Baskonizazio berantiarra

Baskonizazio berantiarra[1], baskoitze berantiarra[2], beranduko baskonizazioa edo euskalduntze berantiarra[3][4] euskaldunen eta euskararen historiari buruzko hipotesi bat da, gaur egungo zientzia komunitatean bazterrekoa dena, onarpen handirik gabea. Hipotesi horrek gaur egun dioenez, euskara Hego Euskal Herrira Goi Erdi Aroan heldu zen, jatorria Akitanian —bereziki Bigorran edo Commingesen— izan zuen migrazio baten ondorioz.[5] Lehenago, baskonizazio berantiarraren hipotesiak zioen baskoiak gaur egungo Euskal Herriko ipar-mendebaldeko lurraldeetara Goi Erdi Aroan, bereziki V. eta VI. mendeetan, heldu zirela, eta haiekin batera euskara. Hipotesi hau aldezteko, aztarna arkeologikoen, toponimiaren eta onomastikaren interpretazio jakin bat egiten da.

Akitanierazko izenak dituen estela, Bossens, Garona Garaia: SILVANO BI- / HOTARRIS F(ilio) / AMOENAE / SEMBETTENIS F(iliae) VX(ori)

Claudio Sánchez-Albornoz, Manuel Gómez-Moreno, Jürgen Untermann, Francisco Villar Liébana, Joseba Abaitua eta Héctor Iglesias historialari eta hizkuntzalariak daude hipotesi hori agertu eta aldeztu dutenen artean. Aitzitik, aurka azaldu dira Ramón Menéndez Pidal, Koldo Mitxelena,[6] Julio Caro Baroja, Jose Maria Jimeno Jurio edota Joakin Gorrotxategi.[7]

Erromatarren aurreko tribuak

Euskal tribuak erromatar garaian.

Estrabonek, Plinio Zaharrak, Pomponio Melak eta Klaudio Ptolomeok eman zuten egungo Euskal Herriaren eremuan bizi ziren herrien berri. Hala ere, egile guztiek ez zuten sailkapen berdina egin. Iparraldean akitaniarrak zeuden, Garonaraino gutxienez hedatuak eta, Estrabonen arabera, hainbat tributan banatuak. Gipuzkoaren ipar-ekialdea, Nafarroa Garaia, Errioxaren ipar-ekialdeko muturra, Jazetania eta Zaragozako Cinco Villas hartzen zituen baskoien lurraldeak. Mendebalderago, Ptolomeoren arabera, herri hauek zeuden:[8]

Garai hartan lurralde bat = hizkuntza bat binomioa ez zen beti gertatzen. Baskoien lurraldean, dirudienez, hiru hizkuntza zeuden erromatarrak iritsi zirelarik: euskararen arbasoa, zeltiberiera eta iberiera.[9] Joakin Gorrotxategiren arabera, euskararen arbasoa erabat nagusi zen iparraldeko eta mendialdeko eremuetan, eta beste bi hizkuntzak gehiago ageri ziren bakoitzaren eremu nuklearretara hurbildu ahala.[10] Akitaniarrak akitanieraz mintzatzen zirela onarturik dago,[11] eta beroiak zeltatzat jotzen dira,[12] baina ez dago adostasunik barduliarren, karistiarren eta autrigoien ahaidetasunari eta mintzairari dagokienez.[13][14]

Baskoitze berantiarraren aldeko ikertzaileek autrigoien, karistiarren eta barduliarren jatorri zelta edo indoeuroparra erabiltzen dute arrazoibide nagusi gisa. Haien ustez herri horiek zerikusi gehiago izanen zuten kantabriarrekin baskoiekin baino, hizkuntzari dagokionez batez ere, eta, horregatik defendatzen dute baskoien hedapena mendebalderantz.[15] Baskoitze haren sorburua Comminges izan zela diote, gutxi gorabehera gaur egungo Frantziako Saint-Gaudenseko barrutiarekin bat zetorren Pirinioetako eskualde bat, eta handik mendebaldera jo zuela migrazioak. Alabaina, ez da ulertzen zergatik ez zen mendebaldera baizik zabaldu migrazio hipotetiko hura, zergatik ez zuten ekialdera ere jo, edo noranahi; orobat, ez da ulertzen zergatik galdu zen euskal hizkuntza jatorrizko lurralde hartan.[5]

Aldeko eta aurkako arrazoibideak

Vascongado terminoaren erabilera

Arnaut Oihenarten Notitia utriusque Vasconiae, tum Ibericae, tum Aquitanicae.

Baskonizazio berantiarraren hipotesi klasikoaren defendatzaileen iritziz, vascongado eta bascongado terminoek frogatuko lukete baskoiek Euskal Herriaren mendebaldea, eta baita Ipar Euskal Herria ere, inbaditu zutela, alegia, lurraldea "baskoitu" zela. Izan ere, autrigoi, barduliar, beroi eta karistiar etnonimoak ez dira agertzen III. mendetik aurrerako iturrietan, eta IV. mendetik aurrera baskoi deitzen zaie lurralde horietako biztanleei. Arnaut Oihenartek proposatu zuen teoria hori Notitia utriusque Vasconiae, tum Ibericae, tum Aquitanicae liburuan (1638), XVII. mendean oso zabaldurik zegoen eusko-kantabrismoa kritikatuz. Adolf Schulten eta Claudio Sánchez-Albornoz dira tesi hori aldeztu zuten historialaririk ospetsuenak.[15]

Hala ere, gaztelaniazko vascongado terminoaren lehenbiziko lekukotasunetan garbi geratzen da ez zuela "baskonizatua" esan nahi, "euskalduna" baizik. Adiera horrekin agertzen da, esate baterako, XIII. mendeko Nafarroako Foru Orokorrean: "esta zena es clamada en los bascongados on bazendu avaria", "la cayll que dize el bascongado erret bide", eta Aiara Etxearen genealogian (1371): "e los que vinieron a poblar la tierra de Ayala, dellos eran vascongados e dellos latinados. E los vascongados llamaban a éste don Vela, Jaun Velasco; e los latinados, don Belaco".[16]

Euskal itxurako lekukotasunen urritasuna

Baskonizazio berantiarraren hipotesiak nabarmentzen du Goi Erdi Aroa baino lehenagoko Hego Euskal Herriko euskal itxurako lekukotasunak urriak eta zalantzazkoak direla. Oiasso, Pompelon eta Iturissa alde batera utzirik, iturri klasikoetan aipatzen diren toponimoak ezin dira azaldu euskararen bitartez, eta mendebaldeko gehienek hizkuntza zelten ezaugarriak dituzte.[17] Francisco Villar hizkuntzalariaren arabera, Hego Euskal Herriko onomastika zaharrak agerian uzten du hizkuntza indoeuroparrak oso antzinatik hitz egiten zirela bertan. Esate baterako, Mesolitoko indoeuropar jatorria izanen lukete Nerbioi, Deba, Urola eta Kadagua hidronimoek. Nafarroa Garaian gune "proto-euskaldun" batzuk zeudela onartzen badu ere, gutxiengoa izanen ziren.[18][19] Baina Akitaniako mendebaldean, alegia, Lapurdin, Bearnon edota Landetan ere urriak eta zalantzazkoak dira berdin-berdin, eta hala ere segurutzat jotzen da horietan guztietan akitanieraz mintzo zirela.[5]

Euskal itxurako aztarnak estela eta aldare erromatarretan.

Haatik, 1960ko hamarkadatik aurrera, euskara zaharraren lekuko izan daitezkeen idazkun batzuk agertu dira baskoien eta karistiarren lurretan. Aipagarriak dira Lergako hilarriko izenak, Umme, Sahar, Narhunges, Abinsunhar, eta baita Nafarroako mendebaldean eta Zaragozako Cinco Villas inguruan aurkitutakoak ere (Serhuhoris, Loxsa, Larrahe, Selatse, Itsacurrinne...). Interes handikoak dira Lizarraldekoak, hizkuntza zelten eremuan sartu baitzuten eskualde hori, Araba bezala, Manuel Gómez-Morenok eta haren jarraitzaileek. Azkenik, 2001etik aurrera Soriako Tierras Altas eskualdean agertu diren zenbait hilarritan ere daude euskara zahar horren aztarnak: Sesenco, Onse, Onso...[5][11][20] Bestalde, Gorrotxategiren arabera, Gipuzkoan eta Bizkaian aurkitzen ditugun mailegatutako toki izen batzuek (Getaria, Sondika, Gernika...) oso mailegu goiztiarrak izan behar dute, euskararen barneko bilakaera garbia erakusten baitute.[20][21]

Bestalde, oraindik argitu gabe dago zein den akitanieraren eta euskara historikoaren arteko erlazio genetikoa, alegia, akitaniera euskara historikoaren arbasoa den edo arbasoaren ahaidea. Izan ere, antzekotasun handiak dauden arren, nekez uztartu daitezkeen zenbait ezaugarri ere atzeman dituzte euskalariek.[5] Hori dela-eta, Joakin Gorrotxategik akitaniera eta baskonikoa bereizten ditu; Akitaniako lekukotasunak lehenbizikoaren barnean sartzen ditu, eta baskoien lurraldekoak bigarrenaren barnean.[11]

Euskara batu zaharra eta euskalkiak

Baskonizazio berantiarraren aldekoek defendatzen dute euskara baturik zegoela Antzinate berantiarrean (V-VII. mendeak). Beraz, euskalkiek ez lukete zerikusirik Antzinateko euskal tribuekin, baizik eta VI. eta XI. mendeen artean sortu izanen ziren, hizkuntza mendebalderantz hedatu ahala.[18] Euskalkiak Antzinateko euskal tribuekin lotzen zituen hipotesia Arnaut Oihenartek plazaratu zuen XVII. mendean eta, besteak beste, Julio Caro Barojak zabalpen handia eman zion.[22] Baina azken urteetako ikerketek nabarmendu dute euskalkien arteko desberdintasunak oso urriak direla, eta Goi Erdi Aroaren hasierako hizkuntza komun batetik datozela. Joseba Abaituak proposatzen du euskara komun hori V-VI. mendeen inguruan iritsi zela Akitaniatik Iruñea aldera, eta handik mendebalderantz hedatu zela Iruñea-Gasteiz ardatzean barrena. Euskalkien sorrera hedapen prozesu horren ondorioa izanen zen.[18]

Egungo euskalari gehienek baztertu dute euskal tribuak eta euskalkiak lotzen dituen teoria.[23] Izan ere, azken urteetako ikerketek nabarmendu dutenez, Antzinate berantiarraren eta Goi Erdi Aroaren artean mintzatu zen Euskara Batu Zahar batetik datoz euskararen dialekto historikoak.[22][11] Koldo Mitxelenak proposatu zuen ideia hori 1981eko Lengua común y dialectos vascos lanean.[24] Agian, Joakin Gorrotxategik dioenez, Erromatar Inperioaren azken mendeetako aldake­ta politiko eta sozialen ondorioz gertatu izanen zen euskararen eraberritzea. Inperioa desegin osteko mendeetan joera hori indartu izanen zen, eta euskararen nagusitasuna sendotu edo zabaldu, bai lurraldean, bai gizartean (prestigioa, erabilpena, hiztunen kopurua gehitu, etab.). Hori azaltzeko, ordea, ez da behar migrazioaren hipotesia.[5]

Aztarna arkeologikoak

Baskonizazio berantiarraren aldekoek diotenez, XX. mende amaierako aurkikuntza arkeologiko batzuk ere hipotesiaren aldekoak izanen lirateke. Zehazki, VI. eta VII. mendeetako nekropoli batzuetako (Aldaieta, San Pelaio Dulantzi Araban; San Martin Finaga eta Santimamiñe Bizkaian) ostilamenduek eta hilobiratze-errituek, bereziki hilobietan armak agertzeak, ez dute zerikusirik Iberiar penintsulan ohikoa zenarekin, eta iparraldeko eragin nabaria daukate.[25][26] Aztarna horiek frogatuko lukete garai hartan migrazio bat izan zela Akitaniatik Euskal Herrira.

Alabaina, Aldaietako nekropoliari dagokionez, DNA analisiek frogatu dute gizaki haiek bertakoak zirela, ez zirela urrunetik helduak,[27][28] eta emaitza berdinak eman dituzte San Martin Dulantzin egindako ikerketek.[29] Agustín Azkarate eta Iñaki García Camino historialariek azpimarratu dutenez, armak agertzeak zentzu sinbolikoagoa dauka, funtzionala baino: ez ziren gerlarien hilobiak, baizik eta estatus eta izaera sozialaren adierazpen erritualizatuak, kanpoko hilobiratze ereduak hartuz egindakoak.[26]

Erreferentziak

Bibliografia

Kanpo estekak