Mexiko Hiria[1] (gaztelaniaz: Ciudad de Méxicosjuˈðad de ˈmexiko ahoskatua) edo Mexiko Barruti Federala (gaztelaniaz: Ciudad de México, Distrito Federal edo México, D.F.) Mexikoko hiriburua da, eta munduko hiri handiena azalera kontutan hartuta eta hirugarren metropolirik handiena biztanleria kontutan hartuta, Tokio eta New York-Newark metropolien atzetik.
Munduko hiri garrantzitsuenetako bat da, ez bakarrik MexikokoBPG-aren erdia duelako, baizik eta erakunde moduan, munduko ekonomiako 23. postuan izango zelako. Mexikoko hiriburua eta hiri populatuena da. Erdialdeko goi ordokian dago kokatua, jatorriz aintzira zena. Bere inguru metropolitanoa, barruti federala eta Mexikoko estatuan sakabanatua, munduko handienetako bat da 20 milioi biztanlerekin.
Hizkuntza nagusia eta ofiziala gaztelania da, nahiz eta nahuatl eta otomí jatorrizko hizkuntzatzat hartzen diren. Nahuatla lingua franca zen inguruan espainolen iritsiera baino lehen. Gaur egun hiriko Milpa Alta eta Xochimilco ordezkaritzatan hitz egiten da.
Mexiko Hiria eta metropoli eremua Anáhuac haranean (Mexikoko Harana) aurkitzen da eta 3.691 km² luze-zabal da. Batez besteko 2.240 metroko altitudean, Ardatz Neobolkanikoaren erdialdean kokatua dago. Mendiek eta sumendiek harana inguratzen dute, iparraldeko zati txiki batean izan ezik, bertako airea (eta kutsadura) harrapatuz. Haranaren ekialdean mendiak 5.000 metro baino gehiago dituzte (bertan daude Popocatépetl eta Iztaccíhuatl sumendiak).
Lurrikaren arriskua eta sumendi aktiboak hurbil egotea hiriaren ezaugarriak dira.[2]
Antzinako kondaira baten arabera, aztekak Mexiko alderantz emigratu zuten iragarpen bat bete nahian: hiria eraiki behar zuten lekuan arrano bat aurkituko zuten suge bat jaten. Kondaira honen arabera, Texcoco aintzirako uhartetxo baten aurkitu zuten arranoa sugea jaten nopal kaktus paten gainean. Horrela, bertan eraiki zuten hiriburua 1325an, Mexiko-Tenochtitlan izenarekin, aintzirako uharte eta uhartetxo ugari batuz eta lurrak ubidez lehortuz. Hiria Ipar eta erdialdeko Amerikako handiena bihurtu zen, eta garai hartan munduko handienetakoa 300.000 biztanle baitzituen.
Independentzia gerraren ondoren, hiria Mexikoko Inperio independenteko hiriburu izendatu zen. Gobernu monarkikoaren ondoren gobernu errepublikarra eta federala iritsi zen 1824an, eta hiria Batasuneko egoitza nagusi izendatu zuten. Horretarako barruti federal bihurtu zen Mexikoko estatutik bananduz.
1950eko hamarkadan, hiriak 2 milioi biztanle inguru zituen. Gerraondoko hazkuntza ekonomikoari esker, hiria herrialdeko gune komertzial eta industrial bihurtu zen, Federazioko eta Erdialdeko Amerikako milaka immigrante erakarriz.
1985ekoirailaren 19anlurrikara handi bat gertatu zen, Richter eskalan 8,1 graduraino iritsiz. Gobernuaren arabera 6.000 hildako izan ziren, baina beste iturri batzuetan oinarrituz 35.000 hildako inguru izan zirela uste da.
1990ean, metropoli eremuak 16 milioi biztanle baino gehiago zituen. Hiriaren kokapena dela-eta, mendi eta sumendiz inguratua, industriak eta autoek eragindako airearen kutsadura oso handia da, haizeak ez baititu gasak egoki barreiatzen.
Trafiko handiko hiria da eta garraio publikoa ere oso zabala da.
Mexiko hiriko metroak munduko sare handienetako bat da eta garraioaren oinarria da. 12 lineak eta 195 geltokik osatzen dute sarea.
Busak ere ugariak dira eta hiru sare osagarri daude: metrobusa, ohiko busak eta minibusuak. Metrobus sarea garraio azkar gisa eratu da hirian, sei linea ditu eta metroaren hainbat ezaugarri barneratzen ditu. Ohiko busa da hedatuena 94 linearekin. Minibusak, pesero izenarekin ezagunak, sare osagarria osatzen dute, pribatuak dira baina lizentzia behar izaten dute.
Mexiko Hiriko hirigune historikoa (Centro Histórico) eta Xochimilco ur-gaineko lorategiak Gizateriaren Ondare izendatu ditu Unescok. Hirigune historikoko leku ezagunenen artean daude Konstituzio plaza (Zócalo), Metropolitar Katedrala, Jauregi Nazionala (hiruak espainiar garaikoak) eta Tenplu Nagusia (azteken garaikoa).
Mexiko Hiriko ikono ezagunenetakoa urrezko Independentziaren Aingerua da, Paseo de la Reforma hiribide dotorean kokatua. Hiribide hori Maximiliano I.ak eraikiarazi zuen, Parisko Eliseo Zelaien hiribidea eredu hartuta, Jauregi Nazionala eta Chapultepec Gaztelu Inperiala lotzeko asmoarekin. Egun, finantza gune garrantzitsua da hiribide hau, non Mexikoko Burtsa eta enpresa egoitza ugari dauden. Beste hiribide nagusi bat Avenida de los Insurgentes da, munduko hiribide luzeenetarikoa (28,8 km luze).
Chapultepec parkeko muino gainean Chapultepec Gaztelua dago, egun museo dena, eta parkeko beste museoen gainean ikuspegia duena. Museo hauen artean dago Antropologia Museo Nazionala (Museo Nacional de Antropología), non Azteken Egutegi Harria dagoen.
Beste eraikin garrantzitsu bat Arte Ederren jauregia da (Palacio de Bellas Artes), haitzurdinez egindako antzoki-museoa, Porfirio Díaz presidentearen garaian hasia eta 1920ko hamarkadan amaitua Mexikoko Iraultzaren ondoren. Eraikin hau hain da astuna, ezen gutxinaka hondoratuz joan den azpiko lur bigunean. Diego Riveraren margo famatuak daude bertan.
Hiru Kulturen Plaza (Plaza de las Tres Culturas) Tlatelolco auzoan eta Guadalupekoko Ama Birjinaren basilika ere leku esanguratsuak dira. Gainera, hiriak 160 museo inguru ditu, 100 arte galeriatik gora eta 30 bat kontzertu areto, urte osoan zehar dabiltzanak.
Mexiko Hiria, Barruti Federala, 16 ordezkaritzatan (delegaciones) banatua dago. Nahiz eta Federazioko ((udalerri]]en pareko ez izan , 2000tik halako autonomia dute zenbait arlotan eta biztanleek zuzenezn hautatzen dituzte bertako ordezkariak.
Mexiko Hiria Iberoamerikako Hiriburu Hirien Batasunaren (gaztelaniaz: Unión de Ciudades Capitales Iberoamericanas - UCCI) (portugesez: União de Cidades Capitais Ibero-americanas) partaide da, 1982ko urriaren 12tik, jarraian agertzen diren hiriekin senidetarsun erlazioak hasiz: [6]