1830ean lortu zuen burujabetasuna, Herbehereetatik bereizita, erlijioa aitzakia harturik. Lehen Mundu Gerran eta Bigarren Mundu Gerran alemanen mendean egon zen. Harrezkero, eta bere txikitasunean, herrialde moderno eta teknologian aurreratua bilakatu da, Europar Batasunaren barruan. Azken urteotan, krisi ekonomikoak, flandriarren eta valoniarren arteko tirabirak eta eskuin muturraren gorakadak kinka larrian jarri dute herrialdearen barne egoera eta izatea bera.
Belgika Europako ipar-mendebaldean dago, ipar latitudeko 49°30 eta 51°30 artean, eta ekialde longitudeko 2°33 eta 6°24 artean. Iparraldean 478 kilometroko muga du Herbehereekin; ekialdean 133 kilometrokoa Alemaniarekin; hego-ekialdean 130 kilometrokoa Luxenburgorekin; eta hegoaldean eta hego-mendebaldean 556 kilometrokoa Frantziarekin. Ipar-mendebaldean Ipar itsasoa du (66,5 kilometroko itsasertza).[3]
Hiru alde nagusi bereizten dira: itsasaldeko lautada, erdialdeko goi-ordokia eta, hegoaldean, Ardenetako mendigunea. Itsasaldeko lautada polderrez (dike eta ubideen bidez Ipar Itsasoari irabazitako eremuak) eta dunaz osatuta dago. Erdialdeko goi-ordokiak 100 eta 200 metro arteko garaiera du; haran emankorrak dira, ibai ugarik zeharkatuak. Ipar-ekialdean Campineko zabaldi hareatsua dago. Ardenetako muinoak eta goi-ordokiak malkartsuagoak dira eta baso trinkoz estalita daude; haitzulo eta arroila txikiak ere daude. Mendebaldean Frantzian ere sartzen da mendigune hori, eta ekialdean Alemaniako Eifel mendiekin loturik dago, Hautes Fagnes goi-ordokiaren bitartez. Bertan dago herrialdeko mendirik garaiena: Signal de Botrange (694 metro)
Ibai nagusiak hiru dira: Eskalda (350 km luze, horietako 200 km Belgikan), Mosa (925 km luze, 183 km Belgikan) eta Yser (78 km luze, 50 km Belgikan). Hirurek iturburua Frantzian dute, eta Ipar Itsasora isurtzen dira. Brusela-Eskalda, Brusela-Charleroi, Erdialdeko kanala (Mosa-Eskalda) eta Albert kanala (Anberes-Lieja) ubide nabigagarri garrantzitsuak dira.
Klima ozeanikoa da, oro har, CfbKöppen klima sailkapenaren arabera, gogorragoa mendialdean. Bruselaren ondoko Uccleko estazioan, urteko batez besteko tenperatura 10,4 gradukoa da; urtarrila hilerik hotzena da (3,3 °C) eta uztaila, beroena (18,4 °C). Urteko prezipitazioak 852 mm ingurukoak dira, ongi banatuak urte osoan: handienak abuztuan (79,3 mm) eta txikienak, apirilean (51,3 mm).[4]
X. mendetik aurrera, merkataritza bideak sendotuz joan ziren. Haien ondoan hiri berriak sortu eta zaharrak suspertu ziren. Urteko feriek garrantzi handia hartu zuten. XII. mendetik hara, produktu batzuk kanpora saltzen hasi ziren, hala nola Flandesko ehunak eta Valoniako metalurgia-lanak. Hiri batzuek, Gantek, Brujasek eta Ypresek adibidez, hiri gutuna eskuratu zuten. Zistertar abadia ugari eraiki ziren urte haietan: Orval (1132), Ten Duinen (1139), Villers (1146), Aulne (1147), Ter Doest (1174), Val-Saint-Lambert (1191). XIV. mendea izan zen Flandesko hirien garairik oparoena. Bertan ekoitzitako oihalak ontziz eramaten ziren Baltikorantz, Hansaren portuen bitartez. Leku estrategikoan kokatua, finatza gune garrantzitsu bihurtu zen Brujas, eta bertako portuak berealdiko ontzi-trafikoa zeukan.[8]
XIV-XV. mendeetan, Borgoinako dukeen esku gelditu ziren egungo Belgikako lurralde guztiak, Liejako eta Stavelot-Malmedyko printzerriak eta Tournai izan ezik. Frantzia eta Inperio Santuaren artean estatu indartsu bat eratzea zen haien asmoa. Urte horietan, 1400-1450 bitartean batez ere, ekonomia, kultura eta arte loraldia gertatu zen Borgoinar Herbehereetan. Filipe Onberak gauzatu zuen lurralde horien guztien bateratze administratiboa. Hiri handiek, ordea, beren autonomia gorde nahi izan zuten, politika zentralista horren aurka. XV. mendearen amaieran, Brujasen gainbehera hasi zen, eta Anberes bilakatu zen Flandesko merkataritza-hiri nagusi.[8]
1477an amaitu zen Borgoinar Herbehereen independentzia, Maria BorgoinakoaMaximiliano I.a Habsburgokoarekin ezkondu zenean. Maria eta Maximilianoren iloba Karlos Habsburgokoak oinordetu zituen lurralde horiek, Espainiako Koroa eta Inperio Santuarekin batera. 1521ean Tournai eta egungo Herbehereetako probintzia batzuk ere bereganatu zituen. Eskuratu berriko eskualde horiek eta Borgoinar Herbehereek osatutako estatu multzoari Espainiar Herbehereak (edo Hamazazpi probintziak) izena ematen zaio. Hura zen Europan kapitalismoak indar gehien zuen herrialdeetako bat, eta Pizkundearekin eta Humanismoarekin loturiko arteak eta ideiek zabalkunde gehien izan zutenetakoa. Hura zen, beraz, Erreforma Protestantea errotzeko gune egokienetako bat.[9] Karlos Habsburgokoak aurre egin bazion ere, kalbinismoa azkar hedatu zuen Espainiar Herbehereetako iparraldean.[8]
Filipe II.a Espainiakoa izan zen Karlos Habsburgokoaren oinordekoa. Hamazazpi probintzietako nobleziak ez zuen gogo onez hartu haren jatorri atzerritarra, ezta haren nagusikeria ere. Protestanteen aurka Filipek abiarazi zuen politika bortitzak haserrea areagotu zuen. 1568anespainiarren aurkako matxinada piztu zen, Gilen Isila buru zela. Hasieran espainiarrak nagusitu baziren ere, iparraldeko probintziek borrokari eutsi zioten, eta Zazpi Herbehere Batuen Errepublika independentea (Probintzia Batuak ere deitua) eratu zuten 1581ean. Hegoaldeko hamar probintziak (ipar-mendebaldeko Frantzia, egungo Belgika, Liejako probintzia izan ezik, eta Luxenburgo) Espainiako Koroaren mendean geratu ziren. Horiek horrela, hegoaldeko probintzietako herritar ugari erbesteratu egin zen Zazpi Probintzietara edo beste herrialde batzuetara.[8]
1815ean, Herbehereetako Erresuma Batua sortu zuten Napoleonen aurkako aliatuek, Probintzia Batuak, Austriar Herbehereak eta Liejako Printzerria bateraturik, hizkuntza eta erlijio berezitasunak kontuan hartu gabe, eta Gilen Orangekoa ezarri zuten errege. 1830ean, ordea, hegoaldeko valoniar eta flandriar katolikoak matxinatu eta Herbehereetatik bereizi ziren (Belgikako Iraultza). Monarkia konstituzionala ezarri zen, Leopoldo I.a errege zela. Leopoldo I.a 1865ean zendu zen, eta Leopoldo II.a semea izan zen ondorengoa. Afrikako kolonizazioaren eragile nagusietako bat izan zen Leopoldo II.a; Kongoko Estatu Burujabea haren jabego pribatua izan zen, eta hilketak, bahiketak eta torturak erabili zituen bertako aberastasunak beretzeko. 1908an, Kongoko Estatu Burujabean gertatzen ari ziren izugarrikeriak ezagutu zirelarik, gobernuaren esku utzi behar izan zuen erregeak lurralde hura, harrezkero Kongo Belgikarra izena hartu zuena.[11]
Leopoldo II.a 1909an hil ondoren, Alberto I.a tronuratu zen. Herrialde neutrala bazen ere, Lehen Mundu Gerraren hasieran, 1914ko irailean, Alemaniak Belgika inbaditu zuen, Frantziari erasotzea helburu zuen Schlieffen planaren barnean. Gerrako mendebaldeko fronteko bataila nagusietako batzuk mendebaldeko Belgikan gertatu ziren. Gerra ondoan, Versaillesko Itunaren bitartez, Eupen eta Malmedy bereganatu zituen,[12] eta baita erdialdeko Afrikako Ruanda-Urundi kolonia ere.[13] 1932an onartu zen lehenbiziko hizkuntza legea, herrialdea hiru eremutan banatu zuena: Valonia (frantsesa ofiziala), Flandria (flandesera ofiziala) eta Brusela (elebiduna).[14]
Alberto I.a 1934an hil zen mendi istripu batean, eta haren seme Leopoldo III.a izan zen ondorengoa. 1940eko maiatzaren 10ean, Alemania Naziak herrialdea inbaditu zuen. Erregeak kapitulatzeko agindua eman bazuen ere, gobernuak —Parisen erbesteraturik zegoen— uko egin zion amore emateari. Alferrik izan zen, eta hilaren 28an baldintzarik gabe errenditu zen Belgika.[15] 40.000 belgikar baino gehiago hil zituzten naziek, horietako erdiak juduak. 1944ko irailaren eta 1945eko otsailaren bitartean, Aliatuek herrialdea askatu zuten. Belgikar herriak naziekin kolaboratu izana egotzi zion Leopoldo III.ari, eta 1951n Baudouin semeari utzi behar izan zion erregetza.[16]
1960-1961eko neguan, Gaston Eyskensen gobernuaren austeritate politikaren aurkako greba orokorra egin zen, sei aste iraun zuena. Flandriar hiztunen eta frantses hiztunen arteko tirabirak areagotu ziren 1960ko hamarkadatik aurrera. Horren ondorioz, Lovainako Unibertsitate Katolikoa bitan zatitu zen 1968an: Katholieke Universiteit Leuven eta Université catholique de Louvain. Hainbat erreformen ondoren, konstituzio federala onartu zen 1993an; horren arabera, hiru eskualdez (Brusela, Flandria eta Valonia) eta hiru komunitatez (flandriarra, frantsesa eta germanofonoa) osatutako estatu federala da Belgika.[18] Urte horretan bertan zendu zen Baudouin erregea; haren ondorengoa, Alberto II.a, 1993ko abuztuaren 9an koroatu zuten belgikarren errege.[19]
Belgika monarkia konstituzionala, ordezkaritzazkoa eta hereditarioa da. Estatuburua erregea da, eskumen mugatuak dituena, eta lehen ministroa da gobernuburua. Legebiltzarra ganbera bikoa da, Senatuaz (60 kide) eta Ordezkarien Ganberaz (150 kide) osatua. Lehenbiziko konstituzioa 1831n onartu zen, eta zazpi aldiz berrikusi da harrezkero, 1993an azkenekoz. Flandriera hiztunen eta frantses hiztunen arteko tirabiren ondorioz-edo, konstituzioaren azken aldaketa horretan estatu federal bilakatu zen.
Hiru eskualdek osatzen dute herrialdea (Flandria, Valonia eta Brusela) eta hiru komunitate daude (flandriarra, frantsesa eta aleman hiztuna), lurralde bakoitzean mintzatzen den hizkuntzaren arabera eraturik. Horrezaz gainera, lau hizkuntza-eremu daude (flandriera hiztuna, frantsesa hiztuna, elebiduna eta alemaniera hiztuna). Komunitate bakoitzak bere parlamentua eta bere gobernua ditu. Flandriako eskualdea eta komunitatea batu egin ziren eta parlamentu bakarra dago bi erakundeak ordezkatzeko. Valoniako eskualdea eta izen bereko komunitatea, berriz, bereizirik daude.[18]
2022aren hasieran Belgikak 11.584.008 biztanle zituen.[2]Dentsitatea Europako handienetakoa da, 379 biztanle kilometro koadroko. Dentsitate hori ez da berdina alde guztietan: iparraldeko probintziek askoz handiagoa dute Ardenetakoek baino. Eskulade populatuena Flandria da, 2022an 6.698.876 biztanlerekin (Belgikako populazioaren % 57,8a), ondoren dator Valonia 3.662.495 biztanlerekin (% 31,6a), eta azkenik Brusela-Hiriburua eskualdea 1.222.637 biztalerekin (% 10,6a).[2] Biztanle gehienak, % 98, hirietan bizi dira. Adinka, honela dago banaturik biztanleria: 0-14 urte bitartekoak % 17,2 dira, 15-24 urte bitartekoak % 11,2, 25-54 urte bitartekoak % 39,8, 55-64 urte bitartekoak % 13 eta 65 urtetik gorakoak % 18,8. Bizi itxaropena oso garaia da, 81,2 urtekoa; 78,6 urtekoa gizonezkoena eta 83,9 urtekoa emakumezkoena (2018ko zenbatespenak).[3]
Bi dira Belgikako hizkuntza nagusiak: biztanleen % 55k nederlandera dute ama hizkuntza, eta % 38k frantsesa.[20] Nederlandera Flandrian mintzatzen da, Belgikako iparraldeko erdian, eta frantsesa, berriz, Valonian, hegoaldeko erdian. Aleman hiztunak (% 0,4) ekialdean bizi dira. Biztanleen % 9 elebidunak dira. Hiriburua, Brusela, gizatalde guztien elkargunea da, eta han, nederlandera eta frantsesa ofizialak dira.
Librepentsamenduak eta frankmazoneriak ahuldua izanda ere, katolizismoak eragin handia izan du Belgikako gizarte eta politikan independentzia adierazi zutenetik. Belgikako konstituzio laikoak kontzientzia-askatasuna babesten du eta, gobernuek horren alde egin dute. 2015eko Eurobarometroaren arabera egindako zenbatespenaren arabera, belgikarren % 60 kristaua da (% 52 katolikoa, % 2,1 protestantea, % 1,6 ortodoxoa, % 4,1 beste kristau sineste batekoa), % 5,2 musulmana, % 17,1 agnostikoa eta % 14,9 ateoa.[21]
1960ko hamarkadatik aurrera, urtero bi hilabetetan hazi zen bizi itxaropena, Europako batezbestekoaren antzera. Gaitz kardiobaskularrak, neoplasiak, arnas aparatuaren gaitzak eta naturalak ez diren kausak (istripuak eta suizidioak) dira heriotza-arrazoi nagusiak. Minbizia eta heriotza-arrazoi ez naturalak nagusiak dira 24 urte baino gehiagoko emakumeengan eta 44 urte baino gehiagoko gizonengan.[22]
Gizarte-segurantzak eta zergek finantzatzen dute osasun-sistema. Nahitaezkoa da osasun-asegurua kontratatua izatea. Mediku eta ospitale gehienak sektore pribatuan aritzen dira. Gaixoak gastuak ordaintzen ditu, eta aseguru-etxeak geroago itzultzen dio.[22] Osasun-sistema Gobernu federalak, hiru eskualdeek eta hiru komunitateek ikuskatzen eta finantzatzen dute. Beraz, sei osasun-ministerio daude, Flandriako eskualdekoak eta komunitatekoak bat egin zutelako.[22]
Lurraren laurden bat lantzeko erabiltzen da, % 16 belardi eta larreetarako, eta % 22 basoa da.[3] Azkeneko urteotan, beterraba, patata, garia eta garagarra landu dira batez ere, fruituez, tomatez eta lihoaz gainera. Dena dela, nekazari gehienak ez dira baserriko lanetik bakarrik bizi. Nekazaritzarako lur hoberenak Flandriako zelaiak, Brabante eta Hainaut dira. Abeltzaintzan txerri, behi, ardi eta zaldi hazkuntza da aipagarriena. Belgikak kontsumitzen duen haragiaren % 95 ekoizten du, eta behar beste gurin, arrautza eta esne.
Garrantzi handiko harrikatz-hobiak izan ditu, baina gaur egun agorturik daude: 5,6 milioi tona ikatz atera ziren 1986an, 634.000 tona 1991n, eta 278.000 baino ez 1992an. Ikatza izan zen Belgikako ekonomiaren suspertzaile nagusia XIX. mendean. Meatze nagusiak Mosa-Sambre eskualdean zeuden, eta besteak beste Charleroi eta Lieja hirien hazkundea eragin zuten. Etorkin gehienak meatzetan aritzen ziren lanean. Azkenik, hobi sakonenak ustiatzeak zituen gastu ikaragarriak eta hidrokarburoen lehiak behartuta, bertan behera utzi ziren.
Europako herrialde industrializatuenetako bat da, duen kokaleku egokiari eta garraio azpiegiturari esker. Europa kontinentalean Industria Iraultzari ekin zion lehenengo herrialdea izan zen: kokalekuaz gainera, ikatza eta ehungintza (Erdi Aroan Flandriako hirien aberastasun-iturri nagusia) izan ziren iraultza hartako oinarri nagusiak. Industriak bultzada handia izan zuen Bigarren Mundu Gerraren ondoren, eta beheraldi bat gero, 1950eko hamarkadan, baina 1957anEuropako Ekonomia Erkidegoan (Europar Batasuna, gaur egun) sartzeak eta inbertsioa sustatzeko gobernuak bultzatu zituen ekimenek berriro suspertu zuten.
Ikatz ekoizpenak sustatuta, garrantzi handiko siderurgia izan du oraintsu arte. Burdin eta altzairu asko ekoizten du, erdia baino gehiago kanpora saltzeko. Ehungintzak —garrantzi handiko jarduera, Erdi Aroaz geroztik— kotoia, artilea, lihoa eta ehun sintetikoak ekoizten ditu, batez ere Brujas, Brusela, Linburgo, Gante, Lieja, Kortrijk eta Malinasen. XX. mendearen bukaeran 46.000 tona kotoizko ehun, 32.000 tona artilezko ehun eta 38.000 tona raion eta zetazko oihal ekoizten ziren urtean.
Belgikako industria kimikoa kobalto eta erradio gatzen munduko ekoizle handiena da, eta munduko handienetako bat egur-mundruna, ongarriak eta plastikoak ekoizten. Garrantzizko beste industria batzuk dira: ontziolak (Anberes) eta trenak; diamanteak lantzeko industria (Anberes), munduko inportanteena; farmazia industria; argazki hornigaiak; beirazko gauzak; altzariak; alfonbrak (Sint-Niklaas); papera eta kartoia; zementua. Burdinarik gabeko metalen industriak, Kongoko Errepublika Demokratikoko (Belgikar Kongo ohia) lehengaiez horniturik, era askotako metalez —kobrea, zinka, beruna, platinoa, germanioa eta uranioa— hornitzen ditu industria metalurgikoak, kimikoak eta bestelakoak.
Frantziako sukaldaritzaren eragina nabarmena da Belgikan. Sarritan, gourmetak baino gehiago tripontziak (frantsesez: gourmands; nederlanderaz: bourgondiërs) direla esaten dute belgikarrek, hau da fine cuisine baino nahiago dutela grand cuisine edo sukaldaritza zabala. Topikoetatik aldenduz, egia esan, Belgikako sukaldaritza zabala izateaz gain kalitatezkoa ere bada. Izan ere, Alemaniako kantitatea eta Frantziako kalitatea ematen omen dute bertan.[24][25] Bruselako gaufreak, txokolateak eta garagardoak ospetsuak dira herrialdetik kanpo ere. Belgikako sukaldaritza bertoko sasoiko produktuak lantzen ditu batez ere, adibidez Flandriako carbonade flamande izeneko erregosia edo Dinantekocouque izeneko galletak. Egunean hiru otordu egin ohi dira: gosari arina, bazkari arina edo ertaina eta afari handia.
Belgika osoa, baina batez ere Brusela hiriburua, Europa osoko komikigintzaren egoitza nagusietako bat da.[26] Comanche, Lucky Luke, Pottokiak, Tintin (nederlanderaz: Kuifje) edo Spirou et Fantasio komikiak bertan jaio ziren.