Ingalaterra[1]Erresuma Batua sortzen duten herrialdeetako handiena da, uharteko hegoaldearen bi herenak baino gehiago hartzen baitu (130.395 km2) eta populazio osoaren % 83 (50.690.000 biztanle 2006an, 54.786.300 2015ean) baitauka. Halaber, pisu ekonomiko nagusia darama, BPGaren % 85arekin.
Nazioarteko historian, ikaragarrizko eragina eduki du, bai ekonomiaz, Britainiar Inperioaren bidez, baita kulturaz ere, bertako hizkuntza (ingelesa) planeta osoan hedatuena eta garrantzitsuena izanda. Askotan Erresuma Batua izendatzeko erabiltzen da, baino desegokiro. Herrialdeko beste nazioekin (Gales eta Eskozia) eta Irlandarekin ez du beti harreman historiko onik izan.
Historikoki, Ingalaterrako banaketaren oinarria konderriak ziren. Banaketaren sorrera ingelezko lurralde-batasun tradizionaletatik zetorren. Herrialdea batu baino lehen, batzuk erreinuak ziren, Essex edo Sussex bezala; beste batzuk, dukerriak, Yorkshire, Cornwall eta Lancashire esaterako edo soilik, nobleteriaren lurraldeak, Berkshire bezala.
Konderri tradizionalak oraindik badaude, baina batzuk elkartu edo aldatu egin dira.
XIX. mendearen bukaeran, herrietako gobernua berrantolatu zuten. Industria hiri handiak sortzen zirenean, konderri berriak hirien inguruan sortu behar zuten, adibidez, Manchester Handia. 1990eko hamarkadan, John Major lehen Ministroaren berrikuntzak agintaritza berria sortu zuen, barrutiak sortuz. Horrek nahasmena ekarri du, gaur egun zaila baita konderri zeremonial ohikoak, konderri metropolitarrak eta ez-metropolitarrak desberdintzea.
1035eanHenrike II.a Ingalaterrakoak errege agintaldia hartu zuen, Plantagenet dinastiakoa, eta besteak beste Irlanda, Eskozia, Gales eta Frantziako mendebaldeko lurralde batzuk bere menpe ipini zituen.
1509ean koroatu zuten Henrike VIII.a Ingalaterrakoa, Tudor dinastiako bigarren erregea. Gales batu zuen Ingalaterrako Erresumara, eta Irlandako errege ere izendatu zuen bere burua. Anglikanismoaren hasiera ere izan zen, Erromarekin harremanak apurtuz.
2014koazaroaren 27rakoDavid Cameronek Ingalaterrako auziei buruzko eskumena diputatu ingelesei erreserbatzeko asmoa aurkeztu zuen eta horri EVEL, English Votes for English Laws (boto ingelesak lege ingelesetarako) izena jarri zion[2].
Futbol modernoa Ingalaterran asmatu zuten XIX. mendearen amaieran. Ingalaterrako futbol selekzio nazionalak behin irabazi du Munduko Futbol Txapelketa, 1966an, eta birritan izan dira laugarrenak (1990 eta 2018an). Emakumezkoen selekzioa, bestela, Munduko Txapelketan hirugarrenak izan ziren 2015ean eta laugarrenak 2019an, eta Europako Txapelketan 1984an eta 2009an txapeldunordeak.
Ingalaterrako errugbi selekzioak behin irabazi du Mundu Txapelketa, 2003an, eta birritan izan dira txapeldunordeak (1991 eta 2007an). Sei Nazioen Txapelketa, bestalde, 28 aldiz eskuratu dute eta herrialderik arrakastatsuena izan da 2019 arte lehia honetan.
Wimbledongo txapelketa 25 aldiz irabazi dute gizon tenislari ingelesek: William Renshaw (7), Lawrence Doherty (5), Reginald Doherty (4), Wilfred Baddeley, Arthur Gore eta Fred Perry (3na). Emakumeek beste 23 aldiz: Dorothea Douglass (7), Blanche Bingley (6), Lottie Dod eta Charlotte Cooper (5na).