Ginea beherea edo itsasaldeko Ginea (frantsesez: Guinée Maritime), itsasertza eta kostaldeko ordokia barne; herrialdearen % 18 hartzen du. Ordokia 48-80 kilometro zabal da, estuagoa iparraldean hegoaldean baino.
Erdialdeko Ginea (frantsesez: La Moyenne-Guinée), Fouta Djalon mendigunea hartzen duena, herrialdearen % 20. Hareharrizkogoi ordokiak, ibar sakonak eta arroka igneoek eratutako gailurrak tartekatzen dira. Tamgué (1.538 metro) da mendirik garaiena.
Pigmeoak, eskualdeko lehenbiziko biztanleak, mendialdeetara eta kostaldera baztertu zituzten Nigerretik etorritako susu leinukoek. XIII. mendean, Sundiata Keitak Maliko Inperioa sortu zuen, eta susuak garaitu zituen Kirinako guduan (1235). Maliko agintaririk ospetsuena Kankan Musa I.a izan zen, 1324. urtean Mekarako erromesaldia egin zuena. XIV. mendetik aitzina, ordea, inperio horren gainbehera hasi zen. XV. mendean, Songhai Inperioa eratu zen. XVI. mendean, fulaniak, Fouta Djalonen jarri ziren bizitzen eta malinkeek, Maliko inperiokoek, Niger ibaiaren goi partea hartu zuten.
Lehenbiziko europarrak, portugaldarrak, XIV. mendean heldu ziren Gineara, esklaboen eta Sudango urrearen salerosketarako lantegiak ezartzera. XVII. mendean heldu ziren frantsesak, baina XIX. mendera arte ez zuten bizileku egonkorrik ezartzerik izan. 1890. urtean Ginea Senegaletik banandu zen, eta geroago Frantziako kolonia bihurtu (Ginea Frantsesa). 1946. urtean Frantziako herritartzat hartu zituzten ginearrak, baina 1958an bertako biztanleek Frantziako konstituzioaren kontrako botoa eman zuten eta independentzia lortu.
Ahmed Sékou Tourék, lehenbiziko lehendakariak, erregimen sozialista ezarri zuen, eta Sobietar Batasunarekin eta Txinarekin hasi zen harremanetan. 1960an ordea, bizi zuten egoera ekonomiko larriak Estatu Batuekin, Frantziarekin eta ondoko herrialdeekin harremanetan sartzera bultzatu zuen. 1984ko martxoaren 26an, Sékou Touré bat-batean hil zen Estatu Batuetan. Berehala, militar talde batek estatu kolpe bat jo eta agintea hartu zuen; apirilaren 3an, Nazio Zuzenketarako Batzorde militar bat osatu zen (CMRN), Lansana Conté koronelaren buruzagitzapean. Conték Gineako Alderdi Demokratikoa eta estatu-alderdiaren erakundeak desegin zituen, preso politiko asko askatu eta ondasunak itzuli zitzaizkien, eta nekazariek salgaietan ordaindu beharreko zergak ezabatu zituen. Alabaina, ez zen demokraziarik ezarri, eta alderdi politikoak debekatu ziren. 1985eko uztailaren 5ean, Diarra Traoré koronelak, Lansana Contéren lehen ministro izanak, estatu kolpea jo zuen; ez zuen arrakastarik izan, ordea, eta zapalkuntza latza izan zen.
1990. urtearen bukaeran, konstituzioa onartu zen, aski estua hala ere; urtebete geroago sartu zen indarrean. Alderdi aniztasuna onartu zen eta, 1993ko abenduan, presidentetzarako hauteskundeak egin ziren; Lansana Conté izan zen garaile, alde txikiarekin, ordea. Bestalde, protestak izan ziren hauteskunde garbiak izan ez zirelakoan. Hauteskunde kanpaina eta hauteskundeak berak ere bortizkeria giroan egin ziren, eta hildako asko izan zen. 1995ean egin ziren legebiltzarrerako hauteskundeak. Presidentearen alderdia, Batasunaren eta Aurrerapenaren Alderdia, irten zen garaile, baina oposizioak, emaitzarekin ez baitzegoen ados, boikota egin zien legebiltzarreko egitekoei.
1996ko otsailean, kolpe militar baten saioak gerra zibilaren arriskuan jarri zuen Ginea berriz ere. Liberiatik eta Sierra Leonatik 600.000 iheslari inguru iritsi ziren, 1997an bereziki, eta areago larritu zen berez txarra zen egoera. 1998an, istilu handiak izan ziren ostera ere hiriburuan: Konakryko auzo handi baten berrikuntza zela-eta, bertako biztanleak indarrez irtenarazi zituzten, eta matxinada bat gertatu zen; oposizioko liderrak atxilotu zituzten, eta boikota nagusitu zen berriz ere legebiltzarrean. 1998ko abenduko presidentetzarako hauteskundeetan, aurrekoan bezala, Lansana Conté izan zen garaile, eta orobat aurrekoan bezala emaitzen kontra agertu zen oposizioa. Alpha Condé oposizioko buruzagiaren atxiloketak manifestazioak eragin zituen zenbait hiritan.
2003ko bozetan ere Conté hautatu zuten presidente hirugarren aldiz. 2004an, Lounseny Fall izendatu zuten lehen ministro, baina urte hartan bertan uko egin zion karguari, AEBetan zela, Conték ez ziolako behar adina aukerarik ematen herrialdeko ekonomia salbatzeko. 2007an, greba ugariren eta manifestazioen ondoren, Conték Lansana Kouyate izendatu zuen lehen ministro. Kouyatek sindikatuen eta gizarte zibilaren babesa lortu zuen.
Lansana Conté 2008ko abenduaren 22an hil zen. Biharamunean bertan, Armadak gobernua desegin zuen, eta Konstituzioa bertan behera utzi.[5] Trantsizio epe baten ostean "hauteskunde askeak" antolatuko zituztela adierazi zuen Moussa Dadis Camarak, Junta Militarraren buruak, eta bera ez zela horietara lehiatuko. Bederatzi hilabete geroago, ordea, presidentetzarako hauteskundeetara aurkezteko asmoa zuela jakinarazi zuen. 2009ko irailaren 28an, elkarretaratze baketsu batean parte hartzen ari zirenak tirokatu zituzten indar armatuek, eta emakume andana bortxatu zituzten soldaduek. Oposizioaren arabera, gutxienez 157 lagunek bizia galdu zuten, eta 1.200 baino gehiago zauritu ziren.[6]
Ginea errepublika presidentzialista da. Errepublikako presidentea da estatuburua eta lehen ministroa gobernuburua. Parlamentuak ganbera bakarra du, Biltzar Nazionala (frantsesez: Assemblée Nationale), 114 kidez osatua.[9]
2020an 13,1 milioi biztanle inguru zituen.[10] Biztanleria oso gaztea da: 0-14 urte bitartekoak, % 41,2 dira; 15-24 urte bitartekoak, % 19,3; 25-54 urte bitartekoak, % 30,8; 55-64 urte bitartekoak, % 4,7; eta 65 urtetik gorakoak, % 3,9. Biztanle hazkundea, % 2,7 2020an, oso handia da, haur hilkortasuna izugarria bada ere: 1.000 jaioberritik 52 hiltzen dira. Bizi itxaropena 63,2 urtekoa da: 61,3 urtekoa gizonezkoena eta 65 urtekoa emakumezkoena (2020ko zenbatespenak).[9]
Alfabetizazioari dagokionez, biztanleria osoaren % 30,4 dago alfabetatua, askoz gehiago, gehienetan gertatzen den bezala, gizonezkoak (% 38,1), emakumezkoak baino (% 22,8). Osasun egoera txarra da, eta 8 sendagile baino ez dago 100.000 biztanleko (2016).[9]
Talde etniko ugari dago, baina hiru dira nagusiak: Fouta Djalon inguruko fulak % 40 dira; Ginea garaiko malinkeak % 30; eta Ginea behereko susuak % 20.[11] Ginea oihantsuko talde desberdinak erantsi behar zaizkie horiei.
Guinea munduko estaturik txiroenetarikoa da eta laguntza internazionalaren dependentzia du. Per capita errenta 937 dolarrekoa izan zen 2019an (munduko 212.a).[9] Hala ere, mendebaldeko Afrikako aberatsenetakoa da baliabide naturalei dagokienez: lurrak eta klimak askotarikoak izanik, era anitzetako gaiak landu daitezke, eta orobat dira lur egokiak azienda eta basogintzarako. Itsasoan eta ibaietan arrain asko dago. Lurpean mea hobi garrantzitsuak daude: burdina eta bauxita batez ere, eta baita kobaltoa, urrea eta diamanteak ere. Sare hidrografikoa ere guztiz egokia da, bai energia lortzeko, bai lursailak ureztatzeko. Baina baliabide horiek guztiak ez dira inondik inora behar bezala ustiatzen.
Ahmed Sékou Touré lehendakariaren agintaldian (1959-1984), diktadurapean, bakartua egon zen, kanpoko harremanik gabe ia. Nekazarientzat guztiz kaltegarria izan zen hori eta, zapalkuntza politikoa zela-eta, teknikari askok alde egin zuen. 2008an, Lansana Contéren heriotzaren osteko estatu kolpearen ondoren, Nazioarteko Diru Funtsak eta Munduko Bankuak murriztu zituzten beren garapen programak. Ezegonkortasun politikoak, lehengaien prezio apalek, ustelkeriak, eraginkortasun txikiak eta gobernuaren gardentasun ezak zailtzen dute herrialdearen hazkundea.[9]
Nekazaritzak ekartzen du BPGaren % 19,8, industriak (meatzaritzak, batez ere) % 32,1, eta zerbitzuek % 48,1 (2017ko zenbatespena). Bauxita, urrea, diamanteak eta burdin mea dira atzerriarekiko truke gai nagusiak.[9]