormigoi armatuzkoa (Franz Dischinger ark.)
1955–1957101,5 m [17]Bojangles' ColiseumCharlotte, AEBThompson and StreetAltzairuzkoa (Odell and Associates ark.)
1957–1965109 m [18]Belgradoko feria (1. aretoa)Belgrado, SerbiaBelgradoko feriaMunduko handiena aurreatezatutako hormigoiz.
1965–1975195,5 m
(642 ft) [19][20]
Reliant AstrodomeHouston, AEBH.A. Lott, Inc.
1975–1992207 m [20]Louisiana SuperdomeNew Orleans, AEBBlount International[21]Altzairuzkoa (Nathaniel Curtis ark.)
1992–2001256.0 m [22]Georgia DomeAtlanta, Estatu BatuakBrasfield & GorrieTentsegritate egitura
2001–2009274 m [23]Ōita estadioaŌita, JaponiaKisho KurokawaSabai tolesgarria
2009–2013275 mCowboys StadiumArlington, AEBHKS, Inc.Sabai tolesgarria
2013-egun310 mSingapurko estadio nazionalaSingapurArup Associates + DPASabai tolesgarria

Ikus, gainera

Erreferentziak


Kanpo estekak