Uzbekistan[1], ofizialki Uzbekistango Errepublika (uzbekeraz: Oʻzbekiston Respublikasi/Ўзбекистон Респубикаси) Erdialdeko Asiako estatu itsasgabe bat da, estatu itsasgabez inguratua. Historikoki garrantzitsua izan da, Zetaren Bidean baitzegoen. Sei estatu turkiko burujabeetako bat da, eta Sobietar Batasuneko parte izan zen. Hiriburua Taxkent du.
Behiala persiar samanida dinastiakoa, eta gero Inperio Timuridokoa, XVI. mende hasieran nomada uzbekoek konkistatu zuten eskualdea: konkistatzaileak ekialdeko hizkuntza turkiko batean mintzatzen zirena Egungo Uzbekistango biztanleriaren gehiengoak jatorri uzbekoa du eta uzbekeraz mintzatzen da.
Uzbekistango ekonomia lehengaien ekoizpenean oinarritzen da, hala nola kotoia, urrea, uranioa, potasioa eta gas naturalaren ekoizpenean. Nahiz eta estatuaren helburuetako bat merkatu-ekonomia izan, Uzbekistanek kontrol ekonomiko zorrotzak ditu oraindik. Nazioarteko erakunde batzuek bertako giza-eskubideen politika kritikatu dute[2]. Uzbekistanen, biztanleriaren % 45 eguneko 1,25 dolar baino gutxiagorekin bizi da.[3]
Herrialdeak 447.000 kilometro karratu ditu. Munduko 56. estatu handiena da eta 42. populatuena.[4]EBEko estatuen artean 5. handiena eta 3. populatuena da.
Mendebaldetik ekialdera 1.425 km ditu eta iparraldetik hegoaldera, 930 km. Iparraldean eta ipar-mendebaldean Kazakhstan eta Aral itsasoa ditu, hego-mendebaldean Turkmenistan, hego-ekialdean Tadjikistan eta ipar-ekialdean Kirgizistan. Uzbekistan Asia Erdialdeko estatu handiena izateaz gain, beste lau estaturekin mugak dituen bakarra da. Gainera, Afganistanekin ere muga laburra du hegoaldean, 150 km.
Uzbekistan estatu lehor eta itsasgabea da. Liechtensteinekin batera munduko estatu itsasgabe bikoitz bakarra da, hots, estatu itsasgabez guztiz inguratua dagoena. Eremuaren % 10 baino gutxiago dira landa lurrak, batez ere ibai eta oasi ertzetan. Gainontzekoa basamortua (Kyzyl Kum) eta mendiak dira.
Gailurra Khazret Sultan mendia da, itsas mailatik 4643 metrora, Gissar mendilerroaren hegoaldean, Tadjikistango mugan. Sobietarren garaian, mendi honi Alderdi Komunistaren 22. biltzarraren tontorra izena eman zioten.[5]
Bertako klimakontinentala da, euri urrirekin (100-200 mm urteko). Udako batez besteko tenperatura handiena 40 °C da, eta neguko batez besteko txikiena -23 °C[6].
Egungo Uzbekistango lurraldeak Akemenestar Inperioko Sogdiana eta Korasmia satrapien barnean zeuden, Alexandro Handiaren konkista arte. Urteak igaro ahala, eskualdea Partiar Inperioaren eta Sasandar Inperioaren zati izan zen. Erdi Aroan, turkiar kultura gailendu zen, qaraqanidarren eskutik (IX-XII. mendeak), indartuz joa zena pertsiaren erresumaren kaltetan. Mongoliarrek eskualdea XIII. mendean menperatu zuten, Asia Erdialdeko Chagatay sortuz, nahiz eta turkiar kultura berehala indarberritu, batez ere hizkuntza eta ohituren alorrean.
Tamerlan buruzagia gailentzean, Gengis Khanen handitasuna eta konkistak berreskuratzeko asmoa zuena, Samarkanda Asiako musulman zibilizazioaren erdiguneetako bat bihurtu zen. Mongoliar jatorriko shaybanidarren boterea handitzean, XVI. mendetik aurrera herrialdeak Uzbekistan izena hartu zuen eta, mende erdialdetik aurrera, Bukhara bihurtu zen hiriburu. Horrela, XIX. mendea arte iraun zuen Bukharako khanerria eratu zen.
XIX. mendean, Errusiar Inperioa Asia Erdialdean hedatzen hasi zen. Kazakhstan eta Kirgizistan ez bezala, Uzbekistanek nolabaiteko burujabetza mantendu zuen, tsarren koroaren mendeko emirerri gisa. 1917ko Boltxebikeen Iraultzaren ostean, Errusiarekiko harremana aldatuz joan zen, azkenean Bukharako Sobietar Errepublika sortu arte, boltxebike ideologiakoa. Berehala, boltxebikeen aurkako erresistentzia batzuen ostean, Sobietar Batasuneko kide bihurtu zen.
Uzbekistan hiru motatako unitateetan banatzen da: 12 probintziatan (viloyatlar, singularrean viloyat), autonomia errepublika batean (respublika) eta hiri independente batean (shahar). Probintziak barrutitan (tuman) banatzen dira.
1992ko abenduaren 8ko konstituzioak erregimen presidentziala ezarri zuen berriki eratutako estatuan, legebiltzar batekin, 2004an biko bihurtua (Oliy Majlis eta senatua). Presidenteak indar handia du eta zazpi urterako hautatzen da, sufragio unibertsal zuzenean. Presidenteak gobernua izendatzen du, eta horrek legebiltzarraren onespena izan behar du.
Uzbekistango alderdi politiko nagusiak hauek dira: Alderdi demokrata popularra (CDP), Fidokorlar alderdi nazional demokrata (F), Nazioaren aurrerabidearen alderdia (VT) (oharra: F eta VT batu egin dira), Adolat (Justizia) (A), Pizkunde demokrata nazionalaren alderdia (MTP), Alderdi nazional-demokrata. Hala ere, ia ez dago aniztasun politikorik, alderdi guztiek Karimov presidentea zuzenean eta baldintzarik gabe babesten baitute.