Lehen eta Bigarren mundu gerretako garaipenen ondoren, eta 1991. urtean Gerra Hotza amaitu zelarik, Estatu Batuak dira munduko nazio-estaturik indartsuena. Ekonomiak hazkunde jarraitua du, langabezia ez da handia, inflazioa apala da, eta oso lasterra teknologiaren aurreramendua. Gizarte oparo horrek duen arazorik larriena irabazien banaketa da: 1975. urteaz gero, nazio sarreren gehitzea ia osorik joan da biztanleen % 20ren eskuetara.
Herrialdeak Ipar Amerikaren erdialdea hartzen du, eta baita Alaska, Hawaii, eta Ozeano Bareko beste eskualde txiki batzuk ere. Estatu Batu kontinentalek 7.825.268 kilometro koadroko eremua hartzen dute; iparraldean Kanada dute, ekialdean – Ozeano Atlantikoa, mendebaldean – Ozeano Barea, eta hegoaldean – Mexiko eta Mexikoko golkoa. Alaska estatuak Kanada du ekialdean, Ozeano Barea – hegoaldean, Ozeano Artikoa – iparraldean, eta Bering itsasartea – mendebaldean; 1.717.854 kilometro koadro da luze-zabalean. Hawaii estatua Ozeano Bareko uhartedia da, kontinentetik 3.200 kilometro hego-mendebaldera dagoena.
Alde handiak daude eskualdetik eskualdera Estatu Batuetan, bai garaieragatik, bai Atlantiko edo Pazifikoko itsaslaster hotzengatik; baina klimaren eragile nagusia haizea da: iparretik hegorantz trabarik gabe dabilela eta Mexikokotropikotik datorren haize bero hezeak aurrez-aurre topo egiten duela Ipar polotik datorren haize hotz eta lehorrarekin. Kaliforniako itsasertzean oso hezea da klima. Oro har, bi multzo nagusi bereiz daitezke: mendebaldea, lehorra, Mendi HarritsuetatikKostako mendikateraino hedatzen dena, eta ekialdea, hezea. Floridako klima, berriz, tropikala da. Mexikoko golkotik Ohioko haranera hedatzen den lurraldeak klima kontinentala du.
Ipar Amerikako lehenbiziko biztanleak K. a. 18000 eta 8000 artean iritsi ziren Siberiatik, Beringian zehar egindako migrazioen bidez. Ehunka hizkuntza eta kultura zeuden, eta horietako asko herri nomadak edo erdi-nomadak ziren. Gehienak galdu egin dira.
Laster, hainbat kolonia ezarri ziren ekialdeko kostaldean (Plymouth, Boston, Salem, Williamsburg). XVII. eta, batez ere, XVIII. mendean, esklaboak eraman zituzten, Afrikako jendearen salerosketaren bidez, batez ere hegoaldeko kotoi sailetan lan egiteko, baina baita era guztietako azpiegiturak eraikitzeko ere. Hasieran, Britainia Handiaren koroapeko lurretan finkatutako ingelesak, herbeheretarrak, eskoziarrak, alemaniarrak eta eskandinaviarrak itunetara heldu ziren bertako biztanleekin (ekialdeko amerindiarrekin), eta hauek, oro har, europarren hainbat teknika eta kultura ezaugarri onartu zituzten. Europarren kolonizazioa Appalache mendien ekialdera mugatzen zen. Hala ere, berehala hasi ziren pizten tentsioa eta gatazka, europar jatorriko herritarren hazkuntza demografiko eta hedakuntzarako joera zela-eta. Liskar haietako handienaren aukera hartuz, Europako Zazpi Urteko Gerraren une berean, britainiar kolonoek frantziarren lurraldeen erdia berenganatu zuten, eta halaxe azalera bikoiztu.
1763an Ingalaterrak eta Frantziak sinaturiko Parisko Itunaren ondorioz, kolonien defentsa eta mantenimendu kostuaren zati bat kolonoek ordain zezaten saiatu zen Ingalaterra. Argudio hori erabili zuten Londresen parlamentu-neurri sail bati ekiteko; neurri horiek zerga berriak zekartzaten eta koloniak zuzen-zuzenean ukitzen zituzten. 1763-1767 bitartean, zenbait legek aduana eskubideak eta merkataritzarako dokumentuak (paper tinbratua) ezarri zituzten hainbat produkturen gainean. Neurri horiek berehalakoan arbuiatu zituzten kolonoek, uste baitzuten, britainiar mendeko izanik, ez zutela zergarik ordaindu beharrik berak Londresko parlamentuan egon gabe. Ez protestek, ez kolonoek Londresa bidalitako ordezkariek, ez zuten inolako eraginik izan, zeren eta Jurgi III.a erregeak asaldura egoera adierazi baitzuen kolonientzat, 1773koBostongo Tearen Matxinadaren ondoren.[4]
Kolonoak geroko sistema federala iragartzen zuen elkarte baten inguruan antolatu ziren; Filadelfian egindako bi kongresutan, 1774 eta 1775ean, mamitu zen antolamendu hura. George Washington aukeratu zuten kolonietako gudarostearen jeneral buru, Jurgi III.ak bidalia zuen ingeles eta aleman mertzenarioen armadari aurre egiteko. Horiek horrela, 1776kouztailaren 4an, hamahiru britainiar kolonien independentzia aldarrikatu zuten (Independentzia adierazpena). Berehala, gerra piztu zen Erresuma Batuarekin, 1783 arte, baina metropoliak atzera egin behar izan zuen. 1787anAmeriketako Estatu Batuetako Konstituzioa onartu zuten, Mendebalde osoko lehena. Bi testu horiek jarri zituzten estatubatuar nortasunaren lehenengo oinarriak.
George Washington hautatu zuten errepublika berriaren presidente, baina luze gabe sortu ziren elkarren kontrako bi alderdi: Alderdi Federalista, boterea zentralizatu eta metatzearen aldekoa (garapena), eta Alderdi Errepublikanoa, herriaren oinarrizko askatasunei eta estatuen subiranotasunari eustearen aldekoa (jeffersondar demokrazia). 1792-1796 bitartean, hurrenez hurren, Kentucky eta Tennessee erantsi zitzaizkion errepublikari. Federalisten bultzadaz, Washington D.C. hiriburu federala sortu zen, baita AEBetako lehenengo banku zentrala ere. Thomas Jefferson presidentetzara heldu zen 1801ean, eta 1803anLouisiana erosi zioten Frantziari. 1811n, gatazka piztu zen Erresuma Batuarekin, artean Europako monarkia horrek ez baitzuen esperantza galdu nola edo hala errepublika berria atzera menpera ekartzeko.
1815ean bukatu zen gerra hori, baina mugarria izan zen estatubatuar kontzientzia pizteko, baita armada indartsua sortzen hasteko eta finantzen garapenerako ere. 1816an, Estatu Batuetako Bigarren Bankuari AEBetako banku zentrala izateko baimena eman zioten. Britainiarren laguntzat jotako Alderdi Federalistarenak egin zuen baina, ordainean, jaun eta jabe geratutako Alderdi Errepublikanoa zatitu egin zen, eta federalisten balio asko errepublikanoen talde batek hartu zituen, Henry Clay buru zuela. Kontrako aldean zuen Andrew Jackson, eta azken hau izan zen presidentea 1829–1837 bitartean. Jacksonek hedatze politika garatu zuen bere agintaldian. Florida ordurako bereturik (1819), Mexiko Espainiatik bereizi zen unetik (1823) mexikarrak ziren lurralde batzuk erantsi zituen (Texas, Kalifornia eta Mexiko Berria); gainera, Oregon ingeles-ipar amerikar administrazioaren azpian zegoen 1818tik.[4] Horrezaz gainera, amerindiarren kontrako lehenengo neurri sistematikoak hartu zituen, mendebaldera, Mississippi aldera, kanporatuz (Malkoen bidea, 1831-1838). Bertako biztanle amerindiarrak baztertuak izan ziren gero eta gehiago, bereziki 1815eko gerraren ondoren, eta asko hil ziren, kolonoek ekarritako gaixotasunen ondorioz (baztanga, elgorria) eta haiekin izandako liskar odoltsuetan.
Hedapenak beste ondorio erabakigarria ekarri zuen: AEBen gizarte eta ekonomia lurraldekatzea. Zenbait hiri, New York edo Baltimore adibidez, biztanle kopuru handi samarra hartzen hasiak ziren, baina lurralde berrietan biztanleria guztiz barreiatua zegoen gaitzeko lurralde zabaletan eta gune txikietan, estatu gisa sendotu gabeko lurraldeetan. Begien bistako desberdintasuna zegoen, orobat, produkzioari eta gizarte egiturari dagokienez, iparraldearen, erdialdeko mendebaldearen eta hegoaldearen artean. Iparraldea hiritsuena eta industrialena zen; erdialdeko mendebaldean indiarren lurren konkistan eta harrapaketan beren lurrak lorturiko nekazariak bizi ziren, eta hegoaldeak esklaboen bidezko produkzio sisteman oinarriturik jarraitzen zuen, hartarako etekin handia ematen zuten lur guztiz zabalak behar zirelarik.
Arrazoi horrexegatik, esklabotzaren arazoak lehen planora pasa ziren 1840-1850 urteetan. Mugimendu abolizionistak, iparraldekoak gehienbat, mehatxu zuzentzat hartzen zituzten hegoaldeko lur-jabeek zein estatuek. Hauek, Kongresuak esklabotza deuseztatzeko edo esklaboak iparraldera ihes egitea bideratzeko konstituzioa aldatuko ote zuten beldurrez, beren burua posibilitate horren aurka babestu nahi izan zuten. 1860an, Hego Carolina batasunetik bereizi zen Abraham Lincoln errepublikazalea lehendakari zela. Haren atzetik beste sei estatu bereizi ziren (Mississippi, Florida, Alabama, Georgia, Louisiana eta Texas) eta Ameriketako Estatu Konfederatuak osatu zituzten 1861ean. Gobernu federalak borrokari ekin zion Batasunaren alde, eta esklabotasuna legezkotzat zuten beste lau estatu lotu zitzaizkion Konfederazioari (Virginia, Ipar Carolina, Tennessee eta Arkansas). Garapen industrial eta teknologikoak Batasunaren alde jokatu zuen, eta 1865ean hegoaldeko estatuen konfederazioak amore eman zuen. Nazioarentzat garrantzi handiko ondorioak izan zituen Gerra Zibilak: 650.000 lagun hil ziren eta milioi bat zauritu, hegoaldeari hondamena ekarri zion, har gertatu baitziren gudurik latzenak, lau milioi esklabok askatasuna lortu zuen, eta Batasuna eta gobernu federala indartuta atera ziren.[5]
Gerra zibilari eta indiar nazioekiko liskarrei esker, herrialdeak barne batasun handia lortu zuen eta kolonizazioaz gero amerikar muga izandako lurraldeak menderatu zituen. Horrela jarri ziren zabalkunde berrirako oinarriak. 1867anAlaskako lurraldea erosi zioten Errusiari. 1890ekoWounded Kneeko sarraskia izan zen indiarren aurkako azken liskar armatu handia. 1893an, estatu kolpe batek Hawaiiko Erresumako monarkia eraitsi zuen; bost urte geroago, AEBek uhartedia beretu zuten. Espainiaren aurkako gerra irabazirik, Filipinak, Guam eta Puerto Rico anexionatu zituzten 1898an.[6]
Urte haietan europarrek oldeka emigratu zuten Ipar Ameriketako hirietara, garai hartako hiririk jendetsuenetara, eta lurraldea oso bizkor urbanizatu zen. Emigrazioa eta urbanizazioa, ordea, ekonomia hazkundeari esker gertatu ziren, nagusiki. Estatu Batuek nekazaritza modernoa eta baliabide natural ugari zituzten, garraio sistema bikaina zen eta, batez ere, garrantzi handiko aurreramendua izan zuen bertako industriak, Cornelius Vanderbilt, John D. Rockefeller eta Andrew Carnegie bezalako magnateen eskutik. Bankuek ere pisu handia hartu zuten. Edison eta Teslari esker, argindarra herrialdeko bazter guztietara zabaldu zen, eta Henry Fordek automobilgintza irauli zuen. Hori guztia zela-eta, Estatu Batuetako ekonomia munduko aberatsena zen 1918rako.[5]
Lehen Mundu Gerra hasi zelarik neutral iraun bazuten ere, 1917an gerran sartu ziren Aliatuen alde. Gerra osteko Parisko Bake Biltzarrean, Woodrow Wilson presidentea nabarmendu zen, Estatu Batuak herrialde ahaltsua zirela erakutsiz. 1920ko hamarkadan, industria handi eta kontsumo izugarrian oinarrituriko oparoaldia bizi izan zuen herrialdeak. Gizartean, ordea, erreakzio kontserbadore eta nazionalista gertatu zen eta, aldi berean, astialdiko kultura berria (jazza, zinema eta kirolak) sortu zen; politikari dagokionez, joera kontserbadorea izan zen nagusi.[7]
Mundu hark 1929ko kraka eta Depresio Handiarekin jo zuen hondoa. 1932ko hauteskundeak irabazirik, Franklin Delano RooseveltekNew Deal delakoa abiarazi zuen, herri guztia lanean jarriz eta erakundeen baliabide guztiak erabiliz Estatu Batuetako ekonomia eta gizartea berpizteko; lan horri esker lortu zuen herrialdeak Bigarren Mundu Gerran demokrazien aitzindari izatea.[7] Gerran 400.000 estatubatuar soldadu hil baziren ere,[8] herrialdearen indar ekonomiko eta militarra handitu zen. Bretton Woods eta Jaltako batzarretan, Estatu Batuek beren onurarako baliatu zuten garaipena. 1945eko abuztuaren 6an eta 9an, lehenbiziko bonba nuklearrak jaurti zituzten JaponiakoHiroshima eta Nagasaki hirietan; 150.000 lagun baino gehiago hil ziren bonbardaketetan.[9] Japonia irailaren 2an errenditu zen.
Bigarren Mundu Gerraren ondotik, Estatu Batuak eta Sobietar Batasuna izan ziren munduko bi superpotentziak. Elkarren kontrako bi eredu ziren, gizarte, politika eta ekonomian, kapitalista bata, eta komunista bestea. Roosevelten desioa, demokrazia politikoa, merkataritza askatasuna eta nazioarteko lankidetza landuz, mundua berritik antolatzekoa, Stalinen pragmatismoaren aurrez aurre zegoen, haren interes nagusia errusiar lurraldea zabaltzea eta Ekialdeko Europa menderatzea baitzen.[10] Bi superpotentzien arteko tentsio egoerari Gerra Hotza izena eman zitzaion. Mundua bi bloketan banatu zen, eta Estatu Batuek bloke kapitalistaren buruzagitza eta defentsa hartu zuten beren gain. Marshall Planaren eta NATOren bidez bideratu zuten Mendebaldeko Europarako laguntza; bien bitartean, histeria antikomunista (macarthismoa) piztu zen beren lurraldean.
Golkoko Gerra izan zen Gerra Hotzaren osteko lehen gatazka handia. 1990ean hasi zen, Irakeko gudarosteak Kuwait inbaditu zuenean. Estatu Batuek berehala erantzun zioten bere aliatuaren okupazioari, eta Basamortuko Ekaitza zeritzan operazio militarra abiarazi zuten 1991ko urtarrilaren 16an.[15]
2001. urtean, gerraz kanpoko herrigune batean inoiz izandako erasorik handiena gertatu zen AEBetan. Al Kaida talde terroristak zenbait hegazkin bahitu zituen barruan bidaiariak zihoazela, eta Dorre Bikien aurka egin zuten talka: 3.000 hildakotik gora izan ziren. Erasoa arrazoi hartuta, AEBek Afganistango Gerra justifikatu zuten, terrorismoaren aurkako gerra hasiz. Aldi berean, Irak ere inbaditu zuten eta Patriot Act terrorismoaren aurkako lege ospetsua aurrera atera zuen George W. Bush orduko presidentearen administrazioak.[16]
Errepublika konstituzional, demokratiko eta presidentzialista da. Sistema horren oinarrian “botere bereizketaren printzipioa” dago, zorrotz-zorrotz aplikatuta egon ere; botere hauek, hiruki baten hiru aldeen antzera ikus ditzakegu:[17]
Presidentea, botere betearazlearen buru. Estatuburua da, eta haren esku dira estatuburu ororen forma eta errepresentazio botereak; gainera, gobernu federalaren buruzagi gorena da, eta erabateko ahalmena du botere betearazlea erabiltzeko. Lau urtean behin hautatzen dute, zeharkako sistema batez; sistema horretan, hiritarrek konpromisario talde bat hautatzen dute, eta hauek izango dira, azken batean, presidentea hautatuko dutenak. Konpromisario edo “hautesle presidentzial nagusiek” ezin dute beren botoa aldatu eta, hala, hautaketa bi aldetan egite hori sinbolo hutsa da.
Kongresua, Ordezkarien Etxeaz eta Senatuaz osatua, botere legegilea duena. Ordezkarien Etxeak 490 ordezkari edo diputatu ditu, hiritarrek zuzenean hautatuak, neurri berdin samarreko hauteskunde barrutietan. Bi urteko agintaldia dute. Senatariak, berriz, 100 dira, eta sei urteko agintaldia daukate.
Auzitegi Gorena, Justizia administraziorako agintaritza nagusia.
48 estatuk (denak, Alaska eta Hawaii izan ezik), kontinenteko estatuak edo lower 48 izenekoek Ipar Amerikako erdialdea hartzen dute. Alaska Kanadak banantzen du beste estatuetatik. Hawaii, berrogeita hamargarrena, Ozeano Barean kokatutako uhartedia da.
Segurtasun indarrak Ameriketako Estatu Batuetan justizia kriminalaren sistemako hiru osagaietako bat da kartzela eta auzitegi sistemekin batera. Herrialdean 5 mailatako polizia agentziak daude: federalak, estatukoak, konderrikoak, udalerrikoak eta polizia talde bereziak.
2018an, 326,9 milioi biztanle zituen.[3] Adinka, honela dago banaturik biztanleria: 0-14 urte bitartekoak % 18,7 dira, 15-24 urte bitartekoak – % 13,2, 25-54 urte bitartekoak – % 39,4, 55-64 urte bitartekoak – % 12,9, eta 65 urtetik gorakoak – % 15,6. Bizi itxaropena 80 urtekoa da; 77,7 urtekoa gizonezkoena eta 82,2 urtekoa emakumezkoena (2017ko zenbatespenak).[20]
Ameriketako Estatu Batuek ez dute hizkuntza ofizialik, baina 32 estatutan ingelesak du estatus ofiziala. Hawaiin ingelesa eta hawaiiera dira ofizialak, eta Alaskan 20 hizkuntza indigena daude onarturik.[20] Ofizialak izan gabe, Mexiko Berriko legeriak ingelesa eta gaztelaniaren erabilpena sustatzen du, eta Louisianakoak ingelesa eta frantsesarena.[21]Puerto Ricon gaztelania da ofiziala, eta Guamen, naiz eta hizkuntza nagusiena ez izan, txamorroa ofiziala da. Polinesiako beste uharteetan bertako hizkuntzak ere onartzen dira.
Erabilpenari dagokionez, ingelesa da hizkuntza nagusia, biztanleriaren % 79ren etxeko hizkuntza baita (2015eko zenbatespena).[20]Gaztelania da % 13ren etxeko hizkuntza, eta txinera – % 1ena. Gaztelania da eskoletan bigarren hizkuntza bezala gehien erakusten dena. Amerindiarrek eusten diete beren hizkuntzei, baina oso hiztun gutxirekin eta. Duela bi mendeko egoerarekin alderaturik, hizkuntza indigenetako asko desagertu dira. Hauek dira hizkuntza indigena nagusiak: navajoa, siuxera, yupikera, txerokiera, mendebaldeko: apatxea, pimera, txoktawera, keresera, zuniera eta ojibwa.
AEBetan milioi bat hiztun baino gehiago duten hizkuntzak (2016)[22][23][24]
Estatu Batuetako ekonomia munduko indartsuena, ugariena eta teknologiaz aurreratuena da. Barne produktu gordina biztanleko 59.500 dolarrekoa izan zen 2017an.[20] Munduko biztanle guztien % 5 eskas dituelarik, Estatu Batuek ekoizten dute, urtero, planetako aberastasunen % 30 baino gehiago. Baliabide aberatsak eta azpiegitura bikainak daude oparotasun horren oinarrian. 1975. urteaz gero, irabazi gehien-gehienak familia aberatsenen % 20ra joan dira. 1994–1998 urteetan gora egin zuen ekoizpen errealak, inflazio tasa oso txikia izan zen, eta langabezia tasa % 5etik beherakoa.
Merkatuko ekonomia da Estatu Batuetakoa, eta pertsona eta enpresa pribatuek hartzen dituzte erabaki nagusiak; gobernuak merkatu pribatuetan erosten ditu gehienbat hornigaiak eta zerbitzuak. Estatu Batuetako enpresek Mendebaldeko Europako eta Japoniako kideek baino askoz malgutasun handiagoa dute kapitalak zabaltzeko, langileak kaleratzeko, eta produktu berriak sortzeko. Aldi berean, muga handiak dituzte beren lehiakideen merkatuetan sartzeko, atzerritar konpainiek Estatu Batuetan sartzeko dituztenak baino askoz handiagoak. Estatu Batuetako enpresak munduko lehenak dira, edo ia lehenak, teknologia aurreratuenetan, bereziki ordenagailuetan, eta sendagintza, aireontzi, eta hornigai militarretan, nahiz eta azken horiek zerbait murriztu diren Bigarren Mundu Gerraz gero. Teknologiaren aurreramenduen lastertasunaren ondorioz, two-tier labor market deritzana sortu da (bi mailako lan merkatua): maila beherekoenek ez dute goiko mailakoen heziketa eta prestakuntza bera eta, gero eta gehiago, ez dute eskuratzen ez soldata igoerarik, ez osasun aseguruen babesik, ez bestelakorik.
Epe luzerako arazoen artean, aipatu behar dira zaharragotzen ari den biztanleriaren sendagintza kostu gero eta handiagoak, azpiegitura ekonomikoan egin diren inbertsio desegokiak, eta familia sarreren etena gizatalde pobreenetan. 1999ko BPG 1998koa baino zertxobait apalagoa izan zen, eta inflazioa eta langabezia bere horretan geratu ziren gutxi asko. 1999ko arazoak Ekialdeko Asiako eta Errusiako finantza krisi larriak izan ziren, eta akzioen garestitasuna enpresen irabazien ondoan. 1960ko hamarkadan Estatu Batuetako biztanleek munduko bizi maila altuena bazuten ere, gaur egungo gizartean gero eta nabarmenagoa da aberatsen eta pobreen arteko aldea.
Nekazaritzak langile aktiboen % 0,7 baino ez du hartzen (2009ko datua)[20], baina munduko lehena da. Oso teknika modernoak baliatzen ditu, eta bederatzi milioi pertsona inguru enplegatzen ditu nekazaritza gaien produkzio, eraldaketa, ontziratze, garraio, banaketa eta esportazioetan. Gai askotan da munduko estatu ekoizle nagusietako bat, lehena artoan[26] eta soian[27]; tropikoetako gaiak baino ez ditu falta (kafea, bananak, kakaoa, etab.).
Garai batean beltetan zegoen nekazaritza antolatua, gai bakarra lantzen zuten eraztun edo eskualdeetan alegia (Dairy Belt, esnearena; Wheat Belt, gariarena; Corn Belt, artoarena; Tobacco Belt, tabakoarena; Cotton Belt, kotoiarena), baina egitura hori aldatzen ari da. Ekialdean eta Aintzira Handien eskualdean merkatu urbanorako gaiak lantzen dira, eta hegoaldean, berriz, kotoiak eta tabakoak atzera egin dute eta lekua utzi diete soiari, fruitu eta lekaleei, kakahueteari eta bazkarako gaiei.
Laborantza da oraindik ere nagusi Middle Westen, baina arto-soia-abere hazkuntza hirukotea ari da nagusitzen. Mendebalde idorrak arrantxoen eskualdea izaten jarraitzen du, baina eremu ureztatuen gehitzeari esker, hirientzako balio handikoak diren gaiak hasi dira lantzen. Arrakasta horiek, ordea, badituzte beren alde txarrak ere: estatuak nekazaritzari ematen dion laguntza kostu handikoa da, nekazari askok zor handiak dituzte, eta txikienak egoera larrian daude; nazioarteko egoerak bestalde eragin handia du nekazaritzaren orekan, gariaren esportazioan bereziki, eta lurrak erein gabe uztea da sarritan produkzio gehiegiaren kontra borrokatzeko modu bakarra. Basogintzaren ere Estatu Batuak dira munduko lehenak, eta bosgarrenak arrantzan (1995), baina hala ere beharren erdia baino ez dute asetzen alor horretan.
Behera egin du amerikar industriak munduan izan duen pisuak: 1946an amerikar industriatik zetorren mundu osoko ekoizpenaren %50, eta gaur egun %20 baino gutxiago dator. Ekoizpenean, dena den, aurrenekoa izaten jarraitzen du, eta hirugarren mundu esportatzailea baino ez da gaur, Alemania eta Japoniaren atzetik. Oinarrizko industriek (burdingintza, metalurgia, kimikagintza), atzera egin dute, batez ere ipar-ekialdeko eta Aintzira Handietako Manufacturing Belt tradiziozko eskualde industrialetan, eta aldi berean oso alor garrantzitsuetan; automobilarenean eta ehungintzan adibidez, oso berregituratze sakonak egin dira.
Industria alor modernoek etorkizun ona dute: aeronautika, kimika gaiak, farmazia, eraikuntza elektrikoak eta elektronika profesionala; Estatu Batuak dira orobat aurrenekoak armagintzan. Ahulxeagoa da osagai elektronikoen eta elektronika zabalaren industrian, eta orobat etxetresna elektriko eta ikus-entzunezkoetan. Hala ere, abantaila handiak gordetzen ditu: multinazional sare garrantzitsu bat (General Motors, Ford eta Exxon munduko hiru enpresa handienak dira), teknologia aurreratuenen jabe dira, eta lehen mailako ikerketa dute.
Hirugarren sektorearen garapen handiak (BPGaren %80,2 2017an), aurreneko postua eman die Estatu Batuei jakintzaren eta informazioaren bilketa, metaketa eta banaketan, eta horiek guztiak funtsezkoak dira amerikar kulturak mundu osoan duen indar eta eraginean.
Langintza berrien eta teknologia aurreratuko industrien garapenak, turismoaren indarrak eta ingurumen hobeen bilaketak Sun Belt eskualdearen garapena erraztu dute (Florida, Texas, Kalifornia), eta Mexikorekiko trukeen areagotzeak mugako eskualdearen hazkunde ekonomikoa ekarri du. Nolanahi ere, 1990eko hamarkadan izan zen eragozpenik: zorrak, merkataritza eta aurrekontu defizitak, biztanleen parte baten pobretzea.
Europar Batasuna, Estatu Batuekin pareka daitekeen merkatu bakarra, arerio bihurtu zaie; aldi berean, Japoniaren lehiak bizirik dirau industrian eta finantzetan, eta Alemaniarekin borrokan dihardu munduko lehen esportatzailea izateko. 1994ko abenduaren 1etik aurrera, merkataritza libreko eskualde batek, NAFTAk, lotzen ditu Estatu Batuak, Kanada eta Mexiko.
2015ean, ia hiru milioi lanpostu berri sortu ziren AEBetan. Azken hamabost urteetan inoiz egondako enplegu sorrera handiena izan zen 2014koa. Europako arazoak urrun utzita, langabezia tasa % 5,6ra eraman zuen Barack Obamaren politikak.[28]
Garraioei dagokienez, alor askotan daude Estatu Batuak aurreneko lekuan: han dago munduko burdinbide, autobide eta errepide sarerik hoberena, auto kopuru handiena (munduko auto pribatu guztien % 25), eta bertan daude munduko hamar aireportu handienetatik zazpi.
Izan ere, herrialdeak izugarrizko lur eremua handiak dituenez, oso garrantzitsua da garraiorako azpiegitura egokiak izatea. Garraioari lotutako ardura guztiak Garraiobide Sailak ditu, segurtasuna izan ezik, azken hau Segurtasun Nazionalerako Sailak kudeatzen baitu.
Garraio mota
Bidaiari-miliak (milioika)
Ehunekoa
Errepidez - guztira
4,884,557
88.79%
auto eta motorraz
4,520,810
82.18%
Kamioiez
222,836
4.05%
Autobusez
162,908
2.96%
Hegazkinez
583,689
10.61%
Trenez - guztira
30,972
0.56%
Joan-etorriak
16,118
0.29%
Lanera joatea
9,473
0.17%
Aldirikoak
5,381
0.10%
Bestelakoak (adib. ferryak)
2,091
0.04%
Iturria: 2005eko Garraiobide Estatistika Bulegoak emanda.
AEBetan oso garrantzitsuak dira errepideak, hauen bitartez egiten baita garraio guztiaren ia %90. Horregatik, 1950an, lehenengo estatuarteko autobideak edo Interstate highway direlakoak eraikitzen hasi ziren. Horretarako, AEB osoan zehar autobide sare bat sortu behar izan zuten, garai hartan zeuden auto kopuru handiari aurre egiteko. Orduan, Estatuarteko Autobide Sarea edo Interstate Highway System sortu zuten, herrialdeko autobide guztiak kudeatzeko. Garrantzitsuena Interstate 95 da.
Nahiz eta estatuarteko autobideak garrantzitsuenak diren, badaude beste autobide mota batzuk:
estatubatuar autobideak: bigarren mailako autobideak dira;
estatu autobideak: estatu bakoitzak duen berezko autobideak dira;
konderriko autobideak: konderrietan dauden autobide txikiak dira, gehienbat.
Aireportuak garrantzia izugarria du Ameriketako Estatu Batuetan. Munduko 30 aireportu erabilienetatik, 17 herrialde honetan daude. Halaber, munduko lehena Hartsfield-Jackson nazioarteko aireportua da. Hain herrialde handia denez, asko bidaiatzen da hegazkinez, nahiz oporretarako edo negoziorako. Ameriketako Estatu Batuetako aireportuen kudeaketaz Hegazkintza Administrazio Federala agentzia federala arduratzen da, gainera, irailaren 11ko atentatuen ondoren, aireportuetako segurtasun indarrak izugarri sendotu zituzten.
Ameriketako Estatu Batuetan, XX. mendeko erdira arte, garraiobiderik ezagunena eta erabiliena trena zen. Urte batzuen ondoren, hegazkin eta estatuarteko autobideen loraldia gertatu zenean, tren bidezko garraioa izugarri gutxitu zen. Gaur egun gutxi erabili arren, gobernuak tren-sare nazional bat mantentzen du hiri nagusien artean, adibidez New York, Washington, Boston, Chicagoren artean. Herrialdeak beste inguruko herrialdeekin trenbide-loturak ere ditu:
Ameriketako Estatu Batuetako 2000ko erroldan, 57.793 estatubatuarrek alde bateko edota euskal jatorri osoa dute. Euskal estatubatuar gehien dituzten estatuak Kalifornia (20.868), Idaho (6.637), Nevada (6.096), Washington (2.665) eta Oregon (2.627) dira.