Klima tropikala du, hego-ekialdeko alisioen bidez epelduta. 'Negua', maiatzetik azarora arte, denboraldi lehorra da; eta 'uda', azarotik maiatzera arte, euritsua da. Noizean behin, zikloiak egoten dira.
Ipar-mendebaldeko kostaldean Port-Louis hiriburua dago. Beste hiri handi batzuk Curepipe (erdialdean), Vacoas-Phœnix, Quatre Bornes, Rose-Hill eta Beau-Bassin dira. Mahébourg (hego-ekialdean) ez da oso handia baina bertan Plaisance-Sir Seewoosagur Ramgoolam nazioarteko aireportua dago.
Azukre-kanabera tradiziozko ekoizpen garrantzitsua da: nekazaritzarako lurraren % 90 horretara bideratzen da, eta kanpoko ordainsarien % 25 azukre-kanaberatik dator. Hala ere, 1999ko lehortetik, eta ekoizpen bakarrean dagoen arriskua kontuan hartuta, gobernuak kanpoko inbertsioak bilatu ditu. Orain uhartean offshore elkarteak sortu dira, India eta Hegoafrikaren merkataritzarekin eta finantzekin lotuta.
Turismoa da, egun, ekonomiaren beste zutabea. Milaka turista hara heltzen dira; horretarako, ehun bat hotel daude uhartean.
V. mendean marinel arabiarrak irsitsi ziren Mauriziora (Dina Arobi izena eman zioten) baina ez ziren finkatu; gero, 1505ean,Indiarako bidean zebiltzala, portugaldarrak iritsi eta Cirné izena eman zioten. 1598an herbeheretarrak uhartean finkatu eta Mauritius izena eman zioten, Nassauko Mauritius printzearen ohorez.
1715ean Frantziaren kontrolpean geratu zen, Guillaume Dufresne d'Arselen bidez. Frantsesez Île de France (Frantziako uhartea) izena jarri zioten. Frantziaren menpean azukre-kanabera zabaldu zen, eta horretarako esklabo asko ekarri zituzten Madagaskar eta Afrikako ekialdetik batez ere. Esklabo haietatik dator gaurko populazioaren zatirik handiena (kreoleak).
Populazioaren hazkuntzarekin batera, zenbait animaliaren iraungitzea gertatu zen: besteak beste, dodoarena, hau da, uhartearen egungo sinboloarena.
1835-1839eanesklabotza bukatu zen. Esklabo libreak ez ziren, gehienetan, haien aurreko jabeekin geratu lanean, eta britaniarrak Indiarantz joan ziren langile berrien bila; hortik dator populazioaren zati handi bat.
Mauriziar gehienak elebidunak dira, baita hirueledunak ere.[2]
Hizkuntza nagusiak: Maurizioko kreolera, frantsesa eta ingelesa. Biztanle guztiek dakite hizkuntza nagusi horietako bat behintzat. Konstituzioak ez du Estatukohizkuntza ofizialik ezarri, baina zehazten du ingelesa jakin behar dela Parlamentuko kide izateko (Konstituzioko 33. artikuluko b) idatz zatia), eta ingelesa izango dela Parlamentuko hizkuntza ofiziala (Konstituzioko 49. artikulua); bestalde, Parlamentuari frantsesez hitz egiteko eskubidea dute parlamentuko kideek (Konstituzioko 49. artikulua).[3] Dena dela, ingelesa erabili ohi da hizkuntza ofizialtzat, eta Administrazioko eta epaitegietako hizkuntzatzat. Maurizioko kreolera erabili ohi da komunitateen artean elkar ulertzeko eta lagunarteko hizketarako. Ingelesa eta —neurri txikiagoan— frantsesa ikastetxeetan erabilienak dira, biak goi mailako hizkuntzatzat hartzen baitira han. Frantsesa bereziki negozioetako goi mailako arloetan erabiltzen da (adibidez, hornitzaile-erosle harremanetan) eta kreolera behe mailakoetan eta lankide artean. Orobat, frantsesa literaturagintzan eta hedabideetan erabiliena da.[4] Mauriziarren % 90ek badaki kreoleraz: bertako hizkuntzatzat jotzen da, eta lagunartean gehien erabiltzen da. XVIII. mendean sortu zuten Afrikatik ekarritako esklaboek, euren artean eta euren ugazabekin komunikatu ahal izateko,[5] eta batez ere frantsesean oinarrituta dago.[6]
Beste batzuk: bojpuria, telugua, hindia, tamilera, maratheraa, urdua, hakka (txineraren dialekto bat) eta gujaratera (Indiatik etorritako lehenengo gizon-emakumeek hitz egiten zituzten hizkuntzen nahastura) ere hitz egiten dira.